102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

178/2011 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloaren zirriborroa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu, eta alegazioak aurkezteko epea ezartzen duena.

Abenduaren 26ko 52/2007 Legeak, gerra zibilean eta diktadura garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta hedatu eta haien aldeko neurriak ezartzen dituenak, 12.1 artikuluan hauxe xedatzen du: "Gobernuak, administrazio publiko guztiekin elkarlanean, jakintza arlo anitzeko jarduketa zientifikoetarako protokoloa eginen du, hilotzak lurpetik ateratzeko jarduketetan erakundeen lankidetza eta esku-hartze egokia bermatuko dituena. Lankidetza hitzarmenak ere eginen ditu, horrelako lanetan parte hartzen duten gizarte erakundeei diruz laguntzeko".

Nafarroako Parlamentuak, bestalde, 2010eko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran mozioa onetsi zuen, Nafarroako Gobernuari eskatzen diona hilotzak ateratzeko protokoloa egin dezala, beste autonomia erkidego batzuek egin duten bezala.

Hilotzak ateratzeko protokolo horretan gizarteak ahalik eta gehien parte hartu behar du, gai horrek gure gizarteko hainbat sektoretan eragiten dituen sentimendu eta kezka desberdinak jaso daitezen. Horregatik, bidezkoa da protokoloaren zirriborroa jendaurrean jartzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta nahi duten guztiek alegazioak aurkeztu ahal izateko hilabeteko epea ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloaren zirriborroa, ebazpen honen eranskinean dagoena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, herritar orok ezagut dezan.

2. Hilabeteko epea ezartzea, Protokoloaren zirriborroa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, hari buruzko alegazioak edo oharrak aurkezteko Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusian (Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña; helbide elektronikoa: dirección.general.presidencia@navarra.es).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzura eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 16an.-Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

ERANSKINA

Hilotzak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko protokoloaren zirriborroa

Lehenbizikoa.-Atariko ikerketen fasea.

Fase horren helburua da ahalik eta zehatzen jakitea desagertutako pertsona nor zen eta zer gertatu zitzaion, eta tokian tokiko testuinguru historikoa ezagutzea. Horretarako, historialari, dokumentalista, elkarrizketatzaile eta psikologoen laguntza jaso ahalko da.

1.-Jarduketak.

Ahaideen eta informazioa eman nahi duten pertsonen eskaerak abiapuntu izanen dira ikerketa prozesuari ekiteko. Horretarako, interesdunei argibideak eskatuko zaizkie: prozesuarekin zerikusia duten beren datu pertsonalak, desagertutako pertsonaren datuak, ehortzi zuten tokia, eguna eta inguruabarrak. Ahal dela, argazkiak, agiriak, objektuak eta bilaketarako beste datu jakingarri batzuk bilduko dira, informazio gehiago eman dezaketen pertsonekiko elkarrizketak barne.

Betiere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezartzen dituen baldintzak beteko dira, prozesuan parte hartzen dutenen datu pertsonalak direla eta.

Datu horiekin guztiekin "ante mortem" fitxa eginen da. Honakoak jarri beharko dira agiri horretan:

-Informazio-emailearen datu orokorrak.

-Desagertutako pertsonaren datuak (izena, sexua, adina, jaioteguna, jaiolekua, egoera zibila, ikasketak, lanbide edo ofizioa, ezaugarri fisikoak, patologiak, lesioak eta abar). Biktimaren nortasuna erakusten duten agiriak erantsiko dira, ahal bada.

-Nola desagertu zen pertsona (eguna, ordua, tokia, desagertu zenetik edo atzeman zutenetik hil eta ehortzi zuten egunera arte igarotako denbora) eta zer inguruabarretan (tokia, bakarrik edo taldean zegoen, lekukoak, arrazoiak, nora eraman zuten, nola egin zen bilaketa, eta abar).

-Bizirik eta laguntzeko prest dauden ahaideen datuak, gorpuzkiak identifikatzeko ADN analisiak egin litezkeen jakiteko.

Pertsonek emandako informazioari ikerketa historiko eta dokumentala (artxiboak, bibliografia etab.) gehitu behar zaio, testuinguru historikoaren eta gertaeren gaineko oinarrizko informazioa lortzeko.

2.-Txostena.

Goian aipatutako datu guztiak txosten batean jasoko dira. Gorpuzkiak ateratzeko eskatu nahi duenak egin eta sinatuko du txosten hori, eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio.

