104. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

627/2011 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Melidako udal mugapeko hegazti-hiltegi industrial baten instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra AN Avícola Mélida, S.A. da.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren 2005eko abenduaren 20ko 606 Foru Aginduaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Melidako udal mugapean dagoen hegazti-hiltegi industrial baten instalazioarentzat. Titularra AN Avícola Mélida, S.A. da.

2010eko ekainaren 10ean titularrak aldaketa bat eskatu zuen, isurketen eguneko eta urteko gehieneko mugak aldatzeko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz -erregelamendu horrek garatzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea-, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

AN Avícola Mélida, S.A.k proposatutako aldaketen ondorioz, beharrezkoa da isurketak egiteko hasiera batean ezarri ziren baldintzak berrikustea; horregatik, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, arroko erakundearen aginduzko txosten lotzailea behar da.

Era berean, egokitzat jo da kanpoko hots-maila kontrolatzeko maiztasunean aldaketa bat egitea, galdaren emisioen autokontroletan, eta emisio-fokoak katalogatzea urtarrilaren 28ko 100/2001 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz. Errege Dekretu horren bidez, airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak eman ziren.

Baimen horren barnean dago isurketak Aragoi ibaira botatzeko baimena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Errege Lege-Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Melidako udal mugapeko hegazti-hiltegi industrialaren instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2010eko ekainaren 10ean eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra AN Avícola Mélida, S.A. da. Baimen integratua Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren abenduaren 20ko 606/2005 Foru Aginduaren bidez eman zen.

2. Baimena aldatzearekin batera, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak instalazio horri Ingurumen baimen integratua emateko 2005eko abenduaren 20an eman zuen 606/2005 Foru Aginduaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, 2013ko abenduaren 20an bukatuko dena. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Ingurumen baimen integratu honi lotutako isurketa baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino automatikoki zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Errege Lege-Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat. Isurpen baimenak ez du baliorik izanen, baldin eta ur publikoak erabiltzeko Ebroko Ur Konfederazioak emandako nahitaezko kontzesiorik ez bada edo ustiatzeko eskubidea frogatzen ez bada.

5. Aldaketaren ondoren, ez da irekitzeko beste baimen bat eskatu beharrik izanen aldatutako instalazioa abian jartzeko.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

8. Ebazpen hau jakinaraztea AN Avícola Mélida, S.A.ri, Mélidako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko apirilaren 15ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1107610