1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
124/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, otsailaren 15eko 49/2011 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horrek ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan ezarritako laguntza ekonomikoen 2011rako zenbatekoak zehazten ditu. Dekretu horretan zuzeneko laguntza ekonomikoak ezartzen dira, neurri osagarri gisa, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko, eta jaiotzak sustatzeko.
Langileen laneko eta familiako eginkizunak bateratzeari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legea onesteak aurrerapen handia ekarri zuen familiei laguntzeko politiken arloan: aldaketak eragin zituen lanari eta gizarte segurantzari buruzko zenbait arautan, eta aurrerapauso garrantzitsua izan zen emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzera begira.
Lege haren osagarri, zenbait arau onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean, ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretua, besteak beste. Dekretu horretan zuzeneko laguntza ekonomikoak ezartzen dira, neurri osagarri gisa, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko, eta jaiotzak sustatzeko.
Foru dekretu horretan ezartzen dira, orobat, zenbait laguntza mota, bai eta horien onuradunak, betekizunak, aurkeztu beharreko agiriak eta emateko baldintzak ere. Azken batean, foru dekretuak ezartzen ditu zein diren diru-laguntzatzat jo behar diren laguntza ekonomikoen oinarri arautzaileak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Dekretuaren 18. artikuluari jarraikiz.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren otsailaren 15eko 49/2011 Foru Aginduaren bidez, ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan ezarritako laguntzen 2011rako zenbatekoak zehaztu ziren.
Foru agindu hori 2011ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 22an.
Xedapen zatiaren 3. atalak agintzen duenez, hirugarren edo hurrengo haurra jaiotzeagatiko ordainaldi bakarreko laguntza-espedienteak ebatziko dira, eskaera aurkeztu zen egunaren arabera; eta eszedentziako laguntzen espedienteak, ordea, eszedentziaren hasierako dataren arabera ebatziko dira.
Horren harira aipatu behar da Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan diru-laguntzak emateko ezarritako prozeduretatik ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan araututako laguntzei gehien hurbiltzen zaiona banakako ebaluazioari buruzkoa dela (17.1 in fine artikulua), banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen duena, alegia; araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahalean tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.
Horregatik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak espedienteak tramitatu eta ebazteko ordena ezarrita, uste da otsailaren 15eko 49/2011 Foru Aginduaren 3. atalak, legezko aurreikuspenak beharrik gabe errepikatzeaz gain, interesdunak nahas ditzakeela.
Beraz, azaldutakoa gorabehera, komenigarritzat jo da otsailaren 15eko 49/2011 Foru Agindua aldatzea; 3. atala kendu da, eta aurkezten diren eskaerak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren otsailaren 15eko 49/2011 Foru Aginduaren xedapen zatiaren 3. atala kentzea. Agindu horrek ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan ezarritako laguntza ekonomikoen zenbatekoak 2011rako zehazten ditu. Foru dekretu horretan zuzeneko laguntza ekonomikoak ezartzen dira, neurri osagarri gisa, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko eta jaiotzak sustatzeko.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko apirilaren 13an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
Iragarkiaren kodea: F1107016