2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRIBERRI
Elkarteen udal erregistroa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena
Erriberriko Udalak, 2010eko abuztuaren 6an egin osoko bilkuran erabakita, hasiera batez onetsi zuen Elkarteen udal erregistroa arautzen duen ordenantza. 2010eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 27an iragarkia paratuta ireki zen jendaurreko epea eta, hura alegazio edo erreklamaziorik gabe iragan denez, hasierako onespena behin betikotzat jotzen da. Hona hemen testua.
ORDENANTZA, ERRIBERRIKO UDALEKO ELKARTEEN
UDAL ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea.-Ordenantza honen xedea da Erriberriko Udaleko Elkarteen udal erregistroa arautzea.
2. artikulua. Izena ematea borondatezkoa.-Elkarteen udal erregistroan izena ematea borondatezkoa izanen da.
3. artikulua. Izena eman dezaketen elkarteak.-Elkarteen udal erregistroan izena eman ahalko dute irabazi asmorik gabeko elkarteek, aldez aurretik Estatuko edo erkidegoko erregistroetan izena emanik badira, haietan izena ematea nahitaezkoa denean indarrean den legediaren arabera.
Orobat, haien xedea izanen da udalerriko bizilagunen interes orokorrak edo sektorialak babestu, sustatu eta hobetzea. Bereziki aipa daitezke bizilagunen elkarteak, ikasleen gurasoak, kultura, kirola, aisia eta gazteria arloetako elkarteak, sindikatuenak, enpresenak, profesionalak, erlijiosoak, eta oro har funtzionamendu demokratikoa duten elkarteak eta elkartearen egoitza Erriberrin eta bazkideen gehiengoa bertakoa duten elkarteak.
4. artikulua. Izena emateko eskabidea.-Izena emateko eskabidea Erriberriko Udal Erregistroan aurkeztu beharko da, edo indarrean den legedian onartutako edozein bide erabiliz.
Eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:
a) Elkartearen estatutuak.
b) Bazkide kopuruaren ziurtagiria.
c) Estatuko edo erkidegoko erregistroetan nahitaez izena eman beharraren frogagiria.
d) Zuzendaritza karguak betetzen dituzten pertsonak edo entitatearen zuzendaritza organoak edo administraziokoak osatzen dituzten pertsonak.
e) Helbide soziala.
f) Abian den ekitaldiko aurrekontua edo, halakorik ez bada, onetsi den azken aurrekontua.
g) Abian den ekitaldiko jardueren programa edo, halakorik ez bada, onetsi den azkena.
Aurreko a), d) eta e) ataletan aipatzen diren datuak aldatzen badira, delako aldaketa hori bi hilabeteko epean jakinarazi beharko zaio Udalari, idatziz.
Aurreko f) eta g) ataletan aipatzen den urteko dokumentazioa onetsi eta bi hilabeteko epean igorriko zaio Udalari.
Urte bakoitzeko urtarrrilean, Udalari jakinarazi beharko zaizkio aurreko urteari dagozkion bazkideen altak eta bajak.
5. artikulua. Izen ematea.-Udalak idatziz jakinaraziko du, izena emateko eskabidea aurkeztu eta hilabeteko epean gehienez, hura gauzatu dela, salbu eta izena emateko beharrezkoa den dokumentazioa osatzeko errekerimendurik bada.
Elkarteei izena ematea ukatu ahalko zaie beraien araubide juridikoa indarrean den ordenamenduaren aurkakoa bada, beraien funtzionamendua demokratikoa ez bada, edo helburuak erdiesteko indarra erabiltzearen aldekoak badira eta intolerantzia bultzatzen badute.
Ukatzeko ebazpenak arrazoitua beharko du izan.
6. artikulua. Izena ematearen ondorioak.-Udal erregistroan izena emateak ondorio hauek izanen ditu:
1.-Udalaren bitarteko publikoak erabiltzeko eskubidea, zehazki, lokalak eta komunikabideak, beste elkarte edo erabiltzaile batzuek edo Udalak berak horiek erabiltzeko duten eskubideak ezartzen dituen mugak kontuan hartuz. Udalaren bitarteko horiek erabiltzeko eskabidea aurkeztu beharko da aldez aurretik, Udalak berak oro har ezarritako moduan.
2.-Udal jarduketen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea, gaia dela-eta elkartearen interesekoa denean.
3.-Elkartearen egoitzan Udalaren argitalpenak jasotzeko eskubidea, elkartean xede soziala kontuan hartuz bere interesekoa izan badaiteke.
4.-Erriberriko Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu ahalko ditu izena eman duten elkarteekin.
5.-Izena eman duten elkarteek Erriberriko Udalaren diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izanen dute, lankidetza hitzarmenetan ezarritakori jarraituz, aldian-aldian onesten diren diru-laguntzen deialdietan, edo diru-laguntzak emateko akordio bakoitzean ezartzen diren baldintzei jarraituz. Hori guztia, Udalaren aurrekontuko baliabideen arabera. Laguntza ekonomikoak emanen zaizkie Elkarteen udal erregistroan izena eman duten elkarteei soilik.
Azken xedapena.
Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragandakoan.
Behin betiko onespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita; eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio bereko organo judizial eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita.
Erriberrin, 2010eko abenduaren 23an.-Alkatea, María Carmen Ochoa.
Iragarkiaren kodea: L1021229