Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, 2011ko maiatzaren 9koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Salestarrak Plana" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta planak ukituko dituen mugapeetako udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.
San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta "Viviendas de Navarra S.A."k plan hau aurkeztu dute, 2011ko martxoaren 21ean, behar bezala tramita dadin.
I.-UPSren aurrekariak eta xedea.
2011ko urtarrilaren 13an, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, Eguesibarko Udalak eta San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak lankidetza protokoloa sinatu zuten, salestarren lanbide heziketako ikastetxea Eguesibarko kokapen berri batera eramateko. Izan ere, Iruñeko Aralar kaleko egungo instalazioak zaharkituta daude eta ez dira nahikoak, ikasleez behar bezala arduratzeko.
Plan honen xedea 2013-2014 ikasturtean Iruñeko salestarren ikastetxea Eguesibarrera eramatea da, sinatutako lankidetza protokoloaren arabera. Horrela, ikastetxe modernoa eraikiko da, egungoa ordezten duena, hezkuntza erakunde horren etorkizuneko beharrizanei erantzun ahal izateko.
Aurkezturiko UPSk antolamendu berriak proposatu ditu, aldi berean, Olazko eta Sarrigurengo lurretan, PA-30 (Iruñeko ekialdeko ingurabidea) eta NA-2310 (Aranguren Ibarra) errepideen artean, hain zuzen, ikastetxe berria kokatzeko proposatu den eremurako, zein Iruñeko Aralar kaleko oruberako.
Dokumentuak adierazitakoaren arabera, kokapen berria hautatu da, "horretarako kokapen egokiena delako, Iruñerriko bizitegitarako eremu garrantzitsuenetako batean egoteagatik, Sarrigurengo Ekohiriaren eta Olazko AR-1 banaketa eremuaren artean sinergia eta osagarritasun garrantzitsuak lortuta, bizitegitarako eremu garrantzitsu baten zerbitzura dagoen ekipamendutarako, hirugarren sektorerako eta merkataritzarako esparrua den aldetik".
II.-Edukia agiriei dagokienez.
Aurkezturiko dokumentazioa osotzat jo da, hori tramitatzeko, eta honela egituratu da:
-1. koadernoa: UPS, Eguesibarko udal mugapeari buruzko antolamendua duena: informazio eta justifikazio memoriak eta araudia.
-UPS planoak, Eguesibarko udal mugapeari buruzko antolamendua dutenak.
-2. koadernoa: I. eranskina: "Salestarrak" UPSren ingurumen ondorioen azterlanak Eguesibarko eta Iruñeko udal mugapeetarako ukipenak barne hartzen ditu.
-3. koadernoa: II. eranskina: "Salestarrak" UPSren iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostenak Eguesibarko eta Iruñeko udal mugapeetako azterlana barne hartzen du.
-4. koadernoa: UPS, Iruñeko udal mugapeari buruzko antolamendua duena: informazio eta justifikazio memoriak, araudia eta planoak.
-5. koadernoa: eranskinak: Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Eguesibarko Udalaren eta Salestarren Kongregazioaren arteko lankidetza protokoloa; VINSAren eta Iruñeko Udalaren arteko hitzarmena; eta lurzati zedulak.
III.-Proposamenaren alderdi nagusien deskripzioa.
III.1.-Proposamenaren deskripzioa Eguesibarko udal mugapean.
Eguesibarko udal mugapean ekipamendutarako eta ekonomiarako jarduera duen eremua garatzea planteatu da, Sarrigurengo Ekohiriari lotutakoa, horren zabalkundea izanen baita. Horrek, salestarren ikastetxearen kokapena hartuko duen ekipamendutarako lurzatiaz gain, jarduera ekonomikoetarako beste azalera batzuk izanen ditu (horien artean, merkataritza saltoki handia nabarmendu behar da), baita erabilera anitzeko ekipamendu publikorako lurzatia eta eremuari sarbidea emateko behar diren sistema orokor atxikiak ere.
Udal mugape horren barnean, planak ukitzen duen esparrua Antxurieta parajean dago, Sarrigurengo Ekohiriaren iparraldean, Gorraizko bizitegitarako eremuaren hegoaldean eta PA-30 (Iruñeko ekialdeko ingurabidea) eta NA-2310 (Aranguren Ibarra) errepideen ondoan, hain zuzen. Esparrua Sarrigurengo Ekohiriko kirol eta eskola instalazioen aurrean dago, zehazki.
Esparru horrek 183.620 m²-ko azalera du. Triangelu forma nabarmena du. Erliebea nahiko laua da -maldak %5ekoak dira, gehienez-, eta hainbat enpresak okupatzen dituzten eremuak izan ezik, laboreek okupatzen dute osorik.
Proposatzen den antolamendua bide batean oinarritzen da funtsean: Sarrigurengo bizitegitarako eremuaren bide nagusietako baten (Europar Batasunaren etorbidea, alegia) luzapen gisa konfiguratu da, garapen berria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du, sarbidea ematen die proiektaturiko lurzati guztiei, eta aipatutako bizitegitarako eremuarekiko lotura da. Aldi berean, bide horrek NA-2310 errepidea eta ekialdeko ingurabidea lotzen ditu.
