102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuak bateratzen dituena.

Apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez sortutako Nafarroako Ospitaleguneak aldaketa garrantzitsua eragin zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza espezializatuaren antolaketan. Ospitalegunea eriari kalitatezko arreta emateko sortu zen, eta aldi berean, garapen profesionala eta profesionalen kudeaketan ahalik eta trebakuntza zein inplikazio handiena lortzeko. Aldaketa handi horiek aurrera eramateko zenbait estrategia daude, besteak beste, zuzendaritza egitura komunak ezartzea, bikoiztutako zerbitzuak elkartzea, zirkuituak, prozedurak eta protokoloak bateratzea edo prozesu bidezko antolaketa.

Nafarroako Ospitalegunea sortu baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean laguntza neurologiko publikoa hiru ospitaletan antolatzen zen: Bideko Ama Birjina Ospitalean eta Nafarroako Ospitalean, biak Iruñeko Osasun Barrutian, eta Tuterako Reina Sofía Ospitalean. Horietako bakoitzak bere neurologo taldea du, eta lan ordutegian miaketa osagarriak egiteko ahalmen oso desberdinak dituzte.

Azken urteetan, esku hartzen duten zerbitzuen jarduera, eta bereziki Neurologia zerbitzuena, apurka hazi da, eta ekintza edo estrategia berriak garatu dira laguntzaren eremuan zein irakaskuntzaren eta ikerketaren eremuan.

Beraz, xedea da Zerbitzuen arteko eginkizun arloko batasun estuagoa bultzatzea, haien jarduerak eta helburuak indartu eta sendotzea, garapen kualitatibo handiagoa emanez, eta aldi berean estrategia berriak garatzea eta helburu berriak eta eragingarritasun handiagoa lortzea. Bateratzearen helburua, kalitate eta eraginkortasun handiko laguntza eta aldi berean Neurologia zerbitzuko kide diren pertsona guztien gogobetetasuna lortzea da.

Eritasun neurologikoen arloa modernizatu nahi da, eraginkortasuna, eragingarritasuna eta berrikuntza lortu nahian, bide horretatik arreta neurologikoak laguntzaren arloan bikaintasuna sustatu eta bilatuko baitu, eta eri neurologikoa ardatz izanen baitu. Neurologia Zerbitzuaren lana gidatuko duten balioen helburuak hauek dira: kalitatezko arreta neurologikoa lortzea, behar den moduan eta garaiz emana, gizalegezko tratuarekin; parte hartzen duten profesionalei gogobetetasun pertsonala lortzeko eta gaitasun maila handia izateko tresnak ematea, etengabeko hezkuntza eta espezialista berrientzako ezagutzen transmisioa sustatzea, sistemako gainerako profesionalekin lankidetzan aritzea erientzako arretarik onenerako eta/edo zerbitzuen antolaketa hoberako, eta eritasuna ikerketa klinikoa edo mistoa (kliniko-oinarrizkoa) egiteko aukera gisa ikustea.

Neurologia Zerbitzua azpi-erakundea da erakunde konplexuago baten, hau da, ospitalearen barnean. Laguntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetako xedeak dituen ospitaleko unitate funtzional gisa definitzen eta ulertzen ahal da. Ospitalearen testuinguruari modu estuan lotua, eta ospitalez kanpo osasun-etxeetan islatzen dena, kanpoko kontsultekin eta irakaskuntza lanekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak xedatzen duenaren arabera,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru aginduaren xedea.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuak bateratzea du xede foru agindu honek.

2. artikulua. Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko burua.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologiako "A" Zerbitzuko burua, hemendik aurrera, "Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko burua" izanen da, eta bere gain hartuko ditu, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari medikoaren mende, gaur egun Nafarroako Ospitaleguneko Neurologiako "A" Zerbitzura eta Neurologiako "B" Zerbitzura atxikitako medikuen eta ekipamenduaren zuzendaritza eta kudeaketa.

3. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuaren eginkizuna.

1. Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko buruaren eginkizuna Neurologiaren espezialitateko osasun laguntza kalitate zientifiko teknikorik onenarekin ematea da. Horretarako, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen ditu eta erabakiak hartzean ardatz gisa eria hartzen du. Zerbitzuan hasten diren tratamenduen iraupena bermatzen dio Oinarrizko osasun laguntzako baliabideekiko koordinazioaren bitartez.

Ikerketa eta prestakuntza Zerbitzuaren etengabeko hobekuntzarako dinamikaren funtsezko alderdia izanen dira, erreferentzia-eremuko herritarren premiak berdintasunez, kalitatez eta modu eraginkorrean betetzeko helburuz.

