102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

176/2011 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ingelesa hobetzeko plana iragartzen duena.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak 2010-2011 ikasturtean ingelesaren irakaskuntza hobetzeko plana diseinatu zuen, Lehen Hezkuntzako ingeleseko irakasle espezialistei zuzenduta, bereziki 3. eta 4. mailakoei, ziklo horretako ikasleen ebaluazio diagnostikoa errazteko asmoz.

Irakasleei zuzendutako hobekuntza plan hori ebaluatzearen ondoriozko eragina eta emaitza positiboak izan direla-eta, bidezkoa da 2011-2012 ikasturterako berriro antola dadila proposatzea.

Programa honetan parte hartzeak borondatezkoa izan behar du eta ikastetxeen eta irakasleen konpromisoa hartzea eskatzen du. Ingelesa ematen duten irakasleak dira hobekuntza plan honen hartzaileak. Planaren ardatzak dira ikasleen ingeleseko gaitasuna garatzea eta Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako 4. mailan aplikatzen duen ebaluazio diagnostikoa.

Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ingelesaren asteko egutegia, lau saiokoa Haur Hezkuntzan eta bostekoa Lehen Hezkuntzan, horietako bi hizkuntza eta curriculumaren edukiak batera ikastekoak izanik, eskola eremu zabala da irakaskuntza horiek garatzeko; betiere, beste autonomia erkidego batzuetako eskola sistemetan ezarritakoa baino askoz handiagoa.

Ingelesaren irakaskuntza ikastetxe publikoetan hobetzeko, iragartzen da 2011-2012 ikasturterako ingelesa hobetzeko programa.

Deialdia Europako Gizarte Funtsak %50eko tasarekin kofinantzatzen ahal dituen II. ekintzako jarduketen artean sartzen da, Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragilearen bitartez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2011-2012 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ingelesa hobetzeko programarako deialdia onestea. Ebazpen honen eranskin gisa gehitzen dira oinarriak eta eranskinak.

2. Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari jarduera hori antolatu, kudeatu eta kontrolatzeko ardura esleitzea. Horretarako, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak prestakuntza saioen garapena kontratatu edo esleitu ahalko du.

3. 32.000 euroko gastua onestea, gehienez, hurrengo kontu-sailetan banakatua: 16.000 euro, 2011ko aurrekontuko "Atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntza. EGF 2007-2013 programa eragilea" izeneko 421002 42420 2266 321200 kontu-sailaren kontura, eta 16.000 euro, 2012ko ekitaldian xede horietarako gaitzen den kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Ebaluazio Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 4an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

1. ERANSKINA

2011-2012 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, ingelesa hobetzeko planerako deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.-Deialdiaren xedea eta eremua.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen komunikazio gaitasuna ingelesaren bitartez garatzeko plan bat ezartzea du xede deialdi honek. Haren edukia, beraz, ikastetxeetako beste hobekuntza plan batzuen garapenaren osagarritzat hartu behar da, bereziki curriculumeko beste hizkuntzetakoei dagokienez.

Gainera, gure erkidegoan Haur eta Lehen Hezkuntzako ordutegian ingelesari eskaintzen zaion denborari ahalik eta etekin gehien ateratzea da kontua, bi saio gehitu baitzaizkio astero bi etapetan.

Deialdi honek aukera ematen die Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleei ingelesa hobetzeko programan parte hartzeko, eta 2011-2012 ikasturtean gauzatuko da.

Bigarren oinarria.-Hobekuntza planaren helburuak.

Hauek dira hobekuntza planaren helburu nagusiak:

a) Ikasleen komunikazio gaitasuna hobetzea.

b) Ingelesa gaitasunen arabera ikastea bultzatzea, ikasketa formala baztertu gabe.

c) Irakaslana lagundu eta indartzea, gaitasunen araberako lanaren aldetik.

d) Ingeleseko irakasleen hobekuntza eta eguneratze linguistikoa bultzatzea.

e) Ingelesaren asteko 5 saioen etekina ahalik eta gehien hobetzea.

f) Ikastetxe desberdinetako irakasleen arteko sare pedagogikoak bultzatzea, esperientziak alderatu, emaitzak aztertu eta jardunbide egokiak hedatzeko.

g) Ikasleen ebaluazioko errendimendua hobetzea diagnostikoaren probatik abiatuta. Hura ikasleen aurrerapena baloratzeko txostena da, aukera ematen duena ikasketaren garapen eta ebaluazioko hainbat alderdi zuzendu edo indartzeko.