Mugatzen diren lurzatiek honako azalera hauek dituzte:
-Ekipamendu pribaturako lurzatia: Salestarren ikastetxerako erabiliko da, eta, beraz, hezkuntza eta kirol erabilera du: 51.171,67 m².
-Merkataritza saltoki handiaren lurzatia: 32.728,80 m².
-Hirugarren sektorearen erabileretarako 1. lurzatia: 8.705,87 m².
-Hirugarren sektorearen erabileretarako 2. lurzatia: 6.117,42 m².
-Erabilera anitzeko ekipamendu publikorako lurzatia: 6.642,61 m².
Lurzati handienak, salestarren ikastetxerako eta merkataritza saltoki handirako erabiliko direnak, ekialdeko ingurabidearen aurrean daude.
Ekipamendutarako eta ekonomiarako jarduera duen eremu berrirako sarbideak lehendik dauden NA-2310 errepidetik eta ekialdeko ingurabidetik planteatu dira, eta loturaren eta haren egokitzapenaren ondorioetarako, errepide horien beharrezko azalera barne hartu da.
Egungo NA-2310 errepidearen tartea, jarduketa esparruaren barnean dagoena, noranzko bakoitzean errei bikoitza, espaloia eta mehelina dituen etorbide bihurtuko da, bizitegitarako eremuaren eta ekipamendutarako eta ekonomiarako eremu berri horren arteko iragazkortasuna errazteko. Halaber, zuzeneko sarbidea proiektatu da errepide horretatik PA-30 errepidera. Horrela, Sarrigurengo Berrikuntzaren Hirira sartzeko egun dagoen biribilgunetik zirkulazioa pasatzea eragotziko da. Horrez gain, ekialdeko ingurabideari esparrurako bi sarrera- eta irteera-adar dituen hirugarren errei jarraitua ematea aurreikusi da, iparraldeko muturretik.
Amaitzeko, proposaturiko antolamenduari dagokionez, aipatu behar da, salestarren ekipamendutarako lurzatiaren barnean, "Grande sakaneko balizko uholde arriskua duen eremuaren barnean dagoen UPSko azalera futbol zelaia kokatzeko erabiliko dela eta ubidea hazteko garaian ura askatasunez igarotzea oztopatzen duten itxiturak saihestuko direla".
UPSk lurrak sailkatzen ditu lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa, eta hirigintza antolamenduko egiturazko honako determinazio hauek ezartzen ditu:
-Banaketa eremuaren azalera: 183.620 m².
-Sektorearen azalera: 163.609 m².
-Sistema orokor atxikiak*: 20.011 m².
-Bideen sistema orokorra - iparraldeko sarbidea: 8.086,13 m².
-Bideen sistema orokorra - hegoaldeko sarbidea: 11.924,94 m².
-Sailkapena: urbanizagarria.
-Kategorizazioa: sektorizatua.
-Erabilera orokorra: ekipamendutarako eta ekonomiarako jarduera.
-Erabilera bereizgarria: jarduera ekonomikoa.
-Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera: 157.705 m².
-Gehieneko aprobetxamendua: 66.881 AU.
-Eredu aprobetxamendua: 0,4241 AU/m².
-Jarduketa sistema: konpentsazioa.
-Dokumentuaren arabera, Eguesibarko Udal Plan Orokorraren determinazioen harira, sistema orokor horiek lurzoruaren jabeek ordainduko dituzte osorik; hau da, lurzorua laga, eta urbanizazioa ordainduko da. Izan ere, biztanle guztientzat baliagarriak direnez sistema orokor gisa definitu diren arren, beharrezko azpiegiturak dira Udal Plan Orokorrak programatzen dituen lurzoru berrien garapenerako eta funtzionamendurako.
-Egiturazko antolamenduko elementuak:
a) Hiri etorbide berria, Arangurengo errepidea ordezten duena ekipamendu pribaturako lurzatiaren aurrean dagoen tartean.
b) Luzetarako bidea: Sarrigurengo Europar Batasunaren etorbidearen jarraipena.
c) Ekipamendu pribaturako lurzatia: salestarren ikastetxea.
d) Hirugarren sektorearen eta merkataritzaren erabilerak, bizitegitarako eremu nagusia den Sarrigurengo Ekohiriaren osagarriak direnak.
e) Berdeguneak: ekialdeko ingurabidearen ondoan daudenak.
f) Errepidearen ukipen eremua: eraikuntza lerroa galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik 50 metrora dago ekialdeko ingurabidean, eta galtzada mugatzen duen kanpoko lerrotik 18 metrora Arangurengo errepidean, errepidearen izaerari eusten dion tartean, hain zuzen.
-Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak: Oro har, UPSk Eguesibarko Udal Plan Orokorraren erabilera koefizienteei eusten die. Hala ere, ekipamendu pribaturako erabilerari dagokionez, horiek zuzendu egiten ditu, eta, jarduera ekonomikoaren erabilerei dagokienez, dokumentuak duen erabileren zehaztapen handiagora egokitzen ditu, horretan beheko solairuaren eta goiko solairuen arteko aprobetxamendua bereizten baita. Hurrengoak dira:
a) beheko solairuan eraikitako m², jarduera ekonomikoaren erabileran: 1.
b) goiko solairuan eraikitako m², jarduera ekonomikoaren erabileran: 0,776.
c) eraikitako m², ekipamendu pribatuaren erabileran: 0,470.
d) m² lurzoru lurzati pribatuan (hirugarren sektorea edo ekipamendu pribatua): 0,071.
