102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Eraikuntzako eta urbanizazioko ordenantza. Hasierako onespena

Longidako Udalak, 2011ko urtarrilaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Longidako Eraikuntza eta urbanizazioa arautzen dituen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2011ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Longidan, 2011ko apirilaren 14an.-Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.

ERAIKUNTZAREN GAINEKO ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza hauen xedea da eraikuntzaren baldintza orokorrak eta partikularrak arautzea gai hauetan: eraikitzearen ingurukoak, alderdi teknikoak, higiene, osasun eta segurtasun arloetakoak, eta zerbitzuen araubidea.

2. artikulua. Eremua.

Eraikuntzari buruzko ordenantza hauen aplikazio eremua Longida Ibarreko udal mugapea da.

3. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean hartuko dute indarra.

Hauek behin betiko onesten direnean indarrik gabe geratuko dira udalerri honetan indarra izandako eraikuntzari buruzko ordenantza guztiak. Ordenantza hauek indarraldi mugagabea izanen dute, harik eta antzeko ezaugarri eta helburuak dituen beste ordenantza batek osatzen, berrikusten edo aldatzen dituen arte.

4. artikulua. Interpretazioa.

Ordenantza hauen interpretazioa Memoriaren eta Hirigintzako Araudi Orokorraren testuinguru orokorra kontuan hartuta eginen da, lehenbizikoaren asmo eta helburuei jarraituz eta bigarrenaren mende.

Ordenantza hauen interpretazioan, beti eginen da aldez aitzinetik urbanizatzearen eta eraikigarritasun, garaiera, bolumen eta dentsitate txikienen alde.

5. artikulua. Eguneratzea

Longida Ibarreko Udalak ordenantza hauen eguneratzea sustatuko du, gizartearen unean uneko egoerari egokitzeko, bilakaera teknikoak eta ordenantza honen xede diren gaiei buruzko arau berriek horren beharra sortzen dutenean.

II. KAPITULUA

Eraikuntzaren baldintzak hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

1. ATALA

Bolumen eta konposizio baldintzak

6. artikulua. Baldintza orokorrak.

Longida Ibarrean egiten diren eraikin guztien forma, materialak eta konposizio arkitektonikoa ohiko eraikuntza motari egokitu behar zaizkio, ongi integratu daitezen lehendik dauden eraikinekin. Horretarako ezinbesteko baldintza hauek bete behar dira:

Bolumenen soiltasuna, eta eraikuntza tradizionaletan erabilitakoen antzekoak izatea bai material, ehundura eta koloreak, bai estalkiko eraikuntza-soluzioak, erremateak, teilatu-hegalak, leiho eta balkoietako baoak, baoetako arotz lanak, kontraleihoak eta abarrekoak.

Debekaturik dago, edozein eraikuntza motatan, amiantoa daukaten materialak erabiltzea.

Proiektuak onestean aztertuko da jarraibide orokor hori, are ondotik etortzen diren artikuluetako irizpideetan hitzez hitz zer adierazten den erreparatu gabe ere.

7. artikulua. Eraikuntzaren tipologia.

Bizitegitarako eraikuntzak familia bakarreko edo familia anitzeko eraikin bakartuak izanen dira, bolumetria tradizionalekoak.

8. artikulua. Lerrokadurak.

Lerrokaduratzat hartuko dira antolamendu planoetan, lehendik dauden eraikuntzetarako, eraikinen perimetro gisa seinalaturik daudenak, eta antolamendu berriko eraikuntzetarako, berariazko grafismo batez seinalaturik daudenak. Xehetasun azterlanen bitartez aldatu ahal izanen dira. Xehetasun azterlanaren eremua unitatea izanen da, edo, eraikuntza finkatuen kasuan, etxesaila.

Udalak xehetasun azterlana egin beharretik salbuetsi ahal izanen ditu eraikuntza finkatuen lerrokaduren aldaketa batzuk, salbuespen horrek gainerako hiri bilbean eta eraikuntza mugakideetan zenbaterainoko eragina izanen duen kontuan harturik. Xehetasun azterlanaren eremua unitatea izanen da exekuzio unitateetarako, eta lurzatia, berriz, eraikuntza finkatuetarako.

9. artikulua. Eraikinaren garaiera.

Eraikinen solairu kopurua Hirigintzako Araudi Orokorrean ezarri da. Ordezko gisa, hauxe finkatzen da: BS+1+Teilatupea.

Udal Plana baino lehenagoko eraikuntzetan sendotze lanak, eraikina konpondu edo modernizatzekoak edo higienea, osasungarritasuna eta estetika hobetzekoak egin ahalko dira, baita eraldaketak ere (etxebizitza berrietarako arau orokor gisa onartzen den gehieneko garaiera eta arau orokor gisa onartzen den gehieneko azalera eraikia gainditu gabe), antolamenduz kanpoko eraikuntzetan izan ezik.

10. artikulua. Fatxadaren osaera.

Balkoi, leiho eta ateetako baoek eta fatxadetako gainerako elementuek inguruko konposizio arau tradizionalak bete ditzatela eskatuko da. Ez da onartuko alde horizontala bertikala baino luzeagoa duen baorik.

Horretarako, konposizio ardatz bertikalak ezarriko dira eta solairu bakoitzeko baoak ardatz horien arabera kokatuko dira.

Mota guztietako establezimenduen aurrealdeak eraikinaren bao arkitektonikoa eratzen duten lerro horien barnean apainduko dira eta apaingarriek ez dute fatxadako beste alde batzuk hartuko.

11. artikulua. Fatxadako materialak.

Kanpoko itxiturek funtsean karga-hormaren itxura izanen dute. Arkupedun arkitekturaren elementuak onartzen ahalko dira, karrerape, ataripe eta abarrek berezko dituztenak, aurreko irizpide orokorrarekin bat datorren moduan.

Emokadura koloreztatuak edo pintatuak erabiliko dira, osotasunean ongi egokitzen diren koloreak erabiliz, edo harlangaitza edo harri landua, izkinako elementuak nabarmendu nahi direnean Longida Ibarreko harriaren kolore eta tamaina berdintsukoa erabili ahalko da, bai eta ate eta leihoen inguruko azpaduretan ere, aurreko paragrafoan adierazitako irizpideei jarraikiz jokatuko da. Bistako adreilua tximinietan soilik onartuko da.

Zokaloak izan ahalko dira zarpiatuak, bukaerako testuran tonu pixka batekin, edo harrizkoak. Harrizko plakazko estaldura jarraituak onartuko dira, inoiz ez harlauzak, bai eta bistako manposteria ere.

Lurzoru urbanizagarrian, aipatu materialez gain, baimendu ahalko da ageriko hormigoia erabiltzea gune berezietan, eta zur naturala edo ohol sintetikoak ere bai.

12. artikulua. Estalkiak.

Eraikuntzei, oro har, estalki maldaduna jarriko zaie, %40tik beherako malda izanen duena. Estalkian material tradizionalak erabiliko dira, nagusiki zeramikazko teila.

Hamabosgarren artikuluan onartzen diren terrazek estalki maldaduna izanen dute, isurki batekoa, bikoa edo hirukoa, eraikin nagusiaren bolumetriarekin eta konposizio estetikoarekin ongi ematen duena.

Estalkiko isurkiak teilatu-hegaletan luzatuko dira.

Teilatu-hegalei eusten dieten elementuak zurezkoak izan ahalko dira eite tradizionaleko eraikinetan, edo bestela hormigoizkoak.

Lukanak egiten ahalko dira, estalkiko leihoaren modura, arotz laneko elementuak teilen maila berean eginez, betiere, hezetasunari, isolamendu termikoari eta abarri aurre egiteko balio duen eraikuntza moduaz baliaturik, eraikineko gainerako leihoetan bezala.

Halaber lukanak egiten ahalko dira gailurretan, isurialde birekin edo lau isurialderekin, usadioko linternen antzera, eraikinaren barnealdea egoki argiztatu eta aireberritzeko. Estalkiko planoen mailarekiko aldea gehienez 0,90 metrokoa izanen dute, eta plano horien paraleloak izanen dira.

13. artikulua. Garaieratik gorako eraikuntzak.

Estalkiko planoen gainetik txapitulak, argizuloak, tximiniak eta antenak besterik ez da onartuko.