Hirugarren oinarria.-Hobekuntza planaren ardatzak.

a) Lehen Hezkuntzako ingelesaren curriculuma.

Martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuak (64. Aldizkaria, maiatzaren 23koa), Lehen Hezkuntzako ingelesaren curriculuma ezartzen duenak, gaitasunetan oinarritutako ikasketaren eta eskolako hizkuntzen ikasketa integratuaren garrantzia aipatzen du. Zehazki, honela dio: "bigarren hizkuntzen arloan (L2), komunikatzeko gaitasuna da pentsamenduak, sentimenduak eta egitateak ulertzeko, adierazteko eta interpretatzeko gaitasuna, ahoz nahiz idatziz, hainbat testuinguru sozialetan -lana, etxea, aisia, hezkuntza eta prestakuntza- hizkuntza desberdinetan, betiere norberaren desioen eta beharren arabera. Lehen hizkuntzaren (L1) oinarrizko elementu batzuk ditu, hizkuntza horietara gaitasun mailaren arabera aplikatzen direnak... " eta gehitzen du "...gaitasun bat gauzatze efektibo eta zehatza taxutzen duten ezagutza, trebetasun (egiten jakitea, gauzak egiteko trebetasuna...) eta jarreren konbinazioa dela. Osagai horien ikuspegi zatikako eta berezituaren aurka, hemen eta orain azpimarratu nahi da aplikazio praktikoetan haiek izan behar duten elkarreragin egokiaren garrantzia."

b) Ebaluazio diagnostikoa.

Hezkuntza Departamentuak, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei egiten zaizkien diagnostiko proben artean, ingelesaren proba sartzen du (ahozkoaren eta idatziaren ulermena eta idazmena ikastetxe guztientzat, eta mintzamena ikastetxe lagin batentzat). Proba horren bidez hizkuntza trebetasun linguistiko guztietan erabiltzeko gaitasuna neurtu gogo da. Horregatik, gaitasun linguistikoaren garapenean oinarritzen den metodologiaren oinarriak ezartzen lagunduko du, gaitasun hori curriculumaren, ikasketaren eta irakasgai guztien funtsezko helburuaren erroko elementua izanik.

Diagnostikoaren proba preskribtibo izateak ebaluazioaren kontzeptua zabaltzen du. Oinarrizko gaitasunen arabera egin beharrak aukera ematen du curriculumak eta irakaslana berritu eta garatzeko. 3. eranskinak Lehen Hezkuntzako ebaluazio linguistikoaren esparru teorikoa deskribatzen du.

Laugarren oinarria.-Planaren edukia eta garapena.

1. Edukia.

Hobekuntza planak prestakuntza linguistikoa eta metodologikoa hartzen du bere baitan. Irakasleek lan proposamenak izanen dituzte haien esku ikasgelan aplikatzeko, hizkuntza gaitasunen arabera irakastera bideraturik. Bestetik, beste ikastetxe batzuetako irakasleekin partekatzen diren saio horien bitartez, truke pedagogikoa bultzatuko da, baita proposamenen aplikazioaren gaineko gogoeta egitea eta jardunbide egokiak zabaldu eta indartzea ere. Jarduketa horiek beti bideratuko dira ikastetxeko ikasleen emaitzak hobetzera.

2. Garapena eta egutegia.

a) Plana hasteko jardunaldia.

