1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2933/2010 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena Nafarroako zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresak hautatzeko, teknologoak prestatzeko beken onuradunek aukera izan dezaten beren prestakuntza jarduerak zentro horietan egiteko.
Nafarroan kokatuta dauden enpresen lehiakortasuna bultzatzeko laguntza esparrua ezartzen duen maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuak ezarritakoarekin bat, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak 100 bekako deialdia onestea aurreikusi du teknologoak prestatzeko.
Horrexegatik, bidezko da deialdi berri bat egitea Nafarroan I+G+B jarduerak egiten dituzten zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresak hautatzeko, teknologoak prestatzeko beken onuradunek aukera izan dezaten beren prestakuntza jarduerak zentro horietan egiteko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Deialdia onestea Nafarroan I+G+B jarduerak egiten dituzten zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresak hautatzeko, teknologoak prestatzeko beken onuradunek aukera izan dezaten beren prestakuntza jarduerak zentro horietan egiteko. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jaso dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2010eko abenduaren 15ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Oinarri hauen xedea da baldintzak ezartea Nafarroan I+G+B jarduerak egiten dituzten zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresak hautatzeko, teknologoak prestatzeko beken onuradunek aukera izan dezaten beren prestakuntza jarduerak zentro horietan egiteko.
2. oinarria. Iraupena.
Bekadunek Nafarroan hautatutako zentro teknologikoetan, unibertsitateetan eta enpresetan eginen dituzten prestakuntza jardueren iraupena, gehienez ere, 24 hilabetekoa izanen da. Bekaduna dagokion zentroan lanean hasten denetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta prestakuntza jarduera ezin izanen da inola ere 2013ko abenduaren 31 baino beranduago amaitu.
Prestakuntza jarduera hautatutako entitateen zentroren batean egiten ari den onuradunak bekari uko egiten badio, beste bekadun bat sartzen ahalko da aipatu zentroan 24 hilabeteko epea osatu arte.
3. oinarria. Entitate eskatzaileen betebeharrak.
Nafarroan kokatuta dauden eta I+G+B jarduerak egiten dituzten zentro teknologikoek, unibertsitateek eta enpresek eskatzen ahalko dute teknologoak prestatzeko beken onuradunek beren zentroetan egin ditzaten prestakuntza jarduerak.
4. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da eta 2011ko azaroaren 30ean bukatuko.
Eskabide eredua eskuragarri dago Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña), Nafarroako Gobernuaren Herritarrentzako Laguntza Bulegoetan (Orreaga etorbidea, 11, Iruña, eta Foruen Plaza, 5, 6.a, Tutera), edo Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, Laguntzak eta bekak atalean) eta beken kudeaketarako entitate laguntzaileen web orrietan.
Eskaerak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005-Iruña) edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) adierazteko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
5. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Aurkezten diren eskaerak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak baloratuko ditu, irizpide hauen arabera:
Eskatzailea zentro teknologiko edo unibertsitate bat bada:
a) Entitate eskatzailearen izaera.
b) Prestakuntza jarduerak departamentu batean edo ikerketa talde batean egiten ari diren bekadunen kopurua.
c) Entitateak egiten duen I+G+B jardueraren kalitatea eta izaera berritzailea.
Eskatzailea enpresa bat baldin bada:
a) Enpresaren tamaina.
b) Prestakuntza jarduerak enpresan egiten ari diren bekadunen kopurua.
c) Entitateak egiten duen I+G+B jardueraren kalitatea eta izaera berritzailea.
Zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresak hautatuta, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak dokumentazioa igorriko die bekak kudeatzeko entitate laguntzaileei; horiek bekaduna hautatzeko prozesuari hasiera emanen diote, prestakuntza beken deialdiko oinarri arautzaileetan xedatutakoarekin bat, eta kontuan hartuko dute entitate bakoitzak eskatutako profila.
Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez (www.navarra.es), Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, aldian behin, bekadunak hartzeko moduan dauden tokiak eguneratuko ditu, entitate eskatzaileek horien berri izan dezaten.
6. oinarria. Entitateen betebeharrak.
Hautatutako zentro teknologikoek, unibertsitateek eta enpresek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Prestakuntza bekaren onuraduna lantokian onartzea.
b) Bekadunaren ordutegia finkatzea, zentroaren funtzionamenduaren araberakoa baina, aldi berean, bekadunak bere prestakuntza akademikoa segitzeko egokia.
c) "Ebaluazio txostena" izeneko dokumentua betetzea. Horren eredua beka kudeatzen duen entitateak emanen du bekaldia bukatutakoan, prestakuntza jarduera oro har nola joan den baloratu ahal izateko.
d) Prestakuntza jarduera zuzen gauzatzen dela bermatzeko egiaztatze-lanak erraztea. Horretarako, egiten diren lanei buruz eskatzen zaizkion datu, agiri eta txostenak aurkeztu beharko ditu.
e) Prestakuntza bekaren garapenari kalte larria eragin diezaiokeen edozein gorabeheraren berri ematea Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuari.
7. oinarria. Prestakuntza ekintzaren ondoriozko kalteak.
Hautatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo enpresak izanen dira bekadunak beren zentroetan egindako lanaren ondorioz jasan dezakeen edozein kalteren erantzule.
8. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1021330