102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Udal ordenantza, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2010eko ekainaren 17an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2011ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Vianan, 2011ko maiatzaren 18an.-Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.

ORDENANTZA, ORDEZKO BETEARAZPENENETARAKO ETA BETEARAZPEN AGINDUETARAKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. 1) Zergagaia honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek -edo pilaketaren arduradunek- kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa, eta orokorki Udalaren ordenantza nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpenen eginbideak.

c) Udaltzaingoaren zerbitzu bereziak, herritar soilek eraginak.

2) Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, eta bereziki beren mesederako direnek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurantza, osasungarritasuna edo higienea direla medio derrigor eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sorraraztea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu batekin kontratatzea, ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari eskudunen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak, eta gero Alkatetzari edo Udalbatzari horren berri ematea.

Tasaren sorrarazpena

4. artikulua. Zerga ordaindu beharra, zerbitzua egiten den momentu berean sortzen da, eta zilegi da konturako nahiz zatikako kitapenak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan pagatzera behartuta daude legez erantzun beharra duten pertsona natural nahiz juridikoak, hurrengook, alegia:

a) Zerbitzua egin beharra eragiten duten egintzetako ondasunen jabe edo erantzuleak edo haren onura jasotzen dutenak.

b) Halakorik bada, maizter edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazpen erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule ateratzen direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazpen aginduak: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik heldu dena izanen da.

b) Ordezko betearazpena: egin den exekuzioaren osotarako kostutik heldu dena.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Udalak, obrak egiteko, zilegi izanen du kautelazko likidazioak formulatzea tasen zenbateko kalkulatuaren arabera, aldez aurretik, eta bai hura ordainarazi eta bildu ere Ordenantza fiskal orokorrean agintzen den gisara. Obrak burututakoan, tasak likidatuko dira eta soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea, edo erabiltzaile nahiz errentari gisa borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa goiti-beheiti, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Betearazpen aginduak.

-Karga-tasa izanen da zerga-oinarriaren %2.

II. epigrafea.-Ordezko betearazpenak.

-Tasa izanen da zerga-oinarriaren %125.

Iragarkiaren kodea: L1109035