10. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LERIN

Deialdia, Leringo Udaleko administrari laguntzaile
izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Leringo Udalak, 2010eko apirilaren 12an egin bilkuran, onetsi zuen Leringo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Leringo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Leringo Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.4. Legezko xedapenek udal funtzionarioendako ezarria duten opor, lizentzia eta baimenen araubidea izanen du.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua Udaleko funtzionarioentzat ezarritakoa izanen da.

1.6. Probak gainditu ondotik, lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

1.7. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, bertzeak bertze ordenagailuak erabiltzea, testu lanketak eta Udala kudeatzeko programak eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetara onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean:

a) Espainiako edo Europako Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea, edo espainiarren eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako herritarren ezkontideak izatea, zuzenbidez bereizirik ez badaude; orobat, ondorengoak, ezkontidearenak barne, zuzenbidez bereizirik ez badaude, baldin eta 21 urtez beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kargu bizi badira. Era berean, Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera langileen zirkulazio askea duten Estatuetako edozeinetakoa izatea, eta adinez nagusia.

b) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa zein psikikoa izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

2.2. Lanpostua lortzen duten izangaiek deialdi honetako zortzigarren oinarrian ezarri epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aitzineko baldintzak. Eskabideak aurkezteko azken egunean bete beharko dituzte, baita oposizioaldiak dirauen bitartean, harik eta izendatzen diren arte.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Leringo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Ayuntamiento plaza, 1), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:30ak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eredu ofizialeko eskabidea, goitik behera betea, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera, eta NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan frogatu ezin diren alderdiak badira, tituluen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera ekarriko dena) aurkeztuko dira, baita ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagiriak eta baliarazi nahi dituen gainerakoak.

3.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Leringo Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, okerrik bada, zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: alkatea.

-Ordezkoa: lehen alkateordea.

-Lehen mahaikidea: Leringo Udaleko ekonomiako aholkularia.

-Ordezkoa: Leringo Udaleko hirigintzako aholkularia.

-Bigarren mahaikidea: Leringo Udaleko administrari-ofiziala.

-Ordezkoa: Larragako Udaleko administrari-ofiziala.

-Hirugarren mahaikidea: Administrazioaren ordezkaria.

-Ordezkoa: Administrazioaren ordezkaria.

-Mahaikide idazkaria: Leringo Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Larragako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudiaren 16.j) artikuluan xedatuaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondoan, berriz, oposizioa, oinarri hauetan zehazten den bezala.

6.2. Lehiaketa.

a) Eskarmentua:

a.1) Udaletan egindako urte bakoitzeko, administrari-ofizial nahiz laguntzailearen lanpostuan: 2 puntu, urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan egindako urte bakoitzeko, administrari-ofizial nahiz laguntzailearen lanpostuan: 1 puntu, urte bakoitzeko.

a.3) Edozein enpresa edota entitate pribatutan egindako urte bakoitzeko, administrari-ofizial nahiz laguntzailearen lanpostuan: 0,50 puntu, urte bakoitzeko.

Aurreko bi ataletan aurreikusi merezimenduak zenbatzeko, betiere lehiatzaileak lan egin duen enpresaren edo administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko direnak, kontuan hartuko dira bai lan araubide finkoan edo aldi baterakoan, bai administrazio araubidean, dela bitarteko gisa dela jabetzapeko lanpostuan, egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira kontatuko denbora tarte horretarako.

Sei hilabeteko zerbitzualdiak edo lanaldi luzeagoak urtebeterako eman den puntuazioaren erdiarekin baloratuko dira.

Aurreko bi atalen batura ez da 20 puntu baino handiagoa izanen.

b) Prestakuntza ikastaroak:

Udal kudeaketarekin ikusteko duten prestakuntza berariazkoko ikastaroak baizik ez dira baloratuko:

-Administrazioa eta mantentze lan orokorrak.

-Katastroaren kudeaketa.

-Erroldan dauden atzerritarren iraungipenaren kudeaketa.

-Espedienteen kudeaketa.

-Isunen espedienteen kudeaketa.

-Kirol instalazioen kudeaketa.

-Uraren kudeaketa.

-Gainbalioen zergaren kudeaketa.

-Diru-bilketaren kudeaketa (ordainagirien kudeaketa).

-Errolda fiskalak.

-Biztanleen udal errolda.

-Sarrera-irteeren erregistroa.

Ikastaro bakoitzagatik: 2 puntu.

-Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko.