Irakasleei zuzendutako prestakuntza 4 orduko lan-jardunaldi batekin hasiko da. Haretan prestatzaileen taldea eta urteko lanaren plana aurkeztuko dira, eta hasiko dira lanaren eta prestakuntzaren jarduerak.

b) Prestakuntza presentzialeko saioak.

Jatorrizko prestatzaile talde baten bitartez, ikastetxe desberdinetako lantaldeak, 12 irakaslekoak gehienez ere, eginen dira. Saioek hiru ordu iraunen dute, bi zatitan banatuta: lehendabizikoa, irakasleen prestakuntza linguistikorako, ordu eta erdikoa gutxi gorabehera, irakasten den hizkuntza menderatuta eta eguneratuta izateak irakaslanean dituen inplikazio eta garrantziagatik; eta bigarrena, ingelesez ere, ikasgelan baliatuko diren material eta jarduerak proposatzeko, baita ideia eta jardunbide egokiak hausnartu eta trukatzeko.

Saio presentzial horien bidez hizkuntza eguneratuko da, batez ere ahozkotasuna, metodo didaktikoen ikasketa eta aplikazioa, teknikak, jarduerak etab., ikasleengan izanen duen eraginaren gaineko gogoeta ere. Bide ematen zaio elkarren arteko eraginari ikastetxe desberdinetako irakasleen artean eta haien irakaslanaren ikuspegia aberastuko da.

Talde bakoitza astean behin elkartuko da, astelehenean, asteartean edo ostegunean, 14:30etik 17:30era arte gutxi gorabehera, egutegi honen arabera:

Iraila: 19, 20, 22, 26, 27, 29.

Urria: 3, 4, 6, 10, 11, 13, 17, 18, 20, 24, 25, 27.

Azaroa: 7, 8, 10, 14, 15, 17, 21, 22, 24, 28, 29.

Abendua: 1, 12, 13, 15.

Urtarrila: 9, 10, 12, 16, 17, 19, 23, 24, 26, 30, 31.

Otsaila: 2, 6, 7, 9, 13, 14, 16, 27, 28.

Martxoa: 1, 5, 6, 8, 12, 13, 15, 19, 20, 22, 26, 27, 29.

Apirila: 16, 17, 19.

Talde bakoitzak 23 saio izanen ditu ikasturtean. Iruñean, Tuteran, Tafallan, Lizarran eta Lekarozen egin ahalko dira, eratzen diren taldeen arabera.

3. Taldeen antolaketa.

7 lantalde izanen dira, gehienez.

Ikastetxeetako ikasketaburutzek antolatuko dituzte irakasleen ordutegiak, ez daitezen ordu berean izan prestakuntza saioak eta irakaslana. Horretarako, garaiz jakinaraziko da lantalde bakoitzaren egutegia.

4. Prestakuntza egiaztatzea.

Programa honetan parte hartzen duten irakasleek 90 orduko prestakuntzaren ziurtagiria jasoko dute, gutxienez %80ko bertaratzea frogatuz gero.

Bosgarren oinarria.-Planaren hartzaileak.

Ingelesaren irakaskuntza hobetzeko planaren azken onuradunak Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleak izanik ere, ingelesa ematen duten irakasle espezialistak dira zuzeneko hartzaileak, batez ere 3. eta 4. mailetakoak.

Beren borondatez deialdi honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek eskaera eginen dute, prestakuntza eta laneko saioetan parte hartzeko konpromisoa duten ingeles irakasleen zerrenda espres jakinarazita.

Seigarren oinarria.-Eskatzeko modua eta epea, eta behar den dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartzeko, ikastetxeetako zuzendaritzak eskaera aurkeztu beharko du Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, 2. eranskinaren arabera, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 15 egun naturaleko epean.

Eskaerak telematika bidez aurkezten ahalko dira, www.navarra.es webguneko Zerbitzuen Katalogoaren bidez (tramite elektronikoak egiteko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa, webean berean eskuratzen ahal dena, izan behar da).Eskabideak aurkezten ahalko dira, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen gainerako egoitzetako edozeinetan. Ikastetxeek eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen dute, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

Zazpigarren oinaria.-Batzorde teknikoa eta parte hartzaileak hautatzeko irizpideak.

