107. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19/2011 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak emana. Ebazpen honen bidez euskararen ikerketa linguistikoa Nafarroan egiteko laguntzen deialdia egiten da.

Euskarabide sortu zuen 107/2008 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluak erakundeari esleitu dizkion eginkizunen artean dago euskarak Nafarroan duen errealitate linguistiko eta soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea eta egitea.

Ildo horretan, Euskarabidea erakundeak garrantzi handikotzat jotzen du unibertsitatearen ekarpen zientifikoa, arlo honetan azterlanak egin ahal izateko. Helburu honekin Euskarabideak, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuaren bidez, euskararen ikerketa linguistikoa Nafarroan egiteko laguntzen deialdi bat egitea proposatu du.

Euskarabideko Administrazio Publikoko teknikariak (adar juridikoa) egindako aldeko txosten juridikoa du proposamenak, baita kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) eta 99. artikuluek eta Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea sortzen duen irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren 3. eta 11. artikuluek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Euskararen ikerketa linguistikoa Nafarroan egiteko laguntzen 2011ko deialdia onestea. Deialdia ebazpen honen eranskin bakarrean dago.

2. 2011ko ekitaldirako 8.000 euroko gastua baimentzea, gehienez. Laguntza hauek 2011ko Gastuen Aurrekontuko "Ikerketa eta prestakuntza linguistikorako laguntzen programa" izeneko 440002-44200-4812-334100 kontu-sailaren kargura izanen dira.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Euskarabidera, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzura, Euskararen gaineko Ikerketa eta Itzulpenerako Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Programen Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak sor ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabete bateko epean, Nafarroako Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 4an.-Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza Arbizu.

ERANSKINA

Euskararen ikerketa linguistikoa Nafarroan egiteko laguntzen
2011ko deialdia

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da euskarari buruzko ikerketa linguistiko eta soziolinguistikorako proiektuak Nafarroan 2011. urtean finantzatzen laguntzea, baldin eta proiektu horietan ikertzaile taldeek parte hartzen badute, ikertzaile nagusi baten edo ikertzaile taldeko zuzendari baten zuzendaritzapean, eta ikerketa horiek aurrera eramateko laguntza berariazkorik ez badute.

2.-Oinarrizko helburuak.

Deialdi honen oinarrizko helburuak ondoko hauek dira:

a) Euskarari buruzko ikerketa linguistiko eta soziolinguistikoak Nafarroan eragin eta bultzatzea.

b) Nafarroako ikertzaile taldeen kopurua handitu eta haiek gaitzea.

3.-Aplikazio gaiak.

3.1. Ikerketa arloa euskararekin zerikusia duen arlo linguistikoa eta soziolinguistikoa izanen da eta lehentasuna izanen dute egoera larrian dauden Nafarroako euskalkiekin lotura duten ikerlanek.

3.2. Proiektuak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta proiektu handiagoen parte direnean, ikerketaren osotasunean edo ildo orokorretan arazorik gabe bereizi eta zehazteko modukoak. Bazterturik geldituko dira bestelako deialdi publikoetan diruz lagundutako proiektuak.

4.-Laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako aurrekontua, gehienez ere eta kontzeptu guztiak barne, 8.000 euro bitartekoa izanen da. Zenbatekoa aurrerakin gisa ordainduko da 2011ko Gastuen Aurrekontuko "Ikerketa eta prestakuntza linguistikorako laguntzen programa" izeneko 440002-44200-4812-334100 kontu-sailaren kargura.

4.2. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak ondoko gastuei dagozkie: material inbentariagarria, material suntsikorra, bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroetan parte hartzea eta bibliografia. Ez dira inoiz langileei ordaindutako soldatak edo emandako haborokinak diruz lagunduko.

4.3. Ebaluazio batzordeak, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuaren proposamenari jarraikiz, diru-laguntzaren zenbateko zehatza finkatuko du "Emateko irizpideak" izeneko 8. klausulan ezarritako irizpideen arabera, aurkezten diren proiektuen kopuruaren eta haien kalitatearen arabera eta aurrekontuetan dagoen dirua kontuan hartuz.

5.-Laguntzaren iraupena.

5.1. Laguntza honen iraupena esleitzen denetik 2011ko azaroaren 30a bitartekoa izanen da. Eskabidean proiektu osoaren edukia justifikatuko da.

6.-Eskatzaileen betebeharrak.

