102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2011 FORU DEKRETUA, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Aisiaren kulturak gure gizartean hartu duen garrantziaren eraginez, azken urteotan ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak antolatzeko jarduera bizia finkatuz joan da eta, ostalaritzaren eta girotze musikalaren arloetan bereziki, jarduera iraunkorren eskaintza zabala sortu da.

Aisiako lokalek arrakasta handia dute eta aisiarako aukera desberdinak lehenesten dira ordu-tarte bakoitzean, egunez eta, batez ere, gauez. Hala, bizikidetza eta gizarte komunikazioko fenomeno berezi batean, establezimenduen arteko joan-etorriak, haietara sartzen diren edo sartzen saiatzen diren pertsonen kopuru handia eta inguruetan pilatzen den jendetza nabarmentzen dira.

Ongi pasatu nahi dutenen aisia eta atseden hartu nahi duten pertsonek behar duten atsedena bateratu beharra sortu da. Establezimendu horietako jarduerak normaltasunez eta bakean egitea ere ahalbidetu behar da. Horretarako aurrez ikusi behar da zer nolako inguruabar edo egoerek ekar dezaketen biztanleriako talde ahulenen eskubideen urratzea edo babesik eza eta noiz sor daitekeen herritarren segurtasuna kolokan jartzeko arriskua.

Foru dekretu honek Nafarroako Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen xedapenak garatzen ditu, enpresa antolatzaileei, enpresa horien langileei eta jardueretara biltzen den jendeari dagokienez. Establezimenduetara sartzeko eskubidearen mugak zehazten ditu, sartzeko edo barnean egoteko debekuen kausak ezartzen ditu, enpresaburuei bezeroen onarpenerako zenbait baldintza finkatzeko aukera ematen die, jardueraren kontrol eraginkorraren ardura ematen die, Segurtasun Kidego eta Indarrek herritarren segurtasunaren arloan dituzten eginkizunak ukatu gabe; herritarrei erreklamatzeko bideak ematen dizkie, eta onarpen zerbitzuetako langileen betekizunak, aginpideak, prestakuntza, baimentzea eta identifikazioa arautzen ditu.

Onarpenerako baldintzei dagokienez, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean aurreikusitakoak hemen zehaztu egiten dira, eta arau horren 10. artikuluak enpresaburuei emandako eskumena garatzen da, alegia, establezimendura sartu nahi dutenek nahitaez bete beharreko baldintza batzuk finkatu eta aditzera emateko eskumena. Enpresak ezartzen ahal dituen baldintzen zerrenda irekia ematen da adibide gisa, eta zenbait establezimendutan sartu ahal izateko gutxieneko adina 18 urtera igotzea da baldintza horietako bat. Beste administrazio publiko batzuek ere aukera bera ezarri dute. 2/1989 Foru Legeak 10. artikuluko 5. idatz-zatian dio 16 urtetik beherakoei ez zaiela utziko dantzaleku, diskoteka eta antzeko establezimenduetan sartzen, eta Adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legeak, aldiz, edari alkoholdunak 18 urtetik beherako pertsonei saldu, eman edo zerbitzatzea galarazten du. Horren arabera, 16 urtetik gorakoek badute aipatutako establezimenduetara sartzea, ez baldin bada adin muga gorago jartzen, baina, alkohola kontsumitzen den giroan murgilduta egon arren, ezin zaie edari alkoholdunik zerbitzatu 18 urte betetzen dituzten arte. Egoera horretan zaila da adingabeen alkohol kontsumoa kontrolatzea, eta sortu diren arazo praktikoei erantzunez establezimendu askotan enpresaburuek sarrera debekatu diete 18 urtetik beherakoei. Horregatik, eta martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak 16 urtetik beherakoei ezartzen dien debekua 18 urte bete arte luzatzeko inolako oztoporik ez dagoenez, foru dekretu honek bide formala eskaintzen du enpresaburuek neurri hori ezarri ahal dezaten dantzaleku, diskoteka, kafe-ikuskizun eta taberna berezietan, eta bermatu egiten ditu bai neurriaren legezkotasuna eta bai haren publizitatearen beharra ere.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 2ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko establezimendu edo lokal baimenduetan egiten diren aisia edo josteta jardueretan sartu eta egoteko eta, oro har, haietara joateko baldintzak arautzea eta, halaber, kontrolean diharduten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzea, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean ezarritakoaren esparruan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu hau aplikatuko zaie martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean araututako ikuskizun eta josteta jarduerei eta enpresa antolatzaileei, halako jarduerak egiten diren Nafarroako Foru Komunitateko establezimenduei, haien zerbitzuko langileei eta haietara sartzen den edo sartu nahi duen jendeari.