1. Eskabideak aztertzeko, batzorde tekniko bat izendatuko da, kide hauek osatzen dutela:

Batzordeburua: Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Zerbitzuko bi teknikari.

2. Batzorde teknikoak ahalik eta ikastetxe gehienen parte hartzea bilatuz hautatuko ditu eskabideak.

Antolaketa arrazoiak direla eta, parte hartzaileen kopurua mugatu behar bada eta ikastetxe desberdinetako irakasleen parte hartzea orekatua izan dadin, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) 2009-2010 ikasturtean formakuntza plan honetan parte hartu ez duten irakasleak lehenetsiko dira.

b) Behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioak lehenetsiko dira beste egoera administratibo batzuen aurretik (zerbitzu eginkizunak, praktikak, aldi baterakoak, etab.).

c) Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako talde gehien duten irakasleak.

d) Ikastetxe bereko irakasleen kopurua.

e) Hobekuntza planaren onura jasoko duten ahalik eta ikasle gehien.

Zortzigarren oinarria.-Deialdiaren ebazpena.

Hobekuntza plana jasoko duten ikastetxe eta irakasleen behin-behineko zerrenda Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean agertuko da, baita web orrian ere.

Emaitza horien kontra erreklamazioa aurkez daiteke, argitara eman eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean.

Aurkezten diren erreklamazioak ebatzita, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, parte hartuko duten ikastetxe eta iraskasleen behin betiko zerrendarekin; Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean eta web orrian argitaratuko da.

Bederatzigarren oinarria.-Planaren eragina eta eraginkortasuna.

Adierazle hauek ezarri dira programa honen eragina baloratzeko:

a) Aurretik egindako diagnostikoaren ebaluazioetako emaitzak.

b) Irakasleen bertaratzea.

c) Parte hartzen duten ikastetxeen kopurua.

d) Irakasle parte-hartzaileen kopurua.

e) Ikastetxe eta irakasleen portzentajea, eskualde bakoitzeko.

f) Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako zein ikasleri aplikatzen zaien plana, haien kopurua.

Gainera, irakasleek eta prestatzaileek programaz egiten dituzten balorazio kualitatiboak hartuko dira kontuan.

Hamargarren oinarria.-Errekurtsoa.

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

2011-2012 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, ingelesa hobetzeko programan parte hartzeko eskabidea

Ikastetxearen datuak.

Izena ....................... Herria

............................................jaunak/andreak, ikastetxeko zuzendaria den aldetik, irakasle hauek parte har dezaten eskatzen du:

Izen-deiturak

NANa

Helbide elektronikoa

Harremanetarako telefonoak

Zein mailatan irakasten duen

2. zikloan zenbat ikasle dituen

2011-2012 ikasturtean parte hartu zuen (bai/ez)

Izen-deiturak

NANa

Helbide elektronikoa

Harremanetarako telefonoak

Zein mailatan irakasten duen

2. zikloan zenbat ikasle dituen

2011-2012 ikasturtean parte hartu zuen (bai/ez)

Izen-deiturak

NANa

Helbide elektronikoa

Harremanetarako telefonoak

Zein mailatan irakasten duen

2. zikloan zenbat ikasle dituen

2011-2012 ikasturtean parte hartu zuen (bai/ez)

.................(e)n, 2011ko .............aren .........(e)an.

Sin.: .............................

Ikastetxeko zuzendaria (Sinadura eta zigilua)

ESKOLAKO HIZKUNTZA PLANGINTZAREN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

3. ERANSKINA

Ingelesa hobetzeko plana. Ebaluazio diagnostikoaren gaineko informazioa: esparru teorikoa

Ebaluazio diagnostikoa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 21. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztiei.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Oinarrizko gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.

