1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 27an hartua. Honen bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisikoko abelbideen izatea adierazten da eta hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea onesten, udal mugapen hauetan: Buñuel, Cabanillas, Fustiñana, Cortes eta Fontellasen.
Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagokio, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak proposaturik, Nafarroako abelbideen erabilerak sailkatzeko eta berariaz arautzeko ahalmenak.
Buñuel, Cabanillas, Fustiñana, Cortes eta Fontellasko udal mugapeetako abelbideetan hondatu edo desagertutako mugarriak sailkatu eta berrezartzea bide horiek errekuperatzeko aldez aurretik egin beharreko lana da, eta Nafarroako abelbideei balioa emateko foru programaren barruan sartzen da. Horrek eragin onuragarria du lurralde antolamendurako eta landa ingurunea garatzeko.
19/1997 Foru Legearen arabera, sailkapena "adierazpen izaerako egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbide bakoitzaren izatea, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak zehazten dira", mugaketa "egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak definitzen dira, sailkapenaren egintzan ezarritakoaren arabera", eta mugarriztatzea "prozedura administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehaztu eta modu iraunkorrean seinalatzen dira tokian berean". Hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzearen helburua Nafarroako Gobernuak emandako mugaketa eta mugarriztatze akta duten abelbideak eguneratzea da, abelbidea mugatzen duten mugarriei kokaleku zehatza emanez gaur egungo baliabideak erabiliz.
Aipatu diren udal mugapeetako abelbideen sailkapenerako jarraitu den prozedura administratiboko tramiteak beterik, eta jendaurrean egon ondoren, sei alegazio aurkeztu ziren. Horiei buruzko behar bezalako txostena egin da, espedientean ageri den moduan. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU.
1. Jarraian aipatzen diren abelbideen eta horiei loturiko tokien izatea adieraztea. Horien zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak dagokien sailkapen espedientean agertzen dira:
-Buñuel: Temblar, Congostos, Espartal, Puente de Los Lobos, Buñuel, Prado de Las Vacas eta Morako adarrak, eta Espartalgo adarra Morakoarekin lotzen duen adarra.
-Cabanillas: Andia-Tausteko Errege Altxonbidea, Sacaculos, Campo Bajo eta Los Pradosko adarrak, 90. iraganbidea eta Andia-Tausteko Errege Altxonbidea Campo Bajoko adarrarekin lotzen duen adarra.
-Fustiñana: Andia-Tausteko Errege Altxonbidea, 8. adarra, Temblar eta Campo Bajoko adarrak eta 90. iraganbidea.
-Cortes: Aragoako Errege Altxonbidea, Mora eta Buñuelgo adarrak, eta Espartalgo adarra Morakoarekin lotzen duen adarra.
-Fontellas: Ribaforadako adarra eta Carraborja bideko adarra.
2. Hondatu edo desagertutako mugarrien (dagokien espedientean agertzen dira ezaugarriak) berrezarpena onestea, honako udal mugape hauetan:
-Fustiñana: Andia-Tausteko Errege Altxonbidea eta 8. adarra.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igortzea.
4. Erabaki hau jakinaraztea Buñuel, Cabanillas, Fustiñana, Cortes eta Fontellasko udalei.
5. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, bi hilabeteko epean jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
Administrazio publikoek zilegi dute zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2010eko abenduaren 27an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1021493