102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

79/2011 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzan, 2011-2012 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitza erabiltzeko dauden aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, kontuan harturik jatorrizko herritik kanpora ikasketa arautuak egiten dituzten ikasleei ostatua eman behar zaiela eta egoitza erabiltzeko orduan konkurrentzia eta objektibotasuna sustatu behar direla, komenigarria da instalazio horretako ikasle egoiliarrentzako plazak 2011-2012 ikasturtean betetzeko oinarriak eta irizpideak ezartzea.

Deialdi hau, betiere, administrazio egokiaren printzipioaren ikuspegitik, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eginkizunekin bat eta horiek erreferentziatzat harturik prestatu da, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 8ko 70/2010 Foru Dekretuari jarraikiz.

Adierazitakoari buruzko txostena aurkeztu du Gazteriaren zuzendariordeak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak ezartzen ahal dituen arauak deusetan ukatu gabe, arestian aipatutako foru dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzan, 2011-2012 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honi atxikitako eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

2. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuari, Gazteriaren Zuzendariordetzari, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atalari eta Gazteriaren Etxeen eta Azpiegituren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 11n.-Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ana Frías Pardo.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzan 2011-2012 ikasturteko ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzako ikasle egoiliarrentzako plazak betetzea, 2011-2012 ikasturtean.

2. Zentroa.

"Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitza, 31005 Iruña (Nafarroa), Goroabe kalea, 36.

3. Eskabideak.

3.1. 45 plaza eskaintzen dira.

3.2. Hauexek eskatzen ahal dute egoiliar plaza: 2010-2011 ikasturtean egoiliar plaza lortu zutenek, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak egin behar dituzten 26 urtetik beherako ikasleek eta unibertsitateko ikasketak Iruñeko ikastetxe ofizial batean egin behar dituztenek.

4. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkeztuko dira (Yanguas y Miranda kalea, 27, 31003 Iruña), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, I. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Posta ziurtatuaren bidez ere igortzen ahal dira, gutun-azalaren aurrealdean hauxe jarriz: "Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzako ikasle egoiliarrentzako plazen deialdia". Eskaerak balio dezan, postako funtzionario batek sinatu eta zigilatu behar du, gutun-azala itxi aurretik, eta horren berri emanen da, eskaerak aurkezteko epearen barrenean, "Printzearen Gotorlekua" egoitzara bidalitako fax edo telegrama baten bidez (Goroabe kalea 36, 31005 Iruña - Faxa: 948 29 05 40).

5. Agiriak.

5.1. Eskabideei dokumentazio hau erantsiko zaie:

Onartua izateko eskabidea.

NANaren fotokopia.

Karneterako bi argazki.

2010-2011 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria.

Egoiliar-plaza lehenbiziko aldiz eskuratu nahi duten ikasleek 2009-2010 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria ere aurkeztu behar dute.

Bestelako dokumentuak, eskatzaileak eskaerari laguntzeko egokitzat jotzen dituenak.

5.2. Dokumentazio osagarria.

Irailean, edo lehenago, hala denean, eskatzaileak egin beharreko ikasketei dagokien matrikularen jatorrizkoa eta fotokopia aurkeztu beharko dira, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.3. Agiriren bat falta bada, hamar egun naturaleko epea emanen da akatsa zuzentzeko, interesdunari jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6. Balorazioa.

6.1. Batzorde batek aurkeztu diren eskaerak aztertu eta proposamen bat bidaliko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordea hauexek osatuko dute: Gazteriaren zuzendariordeak, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Ataleko buruak eta "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitzako arduradunak, Gazteriaren Etxeen eta Azpiegituren Bulegoko buru ere badenak.

6.2. Batzordeak honako irizpide hauei jarraituko die eskaerak baloratzeko:

6.2.1. Lehentasuna izanen dute unibertsitatez kanpoko derrigorrezkoaren ondoko ikasketarik eta eragin eremuan ezaugarri horietako inolako ikastetxerik ere ez duten herrietatik etorritako eskaerek.

6.2.2. 2010-2011 ikasturtean ikasle egoiliarren plaza lortu zuten eskatzaileek lehentasuna izanen dute berriz hori eskuratzeko, betiere 2010-2011 ikasturtean bi ikasgai baino gehiago gainditu gabe utzi ez badituzte, edo, unibertsitateko ikasketak direnean, 2010-2011 ikasturtean hartu diren kredituen %45 edo gehiago gainditua badute, eta egoitzako arduradunak txosten negatibo arrazoitua eman ez badu. 2010-2011 ikasturtean egin diren ikasketak utzi eta beste ikasketa arautu batzuetan matrikulatzen direnek ere aurreko baldintzak bete beharko dituzte. Horretarako, ekaineko kalifikazioak hartuko dira oinarritzat, eta 2011ko uztailaren 15 baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, eta arrazoi bereziak direla medio edo zailtasun handiko ikasketen kasuan, egoitzako arduradunak nahitaezko txosten arrazoitua egin ondotik, batzordeak plaza batzuk esleitzen ahal dizkie ikasmaila errepikatu behar dutenei edo lehen aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenei.