Txapitulak eraikinaren gainerako eraikuntza sistemetara egokituko dira, eskualdeko egikera tradizionalekin bat. Gainerako estalkiak baino malda txikiagoa izaten ahalko dute eta gailurra betiere horizontala izanen dute. Harekin multzo bateratua osatu beharko dute konposizioaren aldetik.

14. artikulua. Arotz lanak.

Baoetako arotz lanak zurezkoak izanen dira, hura pintatua edo bere kolorekoa izan. PVC eta gisako material sintetikoak eta aluminio lakatuak erabiltzea zilegi da. Zura ez diren materialak beti izanen dira zuraren kolorekoak.

Arotz lan batzuetan kolorea erabiltzeak eraikinaren fatxadako gainerako arotz lanak kolore berean pintatzea dakar. Egituretako eta estalkiko zurezko elementuak tindaturik nahiz beren kolore naturalean izaten ahal dira, gainerako arotz lanak pintaturik badaude ere.

Udalak obra bitartean erabilitako koloreak ikuskatzen ahalko ditu eta berriz ere pintatzea agintzen ahalko du hasiera batean onetsitakoak ez badira.

Hortaz, proiektu teknikoek alderdi hauek zehatz-mehatz aipatu beharko dituzte.

Hiri lurzoruan, argi baoak kanpoko aldetik estaltzeko elementuak kontraleihoak izanen dira beti. Salbuespenez pertsianak baimentzen ahalko dira, aipatu soluzioa teknikoki korapilotsua baldin bada halako leihateetako bao batzuek dituzten ezaugarri eta luze-zabalengatik, edo bide publikotik ikusten ez badira. Harrizko azpadura duten baoetan ere berdin jokatuko da (eraikuntzaren fatxada osoan ageriko harria badago, baoen ingurukoa ez da azpaduratzat joko).

Beheko solairuan galarazia dago ateak eta leihoak kanpoko aldera biratzea. Kanpoko aldera erabat biratuta, ez lerrokadura ofiziala gainditu, ez espazio publikoaren gainera irteten ez direnak salbuetsiko dira.

15. artikulua. Balkoiak, begiratokiak, teilatu-hegalak eta gorputz irtenak.

Berariaz debekatzen da gorputz irten itxiak eraikitzea. Begiratokiak, balkoiak eta teilatu-hegalak bakarrik onartuko dira, betiere beheko solairutik gora eta beheko solairuaren gutxieneko garaieraren gainetik.

Hegalkinek oinplanoan forma erregularra izanen dute beti. Aurrealdeko lerroa fatxadarekin paraleloa izanen dute, eta alboetako lerroak fatxadarekin perpendikularrak.

Onartzen diren balkoiek gehienez 1,40 metroko hegala izanen dute.

Aurrean duten kale edo espazio ireki publiko edo pribatuak gutxienez 6 metroko zabalera badu fatxaden artean, gehienez 1 metroko hegala izanen dute. Tarte hori sei metrotik beherakoa eta hiru metrotik gorakoa bada, hegala 0,40 metrokoa izanen da. Fatxaden arteko distantzia hiru metrotik beherakoa bada, ez da hegalkinik baimenduko. Kasu horietan gutxieneko garaiera, beheko solairutik, 3,5 m izanen da.

Haien konposizioan harria edo zura erabiliko da oinplanoan; eta altxaeretan eraikuntza-soluzio gardenak hautatuko dira, metalezko edo zurezko barandak, alegia.

Onartuko dira estalki maldaduna duten ataripeak nahiz gainean terraza edo balkoia dutenak. Haien gehieneko neurriak eraikin nagusiarekiko proportzio egokiaren arabera zehaztuko dira.

Terrazak onartuko dira, betiere erabat estaliak.

Teilatu-hegalak gehienez ere 1,20 m aterako dira fatxada-lerrokaduratik kanpora, maldadunak badira, eta 1 m, lauak badira.

Gehieneko hegal hori, eta are hegalkina izateko aukera ere, mugatua izanen da, gutxienez 6 metroko tartea izan behar baita kalearen beste aldean aurrez aurre baimenduta dauden hegalkinetaraino.

16. artikulua. Sarguneak eta atzeraemanguneak.

Onartuko dira sarguneak fatxadan. Ez dute fatxadaren herena baino gehiago hartuko.

17. artikulua. Beheko solairuetako irtenguneak.

Ez da irtengunerik onartuko lerrokadura ofizialetik kanpo, kale-argiak eta eguzki-oihalak izan ezik, dagokien artikuluan zehazten den moduan jarriak.

Kanpoko eskailerei dagokienez, onartuko da kanpoaldetik lehen solairuko etxebizitzetarako eskailerak egitea fatxadari atxikita. Betiere lur pribatuetan kokatuko dira, bigarren mailako fatxada batean, eta solairu bakar bat gaindituko dute. Inguruko lurraren ezaugarriek aukera ematen badute eskailera batetik malda igo eta zuzenean lehen solairura iristeko, eskailera mailak lurraren gainean eginen dira, lur pribatuetan.

Baimendu ahalko da barbakoak eraikitzea lurzati pribatuan, bide publikotik gutxienez 3 metrora kokatzen badira eta begi inpakturik eragiten ez badute.

Ez da onartuko barbakoarik jartzea eraikuntzaren aurrealdean, fatxada nagusiaren ondoan.

Haien forma eta ezaugarri estetikoak eraikuntza nagusiari egokituko zaizkio ahal den neurrian.

18. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

Arau orokor gisa, itxitura egiteko erabiltzen den materiala unitateko eraikuntzan erabilitakoa izanen da, eta diseinuak lotura izanen du harekin.

Ezin izanen da itxiturarik jarri eraikuntzaren aurrealdean, fatxada nagusiaren aurrean. Fatxada nagusia beti egonen da lurzatiaren aurrealdeko espazio publikoarekin lotuta. Lurzoru urbanizagarrietan bai, onartuko da itxitura jartzea lurzatiaren aurrealdean, gehienez 1 m garai.

Forma aldetik haien ezaugarriak gainerako itxitura tradizionalenak bezalatsukoak izanen dira. Itxitura hormak harlangaitzez eraikiko dira, eta etxebizitzaren paramentuaren kopia direnak baimendu ahal izanen dira. Itxituren gehieneko garaiera 2 m izanen da.

Hormez gain, haizu izanen dira heskaiak edo gisakoak eta soluzio mistoak, baina ez da erabiliko txarrantxarik edo ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean. Nolanahi ere, itxitura opakuen gehieneko garaiera 1 m izanen da.

Mugakideen arteko hesietan, aurrekoez gain, metalezko sareak onartuko dira, gehienez ere 2 metrokoak.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren horma-atal bakoitzean direnen batez bestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpo aldetik neurtuak.

Lurzatian lur-euspena baldin badago, gehienez 2 m-ko garaiera duten eustormak eta 1 m-ko segurtasun baranda onartuko dira.

2. ATALA

Baldintza estetikoak

19. artikulua. Irizpide orokorrak.

Eraikinak eraberritzeko edo sendotzeko obra orotan jatorrian zeuden bezala mantenduko dira honako elementu hauek guztiak: osagai arkitektoniko, historiko eta eraikuntzako osagai berezi guztiak, armarriak, teilatu-hegalak, arkuak, ateburu eta leihoburuak, harri landuak eta, oro har, Longida Ibarreko eraikuntzaren adierazpide historiko eta artistiko guztiak.

Eraikineko materialetan eta konposizioan halako batasun bat gorde beharko da eraikinak kaleko sestrarekin bat egiten duen elkargunera arte. Batasun hori egiturazko elementuetan (murru eta zutabeetan) gordeko da gutxienez ere, eta beheko solairuaren konposizioa bat etorriko da eraikin osoarekin.

Eraikinaren beheko solairuetako itxiturak eraikinaren gainerako itxituren material berberekin osatuko dira, solairu hori eraikinaren zokalo edo oinarri bihurtu nahi denean izan ezik, halakoetan eraikuntzako konponbide bereziak onartuko dira-eta.

Eraikin bat egitean orube edo eraikin mugakideekin dituen mehelinak "prest" gelditu behar badute, mugakideek eraikina eginen ote duten segurua ez delako, fatxadakoen antzeko materialekin osatuko dira, fatxadarekin halako batasun bat gordez. Espresuki debekatuta dago mehelin horiek karez margotzea edo zuria edo inguruko eraikinekin bat ez datozen koloreak erabiltzea haiek pintatzeko.