6.1. Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroan euskarari buruzko ikerketa linguistikorako eta soziolinguistikorako unibertsitate-zentroek aurkeztutako proiektu guztiek.

6.2. Proiektu bakoitza talde batek egin beharko du, ikertzaile nagusia izanen den doktore baten zuzendaritzapean. Taldekideek doktore edo Ikerketarako Nahikotasunaren ziurtagiriaren jabe izan beharko dute.

Salbuespen gisa, doktore ez diren ikertzaileek ikerketa taldeetan parte hartzea onartzen ahalko da, baldin eta esperientzia aitortua badute.

Zuzendariak eskaera sinatuko du eta proiektuaren nondik norakoen eta deialdi honetan hartutako konpromisoak betetzearen erantzule izanen da.

7.-Eskaerak egiteko epeak eta agiriak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak:

a) Ikerketa taldeko kideen akreditazioari dagokionez:

-Eskaera orria, honekin batera doan eredu normalizatuan eta behar bezala beteta. Eskaera orri horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Diru-laguntzen Foru Legeko 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen aitorpena, eta bestetik, eskatzaileak Euskarabideari ematen dion baimena, diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena ematen den unean, hark zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela aitortzen duena.

Eskabidea Euskarabidearen bulegoetan (Donibane BHI eraikina-Biurdana 1, 1. 31011 Iruña) izanen da eskura edo hurrengo web orrialdetik hartzen ahalko da: www.euskarabidea.es.

-Ikerketa proiektuko zuzendariaren nortasun-agiri nazionalaren fotokopia edo haren nortasuna egiaztatzen duen beste agiri bat.

-Proiektuko partaideen zerrenda, haien dedikazioa (asteko orduak) azalduz. Proiektuan parte hartzea onartzen dutela sinatuko dute. Taldekide guztien curriculuma eta Ikerketarako Nahikotasunaren ziurtagiriaren edo doktore tituluaren fotokopiak erantsiko dira. Euskarabideak bere gain hartzen du interesdunei edozein unetan jatorrizko dokumentuak eskatzeko eskubidea, haiek alderatu eta egiazkotasuna frogatu ahal izateko. Frogatzerik ez badago, ondoriozko legezko ekintzak egin ahal izanen ditu.

-Ikerketa taldeak proiektuaren gaiaz duen esperientzia zientifikoa eta lortutako helburuak, proiektua bermatuko dutenak. Aurkeztutako proiektuaren gaiez edo antzekoez egindako lanak eta argitalpenak deskribatuko dira.

b) Ikerketa proiektuari dagokionez:

Ikerketa proiektuak euskaraz idatzia egon beharko du eta agiri hauek bildu beharko ditu, gutxienez (agiriak euskarri informatikoan aurkeztuko dira):

-Aurrekariak eta "gaiaren egoera".

-Helburuak. Hala denean, proiektu honetan egin behar diren doktoretza tesien deskribapena ere sartuko da atal honetan.

-Metodo zientifikoa eta erabiliko diren teknikak.

-Proiektua egiteko behar diren baliabideak:

a) Instalazio, tresna eta teknika erabilgarriak.

b) Erabilgarri ez dauden beste baliabide beharrezko batzuk.

-Lanaren kronograma: hasierako eta bukaerako datak, ikerketa gauzatzeko aurrez ikusten diren faseak adierazita.

-Iturri bibliografiko eta dokumentalen aipamena.

-Proiektua garatzeko gastuaren aurrekontua; gastuak kontzeptuz kontzeptu xehakatuko dira.

7.3. Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztuko dira ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Euskarabideko Erregistroan (Biurdana kalea 1, 1. 31011 Iruña), Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, zk. g. 31001 Iruña) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ageri diren erregistroetan. Eskabideak Euskarabideko Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzura zuzenduko dira eta haietan deialdi honen izena argi aipatuko da.

7.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskabideak behar bezala beterik ez daudenean edo agiriren bat falta denean, eskatzaileari gabezien berri emanen zaio eta jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epea emanen zuzen ditzan. Epe horretan zuzentzen ez baditu bere eskaera bertan behera utziko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren.

8.-Emateko irizpideak.

8.1. Hauek izanen dira emateko irizpideak:

Ebaluazio batzordeak, hautapenerako irizpide orokorrei dagokienez, ondoko puntuazioa emanen du, gehienez ere 100 puntu:

a) Ikerketa proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna: 45 puntu arte, alderdi hauek oinarri harturik:

-Aurrekariak eta gaiaren egoera: 10 puntu.