Txostena ikusirik, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak jarduketa bideragarria ote den ebaluatu beharko du, protokolo honetan ezarritako hurrengo faseak egiten jarraitzeko.

Bigarrena.-Gorpuzkiak atera eta ikertzeko fasea (landa lanak).

1.-Aurretiazko txostenak eta baimenak.

Gorpuzkiak atera nahi dituen entitateak edo administrazioak eginbehar hauek izanen ditu:

a) Aurretiazko txostena egitea hobiaren kokalekuari eta ezaugarriei buruz.

b) Gorpuzkiak ateratzeko esku-hartzearen proiektu bakarra egitea, bi fase bilduko dituena, lehenbizikoa, hobiaren inguruen prospekzioa kokaleku zehatzaren bila, eta bigarrena, indusketa; gerta liteke bi faseetako bat bakarrik jasotzea proiektuan, bigarrena geroratu nahi delako edo lehenbizikoa jada eginda dagoelako. Hona hemen proiektuaren edukia:

-Gorpuzkiak ateratzeko lanen eta planifikazioaren azalpena.

-Metodologia. Atal honetan, prospekzioa egin nahi bada, behaketa lanen eta/edo teledetekzio metodo geofisikoen erabileraren berri eman beharko da. Bai prospekzioaren kasuan bai indusketarenean, datuak eta dokumentazioa erregistratzeko eta materialak tratatu eta biltegiratzeko metodologia azalduko da. Prospekziorako teknikarik egokienak erabili beharko dira, nazioartean onartutako ikerketa-estandarrekin bat datozenak.

-Erabiliko diren langileak eta baliabideak. Esku-hartzea burutzeko aurreikusten den epea, eta lanen hasierako eguna.

-Esku-hartzearen memoria ekonomikoa eta aurreikusten den kostua.

c) Behar diren baimenak eskatzea:

1. Hildakoen ondorengo zuzenek edo horien legezko ordezkariek idatziz egindako aitorpena. Gorpuzkiak zein udalerritan dauden, hango toki entitateak, behar izanez gero, egin nahi den jardueraren berri emanen du bere iragarki oholean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean edo egunkari hedatuenetan, interesdun guztiek jakin dezaten. Ondorengo zuzenen bat edo ondorengoak ordezkatzen dituen entitateren bat gorpuzkiak ateratzearen kontra agertzen bada, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, auzia aztertu eta interesdun horiei entzun ondoren, lan guztiak egitea, lanetako batzuk soilik egitea edo bat ere ez egitea erabakiko du; azken kasu horretan, diru-laguntzarik onartu bada, geratzen den dirua ez da emanen.

2. Lursailetan sartzea prospekzioa egiteko eta gorpuzkiak atera eta identifikatzeko: lur publikoak badira, agintari eskudunek baimena emanen dute lurrak aldi baterako okupatzeko, betiere interes publikoko arrazoiren batek galarazten ez badu. Gorpuzkiak lur pribatuetan badaude, lurren gaineko eskubideen jabeei baimena eskatu beharko zaie, edo, hala behar denean, gorpuzkiak ateratzeko jarduketak onartzen dituen ebazpen judiziala eskuratu beharko da. Lurren okupazioa ahalik eta laburrena izanen da, prospekzio eta indusketa lanetarako ezinbestekoa dena soilik, eta nahitaezko desjabetzeari buruzko arauak beteko dira. Aldez aurretik beti entzunen zaie ukitutako eskubideen titularrei, haien alegazioak kontuan hartuko dira eta kalte-ordaina finkatuko da okupatzaileen kargura. Lurren okupazioari buruzko administrazio espedientea ebazten denean, jarduketak berriro jarriko dira abian.