2. Establezimenduak, foru dekretu honen ondorioetarako, ikuskizun edo jarduera horiek egiten diren barruti, lokal eta instalazioak dira, behin-behinekoak nahiz iraunkorrak.

II. KAPITULUA

Ikuskizun eta josteta jardueretara joatea

1. ATALA

Ikuskizun eta josteta jardueretan sartzeko eta egoteko mugak

3. artikulua. Ikuskizun eta josteta jardueretan sartzeko debekua.

1. Ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak egiten diren establezimenduetara sartzea debekatuko zaie:

a) Sartzeko titulu baliodunik gabe sartzen saiatzen direnei, titulu hori eskatzen ahal den kasuetan.

b) Enpresak ezarritako eta aditzera emandako onarpen baldintzak betetzen ez dituztenei.

c) Hamasei urtetik beherakoei, edo 18 urtetik beherakoei, enpresa antolatzaileak, 4. artikuluko 2.a) letran ezarritakoari jarraikiz, gutxieneko adin hori jartzen badu onarpenerako baldintzen artean, dantzaleku, diskoteka, kafe-ikuskizun eta taberna berezietan egiten diren ikuskizun edo jardueretarako.

d) Hamasei urtetik beherakoei, gainerako kasuetan, foru dekretu honetan aurreikusitako ikuskizun edo josteta jarduerak gauez egiten direnean, salbu eta adin nagusikoek laguntzen badiete eta haiek babestearen erantzukizuna beren gain hartzen badute.

e) Hamalau urtetik beherakoei, gazteentzako diskoteketan.

f) Armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuak edo ondorio berak sor ditzaketenak aldean daramatzatenei, salbu eta beren eginkizunetan ari diren segurtasun pribatuko kideei eta Segurtasun Indar eta Gorputzetako kideei.

g) Lehergailuak, gai sukoiak, ke-sortzaileak edo korrosiboak, edo bildutako jendearen segurtasuna eta osotasun fisikoa arriskuan jar ditzaketen bestelako produktuak sartzen saiatzen direnei.

h) Indarkeriara bultzatzen ahal duten jantziak, ikurrak, pankartak edo bestelako elementuak aldean daramatzatenei, edo pertsona nahiz talderen bat mehatxatuta, irainduta edo umiliatuta sentiaraz dezaketenak, bere jatorria, arraza edo etnia, erlijioa, pentsaera, adina, sexua edo sexu joera, ezgaitasuna edo bestelako inguruabarrak direla eta.

i) Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legearen arabera establezimenduei aplikatu behar zaizkion xedapenak urratzen dituztenei.

2. Establezimenduetan sartzea debekatuko da, halaber, sartu nahi duenaren inguruabarrak ikusita, zentzuzko arrazoiak badaude uste izateko jardueren ohiko martxa eragotziko duela, edo ordena eta herritarren segurtasuna urratu, edo jendeari horrelako ondorioak izanen lituzketen erreakzioak eraginen dizkiola.

4. artikulua. Enpresa antolatzaileek ezarritako onarpen baldintzak.

1. Ikuskizun publiko eta josteta jardueretako enpresaburuek, beren jarduera ekonomikoa egoki bideratzeko edo beren ikuskizun eta jardueretan ordena eta bakea izateko, beste xede batzuen artean, establezimenduetan bezeroak onartzeko beste baldintza batzuk ezarri ahalko dituzte, betiere baldintza objektiboak, bereizkeriarik gabekoak eta establezimenduan sartu nahi duten guztiei berdin aplikatzekoak, eta sekula ere ez pertsonen duintasunari kalte egin edo funtsezko eskubideak urratzen dituztenak.

2. Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresek honelako baldintzak ezartzen ahal dituzte, besteak beste:

a) Dantzaleku, diskoteka, kafe-ikuskizun eta taberna berezietan sarrera debekatzea 18 urtetik beherakoei.

b) Janzkera, arropa eta oinetako mota jakinak ezartzea, betiere marka komertzialik zehaztu gabe.

c) Animaliekin datozen pertsonei sarrera galaraztea, salbu eta zakur gidariekin datozen ikusmen urriko pertsonei.

d) Establezimenduak eskaintzen dituen ondasun edo zerbitzuak kontsumitu behar izatea haren instalazioak edo altzariak erabili ahal izateko.

e) Establezimenduaren barnean kontsumitzeko janari edo edariak dakartzaten pertsonei sarrera galaraztea.

f) Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legearen xedapenak bete beharra ukatu gabe, erretzeko debekua ezartzea.

g) Argazki kamerak, bideo grabagailuak edo soinu grabagailuak establezimenduaren barnean erabiltzeko debekua.

3. Ikuskizunak edo josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresek ezarritako onarpen baldintzak ikusgai jarri beharko dira establezimenduko txarteldegi eta sarreretan, eta barnealdean ere errepikatu ahalko dira, baita ikuskizun edo jardueraren publizitate edo propagandan eta, halakorik bada, gonbidapen edo sarrera txarteletan ere.

4. Bezeroak ezin izanen dira ikuskizun publiko edo josteta jarduerak egiten diren lokalean sartu enpresak jendaurrean aditzera emandako onarpen baldintzak bete gabe.

5. artikulua. Lokaletan egoteko debekuak.

Ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak egiten diren establezimenduetan egotea galaraziko zaie, halaber, haien barnean droga toxiko, sorgorgarri edo substantzia psikotropikoen trafikoan aritzen direnei, ikuskizun edo jardueren ohiko martxa eta bakea eragozten dituztenei, eta 3. artikuluko 1. idatz-zatian azaldutako inguruabarren bat edo foru dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoaren babesean enpresa antolatzaileak ezarritako inguruabarren bat agertzen dutenei.

2. ATALA

Zaintza eta aurrea hartzeko jarduketak

6. artikulua. Zaintzeko betebeharrak.

Establezimendu baimendunetan egiten diren ikuskizun eta josteta jardueren ordena eta bakea zaintzeko eta gerta litezkeen gatazkei aurrea hartzeko, enpresa antolatzaileek behar adinako arreta eta ardura izanen dute, bai eta helburu hori lortzeko egokitzat jotzen dituzten langileak eta baliabideak ere.

7. artikulua. Aurrea hartzeko jarduketak.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa bete dadin, establezimenduko langileek sarrera galarazi ahalko diete foru dekretu honetan sarrera debekatzeko kausatzat azaltzen diren inguruabarretako edozein agertzen dutenei.

2. Halaber, deusetan ukatu gabe arazoa onean konpontzeko aukera, establezimenduko zuzendari edo arduradunak eta langileek kanpora bota ahalko dituzte foru dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako debeku-kausaren bat dutenak.

3. Ezertan ukatu gabe foru dekretu honen 14. artikuluan ezarritakoa, establezimenduko langileek inoiz ere ez dute zilegi izanen Segurtasun Kidego eta Indarrei eta segurtasun pribatuari erreserbatutako hertsatze bideak erabiltzea.

8. artikulua. Bermeak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresek beren establezimenduetan erreklamazio orriak izanen dituzte kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura.

2. Erreklamazioak ezarri eta arautzeari eta arau-hausteak zehatzeari dagokionez, martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretua aplikatuko da, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazio orriak arautzen dituena.

III. KAPITULUA

Establezimenduetan sartu eta egotearen kontrola

1. ATALA

Onarpen zerbitzua eta kontrol langileak

9. artikulua. Onarpen zerbitzua.