20. artikulua. Eraikin katalogatuak.

Plan honetako intereseko eraikin eta elementuen katalogoan dauden eraikuntza guztietan, kontserbatu edo, hala behar denean, lehengoratu egin behar dira katalogo horretan sartu izana justifikatzen duten berezitasun guztiak, katalogoan bertan azaltzen direnak.

Ez da onartuko eraikinaren jatorrizko ezaugarriak hondatuko lituzkeen jarduketarik. Bereziki, debeku da eraikuntzako materialen ordez imitaziozkoak jartzea (zurezko teilatu-hegalen edo harlauzen ordez hormigoia, etab.).

Aurreko determinazio horiek ez dute galaraziko eraikina barnetik zaharberritzea, eraikineko etxebizitza kopurua handitzea edo erabilerak aldatzea.

Intereseko Eraikinen Katalogoan babes osoa duten eraikinen gaineko jarduketak egiteko, Vianako Printzea Erakundearen txostena beharko da.

21. artikulua. Eraikin katalogatuetatik hurbil dauden eraikinak.

Eraikinak zaharberritu edo eraikitzeko obretan, inguruan intereseko eraikin edo elementuren bat izanez gero, horrekin bat datorren emaitza lortu behar da, bai materialen erabileran bai fatxaden konposizioan.

Udalak Vianako Printzea Erakundeari txostena eskatzen ahalko dio jarduketa batzuei buruz, baldin eta katalogoko eraikin edo elementuren batetik hurbil egiten badira eta haren itxuran edo ingurunearenean eraginik badute.

22. artikulua. Eraikuntza osagarriak eta eranskinak.

Zein eraikini erantsi edo lotzen zaizkion, harekin adosten saiatuko dira. Eraikuntza nagusiari buruz azaldu diren baldintza berberak bete behar dituzte.

Debeku dira estalki lauko terrazak. Estalkidun terraza gardenak eraikitzen ahalko dira, estalkiaren isurkiek azpian hartzen badute terrazak okupatzen duen azalera guztia eta egitura zurez eraikitzen bada.

23. artikulua. Babesteko eta apaintzeko irizpideak.

Markesinak: ez dute euskarri bertikalik izanen, gutxienez 2,50 m garai izanen dira espaloiko sestratik neurtuta, eta espaloiaren zabalera baino 20 cm gutxiago atera ahal izanen dira; nolanahi ere, inoiz ez dira 1 m baino gehiago aterako. Zuhaitzik, kale-argirik eta abarrik dagoenean, elementu horietatik gutxienez 1 m bereiziko dira.

Kale-argiak, perpendikularrean fatxadekin: onartuko da fatxadetan kale-argiak jartzea, eta teilatu-hegal eta balkoiak adina irten ahal izanen dira, baldin eta espaloiko sestratik gutxienez 2,50 metro gorago jartzen badira.

Eguzki-oihalak: establezimenduetako eguzki-oihalak ezin izanen dira atera espaloitik haratago, zintarriaren 0,20 m-ak kenduta; errespetatu beharko dira lehendik dauden arbolak eta kale-argiak eta gutxieneko garaiera 2,20 metro izanen dute, zatirik baxuenean, zintzilik gelditzen diren oihal zatiak kontuan harturik.

Material zurruneko elementu babesgarriak ez dira eguzki-oihaltzat hartuko, are egitura desmuntagarria badute ere; hortaz, ezin dira jarri ez kanpoko fatxadetan ez eta barneko patioetan edo toki zabaletan ere.

Fatxadetan lehendik dauden instalazio edo elementuak (balkoi, begiratoki, erakusleiho, errotulu eta abarrekoak), Plan honetako determinazioekin bat ez badatoz, ezin izanen dira zaharberritu, ez osorik ez zati batean, determinazio hauek betetzeko moduan baino. Aurreko kapituluetan aipatutako elementuren bat askatu edo lurra jotzeko arriskua dagoenean, Udalak hura eraisteko edo zaharberritzeko agindu ahal izanen du.

III. KAPITULUA

Eraikuntzen baldintzak lurzoru urbanizaezinean

24. artikulua. Irizpide orokorra.

Longida Ibarreko Udal Planeko Hirigintza Araudi Orokorraren babesean lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren eraikuntzen baldintza formal eta estetikoak hurrengo artikuluen bidez arautuko dira.

Lurzoru urbanizaezinean egiten edo zaharberritzen diren eraikinak inguruko paisaiari egokitu beharko zaizkio.

Fatxadak zarpiatu eta pintatu ahal izanen dira, edo harria erabili ahalko da. Estalkia maldaduna izanen da, bi isurkikoa (%40 eta %60 bitarteko malda), eta zeramikazko teila arabiarra izanen du.

Lurzoru urbanizaezinean, lurzoru mota horretan baimengarriak diren jarduerei lotuta, bizitegitarako eraikuntzaren bat egiteko baimena ematen bada, hiri lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko bizitegitarako eraikuntzei buruz aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

Nekazaritza, abeltzaintza edo industriarako zenbait instalaziotan, 35/2002 Foru Legearen 111.-114. artikuluek baimengarritzat aipatzen dituzten eta Hirigintzako Araudi Orokorrak lurzoru urbanizaezinean kokatzen dituen haietan, aurreko paragrafoan adierazitako materialez gain, bestelakoak ere baimendu ahalko dira, adibidez, kolore gorri iluneko xafla uhindua estalkietan eta xafla, panelak edo zura fatxadetan, baldin eta jardueraren berezitasunek horren beharra sortzen badute.

Eraikuntzen baldintza formalak eta ezarpen mugak ondokoak izanen dira:

-Gutxieneko tartea eraikuntzetatik mugetara: 6 m.

-Gutxieneko tartea eraikuntzetatik bide ertzetara: 10 m.

-Gutxieneko tartea eraikuntzetatik Iratiko ibilbidera: 50 m.

-Gutxieneko tartea finka bereko eraikuntzen artean: 6 m.

-Eraikin edo nabe bakoitzaren gehieneko azalera: 2.000 m²

-Gehieneko azalera eraikigarria: lurzatiaren azaleraren %40.

-Gehieneko garaiera gailurreraino: 10 m.

-Bolumen xumeak, oinak errektangularrak dituztenak, hegalkinik eta sargunerik gabe.

-Bi isurkiko estalkiak.

-Gutxienez 60 cm dituen teilatu-hegala, nahitaez.

-Beharrezkoa dela justifikatuz gero, elementu bereziak edo baliabide osagarriak ezartzeko baimena ematen ahalko da eraikin nagusitik kanpo, hala nola, siloak, biltontziak etab. Horiek azalera eraikia balira bezala kontatuko dira. Paisaia babesteko eta ingurunean egokitzeko neurri bereziak aplikatu beharko zaizkie. Elementu horiek guztiek ere eraikuntza nagusiari aplikatu beharreko tarteak eta kokapen mugak beteko dituzte.

-Beharrezko lotura-hodi guztiak lurpean jarriko dira.

-Energia sortzeko, ura ekartzeko edota hondakin urak arazteko sistema alternatiboak baimentzen ahalko dira, Udalak eta gai horietan eskumena duten erakundeek aldeko txostena emanez gero.

Haiek kokatzen diren inguruari tratamendu ekologikoa emanen zaio, begi inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin. Horretarako, hesi berdeak paratuko dira eta behar bezala jokatuko da egin beharreko lur-erauzketa nahiz ezpondetan.

25. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

Forma aldetik haien ezaugarriak usadioko gainerako itxiturenak bezalatsukoak izanen dira, eraikuntza non egiten den, hangoak.

Itxitura hauek baimentzen dira:

-Harlangaitzezko horma, gehienez 1,20 metro garai.

-Zurezko hesolez eta alanbrez osatutako itxitura, gehienez 1,20 metro garai.

-Heskaiak eta itxitura mistoak, baina ez da erabiliko ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean. Hiri lurzoruaren ondoko finketan, ez da txarrantxarik erabiliko finka bide edo espazio publikoetatik bereizten duten itxituretan.

-Sarrerako ateetan irizpide berari eutsiko zaio. Ez da erabiliko sarreraren gardentasuna eragozten duen xafla edo bestelako materialik.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren atal bakoitzean direnen batez bestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpo aldetik neurtuak.