3. Araudi sektoriala betetzeko behar diren baimenak; batez ere, erreferentzia gisa har daitezkeen prozedura arkeologikoetako teknikak aplikatzeari dagokionez (baimenak lortzea, materialen erregistroa, materialen tratamendua etab.), eta hilotzen gaineko osasun neurrien arloan. Kasu guztietan Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea - Kultura eta Turismo Departamentuaren baimena beharko da esku-hartze arkeologikoa (prospekzioa eta/edo indusketa) egiteko, une bakoitzean indarra duten erregelamenduzko baldintzen arabera. Esku-hartze arkeologikorako baimena jasoz gero, titularrak baimenaren baldintzei jarraituz burutu beharko ditu lanak, berreskuratzen diren ondasunen eta erregistrotik lortzen diren agirien inbentarioa eta gordailua egin beharko ditu, txostenak eta memoria zientifikoa aurkeztu, eta Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea - Kultura eta Turismo Departamentuari jardueraren ikuskapen teknikoak egiten utzi beharko dio; horrela dago ezarrita Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan. Hilotzak lurpetik ateratzeko esku-hartzea egiten den tokia babestuta baldin badago ondare historikoari buruzko legerian araututako figuraren baten bitartez, edo lanak egin bitartean ustekabean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, araudi sektorial horri jarraituz jokatuko da.

4. Behar diren udal baimenak, batez ere hirigintzakoak eta hilerrien eta hileta zerbitzuen arlokoak.

2.-Jarduketak.

Txostenen fasean indusketari ekitea justifikatzen bada, honela jokatuko da:

a) Plangintza: zuzendaritza, taldeko kideen identifikazioa, lanen banaketa, indusketa plana, behar diren materialak. Taldeko kideei dagokienez, teknikari hauetako batzuk edo guztiak jarriko dira lanean, hilotzak ateratzeko lanetarako beharrezkoak diren heinean:

-Arkeologoak: hilotzak ateratzeko lanetan aholku emanen dute, nekropoli eta ehorzte toki historikoetan erabilitako teknika eta metodoen aplikazioan duten esperientzia lagun, bateragarria baldin bada hilotzak ateratzeko lanen garapenarekin.

-Auzitegiko antropologian adituak: in situ ikerketa eginen dute, beharrezkoa denean, eta materialen lekualdaketa zainduko dute.

-Mediku tanatologoak: atera behar diren hilotzak hilerrian badaude.

-Historialariak.

Bestalde, hobia non dagoen eta zenbat hilotz bilatu eta atera nahi diren, horren arabera zehaztuko da zer material behar den. Nazioartean onartutako estandarren arabera indusketarako behar den ekipamendua eduki behar da. Komeni da tresna txikiak erabiltzea, hala nola palloteak, brotxak, egurrezko espatulak eta odontologiako tresnak. Baliabide mekanikoak salbuespenez erabiliko dira eta kasuz kasu justifikatuko dira arrazoiak.

b) Egindako lanen dokumentazioa. Ahal dela, teknika guztiak erabiliko dira: testua, marrazkia, argazkia eta bideoa. Lanean hasi aurretik eta lanak amaitutakoan argazkiak eginen dira. Jarduketen "egunkaria" ere eginen da. Bertan azalduko da zein teknikarik esku hartu duten, zenbat denboran aritu diren eta zein gorabehera gertatu den. Gorpuzkiak identifikatzen laguntzen duten datuak, edo hildakoei lotutako elementuak (gauza pertsonalak, oihal hondarrak, eta abar) edo gertaerei lotutakoak (munizio hondarrak eta zorroak, eta abar) aurkitzen direnean, tokian bertan dokumentatu beharko dira.

c) Indusketa. Fase honetako lanetan esku hartzen duten guztiei konfidentzialtasun konpromisoa eskatu beharko zaie, biktimen errespetua, hilotzen duintasuna eta ahaideen eskubideak babesteko. Ondare arkeologikoari buruzko araudian dauden xedapenak interpretazioz aplikatzen dira hilotzak ateratzeko prozeduretan, salbu eta legeak lehentasunez eta nahitaez aplikatu daitezela agintzen duen kasuetan. Prozedurok bat etorriko dira nazioartean onartuta dauden ikerketa-estandarrekin. Horretarako, bereziki garrantzitsua da ohar hauek kontuan hartzea:

-Kontuan hartu behar dira industeko prozeduraren oinarriak, hots, erreferentzia metrikoak, ateratze antolatua, lurra galbahetzea, laginak hartzea, lurra kentzea, zangaren profilak behatzea, lekua babestea, arrastoak biltzea, materiala in situ aztertzea, gorpuzkien tratamendua, eta abar.

-Funtsezkoa da segurtasun inguru balizatu eta babestua ezartzea gorpuzkien narriadura edo lapurreta ekiditeko. Baimena duten langileak bakarrik sartuko dira esparru horretan.