-Helburuak: 10 puntu.

-Metodo zientifiko eta teknikoa: 20 puntu.

-Baliabideak: 5 puntu.

b) Ikerketa taldearen ibilbide zientifikoa, gauzatu nahi den proiektuari dagokionez: 10 puntu arte.

c) Taldekideen banakako curriculuma: 15 puntu arte, alderdi hauek oinarri harturik:

-Curriculum akademikoa: 5 puntu.

-Ikerketa curriculuma: 5 puntu.

-Argitalpenak: 5 puntu.

d) Argitaratzeko aukera zuzena: 15 puntu arte.

e) Egoera larrian dauden Nafarroako euskalkiekin lotura duen ikerketa: 15 puntu arte.

8.2. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak bazterturik geldituko dira eta ezin izanen dituzte jaso deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzak.

8.3. Organo kolegiatuak, onartutako aurrekontuak kontuan hartuta, puntuazio altuena lortu duen eskaera finantzatzeko ehunekoa proposatuko du, betiere diru-laguntzaren xede den gastuaren %65 gainditu gabe, eta gainerako eskaerei diru-laguntza emanen die, puntuazio handienetik txikienera, lortutako puntuazioaren arabera dagokien zuzeneko ehunekoan. Diru-laguntzen zenbateko osoak ezin izanen du gainditu horretarako baimendutako aurrekontua.

9.-Ebaluazio batzordea.

9.1. Batzordekideak ondoko hauek izanen dira: Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua izanen dena; Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Euskarazko Prestakuntza atalburua, Euskararen gaineko Sustapenerako Ataleko burua eta euskara teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 20. artikuluaren arabera.

9.2. Alegatutako merezimenduak baloratzeko, Batzordeak arlo akademikoan zein ikerketa arloan ospe handia duten doktoreen aholkularitza eskatzen ahalko du, baita "Agencia Nacional de Evaluación y Prospectiva" (ANEP) izenekoarena ere.

9.3. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariak bideratuko du prozedura. Aipatutako batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

10.-Ebazpena.

10.1. Laguntza Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bitartez emanen da, Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondoren.

10.2. Deialdia gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita.

10.3. Ematen den laguntza Euskarabideko iragarki oholean eta Euskarabideko web orrialdean (www.euskarabidea.es) jarriko da jendaurrean. Emandako laguntzak zein ukatutakoak idatziz jakinaraziko zaizkie interesdunei, ebazpena ematen denetik hasita hamar eguneko epean. Aitzitik, eskabideak ezetsita joko dira gehienezko epe hori iragaten bada berariazko ebazpenaren jakinarazpena jaso gabe.

11.-Onuradunen betebeharrak.

11.1. Ikerketa talde onuraduna atxikita dagoen unibertsitate-zentroak laguntza hau onartzeak berarekin ekarriko du Ebaluazio batzordeak eska dezakeen edozein txosteni edo ikuskapeni erantzuteko konpromisoa.

11.2. Ikerketa proiektuaren zuzendariak, taldeko arduraduna den aldetik, kasu egin beharko die Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak ikerkuntza lana behar bezala segitzeko ematen dituen oharrei, deialdi honetako arauetan ezarritako beharkizunak betetzeaz gainera.

11.3. Horrenbestez, edozein aldaketa egiteko, bai onartutako proiektuan, bai taldeko partaideei dagokienez, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak eman beharko du baimena.

11.4. Deialdian ezarritako epean bukatu beharko da ikerketa eta amaierako memoria hilabeteko epean aurkeztu.

12.-Txostenen eta memorien aurkezpena.

12.1. Proiektuaren zuzendariak, deialdian ezarritako epea bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztuko ditu 16.1.b) arauan aipatzen den amaierako memoriaren bi ale.

13.-Hedapena eta jabetza intelektuala.

13.1. Ikerketaren aurrerapenak ezin izanen dira zabaldu amaierako memoria aurkeztu baino lehen, argitalpen, komunikazio edo bestelako bitartekoen bidez, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuaren baimen espresurik gabe.

13.2. Lanaren jabetza intelektuala egilearena edo egileena da. Dena den, Administrazioak lanaren lehen argitalpena egiteko eskubidea izanen du eta egileek horregatik izan lezaketen eskubide orori uko eginen diote.