Lurzatiak herrilurretatik edo bide publikoetatik bereizten dituzten itxiturak jartzeko lizentzia eman aurretik edo obrak hasterakoan, itxituraren zuinketaren akta eginen da, itxituraren jabearen kargura. Udalaren eta Kontzejuaren ordezkariak aurrean izanen dira eta onespena emanen dute.

IV. KAPITULUA

Eraikuntzek bete beharreko baldintza orokorrak

26. artikulua. Kontserbatzeko betebeharra.

Jabeak behartuta daude udal mugapeko edozein eraikinen parte guztiak kontserbatzera, sendo, osasungarri eta higiene eta apaindura baldintza egokietan.

Fatxada, etxekarte eta mehelinek, baita argi-patioek ere, eremu publikotik ikusten ez badira ere, egoera onean, garbi, luzituta edo zurituta egon beharko dute.

Udalak badu ahalmena baldintza horiek betetzen ez dituzten jabeak eraikinaren kontserbazio egokirako komenigarritzat jotzen diren neurriak har ditzaten agintzeko, Udalak berak betebehar edo erantzukizunik izan gabe.

27. artikulua. Apaintzeko obrak.

Udalak, interes turistiko edo estetikoa dela bide, fatxadak edo eremu publikotik agerian diren guneak kontserbatu eta eraberritzeko obrak egiteko agindua ematen ahal du, nahiz eta horiek aitzinetik inongo planetan ez agertu.

Obrak jabeen kontura eginen dira, baldin eta kontserbazio betebeharraren barrenean badaude; aldiz, Udalaren kontura, hura gainditzen badute, interes orokorreko hobekuntzak egiteko.

28. artikulua. Osasungarritasun obrak.

Udalak agindua ematen ahal du ondasun higiezin baten higiene edo osasungarritasun baldintzak hobetzeko, ordenantza hauetako xedapenak kontuan hartuta.

Era berean, aipatu aginduari kasurik egin ezean, Udalak jabearen kontura egiten ahalko ditu obra horiek.

29. artikulua. Beheko solairuetako itxiturak.

Beheko solairuetako merkataritzako lokalen jabe edo sustatzaileak behartuta daude haiek ixtera, eraikitzen diren unetik beretik.

Lokalak erabili edo ez, itxiturak garbi eta apaindura baldintza egokietan egon beharko du. Horretarako, eraikinarekin eta inguruarekin bat datozen materialak erabiliko dira. Horri dagokionez, akatsik izanez gero, Udalak berak konpon dezake jabeen kontura.

30. artikulua. Zuhurtasuneko hesiak.

Eraikuntza edo eraispen obrak egiten ari diren eraikin edo orubeen aurrealdeak hesiekin itxiko dira. Gutxienez 2 m-ko altuera izanen dute eta itxura onean kontserbatuko diren material seguruz eginen dira, hala nola adreiluz, oholez (sistema metaliko industrializatu zurrun, behar bezala galbanizatuak) edo aurrefabrikaturiko panelez, betiere egoki margotuak. Hesiak jartzea ez da nahitaezkoa izanen, baldin eta eraikinak itxitura egina badu eta egin beharreko obrek eraginik ez badute eremu publikoan eragozpenik eta arriskurik gabe ibiltzeko.

Eremu publikoa ez bada behar bezain zabala eta, betiere, egin beharreko lanek oinezkoentzat arriskurik badakarte, galtzada modu egokian babestuko da, plataforma edo sareekin.

Hesiak behin-behinekoz jarriko dira, obrek irauten duten bitartean. Beraz, obrak hasi gabe hilabete bat pasaz gero edota hilabeteko etena izanez gero, hesiak kendu eta bidea libre utziko da, betiere babeserako behar diren neurriak hartuta.

31. artikulua. Obra garaian hartu beharreko segurtasun neurriak.

Eraikinak egin edo konpontzen diren bitartean, bertatik igarotzeko arriskurik edo zailtasunik izanez gero, obrako zuzendaritzak edo Udalak agindutako neurriak bete beharko dira.

Materialak obraren barrenean jarri eta prestatuko dira. Hori horrela egitea ezinezkoa bada, Udalak hautatzen duen lekuan jarri eta prestatuko dira.

Aldamioek laneko segurtasun eta higieneari buruzko araudiko determinazioak beteko dituzte, une bakoitzean indarra dutenak, alegia.

32. artikulua. Jasogailuak eta garabiak.

Materialak goitzeko aparatuak eta garabiak ezin izanen dira eremu publikoan jarri. Bai, ordea, eraikin edo orubearen barrenean edota babeserako hesiaren barrenean. Kasu berezietan salbuespenak eginen dira, betiere Udalaren baimenarekin. Hortaz, proiektu teknikoetan kokalekua aipatuko da, eremu publikoan jarri behar bada.

33. artikulua. Proiektu teknikoa behar ez duten obren segurtasuna.

Ez da beharrezkoa izanen proiektu teknikoa aurkeztea mantentze, margotze, teilaberritze eta gisako obretarako. Halaber, eraikinen barrenean espazioaren banaketan aldaketarik egin gabe eta bizigarritasun baldintzak aldatu gabe eginen diren obra txikietan ere.

Goitzeko aparatuak, garabiak edo aldamioak jartzea beharrezkoa den obretarako, fakultatibo eskudunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, zeinetan hark bere gain hartuko baitu aipatu tresnen diseinuaren eta obrako martxan jartzearen egokitasuna. Baldintza hori ez bada betetzen, ez da eraikitzeko lizentziarik emanen.

42. artikulua. Egituran eragina duten zaharberritze obretako segurtasuna.

Eraikina zaharberritzeko obrek egiturako elementuak ukitzen badituzte edo egituran eragina badute, fakultatibo eskudunak egindako proiektuan agertuko dira egituraren karga-baldintzak, obrak egin aitzin eta obrak egin ondotik, eta obrak egiteko beharrezko diren eskoramenduak.

Modu berean, zehaztu beharko da eraikina okupatuta dagoen ala ez. Bizilagunek, eurek edo horretarako eskuordetutako pertsonak, dokumentu horiek aztertu eta egokiak iruditzen zaizkien ohar teknikoak egiten ahal dituzte.

35. artikulua. Aurri egoeran dauden eraikinak eskoratu beharra.

Eraikin bat aurri egoeran badago edo eraikineko elementuren batek ondasunen edo jendearen segurtasunerako baldintzak ez baditu betetzen, jabeak eskoratu beharko du. Horretarako fakultatibo eskudunak proiektua egin beharko du eta obraren erantzukizuna bere gain hartuko duen zuzendaria izendatu beharko da, baita lizentzia eskatu eta eskuratu ere. Herritarrek ezin izanen diote uko egin beren jabegoko eraikinetan eskoratzeko behar adina elementu jartzeari.

Udalak ofizioz deklaratzen ahal du eraikin bat eskoratu behar dela, baita eskoramendua egin ere, jabearen kontura, hark egiten ez badu.

Obra bateko fakultatibo zuzendariak edo finka nahiz instalazio baten egoera aztertzeko ardura duenak uste badu eskoramendua paratzea atzera ezinezko urgentziaz egin behar dela, berehala egiteko agindua eman dezake, betiere Udalari horren berri emanez, lizentzia eskatuz eta behar diren tasak ordainduz.

Eraikin bat bota ondoren, ondoko finkak eskoratu behar badira, Udalari nahitaez eman behar zaio horren berri. Horretarako proiektua aurkeztuko da, fakultatibo eskudunak eginiko planoekin eta memoriarekin.

36. artikulua. Aurri egoeraren deklarazioa eta eraisteko erabakia.

Eraikinaren aurri egoeraren adierazpena eta osorik edo partzialki eraisteko erabakia, baita higiezinen biziegokitasunari buruz ematen diren xedapenak nahiz bizilagunak irtenarazteari buruzkoak ere, lotu beharko zaizkio 35/2002 Foru Legearen 196. artikuluan xedatutakoari.

Jarduketa horiek, betiere, intereseko eraikin eta elementuen katalogoan ezarritakoari egokituko zaizkio.

Aurri deklarazioaren aitzin, beti egin beharko da alde biko espedientea, higiezinaren jabeak edo bertako bizilagunek eskatuta hasiko dena, Udalaren ofiziozko ekimenez edo salaketa baten ondorioz.