Gaitasun hauek ebaluatuko dira:

a) Irakurtzeko gaitasuna (proba G/A eta D hizkuntza ereduetara egokituko da).

b) Matematikako gaitasuna.

c) Hizkuntza gaitasuna Atzerriko Hizkuntzan (Ingelesa). Lagintzat hartuko diren ikastetxe batzuetan ahozko komunikaziorako gaitasuna ebaluatuko da.

Hizkuntza idatzia ulertu eta hartan adierazteko prozesuak (ahozkoan baino ahalegin handiagoa eskatzen baitute hausnartzeko) berdinak dira hizkuntza guztietan; beraz, ingelesez landutako testuei ere aplikatzen zaizkie (nahiz muga batzuekin, hizkuntza horretan garapen txikiagoa delako). Testuak eta zereginak askoz errazagoak izanen dira, bai sintaxiaren egiturei, bai hiztegiari, adierazmen baliabideei, tamainari eta abarrei dagokienez, gaztelaniazkoekin edo euskarazkoekin alderatuta, baina ikasleen gaitasunari eta ahalbideei garrantzia kendu eta gutxiegitu gabe. Bost trebetasunak (azalpena, elkarreragina, ahozkoaren ulermena, irakurmena, idazmena) modu orekatuan garatzea bilatuko da.

Ahozkoaren eta idatziaren ulermena.

Testuak 1. hizkuntzan irakurri eta sortzeari buruz aipatutakoa ingelesean ere aplikatzen da. Lehen aurkeztutako irakurtze prozesu berak erabiltzen dira. Jakina, proposatzen diren testuak askoz errazagoak dira, bai sintaxiaren egiturei bai hiztegiari dagokionez, gaztelaniaz edo euskaraz erabilitakoekin alderatuta. Ahozkoaren zein idatziaren ulermena ebaluatzen da.

Lehen kasuan, ikasleak istorio erraz baten (oinarrizko narrazioa) grabazioa behin baino gehiagotan entzun eta entzundakoaren gaineko galdera batzuei erantzun behar die. Bigarren kasuan, ikasleak testu idatzi txiki bat irakurri eta egiten zaizkien galderei erantzun behar die.

Testu txiki bat ingelesez sortzea.

Ingeles probari buruz aipatu ñabardurak sartzen dira hemen; izan ere, eskolako gainerako hizkuntzen esparru bera da.

Zentzua duen unitate gisa hartua izatea da koherentziaren helburua, eta hori zenbatekoa den neurtzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

-Sortutakoak zentzu orokorra ote duen.

-Eskatutako testu motaren ereduari jarraitu zaion.

-Nola antolatu den.

Kohesioak testuko elementuen arteko harremanak ditu xede. Honako hau baloratuko da:

-Testua ongi artikulatuta ote den, puntuazioaren, adierazgailuen eta testuko konektoreen aldetik.

-Aditz denborak egoki erabili diren.

-Erreferenteak erabili diren.

Oro har, hemen pilatzen dira akats gehien; izan ere, maiz ikasleak ahozkoarekin ohitzen dira baina ez dute hizkuntza idatziarekin alderatzen. Arreta berezia eskaini behar diote esaldi bakoitzeko subjektuaren erabilerari, izenordainen (erreferenteak) erabilerari, hots bertsua duten formak bereizteari: he's, his, it's, its, they, their, besteak beste.

Zuzentasuna hizkuntzaren arauei lotua dago, eta honako hauek hartzen ditu kontuan:

-Aurkezpena (txukuntasuna eta espazioaren banaketa).

-Letra irakurri ahal izatea (tamaina, lerrokadura...).

-Ortografia.

-Sintaxia.

Komunikaziorako baliabideen aberastasuna honela baloratuko da:

-Edukia (irudimena...).

-Forma (hitzen ugaritasuna...).

Zenbait kasutan bigarren edo hirugarren hizkuntza denez gero, beharrezkotzat jotzen da balorazioa erraztea (lehen hizkuntzan landutakoaren erreferentzia galdu gabe, betiere konplexuagoa eta zabalagoa baita, eta ahozkoaren elementuak gehiago menperatzen baitira).

Iragarkiaren kodea: F1108521