6.2.3. Egoiliar berrientzako plazetarako eskaerak onartu eginen dira, baldin eta deialdiaren baldintza guztiak eta 6.2.2 oinarrikoak betetzen badira.

Ikasle egoiliarren eskaerak eskaintzen diren plazak baino gehiago badira, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen baten bitartez, balorazio baremo bat onartuko du, hauek aintzat hartuko dituena:

Nafarra izatea edo auzotasun zibil nafarra edukitzea 2011ko urtarrilaren 1ean.

Eskatzaileak lortutako eskolako kalifikazioak.

Ikasturte horretan berean anai-arrebaren bat izatea gazteen egoitzan.

Ikasten segitzeko Iruñera joan beharra izatea. Lehentasuna izanen dute, dela adinagatik, dela hautaturiko ikasketengatik, Iruñean beste egoitza publiko batean gelditzeko aukerarik ez duten ikasleek.

Eskatzaileak aurkeztutako merezimenduak.

2010-2011 ikasturtean Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bekaz baliatu izana.

Familia ugarikoa dela egiaztatzea.

6.2.4. Eskainitako plaza kopurua handitzen ahalko da Nafarroako Kirolaren Institutuak kirolari egoiliarrendako dituen plaza guztiak betetzen ez baditu.

7. Ebazpena.

7.1. Eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, horiek aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, 6 hilabeteko epean.

7.2. Eskaerak ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe bukatuz gero, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

7.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan plaza hutsik geldituz gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan eskaera berriak aurkezteko epea irekiko da, betiere 6.2.2 oinarriko baldintzak betetzen badira.

8. Esleipena.

8.1. Plazak esleitzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

Eskatzailea egoitzan sartzea desegokia dela adierazteko, zentroko arduradunak txostenik egin ez izana.

Aurreko ikasturteetako egonaldiei dagozkien hilabeteko zenbateko guztiak ordainduta edukitzea.

Jakinarazpena jaso eta hurrengo 10 egun naturaleko epean, hilabete bateko ostatuaren eta egonaldiaren gastuak ordaintzea. Diru hori 2012ko maiatzeko ordainketari dagokio.

Dokumentazio osagarria aurkeztea (matrikula), 5.2 oinarrian xedatu bezala.

Egoiliar plaza esleituta izateak eskola garaian mantenua eta ostatua izateko eskubidea ematen du, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan izan ezik. Egoitza ikasle egoiliarrentzako itxita egonen da oporraldietan, 2011ko abenduaren 23ko gosaritik 2012ko urtarrilaren 8ko arratsalde arte eta 2012ko apirilaren 5eko gosaritik apirilaren 15eko afari arte, eta ez da inor gelditzen ahalko, egoitzako arduradunaren baimenik izan gabe.

8.2. Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako erabilera baimena atzera botatzen ahal du, osorik edo partez, honako kasuotan:

Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

Eskaeran datu faltsuak jartzea.

Barne funtzionamenduko erregelamendua ez betetzea.

Egoitzan gai sorgorkariak eta alkoholdun edariak izatea edo kontsumitzea.

9. Egoiliarren betebeharrak.

Egoiliarrak behartuak daude egoitzako barne funtzionamenduaren erregelamendua betetzera, baita haiek aplikatzeko bertako arduradunak ematen dituen jarraibideak ere. Igandetik asteazkenera egoitza 07:00etatik 01:30ak arte egonen da irekia; ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, 07:00etatik 03:00ak arte. Salbuespenik egiteko Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak ofizialki onetsitako prezioak ordaindu beharko dituzte hilabete bakoitzaren hamarra baino lehen, egoitzaren kontuan dirua sartuz. Diru-kopuru hori egoitza erabiltzeari eta egonaldiari dagokie. Kontsumitzen diren jan-edariei dagokiena elikadura enpresari ordaindu beharko zaio, kargu baten bidez.

2010ko abenduaren 20an Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakian ezarritakoaren arabera (Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako prezio eta tarifen araubidea onesten duena, 2011ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 25ekoa), hilabeteko kopuruak kontzeptu hauek hartuko ditu barnean eta jarraian adierazten diren ezaugarriak izanen ditu:

Ostatua eta egonaldia.

Urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko prezioa (bi egun horiek barne) 1.616,00 eurokoa da, birentzako gelan, bainugela konpartituarekin, 2.328,00 eurokoa banakako gelan, bainugela konpartituarekin, eta 2.520,00 eurokoa, birentzako gelan, gelak bainugela duenean. Hilabeteko 202,00 euro, 291,00 euro edo 315,00 euro, hurrenez hurren. Prezio horretan ostatua eta egonaldia sartzen dira, astelehenetik igandera bitartean, oporretan izan ezik. Iraila eta ekaina asteka ordainduko dira, 63,00 euro birentzako gela bainugela konpartituarekin, 80,00 banakako gela bainugela konpartituarekin eta 83,00 euro birentzako gela, bainugela eta guzti. Hilabete osoa egon behar duten egoiliarrek gainerako hilabeteetan bezalaxeko kuota ordainduko dute.