Jabearen borondatez eraisten bada, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da fakultatibo eskudunak egindako eraisteko proiektua.

37. artikulua. Eraispenak, lur-erauzketak eta betelanak.

Laneko segurtasun eta higienearen araudi indardunetan xedatuari jarraituz eginen dira aipatu obrak, eta obra zuzendaritzaren oharrei jarraituko zaie.

Etxegilea behartua dago eginbehar egoki guztiak bideratzera, ondoko etxe eta eraikinen egonkortasuna segurtatzeko.

Eremu publikoaren sestratik gorako lur batean den orubea erauzten ahal da, baldin inguruan dabiltzanen segurtasuna bermatu, obren ingurua hesitu eta hautsa edo eragozpenak saihesten badira.

Inoiz ezin izanen da lurrik edo obra hondakinik eremu publikoan utzi, eta erortzen diren materialak, lohia edo hautsa garbitu beharko dira.

Udalak baimendutako zabortegira eraman beharko dira obra hondakinak, lurra edo obretako beste edozein material. Debekatua dago nonahi botatzea.

38. artikulua. Zangak.

Behar bezain zabala izanen da indusketa, lanak eskoramenduz egin ahal izateko adinakoa. Gutxieneko zabalera hauek errespetatu beharko dira: 0,60 metro, zangak gehienez 1,50 metroko sakonera badu; 0,70 metro, zangak 2 metrorainoko sakonera badu; eta 0,80 metro, zangak 3 metrorainoko sakonera badu; 3 metro baino gehiago sakontzen bada, gutxieneko zabalera 1 m izanen da. Bi metro sakonduz gero, zangan eskuko eskailerak jarriko dira.

Indusketa 1,50 m-ko sakontasunera iristen denean, oholak (4 bat metro luze eta 0,20 metro zabal) jarriko dira aldeetan, eta trabes-eskora, tako edo krikekin tinkatuko da, behar adinako erresistentzia bermatzeko kopuruan eta moduan.

Ondoan eraikinik bada, hormak eskoratuko dira.

Egunez eta gauez ikusteko moduko abisuak ezarriko dira inguruan dabiltzanen segurtasuna bermatzearren, baita oholak ere, lurraren mailatik 30 cm gorago, gutxienez ere.

Ez da lurrik pilatuko zanga ondoan, haren ertzetik 60 cm baino hurbilago.

Ez da lurrik pilatuko zanga ondoan, haren ertzetik 60 cm baino hurbilago, ezta gehiegizko kopurua edo pisua metatu ere, haren egonkortasuna ez eragozteko.

Betiere, lanak zuzentzen dituen teknikaria izanen da zangak behar bezala egitearen eta haien segurtasunaren erantzulea.

V. KAPITULUA

Eraikuntzako baldintzak

39. artikulua. Oztopo arkitektonikoak kentzea.

Indarra duen araudian eta Eraikuntzaren Kode Teknikoan jasotako baldintzak bete beharko dira.

Proiektu teknikoen memoriaren atal batean, arau eta erregelamendu horiek betetzen direla justifikatuko da.

40. artikulua. Interes orokorreko instalazioak.

Udalak badu ahalmena herritar guztien zerbitzurako diren euskarriak, seinaleak edo beste edozein elementu jarri, kendu edo aldatzeko. Instalazioa Udalaren kontura izanen da, ukituriko jabeei aldez aurretik eta ahal bezain goiz jakinaraziko zaie, eta onartu beste aukerarik ez dute izanen.

41. artikulua. Zimenduak, eustormak eta hormen drainadura.

Etxe eta eraikinetako zimenduak ez dira eremu publikoan sartuko zapatekin eta beste elementuekin. Kanpotik, jabari publikoko lurrean, drainatzeko hodiak jarri behar badira, Udalak baimen espresa eman beharko du eta zein diren eskubide eta betebeharrak argitu, bai mantentze-lanetarako bai instalazio horretan egin beharko liratekeen obretarako.

42. artikulua. Tximiniak eta sutegiak.

Ke eta gasak kanpora bideratzeko elementu eta material egokiak jarriko dira. Behar bezain gora iritsi behar dira berezko aireztapen egokia izateko eta auzokide eta bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

Debeku da mota guztietako patio eta fatxadetatik kanpora kea ateratzea, non ez den hodi egokien bidez goitiago eramaten, puntu horren parean, eraikinaren kanpoko estalkiaren gainetik.

Berokuntza kolektiboko galdaren ke eta gasak kanporatzeko hodiek tximinia industrialetarako eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, jarduera sailkatuen gaineko araudiekin bat.

Tximinia eta sutegien eraikuntzan behar diren aurreneurriak hartuko dira suterik gerta ez dadin. Erregai biltegiek, ke eta gasen hodien inguruetan, 15 cm-tik gorako lodierako material erregaitz eta isolatzailez babestuko dira.

Elementu bakoitzak bere tximinia izanen du. Tximiniek ez dute izanen garbiketa eragotzi eta kedarra meta dezakeen ukondorik.

Artikulu honetako arauek barnean hartzen dituzte etxeetako tximinia, berogailu eta sukaldeak, banakakoak nahiz kolektiboak izan, berokuntza zentralekoak zein familia bakarreko etxebizitzetakoak.

43. artikulua. Ura bildu eta isurtzea.

Eraikin berrietako lurzatiaren barreneko saneamenduak euri ura biltzen dela bermatuko du, baita euri ura eta ur beltzak zein bere aldetik isurtzen direla ere, nahiz eta puntu horretan sare orokorra batera izan.

Lehendik dauden eraikuntzetan, Udalak barneko instalazioa egokitzeko agindu ahalko du, jabeen kargura, euri ura eta ur beltzak bereizteko.

44. artikulua. Kanpoko instalazioak.

Instalazio berri guztiek behar dute obra lizentzia; berariaz, errotuluek, irrati-instalazioek eta aireztatzekoek, estalkien gainean jarri ohi baitira. Eraikin berrietan eta halako munta bateko zaharberrituetan kableak ez dira zilegi fatxaden kanpo aldetik.

Erregaia pilatzen duten instalazio partikularrak ez dira begi bistan egonen kanpotik. Horretarako, biltontziak lur azpian egonen dira, ahal dela.

Bestela, begietatik ezkutatuko dituzten hesiak proiektatu eta ezarriko dira. Gas bonbonak, aplikatu behar zaien araudia betetzeaz gain, irizpide orokor hori betetzeko moduan ezarriko dira.

VI. KAPITULUA

Etxebizitzen baldintza partikularrak

46. artikulua. Etxebizitzen biziegokitasun baldintzak, azalerak eta gutxieneko programa Nafarroako Gobernuak une bakoitzean eskatzen dituenak izanen dira.

Gainera, baldintza hauek beteko dira:

-Ur horniduraren, saneamenduaren, argindarraren, argiztapenaren, berokuntzaren eta etxebizitzetako gainerako instalazioen baldintzak Nafarroako Gobernuak unean uneko biziegokitasun tramitean eskatzen dituenak izanen dira. Horrez gain, baldintza hauek bete behar dira:

-Ura kolektorera grabitatez isurtzerik ez badago, ponpatzeko instalazioak baimendu ahalko dira, lurzatiaren barnean, betiere ura maldan behera iris dadin harguneko kutxetara.

VII. KAPITULUA

Jarduera ekonomikorako instalazioek
bete beharreko baldintza partikularrak

47. artikulua. Ez dira baimenduko beren jarduerarako bakar-bakarrik sotoa edo erdisotoa okupatzen duten lokalak. Eraikin bateko goiko solairuetan eta sotoetan kokatzea baimenduko da, zuzenean beheko solairuko lokalekin komunikatuta badago eta horiek guztiak jarduera berean erabiltzen badira.

Baimenduko da eraikinetako beheko solairuetan solairuarteak eraikitzea, baldin eta jarduera ekonomikoren baterako erabiltzen badira soil-soilik eta determinazio hauek betetzen badituzte:

Industriarako erabilera orokorra duten eraikuntzetan:

-Solairu bakoitzean garaiera librea 2,20 metro baino gehiagokoa izatea.

Bizitegitarako erabilera orokorra duten eraikuntzetan:

-Solairu bakoitzean garaiera librea 2,20 metro baino gehiagokoa izatea.

