105. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

582/2011 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremua birzatitzeko proiektuko aldaketa orokorra, eremu horretako konpentsazio batzordeak sustatua, hasiera batez onesten duena.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak maiatzaren 22an emandako eta 2007ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27an, argitaratutako 797/2007 Ebazpenaren bidez, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremua birzatitzeko proiektua behin betiko onetsi zen. Sustatzailea eremu horretako Konpentsazio Batzordea izan zen.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartutako Erabakiaren bidez (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa onetsi zen, Hirigintza eta Etxebizitzaren Arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeari buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorreko 1. idatz-zatiaren babesean.

2010eko abenduaren 17an, Javier Ancízar Eceolaza jaunak, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeko buruak, banaketa eremu horren birzatiketa proiektuko aldaketa orokorrerako proposamena aurkeztu zuen, behar bezala tramita zedin.

Orobat, konpentsazio batzordeak proiektu horren erreformatutako bi ale berri, 2011ko apirileko data daramatenak, aurkeztu zituen, eta 2011ko apirilaren 13ko sarrera erregistroa dute.

Hau da proposatutako aldaketaren xedea:

1. Iruñeko 7. Jabetza Erregistroan inskribatutako lurzati eraikigarrien hipoteka deskribapena aldatzea. Erregistroko inskripzioan, finkak definitzeko datu gisa, hirigintza aprobetxamendutik dagozkien unitate kopurua azaltzen da, baina datu hori MPSIS 2010 delakoak zenbait kasutan aldatu du (F-1.1; F-1.2; F-2.1; F-2.2; H-1.1 eta H-2.2 lurzatiak).

2. D-10.3 lurzatia D-10.3.1ean eta D-10.3.2an banatzea, D-10.3.1ean D-10.3 zenekoaren hirigintza eskubideak mantenduz eta eremuan sartutako lurzoruen jabe berrien hirigintza eskubideak D-10.3.2 berrian gauzatuz, MPSIS 2010aren arabera.

3. Egun Iruñeko udalerrian diren lurzatien afekzioa (H-3.2 izenekoarena, osorik, eta H-3.3 delakoarena haren %63,68an) Burlatako lurralde eremuan diren beste lurzati batzuetara, B-7.3 eta B-7.4 deituetara, ekartzea, Udalaren Lurzoru Ondarearen xedeak gara daitezen nahitaezko lagapenaren %10etik heldu diren etxebizitza publikorako lurzatiekin (Burlatan bizi direnentzako etxebizitza publikoa). Izan ere, horiek dira Burlatako Udalak bere udal eremuko birzatiketan, orain aldatzen den birzatiketa proiektuan, jaso beharreko %10eko aprobetxamenduan nahitaez lagatu beharreko lurzatien eskubide eta betebeharrak.

4. MPSIS 2010ak Erripagañako AR-1ean sartutako Iruñeko eta Uharteko finka berriak birzatiketan sartzea.

5. Eremuko lurzati guztien urbanizazio zamak berriro banatzea, urbanizazio gastu horiek berak (ez baitira aldatzen) jabe edo aprobetxamendu unitate gehiagoren artean banatu behar baitira.

6. Gaur egungo birzatiketan sartua den hirigintzako ezaugarrien taularen ordez MPSIS 2010aren arabera eguneratutako taula berria jartzea.

Horri buruz egindako txosten teknikoaren arabera, aurkeztu den proposamena, eraikigarritasunei eta eraikuntzen tipologiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako UPSaren aldaketaren araberakoa da.

Bidezkoa da, beraz, espedientea tramitatzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 151. artikuluak eta horrekin bat heldu direnek xedatutakoaren arabera, jendaurrean egoteko epean aurkezten diren alegazioen arabera berrikuspen xehakatua egitea eragotzi gabe.

Alde horretatik, birzatiketa proiektu honen tramitazioa eta onespena Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagozkio, 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikulua aplikatuz, plan sektorial bat garatzen denean planeamendua gauzatzeko tresna delako.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremua birzatitzeko proiektuko aldaketa orokorra, eremu horretako konpentsazio batzordeak sustatua.

2. Birzatitzeko proiektuko aldaketa orokorra jendaurrean jartzea hogei egunez. Epe horretan edozeinek bidezkoak iruditzen zaizkion ohar eta alegazioak egiten ahal ditu idatziz. Horretarako, interesdunek espedientea eskura izanen dute Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada etorbidea, 2, Iruña).

3. Ebazpen hau Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udalei eta 1. banaketa eremuko Konpentsazio Batzordeari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko apirilaren 27an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F1107622