102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

676/2011 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Lekarozen (Baztan) enpresen campus bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko urbanizazio proiektua hasiera batez onesten duena. Proiektua Sprin S.A. sozietate publikoak sustatu du.

Espediente honen aurrekari nagusia Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 20an hartutako Erabakia da. Haren bidez "Lekarozko Enpresen Campusa" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen (2011ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa).

Urbanizazio proiektua aztertu da, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 134. artikuluan ezarritakoa betetzen duela egiaztatu da.

Urbanizazio proiektuari buruz txostenak eman dituzte Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.k; denek ere aldeko txostenak. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak baldintza batzuk jarri ditu, obrak egiterakoan kontuan hartu beharrekoak.

Bestalde, sustatzaileak arroko erakundearen aldez aurreko baimen administratiboa eskatu du, kasu honetan Kantauriko Ur Konfederazioarena, ibilguen polizia eremuko obrak egiteko. Baimen hori nahitaezkoa da espediente honen gainean ebazteko.

Azkenik, sustatzaileak txostena eskatu beharko dio Iberdrolari eta Gas Naturali, eta horien ondorioak kontuan hartu beharko dira gas eta elektrizitate sareak gauzatzerakoan.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lekarozen (Baztan) enpresen campus bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko urbanizazio proiektua hasiera batez onestea. Proiektua Sprin S.A. sozietate publikoak sustatu du.

2. Espedientea ebazteko, kontuan hartuko dira Kantauriko Ur Konfederazioak ematen duen txostenaren ondorioak.

3. Sustatzaileak txostena eskatu beharko dio Iberdrolari eta Gas Naturali, eta horien ondorioak kontuan hartu beharko dira gas eta elektrizitate sareak gauzatzerakoan.

4. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 134. artikuluan ezarritakoarekin bat, urbanizazio proiektua behin betiko onesteko beharrezkoa da birzatiketa proiektua behin betiko onestea.

5. Urbanizazio proiektua jendaurrean egonen da hogei egunez. Epe horretan edozeinek bidezkoak iruditzen zaizkion ohar eta alegazioak egiten ahal ditu idatziz. Horretarako, interesdunek espedientea eskura izanen dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1,1.a, Iruña).

6. Ebazpen hau jakinaraztea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Toki Administrazioko Departamentuari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Baztango Udalari, Kantauriko Ur Konfederazioari, NILSAri eta Sprini, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 23an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F1109219