48. artikulua. Negoziorako lokal guztiek komuna izanen dute, gutxienez 1,50 m²-koa eta bezeroen eremuarekin komunikazio zuzenik gabea.

Airea berrituko da, kanpoko aldera, ateratze bortxatuko 200 cm²-ko hodiaren bidez edo kanpo aldera irekitzen den leihoaren bidez. Horretaz aparte, komuneko hormak sabairaino azulejuz estalirik egonen dira.

49. artikulua. Negozioetarako lokal guztiek izan beharko dituzte aireberritzeko sistema natural edo bortxatuak, gutxienez 5 berritzealdi orduko bermatuko dutenak.

50. artikulua. Negozioetarako lokal guztiek bete beharko dute eraikinetako suteen kontrako babesari buruzko oinarrizko eraikuntza araua, hots, gaur egun, Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

51. artikulua. Ostalaritzako establezimenduek, hau da, ostatu etxe, taberna, jatetxe, elkarte gastronomiko eta antzekoek, erabiltzaileentzako eremua izanen dute, 15 m²-koa gutxienez, eta bi komun, gizonentzat eta emakumeentzat bana, konketa eta komunontziz hornituak, bezeroen eremutik bereiz egonen direnak komunaurre bat dela medio.

Instalazioetan sukaldeko kea estalkiraino ateratzeko sistemak jarriko dira, ordenantza hauetan ezarritakoaren arabera. Sukaldeetan zoladura hidraulikoa izanen da eta hormak sabairaino azulejuz estalita egonen dira.

52. artikulua. Elikagai saltokiek, elikagaiak erabili eta saltzen dituztenek, hala nola, okindegi, gozotegi, harategi, urdaitegi, arraindegi, janari-denda, supermerkatu eta antzekoek, bezeroentzako eremu bat izanen dute, 15 m²-koa gutxienez, eta komun bat eremu horretatik bereiz. Lokal horietan zorua hidraulikoa izanen da; estaldurak eta hormak, inerteak eta garbigarriak. Aireberritzeko zuloetan sareak edo bestelako elementuak jarriko dira, barrenera sartzea eragotziko dutenak.

53. artikulua. Bulegoetarako lokalek, profesionalen bulegoek, administrazio lanetarako lokalek, bankuek eta gisakoek gutxienez 6 m²-ko azalera izanen dute oinplanoan, eta gutxienez 15 m³-ko bolumena.

Gutxienez komun bat izanen dute 100 m²-ko edo zatikiko, konketa eta komunontziz hornitua. Lan eremuek, kanpoko baoei dagokienez, etxebizitzek bezalako baldintzak bete beharko dituzte.

54. artikulua. Kontsumorako produktuak, edozein motatakoak direla ere, fabrikatu, manipulatu edo biltegiratzeko erabiltzen diren eraikin eta lokalek laneko segurtasun eta higieneari buruz indarra duen araudian xedatutakoa beteko dute.

Lokal horiek gutxienez 5 m²-ko azalera eta 15 m³-ko bolumena izanen dituzte langile bakoitzeko. Gutxienez komunontzi bat eta konketa bat izanen dituzte, edo, langileak 5 baino gehiago izanez gero, bi komunontzi eta bi konketa.

URBANIZAZIOARI BURUZKO ORDENANTZA

Urbanizazio obrei buruzko arau orokorrak

Urbanizazio obrei buruzko arau orokorrak urbanizazioari buruzko ordenantzak dira, eta urbanizazioa zehatz arautzea dute helburu.

Ordenantza hauen helburua da urbanizazioarekin zerikusia duten alderdi guztiak arautzea, hala zoladura emateari, lorezaintzari eta hiri altzariei buruzko obrak, nola hirigintza zerbitzuen instalazioari lotutakoak.

Nahitaez aplikatuko dira Udalaren obretan eta partikularren ekimenez egindakoetan, baldin eta erabilera publikoko esparruan eraginik badute. Beste aldetik, urbanizazio berriko obrak nahiz lehendik dagoen urbanizazioa berritzeko edo aldatzeko obrak hartuko ditu mendean.

Urbanizazio proiektuek errespetatu eginen dituzte Udal Planean ezarritako hirigintza baldintzak, edo hura garatzeko onesten diren xehetasun azterlanetan eta plan partzial edo berezietan ezarritakoak.

Obrak garatu eta burutu ahal izateko beharrezkoa izan daitekeen edozein aldaketa berariaz justifikatuko da.

Aldaketek inoiz ere ez dituzte eremu publikoaren ezaugarriak kaltetuko interes partikularren mesedetan.

Urbanizazio proiektuak egiterakoan kontuan hartuko dira Longida Ibarreko kontzeju bakoitzeko klima, topologia, landaredia, bertako zuhaitzak eta, halaber, urbanizatu beharreko lurren inguruko eremuen ezaugarriak, eta urbanizazioa eremu horietarantz etenunerik gabe hedatu ahal izateko soluzio teknikoak erabiliko dira.

Barneko urbanizazio obrak eraikuntza proiektuan sartuko dira, eta, horrenbestez, ez dira urbanizazio proiektuko obrak izanen. Hala ere, unitateko sareekin loturak egin aurretik, horiek ere enpresa hornitzaileen onespena beharko dute.

Lehendik dauden urbanizazio eta zerbitzuak eraberritu eta handitzen direnean, edo eraikuntza finkatuak eraberritu eta handitzearekin batera haien lurzatietan hiri zerbitzuetarako hargune berriak egiten direnean edo unitateen exekuzioa egiten denean, ordenantza honen artikuluak beteko dira.

Inguruan lehendik dauden elementuei egokitutako zoladurak jarriko dira, salbu eta bestelako soluzio orokorren bat aurreikusita dagoen guneetan, etorkizuneko zoladurari egokitzea komeni denean. Zangak, zerbitzuetako lanak edo harguneak egin ondoren, zoladura berria Udalak agintzen duen moduan jarriko da eta beharrezkoa izanen da Udalak obra horiek onartzea, zerbitzuak erabiliko dituzten eraikuntza edo jarduerak lehen aldiz okupatzeko edo irekitzeko lizentzia eman dadin. Lorategietan, kaleko argietan eta gainerako hiri zerbitzuetan obrak egiten direnean ere irizpide berari jarraituko zaio.

Obretako exekuzio prozesuak eta materialak Udalaren irizpideari jarraituz aukeratuko dira.

Ordenantza hauek nahitaez aplikatuko dira Longidako Udal Planaren aplikazio esparru osoan, baita etorkizunean egiten diren zabalgune edo hirigintzako antolamendu berrietan ere, eta haien arau partikularrek ezin izanen dute, inola ere, hauen aurka jo.

Ordenantza hauek Udal Planarekin batera hartuko dute indarra. Behin betiko onespenarekin batera, ordura arte izan diren urbanizazioko ordenantza edo arau baliokide guztiak indarrik gabe geldituko dira.

Arau hauen interpretazioa Memoriaren eta Hirigintzako Araudi Orokorraren testuinguru orokorra kontuan hartuta eginen da, haien asmo eta helburuei jarraituz eta haien mende.

Zalantza edo zehazgabetasun kasuetan, beti eginen da aldez aitzinetik urbanizatzearen eta ahalik eta zerbitzu gehien antolatzearen alde.

Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko beharrezko diseinu-neurri guztiak hartuko dira. Proiektu teknikoen memorian berariazko atal bat sartuko da, Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko 4/1988 Foru Legean bildutako oinarrizko arauak eta erregelamenduak nola betetzen diren azaltzeko.

2. artikulua. Lur-berdintzea eta zolatzea.

Eremu publikoetan lurra berdindu eta zolatzen denean kontuan hartuko dira alderdi hauek:

Zoladurak klima baldintzei eta ibilgailuen kargari eusteko behar duen sendotasuna.

Uraren aterabidea saneamendu eta drainatze sarera.

Laster eraikitzekoak diren instalazioen aurreikuspena.

Profilen erregulartasuna eta ibilbideen jarraitutasuna.

Oinezkoen segurtasuna.

Zoladuren mantentzea.

3. artikulua. Zoladurak.

Galtzadak aglomeratu asfaltikoz edo hormigoiz zolatuko dira. Lodiera tokian tokiko klimaren araberakoa izanen da.

Zoladura mota bakoitzari dagokion egitura-sekzioa hautatuko da, bide guztien funtzionamendu ona bermatzeko, izanen duten trafikoaren arabera.