Halaber, planak antolamendu xehakatua dauka, planeamendu tresna berririk gabe haren aurreikuspenak gauzatu ahal izateko. Kudeaketaren ondorioetarako, "Salestarrak" UPSren UE-1 deituko da.
Proiektaturiko etxesail edo lurzati bakoitzerako aurreikusitako erabileren arabera, azalera eraikigarriak honako hauek izanen dira solairuko:
Lurzatiak/etxesailak | Azalera eraikigarria beheko solairuan | Azalera eraikigarria tarteko solairuan / goiko solairuetan | Azalera eraikigarri osoa | Eraikinaren gehieneko okupazioaren % |
Ekipamendu pribatua | - | - | 40.000,00 | 50 |
Jard. ekonomikoa - Merkataritza saltoki handia | 17.804,00 | 1.620,00 | 19.424,00 | 60 |
Jard. ekonomikoa - Hirugarren sektorea | 9.550,00 | 16.057,84 | 25.607,84 | 80 |
- T1 etxesaila | 5.520,00 | 9.281,60 | 14.801,60 | |
- T2 etxesaila | 4.030,00 | 6.776,24 | 10.806,24 | |
Erabilera anitzeko ekipamendu publikoa | 3.985,57 | 6.701,53 | 10.687,10 | 60 |
Azpiegiturak:
-Saneamendua. Urak bereizteko sarea proiektatu da: Bideen eta berdegune publikoen azpiko euri uren sare orokorra grabitatearen eraginez Grande sakanean hustuko da; ur beltzei dagokienez, aldiz, bideen azpian dauden hodien bidez eramanen omen dira jarduketaren hegoaldean, Sarrigurengo udal kiroldegiaren ondoan, hain zuzen, dagoen kolektorera.
-Hornidura: Sare berria proiektatu da: Esparruaren barnean lehendik dauden hodiak ordeztuko dira, eta 400 FN-ko hodi nagusia aldatuko da (Irigaraiko biltegia - Olazko ponpaketa).
-Energia sarea: Eremuari energia hornitzeko, lehendik dauden instalazioak (aireko 13,2 Kw-ko linea, transformazio zentroa eta behe tentsioko linea) desmuntatu, eta lotura puntutik lur azpiko 13,2 Kv-ko linea ezarri behar da; linea horri lotuko zaizkio konpainien bi transformazio zentro berri, baita lurzati handiei energia hornituko dieten zentro partikularrak ere.
-Argien sarea: Bide guztietarako luminariak jartzea aurreikusi da.
Horrez gain, zaratari buruzko azterlanak neurri zuzentzaile batzuk ezarri ditu, 1367/2007 Errege Dekretuaren soinu kalitatearen helburuak betetzeko. Honakoak nabarmendu behar dira, besteak beste:
-3 m-ko garaiera duen pantaila akustikoa, ekialdeko ingurabideko 190 m-ko tartean.
-Ekipamendutarako lurzatia iparraldetik ixtea.
-Benetako erabilerarik gabeko trantsizio gunea Arangurengo errepidearen bazterrean.
-Aurreko trantsizio gunera begira dauden eraikinetako fatxada itsuak.
-Eraikinen barneko espazioaren berrantolaketa, jarduerak kalkulatzen diren soinu mailetara egokitzeko.
Urbanizazio osoaren exekuzio materialeko aurrekontua 4.333.178,50 eurokoa da.
III.2.-Proposamenaren deskripzioa Iruñeko udal mugapean.
UPSk Iruñeko udal mugapean ukitzen duen esparrua bigarren zabalgunean dago, Leire, Media Luna, San Fermin eta Aralar kaleek osatzen duen etxesailean, hain zuzen. Salestarren komunitateak bere jarduera garatzen du egun orube horretan. Hori angeluzuzena da, eta 150x90 m inguruko neurriak ditu (13.961,12 m², katastroko informazioaren arabera). Azalera hori zabalguneko ohiko etxesail batek okupatzen duena baino bi aldiz handiagoa da, gutxienez.
UPSren arabera, esparru horretarako proposamenak hainbat helburu ditu, hala nola hiri bilbea kontserbatzea, jarduerari eustea eta haren erdigunea indartzea; bizitegiaren erabilera leheneratzea eta etxebizitzen baldintzak eta kalitatea hobetzea; ekonomiaren aldetik bideragarria den irtenbidea lortzea eragiketa konplexu baten barnean; eta, azkenik, esparru horretan ekipamendu publikoa-zentro zibikoa kokatzeko aukera ematea.
Proposamenak hiri lurzoru finkatuko lurren indarreko sailkapenari eta Iruñeko Udal Planak haren eremu osoari esleitzen dion erabilera orokorrari, hau da, bizitegi kolektibotarako erabilerari eusten die. Horrez gain, planak etxesailerako/lurzatirako zehazten duen egiturazko ekipamenduaren izaera kentzen du, eta baldintza batzuk gehitzen ditu, gehieneko eraikigarritasunari, ekipamendu publikoaren gehikuntzari, etxebizitzaren xede libreari, hirigintza aldatzeko jarduketa motari eta hori ondoren garatzeko baldintzei buruz.