-Betiere kontu eta arreta handiz jokatuko da, ateratako materialak ongi kontserbatu daitezen eta hondatu ez daitezen.

d) Gorpuzkiak jaso eta zaintzea eta laginak ateratzea: auzitegiko antropologian adituek parte hartuko dute beti, eta zaintzaren katea bermatuko da, laginaren nondik norako guztiak jasorik uzteko, lagin bilketatik hasi eta lagina suntsitzen edo bere lekura itzultzen den arte. Adituek lagin adierazgarriak hautatuko dituzte gorpuzkiak identifikatzeko eta norenak diren zehazteko. Protokolo honen helburuetarako analisirik onena ahalbidetzen duten laginak hartuko dira. Horren berri emanen zaio agintaritza judizialari. Urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren 4. artikuluko I. multzoko gorpuzkiak hobitik ateratzeko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren baimena eskuratu behar da aldez aurretik. Gainerakoak, ezin badira eraman analisiak egiten dituen laborategira, udal hilerrira eramanen dira, Udalak adierazten duen tokira, edo aurkitu diren lekuan edukiko dira behar bezala babestuta eta erreferentzia jarrita. Zer egin hautatzeko, antropologian adituei kasu eginen zaie, Udalak edo Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen baliabideen arabera, eta betiere kontuan izanik gorpuzkiak identifikatu eta zaindu beharra. Hori horrela izanen da ez baldin badu agintaritza judizialak besterik xedatzen. Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatean hilotzen gaineko osasun neurriei buruz indarra duen araudiak eta kasu bakoitzean aplikatu behar den tokiko araudiak hilotzen lekualdaketaz eta kontserbazioaz xedatzen dutena beteko da.

e) Laginak garraiatzea: datuak jaso eta artxibatu beharko dira lagin bilketan, laginen kontserbazioan, garraioan, laborategira sartzean, analisia egin bitartean eta analisia egin ondoren. Laginak toxikologia institutuetara bidaltzen diren kasuetan, txostena, betiere, institutu horietara analizatzera bidaltzen diren laginak prestatu eta igortzeari buruzko arau indardunen arabera egin beharko da. Gainerako kasuetan arau horiek erreferentziatzat hartu ahalko dira laginen analisia egiteko, eta Auzitegiko Genetikaren Nazioarteko Sozietateak identifikazio genetikorako laginak bildu eta igortzeko emandako gomendioak ere bai. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren araudian gai horri buruz xedatutakoa ere aplikatuko da. Betiere, gorpuzkiak lekuz aldatu ahal izateko Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eta toki entitate eskudunaren baimena beharko da. Hilotzen gaineko osasun neurriei buruz indarra duen araudia eta tokiko araudia beteko dira. Hori horrela izanen da ez baldin badu agintaritza judizialak besterik xedatzen.

3.-Txostena.

Eskatzaileak txostena egin eta sinatuko du, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari aurkezteko. Departamentu horrek erabakiko du nola eman informazioa ahaideei.

Txosten horretan taldeko kideak, esleitutako egitekoak eta egindako lanak zehaztuko dira. Gutxieneko edukia honakoa izanen da:

a) Aurkitutako gorpuzkien deskripzioa eta inbentarioa.

b) Lurpetik ateratako gorpuzkien egoera.

c) Gorpuzkiak aurkitu direnetik destinora eraman arte ezarri diren babes eta kontserbazio neurriak; nor diren arduradunak; gorpuzkien kontserbazioari, enbalajeari eta gordailuari buruzko xehetasunak.

d) Planoak erantsiko dira, eta fitxa bat hilotz bakoitzeko, gorabehera antropologiko azpimarragarriekin.

e) Behar diren agiri grafikoak eta argazkiak erantsiko dira.

Hirugarrena.-Auzitegiko adituen ikerketaren fasea (laborategiko lanak).

1.-Jarduketak.

a) Fase honetan hezurrak eta gainerako arrastoak laborategian aztertuko dira xede hauetarako:

1. Identifikazioa. Heriotzaren diagnostikoa.

2. Auzitegiko medikuntzako etiologia. Heriotza noiz gertatu zen zehaztea.

3. Heriotzaren inguruabarrak.

b) Aurkikuntzen garrantziagatik beharrezkoa izanez gero, ahal den heinean eta inguruabarrak eta baliabideak kontuan izanik, honako aditu hauek esku hartuko dute:

-Auzitegiko antropologiako aditua (antropologo fisikoa).