Zazpigarren artikuluan ezarritakoa gorabehera, onarpen zerbitzua (aplikatu beharreko araudi sektorialaren aginduz ezarritakoa nahiz borondatezkoa) duten establezimenduek, harrera lekuan edo lekuetan, bezeroak onartzeko ezarritako baldintzak nola betetzen diren kontrolatzeko beharrezkoak diren antolaketa eta baliabideak izanen dituzte.

10. artikulua. Kontrol langileak.

Ondorio beretarako, kontrol langiletzat hau joko da: ikuskizun edo jarduerak antolatzen dituen enpresaren mendean arituz establezimenduetan bezeroak onartzen dituena eta haien sarrera kontrolatzen duena, baita egonaldia ere, ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak dirauen bitartean (bestelako lanak ere egin ditzake).

11. artikulua. Baldintzak.

Bezeroen sarrera eta egonaldia kontrolatzen dituzten langileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Espainiako edo Europar Batasuneko beste herrialde bateko nazionalitatea izatea, edo, bestela, egoitza eta lan baimen egokia izatea.

c) Ez izatea zigor aurrekaririk honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, pertsonen askatasunaren aurkako delituak, sexu askatasunaren aurkakoak, osasun publikoaren aurkakoak, ondarearen aurkakoak, ordena sozioekonomikoaren aurkakoak, edo faltsutze delitua.

d) Berariazko probak gainditzea Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Eskolan edo hark baimendutako entitateren batean. Proba horietan test psikologikoa eginen zaie eta beren eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruzko ezagutzaren testa ere eginen dute, foru dekretu honen eranskineko egitaraua erabiliz.

12. artikulua. Eginkizunak.

1. Kontrol langileek ondoko eginkizunak bete ahalko dituzte:

a) Pertsonen sarrera kontrolatzea establezimenduan (ibilgailuen aparkalekua barne, mugatuta eta establezimenduaren esparruan sartuta baldin badago), ordenaz eta bakez sar daitezen, ikuskizun edo josteta jarduerari traba egin gabe.

b) Ezgaitasunak dituzten pertsonei establezimenduan sartzen laguntzea.

c) Establezimenduan sartu nahi dutenek sarrera txartela edo sarrera titulu balioduna badutela kontrolatzea.

d) Lokalean sartu nahi duten pertsonen adina egiaztatzea, hala behar denean.

e) Sarrera debekatzeko bestelako arrazoirik ez dagoela egiaztatzea (foru dekretu honen 3. artikuluan zehaztutako arrazoiak, edo foru dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoaren babesean enpresak ezarritakoak, halakorik bada).

f) Zerbitzu guneetan eta gune erreserbatuetan jendearen joan-etorria kontrolatzea.

g) Ate biko atarte akustikoen funtzionamendua zaintzea.

h) Lokalaren barnean zerbitzatzen diren edariak bertan kontsumitu daitezen eta inoiz ere kanpora atera ez daitezen begiratzea.

i) Baimendutako jende kopurua gainditu ez dadin kontrolatzea une oro.

j) Lokala ixteko ordutik aurrera jendeari sarrera eragoztea.

k) Establezimendurako sarrera galaraztea 3. artikuluko 1. idatz-zatian azaldutako inguruabarrak edo enpresa antolatzaileak foru dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarritakoak dituztenei, eta establezimenduko zuzendari, arduradun edo langileei laguntzea pertsonak kanporatzen, norbaitek bertako jardueren ordena edo ohiko martxa eragozten badu edota foru dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako debeku-kausaren bat duela ikusten bada.

l) Erreklamazio orriak ematea, norbaitek eskatzen baditu, establezimenduan sartzeko baldintzak edo bezeroak onartzeko eskubidearen erabilera indarra duen araudian ezarritakoaren kontrakoak direla iritzita.

m) Establezimenduko sarreretan edo barnean istilurik gertatzen bada, berehala jakinaraztea zaintzaileei, halakorik bada, eta Segurtasun Indar eta Kidegoei, eta, behar izanez gero, esku har dezatela eskatzea, deusetan ukatu gabe kontrol langileak berak larrialdietan pertsona eta ondasunen osotasun fisikoa zaintzeko egin ditzakeen jarduketak.

n) Larrialdiei aurre egiten eta, behar izanez gero, establezimendua husten laguntzea.