UPSk hirigintzako egiturazko determinazioak ezartzen ditu berariaz esparru horretarako. Ondoren, determinazio xehakatuak garatu beharko dira, hiri lurzoru finkatuari dagokion hirigintza dokumentua idatziz. Dokumentu horrek aurretik aipatu den protokoloaren bosgarren itunean ezarritakoa bildu eta garatuko du, eta horri 35/2002 Foru Legearen 52.8 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.
Hauek dira hirigintza antolamenduko egiturazko determinazioak:
-Sailkapena: hiri lurzorua.
-Kategorizazioa: finkatua.
-Erabilera orokorra: bizitegi kolektiboa.
-Oinarrizko unitatearen erabilera xehakatua: bizitegi kolektiboa.
-Sestra gaineko azalera eraikia: 58.842 m².
-Etxebizitza babestuen kopurua: 0.
-Hirigintza aldatzeko jarduketa mota (Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 14. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako): ekipamendu jarduketa.
-Hirigintza antolamenduko egiturazko beste determinazio batzuk:
a) Esparru horretan aukera emanen da 3.000 m² eraiki inguru dituen ekipamendu publikoa-zentro zibikoa kokatzeko, azalera hori sestra gainetik eraikitzen ahal diren 58.842 m²-etatik kenduko dela.
b) Bizitegitarako aprobetxamendu osoa etxebizitza libreetarako erabiliko da.
c) Lehendik dagoen eliza katalogotik kanpo egonen da.
d) Gehitutako antolamendu elementuen arabera bidezkoa den dokumentuaren bidez garatuko dira hirigintza antolamenduko determinazio xehakatuak. Garapen dokumentu horretan arautzen ez diren hirigintza paramentuei dagokienez, Iruñeko Udal Planaren araudian ezarritakoak arautuko ditu.
IV.-Udalez gaindiko eragina dakarten arrazoien justifikazioa eta proiektuaren eragin esparrua.
Salestarren lanbide heziketako ikastetxea Eguesibarko kokapen berri batera lekualdatzeko Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, Eguesibarko Udalak eta San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak sinatutako lankidetza protokoloan adierazten dira planaren udalez gaindiko eragina dakarten arrazoiak eta plan sektorialaren bidez hori antolatu beharra. Protokolo horretan honakoa esan da: "Jarduketa honen xedea udalez gaindiko izaerako irakaskuntzaren jarduera duen egungo ikastetxea lekualdatu ahal izatea dela eta, aldi berean, hirigintzaren aldetik bi udal mugape -Iruñea eta Eguesibar- ukituko dituela kontuan hartuta eta eragiketaren interes orokorra aitortuta, sinatzaileen ustez, jarduketa hori garatzeko planeamendu figura egokia udalez gaindiko plan sektoriala da."
Aurrekoari lotuta, nabarmendu behar da antolamenduaren beste elementu nagusia den merkataritza saltoki handiak eskualdeko eremu horren gainean izanen duen eragin edota erakargarritasun esparrua.
V.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.
Salestarren LHko ikastetxea lekualdatzeko aukeratu den lurralde esparrua Iruñerriaren ekialdean dago, eremu horretan etxebizitzen garapen asko daudela, adibidez, Mendillorri, Ripagaina, Sarriguren, Gorraitz eta Olatz. Halaber, kokapen horren ezaugarri nagusia errepideen saretik eta garraio publikoaren saretik irisgarritasun handia izatea da.
Udal planeamenduak zein lurralde planeamenduak ezarritako garapen aurreikuspenekin bat etorrita, proposamen honek eskualdeko hiri bilbea garatzen lagunduko du. Izan ere, gehienbat etxebizitzak dituen eremuari Foru Komunitaterako interes orokorra duen ekipamendua eta udalez gaindiko hirugarren sektoreko jarduerak emanez hori osatu eginen du, jarduketa horiek eskualdeko alde horretako hiri erabileren konplexutasun funtzionalari eta ugaritasunari laguntzen baitiete.
Aurrekoaren harira, adierazi behar da merkataritzarako lurzatia bizitegitarako alboko eremuei lotuta dagoela ulertzen dela, Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Era berean, nabarmendu behar da jarduera horren kokapenak energia kontsumoa nolabait murrizten lagunduko duela, herritarrak motordun ibilgailuetan neurri txikiagoan joatea ekarriko baitu, hori oso garrantzitsua dela merkataritza arloan.
V.1.-Udal planeamenduarekiko lotura Eguesibarko udal mugapean.
Eguesibarko udal mugapean 2000ko abendutik indarra duen Udal Planaren antolamenduaren arabera, proposaturiko jarduketa esparrua bat dator ia osorik industria atxikirako edo isolaturako lurzoru urbanizagarri programatuko Olazko AR-1 banaketa eremuarekin. Esparruaren azaleraren gainerakoa lurzoru urbanizaezin orokor gisa sailkatuta dago.
