2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MARTZILLA
Martzillako Udal Plan Orokorra. Hasierako onespena
Lizentziak ematea etenik
Martzillako Udalak, 2011ko maiatzaren 18an egin bilkuran, ondoko erabaki hau hartu zuen. Hona hemen testu osoa:
1. Hasiera batez onestea Martzillako Udal Plan Orokorra, talde prestatzaileak (Victor Mier Mendiguchiak eta haren lantaldeak) bukatu ondoren. Plana jendaurrean egonen da bi hilabetez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarriz eta Nafarroako Foru Komunitatean ateratzen diren egunkarietan argitaratuz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 70.6 artikuluarekin bat.
2. Hasiera batez onetsitako plana Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igortzea, haren gaineko txosten orokorra presta dezan.
3. 35/2002 Foru Legearen 69.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lizentziak ematea eten eginen da Martzillako Udal Plan Orokorrak, hasiera batez onetsitakoak, oraingo planeamenduan aurreikusitako hirigintzako araubidea aldatzen duen eremuetan (planeamenduaren xede diren lurralde eremu horiek zeinetan determinazio berriek aldatu eginen baitute egungo hirigintzako araudia). Horrenbestez, etenaldia ondoko unitate eta sektore hauetako lurzoruetan aplikatuko da, egungo Arau Subsidiarioetan eta hasiera batez onetsitako Udal Plan Orokorrean definitu baitira:
1.-Hiri lurzoruak.
-Zaharberritze nahiz handitze obrak eta oin berrikoak, UC-1 eremuan, Hirigune Historikoan, eta UC-2an, Hirigunean, hasiera batez onetsitako Udal Planean zehazturiko
-Edozein obra mota ondoko unitateotan, egungo Arau Subsidiarioek honela definiturikoetan:
- 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22, 24, 25, 26, 31 eta 34.
-Edozein obra mota ondoko unitateotan, hasiera batez onetsitako Udal Planean honela definiturikoetan: UO-3, UO-5, UO-6 eta UO-9, UO-11 eta UO-15 azpiunitateak.
2.-Lurzoru urbanizagarria.
-Edozein obra mota lurzoru urbanizagarriko ondoko sektoreotan, egungo Arau Subsidiarioetan honela definiturikoetan:
- 2-b sektorea.
- 3. sektorea.
-Lizentzien etenaldia orobat aplikatuko da hasiera batez onetsitako Udal Planean formulazio berria duten sektore eta unitateetan, honako esparruotan, alegia:
- R-1. sektorea.
- R-2 sektorea.
- R-3 sektorea.
- I-9 sektorea.
3.-Lurzoru urbanizaezina.
-Hasiera batez onetsitako Udal Plan berriak honela definitu dituen esparruetan ere aplikatuko da lizentzien etenaldia: bizitegietarako hirigunea zabaltzeko garapen eredua babesteko lurzoru urbanizaezina eta bizitegietarako eta autopistarako erabilera bateragarria duen eremua.
Eta lizentzien etenaldia, oro har, ezein lurzoru esparrutan aplikatuko da baldin eta Martzillako Udal Planak, hasiera batez onetsiak, aldatu egiten badu egungo planeamenduak hartarako aurreikusitako hirigintza araudia; haietan, nolanahi ere, obra lizentzia ematen ahalko da baina betiere jarduketa proposamena bateragarria baldin bada hala egungo planeamenduarekin nola hasiera batez onetsitakoarekin.
Jendaurrean egon bitartean, hau da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetez, espedientea interesdunen eskura egonen da udal bulegoetan eta agiriak Martzillako Udalaren web orrian egonen dira ikusgai: www.marcilla.es.
Martzillan, 2011ko maiatzaren 18an.-Alkate udalburua, José María Abárzuza Goñi.
Iragarkiaren kodea: L1109030