13.3. Aurreko kasuan, Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak bere asmoen berri eman beharko die egileei, lana bukatu eta sei hilabeteko epean. Argitaratzeko asmoak jakinarazi eta, ezinbestean, bi urteko epearen barruan egin beharko du. Epe hauek jakinarazpenik edo argitalpenik egin gabe iraganik, argitalpen eskubidea egilearen edo egileen eskuetara itzuliko da.

13.4. Nolanahi ere, egileek argitaratzeko lehen eskubidea gauzatu nahi badute eskabide orrian bertan azaldu beharko dute.

13.5. Laguntza honen kargura eskuratzen diren material inbentariagarria eta bibliografia-fondoak ikerketa taldea atxikirik dagoen entitatearen ondarearen parte izatera pasako dira.

14.-Bateraezintasunak.

14.1. Laguntza honen xede diren ikerketa proiektuak ezin izanen dira finantzatu Espainiako nahiz atzerriko diru publiko zein pribatuen bidez finantzaturiko beste deialdi batzuen kargura. Halere, beste proiektu zabalago baten edo ikerketa ildo baten barrenean baldin badago, hark izan ditzake, bestelako finantzabideak.

14.2. Ikerketa taldeko zuzendariak, zuzendari den aldetik, eskaera bakarra egiten ahalko du ikerketa proiektuetarako deialdi honetan.

14.3. Nafarroako Gobernuak finantzaturiko ikerketa proiektuaren ardura duen zuzendariak, deialdi honekiko bateraezintasuna suertatzen denean, azaldu beharko dio Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari laguntzari uko egiten diola, deialdi honetako arauekin bat eginez.

14.4. Kasu hauetan, Ebaluazio batzordeak azaldutako arrazoiak aztertuko ditu eta dagokion ebazpena proposatuko du.

15.-Laguntza galtzea.

Proiektuaren arduradunak deialdi honetan azaltzen diren eskakizunetakoren bat betetzen ez badu edo jarraipen txostenean edo amaierako memorian ebaluazio negatiboa ematen bada, galdu eginen du eman zaion laguntza eta Nafarroako Gobernuari itzuli beharko dio jasotakoa, alde batera utzi gabe legozkiokeen legezko ekintzak eta zehapenak. Aipatu diru kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

Onuradunak jarduera gauzatu duela behar bezala justifikatu ezean, ordainduriko laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 35. artikuluarekin bat.

Diru-laguntzaren itzulketa partziala edo erabatekoa izanen da, ezarritako baldintzen ez-betetze motaren arabera. Horrela, itzulketa partziala eginen da ez-betetzea formazkoa bada eta itzulketa erabatekoa izanen da ez-betetzea nabarmena denean. Balorazio batzordeak egoki irizten dituen mailaketa irizpideak ezarri ahal izanen ditu.

16.-Laguntzaren jarraipena eta bukaera.

16.1. Taldeko zuzendariak Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuan ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Jarraipen txostena, 2011ko irailaren 15a baino lehenago. Txosten honetan sartuko dira: ordurarte egindako ikerketa lanaren azalpena, hasierako planarekiko izandako desbideraketak eta egindako gastuen zerrenda ordenatua, ziurtagiriak eta fakturak barne. Txosten honek Ikerketa errektoreordearen edo baliokide baten oniritzia izan beharko du.

b) Amaierako memoria: memoria honek txosten bat izanen du. Bertan hasierako proiektuko alderdi guztiak azalduko dira, deialdi honetako 7.2. arauak aipatzen duenari jarraikiz, eta, bereziki, ondoko puntu hauek garatuz:

1. Egindako lana eta ondorioak.

2. Aurkeztutako proiektuan planifikatutako alderdiak noraino landu diren, zehaztuz: helburua, metodologia, teknikak, iturriak eta baliabideak.

3. Garrantzizkotzat jotzen den dokumentazio osagarria.

4. Gastuaren aurreikuspenaren exekuzio ekonomikoa, egindako gastuen zerrenda ordenatua, ziurtagiriak eta fakturak barne.

Amaierako memoria honek Ikerketa errektoreordearen edo baliokide baten oniritzia izan beharko du.

16.2. Proiektua bukatzen den egunean exekutatu gabeko soberakin ekonomikorik badago, Nafarroako Gobernuari itzuliko zaio, ordainketa-gutun baten bitartez.

17.-Ebaluazioa.

17.1. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak memoriaren amaierako ebaluazioa xedatuko du eta bere onarpenaz eta espedientearen bukaera eta artxibatzeaz ebatziko.