Banaketa eremu horren antolamendu xehakatua plan partzial batean adierazi da. Horrek merkataritzaren eta zerbitzuen erabilerak dituzten eraikinak onartzen ditu, eta hura exekutatzeko eta garatzeko Konpentsazio Batza eratu da dagoeneko. Horrez gain, 2011ko urtarrilean behin-behinean onetsi den Udal Plana berrikusten ari da gaur egun. Planak UPSren esparrua AR-9 banaketa eremuko SI sektore (Berrikuntzaren Hiria) gisa sailkatzea proposatu du, jarduera ekonomikoaren erabilera orokorra duen lurzoru urbanizagarri sektorizatu bihurrarazita. Alde horretatik, UPS honetan aurreikusitako erabilerak bi planeamendu horien aurreikuspenekin bat datoz, oinarrian.
Hirigintzako gainerako determinazioei dagokienez, UPS honek erreferentzia hartu ditu tramitatzen ari den Udal Planean ezarritakoak. Planeamendu horri lotuta, proposamenak Hirigintza Planak lurrei esleitzen dien eredu aprobetxamenduari eusten dio, eta, oro har, horretan ezarritako luzetarako eta zeharkako bideak errespetatzen ditu.
Era berean, tramitaturiko dokumentuaren arabera, Udal Planak esparrutik kentzen den azalerarekiko proportzioan horietako bakoitzari egozten dizkion sistema orokorren eragina hausnartu da, eta AR-9 banaketa eremua osatzen duten lurzoruaren gainerako jabeei zerga ezartzea eragotzi da.
V.2.-Udal planeamenduarekiko lotura Iruñeko udal mugapean.
Iruñeko Udal Planak honela definitzen du lurzatia: hiri lurzoru finkatua, bizitegiaren erabilera orokorra eta maila orokorreko ekipamendua, egiturazko mota pribatukoa. UPSk sailkapenari eta kalifikazio orokorrari eusten die, baina egiturazko ekipamenduaren izaera kentzen dio lurzatiari.
Ekipamenduen arauak Udal Planaren 29. artikuluan aipatzen dira. Jabari pribatua dutenetarako, horiek kentzeko aukera ezarri du, baina, kasu horretan, jabari publikoko beste ekipamendu konpentsatzaile batzuk eskuratu beharko dira, haien ordez. Eta horrelaxe planteatu da dokumentu honetan: ikastetxe pribatua kendu, eta kokapen horretan zentro zibiko publikoa instalatuko da, 3.000 m²-ko azalera eraikia izanen duena.
Beraz, uste da UPSk Iruñeko udal mugapean planteatzen duen aldaketa Udal Planaren aurreikuspenekin bat datorrela oinarrian.
V.3.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 52. eta 53. artikuluen determinazioak betetzea.
1.-Eguesibarren proposatzen den jarduketa.
-Aurreko oharra:
Dokumentuak honakoa adierazi du: "eraikigarritasun balioak, absolutuak zein erlatiboak, xehetasun azterlanaren bidez doitzen ahalko dira, eta, merkataritza saltoki handiaren kasuan, haren baimena tramitatzeko behar den udalez gaindiko plan sektorialaren bidez ere bai". Horrez gain, honako hau ezarri du: "Lurralde bakoitzaren hirigintza aprobetxamendua nagusitu behar da, eta, 'jarduera ekonomikoaren' erabileraren kasuan, lurzati bakoitzean eraikigarritasun ezberdinak egoten ahal dira, beheko solairuko eta goiko solairuetako azalerak kontuan hartuta, erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak, eta, beraz, azalera handiagoa ala txikiagoa eraikitzeko aukera ezberdina baita solairuen arabera".
-Espazio libre publikoak:
Berdegune publikoen Plan Sektorialaren aurreikuspenak 18.453,74 m²-koak dira. Horrek sektorearen %11,28 hartuko du, eta ezarritako %10eko estandarra beteko du. Eremu horiek ekialdeko ingurabidearen eta bide horri lotzeko aurreikusi den biribilgunearen ondoan proiektatuko dira.
-Erabilera anitzeko komunitate ekipamendua:
53. artikuluak ezarri du erabilera anitzeko ekipamendurako erabilitako azalera azalera antolatu osoaren %4koa izanen dela, industriarako edo zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarri sektorizatuan eta/edo hiri lurzoru finkatu gabean. Kasu horretan, erabilera anitzeko ekipamendu publikoaren erabilera duen etxesaila aurreikusi da, 6.642,61 m²-ko azalera izanen duena. Horrek sektorearen azaleraren %4,06 hartuko du. Etxesail horretarako, proposaturiko araudiak 2.000 m²-ko lurzatietan banatu ahal izatea ezarri du.
-Aparkalekuak:
Industriarako edo zerbitzuetarako sektoreetako aparkalekuetarako lege eskaera lurzatien tipologien eta bertan kokatu gogo diren jardueren araberakoa izanen da, eta, merkataritza saltoki handien kasuan, plazak zehazteko orduan, kontuan hartu beharko da bertan biltzen diren mota desberdineko jardueren funtzionamendu konbinatua, aldi bereko erabilera bere unerik gorenean dagoenean.
Dokumentu honetarako zirkulazioari buruz garatu den azterlanak honako beharrizan hauek ezarri ditu, hasteko:
-Ekipamendu pribatuaren erabilera (salestarren ikastetxea): 135 aparkaleku.