2. Neurologia Zerbitzuaren eginkizunaren alderdirik esanguratsuenak honako hauek dira:

a) Osasun arreta integrala eta pertsonalizatua.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuak laguntza prozesu osoan arreta mediko neurologiko aurreratua, eraginkorra eta osoa emateko prestatuta egon behar du.

b) Eria, Zerbitzuaren jarduera osoaren funtsezko ardatza.

Laguntzako, irakaskuntzako eta ikerketako jarduera guztia eriarentzako arretaren kalitatea hobetzera bideratuko da. Zerbitzuaren antolaketa alderdiei dagokienez, lehentasunez, erien iritzia eta premiak hartuko dira kontuan.

c) Erreferentziako osasun-etxea.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzua Nafarroako Komunitatean Garun-Hodietako Eritasunaren erreferentziako zentro neurologikoa da. Horrenbestez, giza baliabideak, ekipamendu teknologikoa eta langileen prestakuntza zientifiko-teknikoa eskura izanen ditu.

d) Zerbitzuko kide diren langileen motibazioa eta pizgarriak.

Profesionalek Zerbitzuaren antolaketan eta helburuen lorpenean parte har dezatela funtsezkoa izanen da.

e) Kudeaketako autonomia.

Hori izanen da antolaketako eta kudeaketako formularik eraginkorrena eta profesionalek helburuen lorpenean parte har dezatela lortzera ondoen bideratzen dena.

f) Kalitatea.

Kalitatea Zerbitzuaren kultura korporatiboa da, eta alde horretatik, kalitatearen xedea laguntza-jardueran bikaintasuna bilatzea izanen da. Kide guztiek zuzenean parte hartu beharko dute Zerbitzuaren Kalitate Osoko Planean.

g) Irakaskuntza eta ikerketa.

Irakaskuntza eta ikerketa osasun laguntzaren etengabeko hobekuntzarako eta medikuntzaren arloko ezagutzaren garapenerako oinarria izanen dira.

h) Zerbitzuaren kanpoko irudia.

Zerbitzuak eta Nafarroako Ospitaleguneak Nafarroako Foru Komunitatean ematen duten kanpoko irudia.

4. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuaren ikuspegia.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuaren asmoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan herritarrek dituzten premiak betetzeko zerbitzugintzan lider gisa aintzat har dezatela da, bai neurologiaren arloan, bai irakaskuntza lanean eta ikerketa lanean. Hori lortzeko, bere funtzionamendurako kalitate osoaren printzipioetan oinarritutako kudeaketa-sistema erabiliko du.

5. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuaren balioak.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuak balio hauek garatzen ditu:

a) Eria, zerbitzuaren xede.

Eria eta bere familia dira Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuaren jardueraren oinarria, eta zerbitzuan egiten diren ekintzen lehentasunezko irizpide.

b) Profesionaltasun etikoa.

Neurologia Zerbitzuko kide diren pertsonek taldea osatzen dute, proiektu komun bat konpartitzen dute, Ospitalegunearen emaitzarik onenak lortzeko helburuz. Eragingarritasuna eta kalitatea lortzeko oinarria, gizarteari zerbitzua emateko gaitasun profesionalen etengabeko hobekuntza da.

c) Lidergo konpartitua.

Neurologia Zerbitzuko kide guztiek zerbitzuak lortzen dituen emaitzen arduradun dira, jardueraren berezko helburuak lortzera bideratzen diren ekimen eta lidergoa eta diziplinen arteko nahiz diziplina anitzeko lankidetza estua direla medio.

d) Kudeaketa bikainarekiko konpromisoa.

Zerbitzuaren eraginkortasunaren eta kalitatearen oinarria profesional guztiek bikaintasun printzipioei jarraituz egiten duten jarduera da; jarduera guztien prozesukako kudeaketa; Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko kide guztien gaitasun, ezagutza eta esperientzien partaidetza eta ekarpena, eta talde-lana, bakarkako lanaren eraginkortasuna hobetzera bideratua.

e) Jarduera Berritzailea.

Ezagutzaren elkartrukea eta talde-lana indartu behar dira, irekia eta kritika konstruktiboaren aldekoa den jarrerarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Izen aldaketa.

Neurologiako "A" Zerbitzuko buru izatetik Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko buru izatera izenean egiten den aldaketak ez dakar halakorik hasierako izendapenari lotutako baldintzetan.

Bigarren xedapen gehigarria.-Unitate Klinikoen garapena.

Foru Agindu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, gehienez, Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzuko Buruak unitate Klinikoak sortzeko proposamena eginen du, gaur egun dagoen egitura ordezteko. Proposamen horretan Zerbitzuko profesionalek parte hartuko dute.

Hirugarren Xedapen Gehigarria.-Genero berdintasuna.

Zenbait lanpostu edo karguri buruz ari denean foru agindu honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek emakumezkoek ala gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 18an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1109009