102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

74/2011 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariarena, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen artean, gai jakin batzuetarako espezialisten zerrendak osatzeko deialdi publikoa onesten duena, langile horien artetik segurtasuneko eta larrialdietako langileentzako prestakuntza-jardueretan arituko direnak hautatzeko.

Nafarroako segurtasun publikoaren sistema integrala urriaren 25ko 15/2010 Foru Legean dago arautua. Foru lege horren bidez Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatu zen. Sistema horretan ezartzen da Nafarroako polizia kidegoetako langileek behar den oinarrizko prestakuntza jaso beharko dutela lanbidean aritzeko eta agintea erabili eta kudeatzeko, baita eguneratu eta espezializatzeko etengabeko prestakuntza ere. Era berean, Nafarroako Segurtasun Eskolari esleitzen dio Nafarroako polizietako langileei prestakuntza emateko eginkizuna.

Era berean, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak, abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak aldatzen duen horrek, Nafarroako prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako langileen prestakuntza Nafarroako Segurtasun Eskolaren bidez emanen dela xedatzen du.

Bestalde, irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduan ezartzen da Nafarroako Segurtasun Eskolaren helburua dela Nafarroako Administrazio Publikoetako segurtasun publikoko langileei prestakuntza ematea eta horiek hautatzeko prozesuetan parte hartzea. Gainera, prestakuntzaren ondorioetarako, segurtasun publikoko langileen esparru zabala azaltzen du, non segurtasun arloko langileekin batera, larrialdietakoak ere aipatzen diren.

Segurtasuneko eta larrialdietako langileei ematen zaien prestakuntzaren diseinu eta garapenean garrantzi handia dute irakasleek. Hori dela-eta, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduan, langile horiek izendatzeko prozeduraz gain langile horien eginkizunak arautzen dira. Eginkizun horietako batzuk dira erabiliko diren material didaktikoak aukeratu eta prestatzen parte hartzea, eskolak ematea, ikasleen galderei erantzutea eta ebaluatzen laguntzea.

Irakasleak Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak izendatu behar ditu. Hala ere, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduak izendapenaren aurretik partaidetza-prozesu bat arautzen du. Hala, prestakuntza-ikastaroa osatzen duten arlo bakoitzeko koordinatzaileak bere arloko irakasleak aukeratzen laguntzen du. Bere aldetik, Ebaluazio Batzordeak, prestakuntza-ikastaro bakoitzeko kide anitzeko organo gisa, beste hainbat eginkizunen artean ditu ebaluatzeko irizpideak, irizpide pedagogikoak garatu eta aplikatzea, eta hobetzeko proposamenak aurkeztea. Beste alde batetik, Nafarroako Segurtasun Eskolako Plangintza, Garapen eta Koordinazio Atalaren eginkizunetako bat irakasleak aukeratzeko irizpide objektiboak proposatzea da.

Hala ere, irakasleak aukeratzeko prozedura -Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduan ezarrita dagoena- garatzeko, erregelamenduzko arau horren 37.4 artikuluan aurreikusita dagoen deialdia egin behar da, gai jakin batzuetarako irakasle espezialisten zerrenda osatzeko, gero prestakuntza jarduerak ematen lagunduko dutenak horien artetik hautatzeko.

Nafarroako Segurtasun Eskolako ikastaroetan irakasle gisa parte hartu nahi duten pertsonek ematen dituzten datuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren 2010eko abenduaren 2ko 752/2010 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen datu pertsonalen fitxategi automatizatuan sartuko dira.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren 15.h) eta 37.4 artikuluetan xedatutakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Deialdi honen xedea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen artean gai jakin batzuetarako espezialisten zerrendak osatzea da, langile horien artetik Nafarroako Segurtasun Eskolan egiten diren segurtasuneko eta larrialdietako langileentzako prestakuntza-jardueretan arituko direnak hautatzeko.

2. Prestakuntza gaiak emateko interesa dutenek izena eman beharko dute Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren 2010eko abenduaren 2ko 752/2010 Foru Aginduaren bidez ezarrita dagoen "Prestakuntzarako espezialisten zerrenda" izeneko fitxategi informatizatuan. Fitxategi hori helbide honetan eskuratzen ahalko da: http://esn.formainap.net.

3. "Prestakuntzarako espezialisten zerrenda" izeneko fitxategi informatizatuan izena emateak honako eskubide hauek dakartza:

a) Nafarroako Segurtasun Eskolak egiten dituen prestakuntza-jardueretan irakasle aritzeko aukera izatea. Segurtasun Eskolako zuzendariak aukeratuko ditu irakasleak "Prestakuntzarako espezialisten zerrenda" izeneko fitxategi informatizatuan izena eman duten hautagaien artean, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan ezarrita dagoen prozedurari eta aplika daitezkeen gainerako arauei jarraituz.

b) Irakaslea dela eta ematen ari den ikastaro eta ikasgaia azaltzen dituen ziurtagiria jasotzea.

c) Emandako eskolei dagozkien kontraprestazio ekonomikoak jasotzea, arloan indarrean dagoen araudiari jarraituz.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Beriainen, 2011ko maiatzaren 18an.-Jesús Barcia Lareu, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendaria.

Iragarkiaren kodea: F1108927