Elikadura.

Zerbitzuaren esleipena duen enpresari ordainduko zaio, banku-helbideratzeen bidez, hilabetea hasi aurretik. Urriaren 1eko gosaritik abenduaren 23ko bazkarira bitarte, mantenuaren prezioa hilabetean 297,57 eurokoa izanen da, hau da, eskola egunak hiru hilabetekotan banaturik. Prezio horretan sarturik daude asteleheneko gosaritik ostiraleko bazkarira bitarteko otordu guztiak. Urriaren 12a, azaroaren 1a eta 29a eta abenduaren 6a eta 8a ez daude sarturik. Urtarrilaren 9tik maiatzaren 31ra bitarte, mantenuaren prezioa hilabetean 315,68 euro gehi 2011ko KPIa izanen da. Prezio horretan sarturik daude asteleheneko gosaritik ostiraleko bazkarira bitarteko otordu guztiak. Prezio horretan ez daude sarturik martxoaren 19a eta Aste Santuko oporraldia, apirilaren 5eko gosaritik apirilaren 15eko afarira bitarte, ez eta maiatzaren 1a. Ostiraleko afaritik igandeko afarira bitartean otorduren bat egin behar duten egoiliarrek eskaera egin beharko dute harrera-zerbitzuan, ostiraleko 10:00ak baino lehen. Zerbitzu horren aldera, aterpetxera doazenei edo bestelako erabiltzaileei jarritako prezioa ordaindu beharko dute.

Iraileko eta ekaineko zerbitzuak egonaldiko eta ostatuko egunen arabera ordainduko dira, aldian aldian finkaturik dauden prezioen arabera.

Prezio horietan ez da deskonturik eginen egoiliarrak ikasturtean zehar huts egiten badu oporrengatik, zubiengatik, ikasturtea berandu hasteagatik, eritasunagatik edo beste edozerengatik. Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrena da, hirugarren batek ordaintzen baditu ere.

Erreserba egiteko dirua ordaindu ondoren plazari uko eginez gero edo egoitzatik maiatza baino lehen alde eginez gero, ez da ostatuko eta egonaldiko gastuak itzultzeko eskubiderik izanen.

Ikasturteko ostegun eta jai bezpera guztietan, egoiliarrek harrera-zerbitzuan adierazi beharko dute asteburuan egoitzan geldituko diren ala ez, noiz joanen diren etxera eta noiz itzuliko diren.

Bestetik, egoiliarrak inprimaki bat bete beharko du aldez aurretik faltako dela dakienean. Pentsatutako egunean itzuli behar ez badu, telefonoz abisatu beharko du.

Aste Santuko, Eguberrietako eta udako oporraldietan egoiliarrek gelak utzi beharko dituzte. Egoitzak ez du bere gain hartuko geletan uzten diren gauzen, arropen eta gainerakoen ardurarik.

Geletan, ordenagailu pertsonalaz eta soinu-aparatu txiki batez gainera, ezin izanen da beste tresna elektroniko edo elektrikorik eduki. Horiek matxuratu edo lapurtuz gero, egoitzak ez du erantzukizunik izanen.

Eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau inolako baldintzarik gabe onartzea eta aurkeztutako datuak zuzenak eta egiazkoak direla adierazteko erantzukizuneko aitorpena egitea.

Egoiliarrak plaza onartzeak, ezinbestean, gazteen egoitzako barne funtzionamenduaren erregelamendua ezagutu eta onartu beharra dakar.

10. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.

I. ERANSKINA

Iruñeko "Printzearen Gotorlekua" gazteen egoitza

Eskatzailearen datuak:

Deiturak

Izena ....................... NANa: ...................................... Jaioteguna

Jaiolekua .......................... Bizilekua

Helbidea ........... PK ............. Tel. zk.

Tel.: Sakelako telefonoa: ............... Helbide elektronikoa

Aita/amaren edo legezko ordezkariaren datuak:

Deiturak

Izena ....................... NANa: ...................................... Jaioteguna

Jaiolekua .......................... Bizilekua

Helbidea ........... PK ............. Tel. zk.

Tel.: Sakelako telefonoa: .................. Helbide elektronikoa

Plaza lehen aldiz hartuko du? [ ] Plaza berriz hartuko du? [ ]

Aurreko ikasturteko datu akademikoak:

2010-2011 ikasturtean zein ikastetxetan matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea ................................................. Maila:

Hurrengo ikasturteko datu akademikoak:

2011-2012 ikasturtean zein ikastetxetan matrikulatua:

Ikasketak

Espezialitatea ................................................. Maila:

Iruñean, 2011ko .........aren ...........(e)an.

(Sinatua)

Iragarkiaren kodea: F1108443