ñ) Indarra duen araudian ezarritako erregelamenduzko ikuskapen edo kontrolak egin daitezen onartzea eta haietan laguntzea.

2. Kontrol langileek eta, oro har, ikuskizun publiko eta josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresen mendeko langile guztiek, foru dekretu honetan aipatutako eginkizunak bakarrik bete ahalko dituzte. Inoiz ere ezin izanen dituzte beren gain hartu indarra duten xedapenek arlo honetan Segurtasun Indar eta Kidegoei edo segurtasun pribatuko enpresa eta langileei egozten dizkieten eginkizunak.

13. artikulua. Eginkizunetan aritzea.

Enpresa antolatzailearen mendean sarrera kontrolatzen duten langileek, sarrerako kontrolik baldin bada, eta establezimenduan egiten diren jardueren zerbitzuan lan egiten dutenek, noiznahi eskatu ahalko diete bezeroei nortasun agiri nazionala, pasaportea edo agiri baliokidea erakusteko (sekula ere ezin izanen dituzte agiri horiek atxiki) helburu hauetarako:

a) Adina dela eta establezimenduan sartu edo egoteko debekua dutenak identifikatzeko.

b) Edari alkoholdunak zerbitzatu, tabakoa, tabako-produktuak, tabako-gaiak edo imitazioak saldu, edo tabako makinak erabiltzen utz diezaietela eskatzen duten pertsonak 18 urtetik beherakoei halako produktuak saldu edo zerbitzatzeko debekuaren pean ote dauden jakiteko. Alkoholaren debekua Adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legearen 1. artikuluan dago, eta tabakoarena, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen 19. artikuluan eta, halaber, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legearen 3. artikuluko 2. idatz-zatian.

14. artikulua. Bortxa eta indarra erabiltzeko debekua.

Kontrol langileei inoiz ere ez zaie onartuko bortxa eta indarra erabiltzea, baina defentsa legitimorako eskubidea erabili ahalko dute zigor antolamenduan ezarritako baldintza eta mugekin.

15. artikulua. Sarrerako kontroleko langileen gaikuntza.

1. Sarrerako kontrolean aritu ahal izateko, foru dekretu honen 11. artikuluko a), b) eta c) letretan ezarritako baldintzak bete beharko dira eta artikulu bereko d) letran aurreikusitako probak gainditu izanaren ziurtagiria eduki beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Eskolan edo hark baimendutako entitate batean jasoa.

2. Ziurtagiri horrek bost urteko indarraldia izanen du, egiten den unetik hasita, eta hura berritzeko, 11. artikuluko b), c) eta d) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatu beharko da berriro ere.

16. artikulua. Sarrerako kontroleko langileen gaikuntza eta identifikazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen departamentuak gaituko ditu kontrol langileak. Langile horiek beti eramanen dute agerian departamentu horrek emandako ezaugarria.

17. artikulua. Gaikuntzaren amaiera.

Kontrol langile gisa aritzeko gaikuntza amaitu eginen da titularrak berariaz uko egiten badio edo, interesdunari entzun ondoren, ezeztatzen bada, hura emateko baldintzetako baten bat betetzeari utzi zaiolako.

2. ATALA

Zaintza zerbitzuak

18. artikulua. Segurtasun pribatuko langileak eta segurtasun sistemak.

1. Aurreko guztia deusetan galarazi gabe, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresek, nahi badute eta komenigarri iruditzen zaien neurrian, zaintza eta babes zerbitzuak kontratatu ahal izanen dituzte, eta segurtasunerako instalazio, aparatu edo sistemak eduki. Betiere, Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legean, hura garatzen duen erregelamenduan eta hura osatu edo garatzen duten gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa bete beharko dute.

2. Horrez gain, ikuskizun publiko edo josteta jardueretarako administrazio baimenak emateko eskumena duten administrazio publikoek, jende asko bilduko dela aurreikusten den kasuetan, segurtasun eta zaintza zerbitzuak erabil daitezela eskatu ahalko dute baimena emateko baldintzetan. Zerbitzu horien kontratazioan ere artikulu honetako goiko atalean aipatutako segurtasun antolamenduko arauak beteko dira.