-Auzitegiko biologoa (genetikan aditua).

-Auzitegiko patologoa (Auzitegiko Medikuntzako mediku espezialista).

-Auzitegiko odontologoa.

c) Jarduketa hauek eginen dira:

-Jarduketak eta emaitzak dokumentatzea.

-Gorpuzkiak prestatzea: adibidez, erradiografiak egitea, errotuluak egitea eta hondatutako materiala konpontzea.

-Identifikazio berreraikitzailea: giza hondakinak ala animalienak diren, zenbat pertsonaren gorpuzkiak dauden laginean, adina, sexua, jatorrizko biztanleria, luzera, eta abar.

-Konparaziozko identifikazioa: pisua, pre, peri eta post mortem lesioak, beste anomalia batzuk, aurpegiera, eta, behar izanez gero, aztarna genetikoa, aurreko metodoek emaitzarik izan ez badute eta, betiere, erreferentzia gisa erabil daitezkeen ahaideen laginak aski badira.

-Gorpuzkien kontserbazioa.

Jarduketa horietan prozedura normalizatuak erabiliko dira, eta gaitasuna eta neutraltasuna egiaztatuta dituzten erakundeek onartutako zehaztapenei jarraituko zaie.

2.-Auzitegiko adituen txostenak.

Laborategiko identifikazioan parte hartzen duten espezialitateetako (antropologia, genetika, histopatologia...) txosten bana eginen da. Ante mortem fitxan jasotako informazioa eta gorpuzkiak ateratzeko indusketari buruzko txostenean jasotakoa kontuan hartu beharko dira txosten horiek egiteko.

Txostenek eduki hau izan behar dute:

-Aurkitutako pertsona deskribatuko da, dagoen moduan edo egoeran. Ahal bada, pertsonaren identifikazio zehatza emanen da, auzitegiko antropologo batek egiaztatua.

-Adituek egindako eragiketa guztien eta emaitzen zerrenda xehakatua.

-Adituek beren lanbidearen printzipio eta arauei jarraituz datu horietatik atera dituzten ondorioak.

Fase honetako lanak eta emaitzak lotuta egonen dira datuak babesteko arauei, ukitutakoen intimitaterako, ohorerako eta norberaren irudirako eskubideei eta biktimen memoriaren eta duintasunaren errespetuari.

Txosten horien guztien edukia kontuan harturik, jardueraren zuzendariak txostena egin eta sinatuko du, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari aurkeztuko. Departamentu horrek erabakiko du nola eman informazioa ahaideei.

Laugarrena.-Azken txostenaren fasea.

Txosten zabala egin beharko da, prozeduran parte hartutako espezialista guztien txostenak bere baitan bilduko dituena.

Eskatzaileak txosten hori Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari igorriko dio. Esku-hartzeekin zerikusia duten txosten, albiste, artikulu eta argazkien tratamendua eta zabalkundea nola eginen diren zehazteko orduan, Departamentuak kontuan hartuko du ahaideen iritzia.

Txostenaren emaitzak hilobien mapari erantsiko dizkio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak.

Bosgarrena.-Gorpuzkien azken destinoaren fasea.

Gorpuzkiak aztertu eta identifikatu ondoren, emaitzen arabera, eta ebazpen judizialen batek besterik erabaki ezean, honela jokatuko da:

1. Identifikatutakoak: ahaideek nahi dutena eginen da.

2. Identifikatu gabeak: hobia dagoen herriko hilerri baimenduan ehortziko dira, edo administrazio eskudunak baimendutako lekuan, behin Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak txostena egindakoan, eta Nafarroako Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ehorzketei buruz ezarritakoa betez. Kutxa egokienak erabiliko dira, kontserbazio eta tratamenduko teknikarien jarraibideak kontuan hartuz. Pertsona bakoitza bereiz ehortziko da, hilotza non egon den jakiteko identifikazioa egin eta gero. Aurkitzen diren gauza pertsonalak, etorkizuneko identifikazioen ondorioz ahaideek eskatu arte, Nafarroako Vianako Printzea Erakundea - Kultura eta Turismo Departamentuak zainduko ditu bere arkeologia biltegietan, eta haiekin batera lagin bat gordeko du, etorkizunean identifikaziorako ADN analisiak egin ahal izan daitezen hilotza berriro atera beharrik izan gabe.

Iragarkiaren kodea: F1108805