1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
153/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zen.
1989ko maiatzaren 24ko Ministerio Aginduaren bidez, Hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Teknikoa onetsi zen. 4. ataleko 1. puntuak ezartzen duenez, hazitarako patataren ekoizpena autonomia erkidegoetako organo eskudunek baimendutako eskualdeetan eginen da, edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak baimendutakoetan, baldin eta eskualdeen eremuak autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen badu.
2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patata ekoizteko araudia onetsi zuen. Hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeak eta herriak agertzen dira agindu horretan.
Hazitarako patata ekoizten duen OPPOSA entitateak eskaera aurkeztu du Espartza Zaraitzuko udal mugapean eta 18. fazerian (Erremendia) hazitarako patataren ekoizpena baimentzeko, ez baitaude aipatu foru aginduaren barrenean.
Eskaerako udal mugapeek Pirinio aldeko beste udal mugape batzuekin egiten dute muga, eta antzeko ezaugarriak dituzte; hortaz, ez dago eragozpenik haiek sartuta alde hori handitzeko.
Nekazariren batek aukera izateko interesa du eskaerako udal mugapeetan hazitarako patata ekoizteko.
Bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautu zuen 2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzea, Pirinio aldean udalerri hauek sartuta: Espartza Zaraitzu eta "Erremendia" 18. fazeria.
Patataren kisteko nematodoak kontrolatzeko programa nazionala ezartzen duen uztailaren 16ko 920/2010 Errege Dekretua betetzearren, komeni da baldintzak arautzea lurrak erein aurretik ofizialki kontrolatzeko; horien artean, funtsezkoa da erein beharreko lurzatiak adierazteko epea. Aipatu errege dekretuak patataren kisteko nematodoen kontrolari buruzko 69/465/EEE Zuzentaraua indargabetzen duen Kontseiluaren 2007ko ekainaren 11ko 2007/33/EE Zuzentarauaren transposizioa egiten du. Epe horri esker, zerbitzu ofizialek eta laborategiak garaiz erabakiko dute zein lurzati diren egokiak patata ereiteko, eta nekazariek ereite lana antolatuko dute eta segurtasunez jokatuko dute ikuspegi fitosanitariotik eta horrekin zerikusia duten gainontzeko alderdietatik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikuluko aldaketa.
Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzen duen 2006ko uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:
"2. Ekoizpen aldeak.
Hauek dira Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten aldeak eta horien udalerriak:
-Pirinio aldea: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Espartza Zaraitzu, Ezkaroze, "Erremendia" 18. fazeria, Garaioa, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Jaurrieta, Otsagabia eta Orontze.
-Kodes aldea: Cabredo, Genevilla eta Marañón.
-Izarbeibar aldea: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga.
Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago bestelako patataren ekoizpena.
Kodes eta Izarbeibar aldeak esparru ireki deklaratzen dira, eta baimendurik dago kontsumorako patataren ekoizpena, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.
Dena dela, alde guztietan etxeko kontsumorako patata erein ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan.
Kontsumorako patata ekoizteko, bai eta etxerako denean ere, laborantza-adierazpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz."
2. artikulua. Beste artikulu bat gehitzea 255/2006 Foru Aginduari.
Beste artikulu bat eransten zaio 255/2006 Foru Aginduari. Hona testua:
"4. artikulua. Nematodoen kontrolerako lurzatien berri ematea.
Patataren kisteko nematodoak kontrolatu ahal izateko, baimendutako alde bakoitzean zein lurzatitan erein gogo duen hazitarako patata, haien zerrenda aurkeztu beharko du entitate ekoizleak Nekazaritza Zerbitzuan. Hauek dira jakinarazteko azken egunak:
1. Nematodoak atzeman diren udalerrietan, edo aurreko bi urteetan analisiarik egin ez dutenetan:
a) Kodes aldea: erein aurreko urriaren 1a.
b) Gainontzeko aldeak: erein aurreko abenduaren 1a.
2. Aurreko bi urteetan analisia egin eta nematodorik atzeman ez diren udalerrietan: erein aurreko otsailaren 1a."
Azken xedapena.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2011ko apirilaren 14an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
ERANSKINAREN KODEA | IZENA |
. STNO10111 | Foru agindua, hazitarako patata ekoizteko 255/2006 Foru Agindua aldatzen duena. |
Iragarkiaren kodea: F1107748