Lehiaketaldian, gehienez ere, 30 puntu lortzen ahalko dira.

6.3. Oposizioa.

-Lehenbiziko ariketa:

A1. Teorikoa.-Idatziz erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galde sortari. Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko 0,50 puntu emanen dira. Gaizki erantzundako galdera bakoitzeko 0,165 puntu kenduko dira. Gehienez ere, 20 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko, gutxienez 10 puntu beharko dira.

A2. Matematika.-Eskola graduatuaren mailako zenbait problema argitu beharko dira. Gehienez ere, 10 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko, gutxienez 5 puntu beharko dira.

B. Zati praktikoa.-Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Ariketa honek, gehienez ere, 20 puntu izanen ditu. Baztertu eginen dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

-Bigarren ariketa:

Informatika proba.-Kasu praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Ariketa honetan, gehienez ere, 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Plika itxien sistema erabiliz eginen da oposizioa. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

Epaimahaiak erabakiko du lehenbiziko eta bigarren ariketa egun berean eginen diren.

6.5. Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago emanen da aditzera, edo hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

6.6. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiriren bat aldean dutela azaldu beharko dute, eta hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bertzenaz, kanporatu eta baztertuak izanen dira, salbu eta zuzenbidearekin bat datorren bertze bideren bat erabiliz nortasuna egiaztatzen badute.

Probetan oharretatik kopiatzeak zein bertze edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, bidezko jarduketa penalak deusetan galarazi gabe.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

Seigarren oinarrian zehaztu diren lehiaketaldian eta oposizioaldian eskuratutako puntuazio guztiak batuta, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda eginen du, puntuazioarik handienetik txikienera antolatua, eta puntuaziorik handiena duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Alkatetzari, eta Alkatetzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du proposamen hori.

8.-Agirien aurkezpena.

8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren erregistro orokorrean:

a) Eskatutako titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (udal bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa).

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

c) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikikorik edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

8.2. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, hori guztia ukatu gabe eskabidean gezurra errateagatik izan lezakeen erantzukizuna.

8.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, alkate udalburuak deialdia gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9.-Lanpostuaz jabetzea.

9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Leringo Udaleko administrari laguntzaile izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, Leringo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrela gertatuz gero, 8. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, jaun alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Lerinen, 2010eko martxoaren 31n.-Alkate udalburua, Marcelino Azcoiti Alonso.

1. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izena: ........................................., adina: .........., NANa: ......................, helbidea, jakinarazpenetarako, karrika: ............................, zenbakia: ......., telefonoa: ..............................., herria: ...............................................

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut.

Onartua izatea eskatzen dudala Leringo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ......... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ............................... egunean argitaratu zen hartan.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Honako merezimendu hauek alegatu eta egiaztatzen ditudala:

Horrenbertzez, lanpostu hori eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

.......(e)n, 2010eko .......................aren ........(e)an.
(Eskatzailearen sinadura)

LERINGO UDALEKO ALKATE-UDALBURUA.

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia.-Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Zehapen prozedura. Administrazio egintzen berrikuspena.

3. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

4. gaia.-Tokiko ordenantza eta erregelamenduak.

5. gaia.-Udaleko gobernu organoak. Alkatea. Osoko Bilkura: osaera eta eginkizunak. Zinegotzien hautaketa. Tokiko Gobernu Batzarra eta alkateordeak. Organo osagarriak.

6. gaia-Udalaren bilkura eta erabaki sistema. Aktak. Erabakien ziurtagiri, komunikazio, jakinarazpen eta argitalpenak. Agirien erregistroa.

7. gaia.-Udalaren aurrekontuak eta kontuak: kontzeptua, printzipioak, onespena eta tramitazioa. Aurrekontuaren betearazpena eta likidazioa.

8. gaia.-2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

9. gaia.-35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. Planeamendurako tresnak. Hirigintzako betearazpen tresnak. Hirigintzako lizentziak.

10. gaia.-4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa: printzipio orokorrak. Jarduera lizentzia eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko prozedura.

11. gaia.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa.

12. gaia.-Hirilurreko eta landalurreko ondasunen eta jarduera ekonomikoen erregistroen kudeaketa eta mantentze lanak.

13. gaia.-Biztanleen udal errolda.

14. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua. Edukia eta egitura.

15. gaia.-Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Hardware, Software, MS-DOS sistema. Windows. Word testu-lanketa. Excel kalkulu-orria. Access datu-basea. Internet eta posta elektronikoa.

Iragarkiaren kodea: L1020825