105. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

163/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren martxoaren 14ko 90/2011 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren martxoaren 14ko 90/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak txosten batean adierazi du deialdian aldaketa hauek egin behar direla: bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuak ikuspuntu zabal batetik jotzea, proiektuak garatzen dituzten jarduerek gazteak garatzen laguntzeko xedea izan dezaten, haien ahalbide fisiko, intelektual eta sozialak erabat gauzatzen lagunduz. Horrez gain, proiektuak aurkezteko beste epe bat ezartzen da, 15 egunekoa, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren 4.1 oinarria aldatzea. Deialdi horren oinarriak martxoaren 14ko 90/2011 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen dira. Hemendik aurrera, honela idatzita geldituko da oinarri hori:

"4.1. Nafarroako gazteen bizimodu osasungarriekin lotuta dauden proiektuak egiteko eskatu ahalko dira deialdi honetako diru-laguntzak. Proiektuen jarduerek gazteak garatzen laguntzeko xedea izanen dute, haien ahalbide fisiko, intelektual eta sozialak erabat gauzatzen lagunduz, eta edukiera hauek izanen dituzte:

-Drogamendekotasunaren arloko prebentzioa.

-Kirol praktika sustatzea.

-Genero indarkeriaren prebentzioa.

-Sexu arloko informazioa eta hezkuntza.

-Alkoholarekin edo beste droga batzuekin zerikusia duten trafiko istripuen prebentzioa.

-Autoestimua sustatzea.

-Nahaste psikologiko eta psikiatrikoen prebentzioa.

-Mobbing-a desagerraraztea.

-Elikaduraren inguruko nahasteen prebentzioa.

-Antzeko ezaugarri eta edukiak dituzten beste batzuk.

2. Gazteen artean bizimodu osasungarriak bultzatzeko proiektuetarako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiaren 5.1 oinarria aldatzea. Deialdi horren oinarriak martxoaren 14ko 90/2011 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen dira. Hemendik aurrera, honela idatzita geldituko da oinarri hori:

"5.1. Proiektuak egiteko diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

-Garraio gastuak.

-Proiektuak egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

-Publizitate eta zabalkundeko gastuak.

-Argitalpenen gastuak.

-Ostatuko eta mantenuko gastuak: 27 euro, pertsona eta egun bakoitzeko.

-Proiekturako beharrezko den material inbentariagarriko gastuak.

-Zenbait gastu, diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortuak, zalantzarik gabe. Diruz laguntzen den gastuak egin nahi den proiektuarekin bat egin behar du, bai eta gazte elkarteentzako deialdietan Nafarroako Gazteriaren Institutuak diruz lagundu dituen gastuekin bat etorri."

3. 15 egun naturaleko epea ematea diru-laguntzen eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Martxoaren 14ko 90/2011 Foru Aginduaren babesean jadanik aurkeztuta dauden diru-laguntzen eskaerak aurkeztutzat joko dira, oinarri arautzaileen aldaketa honetatik sortutako ondorioak kontuan hartuta.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzailetza delegatuari, Nafarroako Gazteriaren Institutuari, hango Gazteriaren Zuzendariordetzari, hango Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atalari eta hango Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 18an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1109353