-Hirugarren sektorearen erabilera: 512 aparkaleku.
-Merkataritza saltoki handiaren erabilera: 798 aparkaleku.
-Ekipamendu publikoaren erabilera: 107 aparkaleku.
Era berean, zirkulazioari buruzko azterlan horrek uste du, merkataritza gunearen puntako orduak eta salestarren ikastetxearenak bat ez datozenez, plazak jarduera baterako zein besterako erabiltzen ahal direla. Horren ondorioz, ekipamendu pribatu horri dagozkionak ez zaizkio gehitu beharrezko aparkalekuen kopuruari.
Plan Sektorialak bide publikoetan aparkalekuen kopuru bat agindu du, zirkulazioari buruzko azterlanak aurreikusten dituen beharrizanetarako urria dena. Horregatik, lurzati pribatu bakoitzean plaza kopuru zehatza izan beharra ezartzen du, erabileraren (hirugarren sektorea, merkataritza eta ekipamendu publikoa) eta eraikitako edo "gauzatutako" metro karratuen arabera, jarduera zabalik dagoen orduetan erabilera publikoa ezarriko zaiela horiei.
Planak erabilera publikoko lurzati pribatuan egoteko agintzen dituen aparkalekuei dagokienez, nabarmendu behar da erabilera publikoko zortasuna dagoela, lurzatiarekin batera agertu behar dena karga gisa. Halaber, kontuan hartu behar da jardueraren ordutegiak ez lukeela baldintzatu beharko aparkaleku horien erabilera. Hori dela eta, proposaturiko araudian bermatu behar da, lurzati horiei dagokienez, ez dela onartuko aparkalekua ixtea lan ordutegiaren barnean, ezta horretatik kanpo ere, eta lurzatiaren jabeak ez duela inoiz ere dirurik eskatuko hori erabiltzeagatik.
Era berean, garrantzitsua da araudiak, hirigintza baldintzez gain, titulartasuna, zortasuna eta erabilera baldintzak zehaztea, besteak beste, lurzoru pribatuaren gainean egindako aparkaleku publikoetarako, Kode Zibilaren 350. artikuluak azaleraren eta lurpearen baterako titulartasuna aurresuposatzen duelako.
Laburbilduz, planak 580 aparkaleku proiektatzen ditu bide publikoetan, eta 1.000 aparkaleku esleitzen ditu lurzati pribatuetan.
Dena den, aparkalekuen bide publikoetako aurreikuspena lurzatietarako sarrerak, edukiontziak eta, hala denean, autobus geltokiak kontuan hartuta berrikusi beharko da.
Aurrekoa alde batera utzita, ekipamendu pribaturako lurzatiaren izaera eta xedea kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da motozikletetarako eta bizikletetarako aparkalekuak aurreikustea.
2.-Iruñean proposatzen den jarduketa.
-Ekipamendu jarduketa:
Aurretik adierazi den bezala, UPSk ekipamendua hirigintzaren aldetik aldatzeko jarduketatzat jotzen du proposamena, Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legearen 14. artikuluaren arabera.
-Etxebizitza babestuen erreserba.
UPSk ez du hausnartzen etxebizitza babestuen erreserba, LAHFLren 52.8 artikuluan ezarritakoaren babespean. Izan ere, artikulu horrek aukera ematen du, salbuespenez, orube bati bizitegiaren erabilera ematen zaionean hori etxebizitza babestuen gutxieneko estandarra betetzetik salbuesteko, ekipamendutarako jarduera bat lekualdatzeagatik, baldin eta hurrengo betekizunak betetzen badira:
a) Nafarroako Gobernuak interes orokorrekoa deklaratzea kokalekuz aldatzen den jarduera.
b) Administrazio publiko batek edo hari lotutako edo haren menpeko erakunde batek erostea ekipamendutarako orubea, edo erosteko konpromisoa hartzea.
c) Bizitegitarako lurzorua besterentzeagatik Administrazioaren edo entitate eroslearen alde sortutako gainbalioak, operaziotik heldu diren betebeharrak eta kostu ekonomikoak kitatu ondoren, etxebizitza eta/edo lurzoru arloko politika publikoa betetzera bideratzea.
Horretarako, ukituriko alderdiek eta jarduten duten administrazio publiko guztiek hirigintza hitzarmen bat eginen dute, betiere foru lege honen 23. artikulutik 26.era bitartekoek ezarritakoari jarraikiz. Hitzarmenean ziurtatuko da, gutxienez ere, arestiko lerrokadan ezarritako baldintzak beteko direla, eta beteko direla, halaber, ekipamendutarako lurzoru lekualdatuak programatzeko eta erabiltzeko mekanismoak ere.
Horren ondorioz, aurreko betekizunak betetzen badira, jarduketa etxebizitza babestuen lege erreserba betetzetik salbuetsiko da. Alde horretatik, Iruñeko eta Eguesibarko Udalek hirigintza hitzarmena onesteko tramiteak abiarazi dituzte.
-Hirigintzako bestelako estandarrak.
