104. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

128/2011 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Nafarroako Ubideko 7 B, 8, 9 eta 10 A tarteetan hesi bat handitzeko proiektua gauzatzeko, Tafallan. Proiektuaren sustatzailea Tafalla Canal aldi baterako enpresa-elkartea da, obra horien kontratista.

2011ko urtarrilaren 13an, sustatzaileak ebazpenaren idazpuruan azaldutako proiektuari buruzko Ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zuen.

Hona hemen proiektua: Tafallako 3. poligonoko 242. lurzatirako egokiak diren 4.800 bat metro karratu lur erauztea, Nafarroako Ubideko 7 B tarteko lubeta egonkortzeko, 7+340 KPtik 7+540 KPra.

Jarduketaren ezaugarriak ikusirik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedienteak Ingurumen ukipenen azterlana dauka, non proiektua egoki deskribatzeaz gainera, uki daitezkeen inguruneko balioak aipatu eta ukipen horien balorazioa egiten den.

Erauzketa eginen den lurzati guztia labore-lursaila da, eta landaredi naturala duten mazelez eta ezpondez inguraturik dago. Lurzatiaren iparraldeko zatian, Nafarroako Ubideko 7 B tarteko lubetako 7+300 KParen ondoan dagoen horretan, erauzketa eginen da behar den lurra lortzeko, batez beste metro bat sakon.

3 metroko babes berma ezarri da erauzketa gunearen iparraldeko, mendebaldeko eta hegoaldeko bazterretan, inguruko sasi eta larreetan ukipenik ez izateko.

Geldituko den azkeneko topografia ibarbide bat izanen da, lurzatiaren ekialdera aterako dena, eta jarraipena proiektuaren guneko hego-ekialdeko lur naturaletan izanen duena. Mendebaldean ezpondaz inguraturik egonen da, gehienez ere 2 metrokoak, eta 1H:1Vko aldapa baino gutxixeago dutenak, ibarbidearen eta inguruko bermen artean.

Nafarroako Ubiderako desjabetzearen barnean eginen da hesiaren handitzea, eta obra nagusiaren zati da.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena egin zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak araututako alderdiei buruz. 2011ko otsailaren 25ean, proposamenaren aldeko txostena eman zuen Tafallako Udalak.

Espedientea osorik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Nafarroako Ubideko 7 B, 8, 9 eta 10 A tarteetan hesi bat handitzeko proiektua gauzatzeko, Tafallan. Proiektuaren sustatzailea Tafalla Canal aldi baterako enpresa-elkartea da.

2. Sustatzaileak Ingurumen ukipenen azterlanean proposatu dituen neurri zuzentzaileak, ingurumen arloko jarraipenekoak eta lehengoratzekoak betetzera behartzen du baimen honek. Nolanahi ere, ingurumen eta paisaia integrazio hobea izateko, proposatzen da erauzketa bukatu ondoren erauzketak sortutako ezpondak etzan daitezela, bermak kenduz, erauzketaren inguruko landaredi formazioak ukitu gabe. Hala, lortuko da erauzketak ukitutako zona guztia laborantzan erabiltzeko modukoa izatea. Hala eta guztiz ere laborantzarako erabili ezin diren ezpondak sortzen badira, horietan ereite hidraulikoa eginen da, emandako dokumentazioan proposatutakoarekin bat.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, kontuan izanik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikulua.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta sustatzaileari igortzea.

Iruñean, 2011ko apirilaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1107612