Erabili beharreko zoladurari dagokionez, proiektu teknikoak arau hauetako determinazioei lotuko zaizkie, eta egitura-sekzioei dagokienez, Errepideei buruzko Jarraibideetako 6.1.I.C arauan ezarritakoa beteko dute T-3 eta T-4 trafiko motetarako, hots, hurrenez hurren, bideetarako eta aparkalekuetarako.

Kale nagusietako espaloiek egun duten egiturari eutsiko diote, eta eraikin berriren bat egiten denean egitura horixe aplikatuko zaio lurzati fronteari.

Kale nagusiaren alboetako kaleetan, baita zeharkakoetan ere, espaloiak berrituko dira, ezaugarri horiek berak emanez. Hala, hormigoizko espaloiak edo ingururako ezegokitzat jotzen diren materialez egindakoak berritzen joanen da.

Oinezkoentzako eremuetan zoladurak gogorrak eta irristagaitzak izanen dira, eta oinezkoak eta ibilgailuak batera ibiltzeko eremuetan ere bai.

Hormigoizko lauza aurrefabrikatuak eta harri naturalezko lauzak gutxienez 50 mm lodi izanen dira oinezkoentzako aldeetan. Ibilgailuak noizbehinka ibiltzen diren aldeetan gutxieneko lodiera 75 mm izanen da. Harri natural edo artifizialezko galtzadarriz osatutako zoladura gutxienez 8 cm lodi izanen da.

Eskaileretan kontramaila 80 mm-tik 150 mm-ra artekoa izanen da, eta maila ez da 400 mm-tik beheitikoa izanen. Kontramailaren proiekzioa mailaren gainean ez da 15 mm baino gehiagokoa izanen. Arau orokor gisa, hamar mailatik behin atsedengune bat izanen da.

Arrapalek %8ko malda izanen dute gehienez. Salbuespenezko kasuetan eta tarte laburretan, malda %15eraino irits daiteke.

4. artikulua. Edateko uraren hornidura eta banaketa.

Edateko uraren hornidurak baldintza hauek beteko ditu:

Hornidura ur-banaketako sare orokorraren bitartez eginen da. Hornidura sare orokorretik kanpokoa denean, arrazoia justifikatuko da, bai eta ura biltzeko modua, kokapena, ur emariaren neurketak eta uraren analisiak ere. Betiere, sare orokorretik kanpoko hornidura salbuespenezkoa izanen da.

Ur horniduraren sarea bide sareari jarraituz hedatuko da edo, bestela, eremu publiko eraikiezinetan barna, trazadura erregular baten ariora, lerro ahalik eta luzeenekin eta angelu zabalekin, sakonera beti berdinean eta, konpondu behar izanez gero, sarbidea izanen dutenetan. Industria Ministerioak emandako Oinarrizko Ordenantzen arabera diseinatuko da (1976ko urtarrilaren 31ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Hodiak espaloien azpian jarriko dira, lehentasunez.

Gehiegi gurutzatu ez daitezen, hobe da hodiak kaleko bi espaloietan jartzea, edo bestela, hargune bakarra eginen da, ahal dela, hodirik gabeko espaloiaren ondoan dauden eraikuntza guztietarako.

Sareko gehieneko presioa 6 kg/cm² izanen da: uraren abiadura, banaketa-hodietan barna, 0,60-1,75 metrokoa izanen da segundoko. Aurreikusiko den batez besteko kontsumoa: 300 litro biztanleko eta eguneko. Eraikin bateko presioa nahikotzat joko da, baldin eta azken solairu erabilgarriaren gainetik gutxienez 10 m-ko ur zutabe bat denean.

Banaketa sareko kalkulua halako moldez eginen da non gutxieneko doikuntza izanen baita litro erdikoa segundo eta tarte bakoitzeko. Ur sareen kalkuluak eta neurriek, gutxienez, hornidurari buruzko NTE-IFA arauak (hornidura) xedatutakoa beteko dute.

Hodiek gutxienez 80 mm-ko diametroa izanen dute. Burdinurtu nodularrez eginak izanen dira, junta automatiko malgua izanen dute eta piezak ere material berekoak, 80 mm edo hortik goitiko diametroa dutenean, eta dentsitate txikiko polietilenozkoak, 10 atmosferarako, mahuka bidezko loturarekin, diametroa 80 mm-tik beheitikoa denean.

Sarea balbulen bitartez bana dezaketen sektore guztietan deskarga bide bat izanen da punturik beherenean, euri-uren sareari edo ubide naturalei lotua.

Sareko gune garaietan, maldaren inflexio guneetan, bentosak izanen dira.

Ukondo, deribazio eta giltza guztiak behar bezala garbitu beharko dira.

5. artikulua. Ureztaketa ahoak.

Parke, lorategi, espazio libre, pasealeku, karrika, plaza eta abarretan ureztaketa ahoak jarriko dira, eguneko 20 m³/ha-ko gutxieneko kontsumoa bermatuko duten instalazioekin.

Plaza, parke, lorategi, pasealeku, kale, aparkaleku eta abarretako eremu libre guztietan ureztatzeko harguneak jarriko dira, 20 m³/ha-ko kontsumo gutxienekoa bermatuko duten instalazioekin.

Berdeguneak ureztatzeko ez ezik, galtzada eta eremu publikoak garbitzeko ere erabiliko dira. Behar-beharrezkoak baizik ez dira proiektatuko.

Berdeguneak ureztatzeko adarrak jarriko dira; bakoitzak bere kontagailua izanen du, eta behar adinako diametroa, zenbat aho edo aspertsore jarri behar diren eta aldi berean zenbat erabiliko diren.

Haien arteko tartea 30m-tik beheitikoa izanen da. Izan beharko dira 30 metroko ur-zutabeko hondar-presioak.

Instalazioak, haien kalkulua eta neurriak, ureztatzeari buruzko NBE-IFR araudian ezarritakoaren arabera eginen dira.

6. artikulua. Sute-ahoak.

Suteetarako ur-harguneak paratuko dira NBE-CPI 96 Arauan (Eraikinetako suteen aurkako babesari buruzkoa) eta arlo honi buruzko gainerakoetan ezarritako kasuetan eta ezaugarriekin.

Ur-hargune bakoitzetik hura erabili behar duen urrutieneko eraikinera 100 metroko tartea egonen da gehienez ere.

7. artikulua. Egin beharreko saioak.

Hornidura sareko hodi guztiak, beren elementuak eta harguneak saiatu eginen dira presiopean.

Saiakuntzak 12 kg/cm²-ko presioan eginen dira.

Saiakuntzak 60 minutu (ordubete) iraunen du eta tarte horretan presio galera onargarritzat hartuko da 1,0 kg/cm² bitartekoa.

Galera onargarriaren barrenean, bilatuko da presio galeraren arrazoia, ahal bada zuzentzeko.

8. artikulua. Ur hustuketa eta saneamendua.

Estolda sarea bide sareari jarraituz eta eremu publiko eraikiezinetan barna eginen da; ahal dela, espaloien azpian.

Sarearen behin betiko onarpena baino lehen, eskura gelditzen diren elementu guztiak aztertuko dira (balbulak, bentosak, ahoak, kutxetak etab.), ongi instalatu direla eta kutxeta egokietan daudela egiaztatzeko.

Hodi guztiak zirkularrak izanen dira eta, hormigoizko hodien kasuan, gutxienez 300 mm-ko diametroa izanen dute eta, PVCzko hodien kasuan, gutxienez, 160 mm-koa.

Ur beltzen sarean erabiltzen diren hodiak hormigoizkoak izanen dira, gomazko kanpai eta juntura homologatuekin, eta teila koloreko PVCzkoak, polipropilenozko eraztun erako junturarekin, edo horren pareko konponbide teknikoa erabilita, eta euskarriak masa-hormigoizkoak, 120 gradutan, edo material bikortsuzkoak, 90 gradutan.

Harguneak erregistro putzuetara egin beharko dira, salbuespeneko kasuetan izan ezik. Erregistro kutxeta bat, bertaraino aisa ailegatzeko moduan, eraikiko da hargunearen abiaburuan. Putzu nahiz kutxeta guztiak hormigoizkoak izanen dira. Paratzen diren maldek lurrazalenarekin ahalik eta hurbilen egon behar dute, betiere, gehieneko eta gutxieneko abiadurari buruz ezarritako baldintza betetzen badute.