17.2. Jarraipenerako urteko txostenaren zein memoria ekonomikoaren justifikazio ekonomikoak dagokion entitateko kudeatzailetzaren ziurtagiri batek ordezkatzen ahal ditu, bertan gastuak kontzeptuz kontzeptu zehazturik. Kasu honetan, unibertsitateak eta entitateak inplizituki loturik geldituko dira Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuak edo Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiaztatzeko egiten duten jarduera orori men egiteko beharrarekin.

18.-Laguntzaren ordainketa.

18.1. Laguntza zuzenean ordainduko zaio unibertsitateari edo erakundeari (horren bitartez eskatu da ikerketa proiektuaren finantziazioa).

18.2. Laguntzaren zenbatekoa kontzesioa ematen denean ordainduko da. Ordainketa hau aurrerakintzat joko da azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan aurrez ikusitako ondorioetarako.

19.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoak aginduko du.

Zehapen prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 46. artikuluak ezarritakoa izanen da.

20.-Errekurtsoak.

Arau hauen aurka, baita hauek aplikatuz diktatzen diren egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

EUSKARAREN IKERKETA LINGUISTIKOA NAFARROAN. 2011KO LAGUNTZEN DEIALDIA

Eskaera orria

IKERTZAILE NAGUSIA

DEIALDIA

NANa

2011

TITULAZIO AKADEMIKOA

JAIOTEGUNA

JAIOTERRIA

PROBINTZIA

HELBIDEA

(Kalea, plaza, zk., solairua)

POSTA

ELEKTRONIKOA

PK ETA HERRIA

PROBINTZIA

KARGUA

DEPARTAMENTUA

ZENTROA/FAKULTATEA/ESKOLA

UNIBERTSITATEA/ERAKUNDEA

ZENTROAREN HELBIDEA

HERRIA

TELEFONOA

IKERKETA PROIEKTUAREN GAIA

IKERKETA ARLOA

UNESCOren KODEA
(ikus eranskina)

IRAUPENA

ZENBATEKOA

Urtebete

PROIEKTUAN SARTUTAKO IKERTZAILEAK ETA PROIEKTUAN SARTUTAKO ORDUAK

1:

5:

2:

6:

3:

7:

4:

8:

Behean sinatzen duenak, ikerketa talde bateko zuzendari den aldetik eta hura ordezkatuz,

AZALTZEN DU: goian aipatutako ikerketa proiektua garatu nahi duela, eta deialdi honen arauak ezagutu eta onartzen dituela.

AITORTZEN DU ekarri den dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela.

BAIMENA EMATEN DIO Euskarabideari, laguntzak emateko ebazpena emateko proposamena egiten denean, eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituenetz ikuskatzeko.

ESKATZEN DU: eskaera hau onartu eta dagokion laguntza eman diezaiotela.

Iruñean, 2011ko ........................aren .............................(e)an
(Eskaera egin duen proiektuko zuzendariaren sinadura)

ERANSKINA

UNESCOren nazioarteko nomenklatura hizkuntzalaritza arloan

-Hizkuntzalaritza aplikatua 5701.

01 Laburpenak.

02 Dokumentazio automatizatua.

03 Elebitasuna.

04 Hizkuntzalaritza informatizatua.

05 Dokumentu bidezko hizkuntzak.

06 Dokumentazioa.

07 Hizkuntza eta literatura.

08 Haur hizkuntza.

09 Itzulpen automatikoa.

10 Patologia eta hizkuntzaren zuzenketa.

11 Hizkuntzen irakaskuntza.

12 Itzulpengintza.

99 Besteak

-Hizkuntzalaritza diakronikoa 5702.

01 Hizkuntzalaritza historikoa.

02 Etimologia.

99 Besteak

-Geografia linguistikoa 5703.

-Hizkuntza teoria 5704.

-Hizkuntzalaritza sinkronikoa 5705.

01 Hizkuntzalaritza konparatua.

02 Etnolinguistika.

03 Lexikografia.

04 Lexikologia.

05 Fonetika.

06 Fonologia.

07 Psikolinguistika.

08 Semantika.

09 Semiologia.

10 Soziolinguistika.

11 Ortografia.

12 Estilistika (estiloa eta erretorika).

13 Sintaxia, azterketa sintaktikoa.

99 Besteak

-Bestelako espezialitate linguistikoak 5799.

Iragarkiaren kodea: F1109486