IV. KAPITULUA

Zehapen araubidea

19. artikulua. Zehapen araubidea.

Foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean xedatutakoari jarraituz zehatuko dira.

20. artikulua. Arau-hauste larriak eta oso larriak.

Aurreko artikuluan xedatutakoari dagokionez, arau-hauste oso larritzat eta larritzat hartuko dira Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 22. eta 23. artikuluetan, hurrenez hurren, sailkatutako ekintzak eta omisioak.

21. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Bezeroen sarrera eta egonaldia kontrolatzeko eginkizunetan gaizki aritzea, betiere horrek ez badu bide ematen lokaleko ordena asaldatzeko ikuskizuna edo josteta jarduera egiten ari den bitartean, edo larritzat edo oso larritzat sailkatutako beste arau-hausteren bat egiteko.

b) Establezimenduko ikuskizunak eta josteta jarduerak ordenaz eta bakez egin daitezen zaindu eta begiratzeko eginbeharra ez betetzea edo lan horretan behar bezalako ardura ez izatea.

c) Ikuskizun eta josteta jarduerak egiten diren establezimenduetara sartzea, sarrera debekatua izanda.

d) Foru dekretu honetan aurreikusitako kasuetan kontrol langileen aurrean identifikatu nahi ez izatea.

e) Oro har, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean, foru dekretu honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako betekizunak edo debekuak ez betetzea dakarten ekintza eta omisioak, ez baldin badaude arau-hauste larritzat edo oso larritzat sailkatuta.

22. artikulua. Prozedura.

Zehapen prozedura Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean xedatutakoaren bidez arautuko da, eta, lege horretan aurreikusi gabeko orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Arauaren bidez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.-IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) eta prozeduren telematizazioa gehitzea.

Foru dekretu honen 8. artikuluan jasotako prozedura errazte aldera, kudeaketa telematizatua ezarriko da salaketa eta erreklamazio prozeduren tramitazioan eta, oro har, sektoreak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin dituen harremanetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.-Araubide iragankorra.

1. Foru dekretu honen 16. artikuluan aurreikusten da kontrol eta laguntzako langile izateko gaikuntza agiriak eta identifikaziorako ezaugarriak emanen zaizkiela horretarako baldintzak betetzen dituzten langileei. Hori deusetan ukatu gabe, bi urteko trantsizio epea izanen da, foru dekretu honen 11. artikuluko d) letran aipatutako probetarako lehenbiziko deialdia argitaratzen den egunetik hasita, zeinean jendearen sarrera eta egonaldia kontrolatzen dituzten langileei ezin izanen baitzaie eskatu 11. artikuluan bertan ezartzen zaizkien baldintzak betetzeko.

2. Trantsizio epe horretan hiru deialdi egin beharko dira, gutxienez, aurreko idatz-zatian aipatutako probak gainditu izanaren ziurtagiria lortzeko azterketetarako.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Sarrerako kontrol langileei baimena emateko ezagutza-proben egitaraua

-Espainiako 1978ko Konstituzioa: pertsonen oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

-Onartzeko eskubidea.

-Erreklamazio orriak.

-Establezimendu publikoen ordutegiak.

-Adingabeei buruzko araudia.

-Edari alkoholdunen eta tabakoaren eskaintza mugatzeko araudia.

-Establezimendu publikoetako segurtasun neurriei buruzko oinarrizko ezagutza: segurtasun planak, suteen kontrako segurtasuna, larrialdietako irteerak eta ebakuazioa.

-Berehalako osasun laguntza emateko lehen sorospenen inguruko oinarrizko kontzeptuak.

-Pertsonak arriskuan daudenean nola jardun. Berariazko arrisku egoerei aurrea hartzeko jardun pertsonala, eta pertsonen portaera motak, aurreikusten ahal diren beste egoera batzuetan.

-Lokal publikoetan armak edukitzeari buruzko oinarrizko ezagutza.

-Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko araudia.

Iragarkiaren kodea: F1107963