Sarearen maldek lur azalarenarekin ahalik eta hurbilen egon behar dute, betiere, gehieneko eta gutxieneko abiadurari buruz ezarritako baldintza betetzen badute. Sekzio zirkularretarako, malda %1 izanen da gutxienez.

Ur hodian uraren abiadura 0,5 eta 4,5 m/s bitartekoa izanen da, eta isurketa-urak gehienez 3 m/s-ko abiadura hartuko du. PVCzko hodiak erabiltzen direnean abiadura handiagoak baimendu ahalko dira.

Ur beltzen sareko abiaburuetan, gomendatzen da hodiak garbitzeko hustuketa ganberak jartzea lehenbiziko erregistro putzuari atxikita.

Sarearekiko harguneak sareko erregistro putzuen bidez egin beharko dira, kolektoreetako emari etengabean trabarik ez egiteko moduan. Erregistro putzuak jarriko dira norabidea edo malda aldatzen den tokietan. Putzu batetik bestera gehienez 50 metroko tartea egonen da. Irtengune-putzuak jarriko dira, koten arteko aldea 80 cm-tik goitikoa denean.

Hustubideak 50 metrotik behin jarriko dira, eta haien bilketa-azalera 600 m² izanen da gehienez. Sare orokorrerako hargunea haiexetatik eginen da.

Kanalizazioen gutxieneko sakonera, zolarekiko, 1,80 metro izanen da.

Ur beltzak eta euri urak bereizten dituzten sareak proiektatuko dira; euri urak ur-ibilguren batera isuriko diren punturaino bideratuko dira.

9. artikulua. Kaleko argiak.

Kaleko argien sarea indarrean dauden erregelamendu elektroteknikoetan xedatutakoaren arabera eginen da, eta araudi honek eta kanpoko argiteriari buruzko NTE-IEE arauak ezartzen dituzten diseinu eta kalitatearen gaineko irizpideei jarraikiz.

Proiektu teknikoetan, sarearen osagaiak zehaztasunez definitzeaz gain, funtzionamendu eta mantentze sistemak, abiaraztekoa eta piztekoa eta instalazioaren potentzia zehaztuko dira.

Hiri lurzoruko bide sistemak 15 luxeko argiztapena izanen du, gutxienez.

Argi instalazioa egun indarra duten erregelamendu elektroteknikoei eta Longida Ibarreko Udalak onesten dituen arauei lotuko zaie. Orobat, haren elementu guztiak (argi-paldoak, luminariak, eroaleak etab.) Udalak homologatutako edo, salbuespenezko kasuetan, Udalak onartutako modelo eta kalitateetakoak izanen dira.

Argiteria publikoa elikatzeko sarea eta energiaren hornidurarako sare orokorra erabat bereiz egonen dira. Proiektaturiko kontsumoaren bikoitza, gutxienez, ase ahal izateko moduan kalkulatuko dira linea horiek, ahal dela zirkuitu itxietan.

Luminariak hermetikoak izanen dira, iragazkidunak. Goi presioko merkurio-lurrunezko lanparak izanen dira, kolorea zuzenduta, edo goi presioko sodio-lurrunezkoak, edo metal halogenurozkoak. Salbuespenez, aldez aurretik justifikatzen bada, eta argiak non jarri behar diren kontuan hartuta, goritasun-lanparak erabiltzea onartuko da.

Euskarriak bi motatakoak izanen dira: argi-paldoak eta horma-besoak.

Argi-paldoak jarriko dira espaloia eta galtzada nahiko zabalak izanez gero. Bestela, hormetako besoak jarriko dira. Gaur egungo horma-beso eta argi-paldoen diseinuari eta konposizioari jarraituko zaie.

Argi paldo bakoitzaren ondoan, hodien adarkaduretan edo ukondo nabarmenetan eta, betiere, 50 metrotik behin gutxienez, kutxeta bat jarriko da, gutxienez 40 x 40 cm-koa.

Kanalizazio hodiak kokatzeko zangak espaloien azpian 40 cm sakon eta galtzaden azpian 80 cm sakon izanen dira gutxienez. Bidegurutzeetan, zangak 125 kg-ko hormigoiz beteko dira.

Piztu eta itzaltzeko sistema automatikoa izanen da, eskuzko etengailuekin.

10. artikulua. Transformazio zentroak.

Transformazio zentroak eta banaketarako sareak azpiegiturak dira. Beraz, haiek instalatzeko egiten diren lur erreserbak publikoak izanen da eta horretarako behar diren lur guztiak erreserbatuko dira.

Eraikin baten karga guztira 50 kVA-tik goitikoa denean, jabeek transformazio zentroa paratzeko behar den lur puska emanen dute.

Transformazio zentro guztiek baldintza egokiak izanen dituzte, babes, hesi, isolamendu, estankotasun, intsonorizazio, zarata, bibrazio eta gisakoei dagokienez.

Etxola batean ezartzekotan, lurpeko instalazioaren kokagune berean izanen litzateke, eta inguruari behar bezala egokitzea bermatuko duten baldintza formalak betez, betiere.

Eraikin batean kokatzea lehenetsiko da aurreko konponbidearen aldean. Aukera hori aztertuko da eraikuntzaren eta urbanizazioaren aldiberekotasuna kontuan izanik, aurreikusitako transformazio zentroetatik hurbileko lurzatietan.

11. artikulua. Gas horniduraren sarea.

Instalazioa eginen da indarra duen araudia betez, hornitzaileak emandako gomendioei segituz eta, kasu bakoitza zein den, gas likidotuen deposituei buruzko NTE-IDG araua, hiri gasari buruzko NTE-IGC araua, likidotuei buruzko NTE-IGL araua eta naturalari buruzko NTE-IGN araua kontuan hartuz.

12. artikulua. Telefonia sarea.

Zangetan sartutako sarea proiektatuko da. Ereduzko sekzioa 30 cm izanen da, eta sakonera, berriz, 80 cm bi kanalizazioko eroanbideetarako eta 90 cm lau kanalizaziokoetarako.

Galtzadaren azpiko eroanbideek gutxienez 60 cm-ko sakonera izanen dute.

Kutxetak H eta M eredu normalizatuetakoak izanen dira, hormigoiz eginak.

Eroanbideak HA-25 hormigoiz indartuko dira.

Kutxeten oinetan H motako banaketa-armairu normalizatuak aurreikusiko dira.

13. artikulua. Lorategiak eta zuhaitzak.

Ahalik eta zuhaitz gehien landatuko dira, kontuan hartuz gero mantendu egin beharko direla. Halaber, eraikuntza edo urbanizazio obretan errespetatu eginen dira lehendik dauden zuhaitz guztiak, ahal den neurrian.

Helburutzat ezartzen da urbanizazio edo eraikuntza obretan azaleko landare-lurra mantentzea, are biltegiratzea ere.

Irizpide ekologikoak eta mantentze lanei buruzkoak kontuan hartuz aukeratuko dira landare espezieak. Beraz, lehentasuna izanen dute espezie autoktonoek eta egokitzen direla frogatua duten espezie naturalizatuek.

Lurzoru libre pribatu eraikiezina duten lurzatien jabeek barneko lorategi eta zuhaitzak zaindu behar dituzte, eta landareen itxura eta osasuna mantentzeko lanak eta tratamenduak (ongarritzea, ureztatzea, inausketak etab.) egin behar dituzte beren kargura.

14. artikulua. Hiri hornigarriak.

Exekuzio unitateak garatzeko urbanizazio proiektuan hiri hornigarriak ere sartuko dira (bankuak, paperontziak, iturriak, etab.). Kopurua eta kokapena eremu bakoitzeko erabileren araberakoak izanen dira.

Elementu guztiek ezaugarri egokiak izanen dituzte ongi kontserbatu eta mantendu ahal izateko. Hartara, metalezko elementu guztiak galbanizatuak izanen dira, eta zurezko elementuak tindatuak edo pintatuak.

Udalak berariaz onetsiko ditu hiri hornigarri guztien modeloak.

Urbanizazio proiektuen barnean ibilgailuen trafikoaren azterlana eginen da eta Udalarekin ados jarrita proiektatuko dira seinaleak.

Iragarkiaren kodea: L1107039