102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako zerbitzu eta jarduerak bateratzen dituena.

Apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez sortutako Nafarroako Ospitaleguneak aldaketa garrantzitsua eragin zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza espezializatuaren antolaketan. Ospitalegunea eriari kalitatezko arreta emateko sortu zen, eta aldi berean, garapen profesionala eta profesionalen kudeaketan ahalik eta trebakuntza zein inplikazio handiena lortzeko. Aldaketa handi horiek aurrera eramateko zenbait estrategia daude, besteak beste, zuzendaritza egitura komunak ezartzea, bikoiztutako zerbitzuak elkartzea, zirkuituak, prozedurak eta protokoloak bateratzea edo prozesu bidezko antolaketa.

Nafarroako Ospitalegunean sartuta daude Hematologia eta Hemoterapiako "A" Zerbitzua, Hematologia eta Hemoterapiako "B" Zerbitzua eta "C" zentroko hematologiako jarduerak.

Hematologia eta Hemoterapiako aipatu zerbitzuak, gaur egun, independenteak dira, autonomia dute zeinek bere zentroan, eta osasun laguntza, ikerketa eta irakaskuntza lana egiten dute.

Hematologia eta Hemoterapiako "A" Zerbitzuak baditu hematologia orokorreko, hemostasiako eta koagulazioko laborategi oso bat, fluxuko zitometriako unitatea, odol transfusioko zerbitzua, ospitalizazioko unitate independentea, eguneko ospitalea, onkologia medikoarekin partekatua, kanpoko kontsultak eta progenitore hemopoietikoak transplantatzeko unitatea, isolatze gela, aferesi unitatea eta terapia zelularreko laborategia barne. Hematologia eta Hemoterapiako "B" Zerbitzuak baditu hematologia orokorreko, hemostasiako eta koagulazioko laborategi oso bat, odol transfusioko zerbitzua, ospitalizazioko unitate independentea, hematologiako eguneko ospitalea eta kanpoko kontsultak. Bi zerbitzuek beren instalazioak dituzte. Gainera, hematologo bat aritzen da Nafarroako Ospitaleguneko "C" zentroan, espezialitate horretako hainbat jarduera burutuz.

Foru agindu honek dauden baliabideak bateratzea bilatzen du, egitura bakar bat ezarriz Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuarentzat, non espezialitateko aipatu alderdi guztiak integratuko baitira Hematologia Klinikoan, Hematologia Diagnostikoan eta Hemoterapian, eta toki bakar batean. Beraz, bateratze horrekin Hematologia eta Hemoterapiako bi zerbitzuen zorroari eutsi nahi zaio prestazioen kopurua murriztu gabe.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru aginduaren xedea.

Nafarroako Ospitaleguneko Hematologiako eta Hemoterapiako zerbitzu eta jarduerak bateratzea du xede foru agindu honek.

2. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuko burua.

Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako "A" Zerbitzuko burua, hemendik aurrera, Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuko burua izanen da, eta bere gain hartuko ditu, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari medikoaren mende, gaur egun Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako "A" Zerbitzuari, Hematologia eta Hemoterapiako "B" Zerbitzuari eta "C" zentroko hematologiako jarduerei atxikitako medikuen eta ekipamenduaren zuzendaritza eta kudeaketa.

3. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuaren eginkizuna, helburua eta balioak.

3.1. Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuaren eginkizuna osasun laguntza espezializatua ematea da hematologiaren alderdi guztietan (unibertsala, integrala eta pertsonalizatua), larrialdietan, anbulatorioan eta ospitalizazioan. Orobat, kalitate frogatuko zerbitzuak ematea, berdintasun eta eragimen irizpideekin, ziurtasun zientifikoan oinarritutako laguntza garatuz, praktika klinikoaren aldagarritasuna murriztuz, ikerketa zientifikoa bultzatuz, gradu aurreko eta ondoko irakaskuntzan eraginez eta herritarren nahiak, ospitalearen baliabideak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun politika kontuan hartuta.

3.2. Eriek eta Nafarroako gizarteak arlo zientifikoan kalitateko zerbitzu gisa onartua izatea da Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuaren helburua, osasun laguntzako prozesuak etengabe hobetuz, osasun laguntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren bikaintasunean oinarrituta, profesionaltasunean eta teknikan haziz, dauden baliabideei egokituz, Tuterako eta Lizarrako Osasun Barrutiekin koordinatuz eta erreferentziako zerbitzua izanik bai osasun eskualdean bai nazioan zein nazioartean.

