102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SUNBILLA

Sunbillako mendiko pista eta bideen erabilera arautzen
duen ordenantza

Sunbillako Udalak, 2011ko maiatzaren seian egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Sunbillako mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egonen da gutxienez hogeita hamar eguneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki oholean argitara eman ondotik, bizilagunek eta bidezko interesa dutenek epe horretan espedientea aztertu eta egokiak iruditzen zaizkien erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

Sunbillako landabide publikoen sarea sunbildar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Sunbillako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Sunbillako Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Sunbillako landabide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Sunbillako landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.-2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dutenak.

c) Baserrien arteko bideak, gehienetan baserrietako sarbideen jarraipena izaten direnak, haien artean komunikazioa izateko.

d) Pista nagusiak, mendietako halako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko erabiltzen direnak. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza...

e) Bigarren mailako pistak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

f) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2.-Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak: bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3.-Lehen garaiko trenbidea (Eurobeló). Sunbillako Udalak izaera berezia aitortzen dio, Sunbillako baserrietara joateko bidea baita eta aldi berean lau herrietako baso bidea. Kontuan harturik gero eta gehiago direla bide hau Zugarramurdira joateko erabiltzen dutenak, Udalak azpimarratu nahi du gidariek abiadura egokitu behar dutela (betiere 20 kilometro/ordua, gehienez ere), azienda libre dabilenean edo oinezkoak daudenean, baita denbora txarra egiten duelarik ere, hori guztia istripurik ez izateko eta oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei trabarik ez egiteko.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Sunbillako Udalak zainduko du 2.1.a), b), c), d) eta e) ataletan zehazten diren landabide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

2. artikuluaren 2 eta 3. ataletan definituriko landabide publikoetan, Sunbillako Udalak badaezpadako mantentze lanak baizik ez ditu eginen.

Hiru metroko zortasun-eremua errespetatuko da bidearen kanpo aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan jasotzen den gisara.

-Lehen garaiko trenbidea (Eurobeló), zortasun-eremua hiru metrokoa izanen da.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko bertze lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada Udalak eginen du eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrrari.

4. artikulua. Ibilgailu motordunak.

Orokorrean, debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, ondoko paragrafoan xedatzen dena kontuan hartuko bada ere.

Mendiko pistetan, ibilgailu motordunen zirkulazioak arau hauek izanen ditu:

1) Foru agindu honi dagokionez, oihanean den edozein bide hartuko da mendiko pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira mendiko pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sartuta dauden komunikabideak.

2) Bertzelako baimenik deusetan ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Sunbilako mendiko pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak, edo landetxeekin ikusteko dutenak (jabeak eta bezeroak).

b) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio Publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren oihan lanetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan).

e) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Administrazio Publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan.

i) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei sostengu egiteko ibilgailuak.

j) Onddo barrutietako bazkideen ibilgailuak, ziza eta onddo denboraldian. Horretarako, barrutiaren titularrak luzatutako egiaztagiria izan beharko dute.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea.

Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, betiere baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.

6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunentzako, pista jakin batzuetan barna zirkulatzeko.

Udalak onetsiko du pista nagusien zerrenda bat, zeinetan barna motozikletek eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen baitute ibiltzea.

Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen bertze arrazoiren bat.

7. artikulua. Debekua, pistetan ibiltzeko.

Sunbillako gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo baimena duten bertzelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Udalak emanen du Sunbillako pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Sunbillako herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta bertze pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako.

3,5 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Sunbillako landabide publikoetan barna ibiltzeko, salbu eta 5. artikuluko 2. lerroaldean zehazten direnak badira. Baimen hori Udalak eman beharko du.

Udalak emanen du baimen hori.

10. artikulua. Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetako.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Sunbillako mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro orduko izanen da.

13. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita. Motorra duten edo ez duten ibilgailurentzak.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Udalak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu.

17. artikulua. Bideak mantentzeko laguntzak.

Udalak bideak mantentzeko laguntzak emanen ditu, ondotik adierazten diren baldintzetan:

-Bideek hiru metroko zabalera izanen dute gutienez.

-Laguntzak jasotzen ahalko dituzte jendea hazten duten baserrietara, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetara eta landetxetara joateko bideek.

-Bazterturik daude eraikuntza berria egin edo borda edo baserria ohiko etxebizitza egonkorra izateko moldatzen dutenak.

-Proiektuak, betiere, Nafarroako Gobernuaren, Udalaren eta kasu bakoitzean interesaturiko partikularren arteko finantzaketa dagoelarik gauzatuko dira.

-Administrazio publikoak gehienez ere obraren %92 finantzatuko du, eta gainerako %8 partikularren kontura izanen da. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik erdiesten ez bada, Udalak obraren kostuaren %50 baizik ez du finantzatuko, betiere aurrekontuan horretarako kontu-sailik bada; gainerako %50 partikularren kontura izanen da. Finantzaketa mota hau bideak mantentzeko obra tikietarako izanen da.

-Halako bide batzuei diru-laguntza ematen bazaie, karga gisa izanen dute bide-zor publikoa, epe mugarik gabe izan ere.

-Badaezpadako mantentze lanak, 2.1 artikuluaren a), b) eta c) ataletan deskribatu direnak, bidearen erabiltzaileei dagozkie; horien artean sartzen dira bidera etortzen diren materialak kentzea, hodiak eta arekak garbitzea etab.

18. artikulua. Bideen erabilera berezia.

Bideen erabilera berezia da pisu gordina 20 Tm baino handiago duten ibilgailuek egiten dutena, baserrietan edo nekazaritza eta abeltzaintzarako instalazioetan obrak egitean, etxebizitza berriak eraikitzean edo oihangintzan aritzean.

Erabilera horretarako Udalaren baimena behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia zein den, zenbat tona egiten dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Udaleko langileek agerraldia einen dute bidea erabili aitzin eta bidea erabili ondoan.

Tasa ordaindu beharko da bideen erabilera bereziagatik; haren zenbatekoa ordenantza honen I. eranskinean zehaztuko da.

Orobat, 1.000 euroko fidantza pausatu beharko da Herriko Etxean, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.

19. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

20. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

ERANSKINAK

Lehenbizikoa

Aipatutako bideak Bidasoa Berroaraneko Administrazio Juntarenak izan eta Sunbillako Udalerritik igarotzen diren guztiak izanen dira.

Bigarrena

Tasa, bideen erabilera bereziagatik.

Tasa euro 1 izanen da bidean barna ibiliko den ibilgailuaren pisuaren tona bakoitzeko.

Sunbillan, 2011ko maitzaren 13an.-Alkatea, José Fco. Errandonea Zubieta.

Iragarkiaren kodea: L1108690