Lurzatian azkenean antolatzen diren erabileretatik eta azaleretatik ondorioztatzen ahal diren hirigintzako bestelako estandar batzuei (adibidez, aparkalekuen kopurua) dagokienez, UPSk adierazi du horiek garapen tresnan justifikatuko direla.
V.4.-Beste ohar batzuk Eguesibarren proposatu den jarduketarako.
1. Bide sistema.
UPS hau tramitatzearekin batera, Eguesibarko Hirigintzako Udal Plana behin betiko onespen fasean dago. Plan horretan oraindik zehaztu gabe dagoen bideen eskema aurreikusten da, eta baliteke eskema horren aurreikuspenek UPSn aurreikusita dagoen antolamenduaren aurka egitea. Horregatik, horri dagokionez guztiz beharrezkoa da bideen arloko soluzio koordinatu bat emateko azterlana egitea, UPS eta PA-30 errepidea UPSren iparraldeko biribilgunetik lotzeko egin daitezkeen mugimenduei buruz, hainbat alderdi kontuan hartuta, besteak beste, UPSn egin beharreko jardueren garrantzia, AR-09an txertatzeko modua, eta Udal Planaren bideetako egiturazko elementuak. Azterlan horren ondorioz, lurzoru erreserba jakin batzuk egin litezke, eta, bidezkoa balitz, UPSren eremuaren aldaketa bat ere bai.
Bestalde, uste da hezkuntzako ekipamendu pribaturako lurzatiaren eta jarduera ekonomikorako lurzatiaren (merkataritza saltoki handia) artean aurreikusita dagoen bidearen sekzioa berriro aztertu beharko litzatekeela. Bide horrek, UPSn aurreikusita dauden gainerako bideek bezala alboetan aparkalekurik ez izateaz gain, noranzko bakoitzeko galtzada bakarra du.
2. Eremua mugatzea.
Eremuaren ekialdeko mugak, zati batean indarra duen AR1 banaketa eremuaren mugaketari egokitzen zaion horrek, baldintzatu egiten ditu egin daitezkeen lurzatiketak, eraikinen formak eta erabilera anitzeko ekipamendu publikorako eta hirugarren sektoreko jarduera ekonomikorako T2 etxesailetako espazio libreen antolaketa eta aprobetxamendu egokiak. Halaber, mugaketa horrek alboko eremuaren etorkizuneko antolamendua baldintzatuko luke. Alde horretatik, UPSren eremuaren ekialdeko muga berriro ezartzeko aukera aztertu beharko litzateke, bilbe ortogonala emateko.
3. Antolamenduko determinazioen definizioa.
UPSren memoriak bezala, proposaturiko Hirigintzako Araudiak egiturazko determinazio eta determinazio xehakatu guztiak ezarri behar ditu, modu argian bereizita. Egiturazko determinazioei dagokienez, dokumentuan horien definizioa agertu behar da, araudian, determinazio horien oinarrizko ezaugarriak zehaztuz, eta/edo planoetan, egiturazko elementuak identifikatuz. Aurkeztutako dokumentuak determinazio horien zerrenda agertzen du, besterik gabe, eta dagozkien planoetan ezin dira zehazki bereizi.
Aurreko hori kontuan hartuta, kendu egin behar dira proposatutako Hirigintzako Araudiaren 16. artikuluaren 3. puntua eta O.3 planoko (Egiturazko antolamenduko elementuak) oharra, honako hau ezartzen dutenak, alegia: "Errepideen eragin eremua alde batera utzita, planoetan irudi bidez ageri diren eguztirazko elementuen mugak eta trazadura orientaziorako dira, eta garapenerako planeamenduaren bidez aldatzen edo doitzen ahal dira."
Beste alde batetik, dokumentuak Plan Partzialaren mailako antolamendu xehakatua ezartzen du. Beraz, LAHFLren 49.3 artikuluari jarraituz, Lurzatiketari buruzko 22.3 artikulua, honako hau ezartzen duena, kendu egin behar da: "Dokumentu honetako agiri grafikoetan ageri den lurzatiketa gutxi gorabeherakoa da, eta ez da loteslea."
Puntu honetan gogora ekarri behar da honako hau: UPSren Hirigintzako Araudiaren 21. artikuluan ageri denez, UPS baten egiturazko antolamenduko determinazioen edo antolamendu xehakatuko determinazioen aldaketak -determinazio horiek definitzen dituzten elementu guztiak barne direla-, kasu guztietan LAHFLn ezarrita dagoenaren arabera tramitatu behar dira.
4. Kudeaketa alderdiak.
Beste alde batetik, proposaturiko Hirigintzako Araudiak honako hau ezartzen du erabilera guztietarako: "Kudeaketa: Araudi honetan aurreikusita dauden kasuetan, ezarrita dauden hirigintzako parametroetako baten bat Xehetasun Azterlan bat tramitatuz aldatzea onartuko da". Interpretazioak saihesteko, zehaztu egin beharko da horrelako tresnen xedeak ezin dituela inola ere gainditu LAHFLren 62. artikuluan ezarrita daudenak.