3.3. Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuaren balioak eriarengana eta talde lanera daude zuzenduta, baita berrikuntza teknologikora ere, eta bokazioan, konpromiso etikoan eta dedikazioan, gaitasun profesionalean, esperientzian, giza kalitatean eta talde lanean, eriaren eta bere hurbilekoen sinesmen eta erabakienganako errespetuan daude oinarrituta, osasun laguntzaren bikaintasuna eta etengabeko hobekuntza bilatuz, osasun sistema publikoarekiko konpromisoan, hobetu eta berritzeko gogoan eta baliabideak eta berrikuntza teknologikoa modu egokian erabiliz.

4. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuaren eginkizun eta jarduerak.

Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuak eginkizun eta jarduera hauek garatuko ditu:

4.1. Osasun laguntzaren ikuspegitik:

a) Morfologia eta biologia hematologikoak aztertzea. Odol periferikoa, hezur muina, gongoil linfatikoak, barea eta hemopatia on eta gaiztoen ondoriozko beste tumor batzuk aztertzen dira.

b) Hematologia Klinikoa. Eriari arreta integrala ematea da hura ospitalizatuta, kanpoko kontsultan, eguneko ospitalean eta larrialdietan. Osasun laguntzan anamnesiak egitea, azterketa fisikoa, eta erien diagnostiko, pronostiko eta tratamendurako probak agindu, gauzatu eta interpretatzea sartzen dira. Orobat, garrantzi berezia ematen zaio eriak eta familiak jaso beharreko informazioari, baita alderdi etikoei ere.

c) Hemostasia eta tronbosia. Hemorragiez eta tronbosiz jotako eriaren arreta integrala da, bai ikuspegi klinikotik, hura ospitalizatuta, kanpoko kontsultan edo interkontsultan, bai laborategian.

d) Transfusioko medikuntza eta immunohematologia. Hematieen, plaketen, plasmaren eta plasmaren beste gai eratorri batzuen transfusioa sartzen da, baita erien jarraipena eta hemozaintza ere. Immunohematologiak odoleko zelulen antigenoak eta dagozkien antigorputzak atzematen ditu.

e) Progenitore hematopoietikoen transplantea. Honako hauek sartzen dira: transplante aurreko probak, baimen informatua, progenitore hematopoietikoak mobilizatu, lortu eta hotzean zaintzea, egokitzapen tratamendua, progenitoreak sartzea, transplante ondoko jarraipena, mentuaren froga, arazo goiztiar eta berantiarrak maneiatzea, berriz eritzea aurreikusi eta transplante ondoko kontrolak.

4.2. Irakaskuntzaren ikuspegitik:

a) Irakaskuntzarako bokazioa bultzatu eta hedatzea, Medikuntza Fakultateko ikasleen gradu aurreko irakaskuntza barne, haiek klinikan, laborategian eta Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuan txandakatuz; orobat, Erizaintza Eskolako ikasleekin ere.

b) Gradu ondoko irakaskuntza: Hematologia espezialitateko barruko mediku egoiliarrak prestatzea, baita beste espezialitate batzuetakoak ere (Barne Medikuntza, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, Analisi Klinikoak, Pediatria, Familia Medikuntza eta Medikuntza Komunitarioa).

c) Prestakuntza eta hobekuntzarako egonaldien programa bultzatzea Hematologia Arloko fakultatiboentzat nazioko zein atzerriko beste zentro eta ospitaletan.

d) Hematologian eguneratzeko ikastaro eta jardunaldietan parte hartzea.

4.3. Ikerketaren ikuspegitik, Nafarroako Ospitaleko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuak bere ikerketa lerroak izanen ditu. Ikerketa translazionala zein klinikoa eginen da, eta Zerbitzuko kideek denbora babestua izanen dute ikerketa programak garatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Izen aldaketa.

Hematologia eta Hemoterapiako "A" Zerbitzuko buru izatetik Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuko buru izatera izenean egiten den aldaketak ez dakar halakorik hasierako izendapenari lotutako baldintzetan.

Bigarren xedapen gehigarria.-Genero berdintasuna.

Zenbait lanpostu edo karguri buruz ari denean foru agindu honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek emakumezkoek ala gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Azken xedapenetako lehena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 9an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1109045