Halaber, "Jarduera ekonomikoa - Hirugarren sektorea" eta "Erabilera anitzeko ekipamendu publikoa" erabilerak dituzten lurzatien zatiketari dagokionez, proposaturiko Hirigintzako Araudiak honako hau ezartzen du: "Lurzatiak plan honetan ezarrita dagoena ez den beste modu batean elkartu edo banantzeko, Xehetasun Azterlan bat onetsi beharko da". Horri dagokionez, bidezkoa da hau adieraztea: lehenago aipatu den LAHFLren 62. artikuluan xedatuta dagoenari jarraituz, Xehetasun Azterlanek ez dute horrelako xederik.
5. Bizikletetarako ibilbideak.
Azkenik, Planean hau azaltzen da: "UPSren urbanizazio proiektuan Arangurenerako errepidearen aldaketaren ondorioz sortzen den etorbide berriaren espaloiak atontzea aztertuko da, bidegorri eta/edo oinezkoentzako pasealeku gisa erabiltzeko". Lortu nahi den -eta Nafarroako Lurralde Estrategian ageri den- lurralde garapenaren ereduarekin bat etorriz, eta gizabanakoen mugikortasuna guztien interesekin uztartzeko, UPSk eremua eta hiri garapen mugakideak lotzeko beharrezkoak diren espazio eta jarduketak aztertu eta zehaztu beharko ditu, joan-etorriak oinez zein bizikletaz egin ahal izateko.
VI.-Egindako eta eskatutako txostenak.
VI.1.-Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena.
2010eko maiatzaren 26an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologiaren Atalak adierazi zuen, Nafarroako Arkeologiaren Inbentarioko datu-basea arakaturik, ez dagoela ondasun arkeologiko katalogaturik, eta, beraz, proiektua ondare arkeologikoaren kontserbazioarekin bateragarria dela.
Halaber, txosten horretan zera adierazi zen: kontuan hartuta okupatu beharreko azalera handia dela eta handik hurbil aztarnategi arkeologikoak (El Cerro I izeneko Burdin Aroko Aztarnategia, eta La Playa Grande I eta II) daudela, eta horietan Sarrigurengo hiria eraikitzeko obren ondorioz esku hartu behar izan zela, baliteke lotutako aztarna arkeologikoren bat egotea. Horregatik, obren jarraipen arkeologiko orokorra egitea aurreikusi beharko da.
Azken baldintza hori agertu da UPS honen araudiak aipamen bidez txertatu duen ingurumen ondorioen azterlanean.
VI.2.-Iruñerriko Mankomunitatearen txostena.
2011ko otsailaren 21ean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak uraren ziklo osoari buruzko txostena egin zuen, eta zera adierazi zuen: "gaur egungo hornidurako eta saneamenduko azpiegituren ahalmena ez da nahikoa aurreikusita dagoen garapenerako", eta, horri dagokionez, adierazi da hornidurako eta saneamenduko azpiegituren ahalmena bermatzeko lehendik dauden azpiegiturak indartu behar direla, Eguesibarko Udal Plan Orokor berrian ezarrita dagoen irizpideari jarraituz.
Aurreko txostena gorabehera, erakunde horri kudeatzen dituen gainerako zerbitzu publikoei buruzko txostena eskatu zaio. Txosten horren ondorioak kontuan hartuko dira, bidezkoa bada, espedienteari buruzko ebazpenean.
VII.-Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak.
2011ko apirilaren 29an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera, eta, dokumentazioa aztertutakoan, dokumentazio hori osorik dagoela eta jendaurrean jartzen ahal dela azaltzeko.
VIII.-Salestarren ikastetxea lekualdatzearen interes orokorraren adierazpena
LAHFLren 52.8 artikuluan aurreikusita dauden ondorioetarako, 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legeak artikulu horri eman zion idazkeraren arabera, eta 2011ko urtarrilaren 13an sinatutako protokoloaren hirugarren itunarekin bat etorriz, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak adierazi du salestarren komunitateak Iruñerrian egiten duen hezkuntza jarduerak interes orokorrekoa izateko baldintzak betetzen dituela.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2011ko maiatzaren 4ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Iruñeko eta Eguesibarko udal mugapeetako "Salestarrak Plana", San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioak, Hezkuntza Departamentuak eta "Viviendas de Navarra S.A." sozietate publikoak sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.
2. Sustatzaileari honako hau azaltzea: UPS ebatzi baino lehen, erabaki honen azalpen zatiko "V.3.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 52. eta 53. artikuluen determinazioak betetzea" eta "Beste ohar batzuk Eguesibarren proposatu den jarduketarako" atalei erantzuna eman beharko die.
3. Salestarren komunitateak egiten duen hezkuntza jarduera interes orokorrekoa dela deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 52.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4. Espedientea jendaurrean jartzea eta jarduketak ukitzen dituen lurrei dagozkien udalei entzunaldia ematea aldi berean, hogeita hamar egunez, gutxienez.
Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Halaber, ingurumen ondorioen azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña).
5. Iruñeko Udalak, Eguesibarko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Salestarren Kongregazioak eta ''Viviendas de Navarra, S.A.'' (VINSA) sozietateak sinatu behar duten hirigintza hitzarmena onesteko espedientea hastea eta 30 egunez jendaurrean jartzea.
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiari igortzea, eta Iruñerriko Mankomunitateari, Iruñeko eta Eguesibarko Udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko maiatzaren 9an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1108376
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
