2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXAURI
Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena
Udal honek, 2010eko azaroaren 11n egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
"Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza hasiera batean onesteko erabakia 2010eko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an. Jendaurreko epea iragan denez inork horren kontrako alegaziorik aurkeztu gabe, Udalbatzak, aho batez, eta, beraz, legeak eskatzen duen gehiengoa duela, ondoko erabakia hartu zuen osoko bilkuran:
1. Behin betiko onestea Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.
2. Ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."
Etxaurin, 2010eko abenduaren 15ean.-Alkatea, José Javier Erro Larrea.
Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko
eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide
eta tasak arautzen dituen ordenantza
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Etxauriko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.
4. artikulua. Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.
5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.
6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuen udal tasak ordaindu eta gero, lagun bakarreko 20 urterako hilobiak egiteko erabiliko dira hilerriko lur guztiak. Dena den, leku eskasiak behartuta, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.
7. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako. Dagokion obra lizentzia beharko da, eta salbuetsita daude eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik.
Ehorzketa egiteko egungo ilaren ordenari segituko zaio, heriotzaren dataren arabera, eta ordena hori ezin da aldatu.
8. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.
9. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.
Hilobiaren zainketa behar bezalakoa ez denean, Alkatetzak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.
Aipatu epea bukatuta, Alkatetzak xedatuko du obren ordezko exekuzioa eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunek ordaindu beharko dute.
10. artikulua. Udalak eremu bat finkatuko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).
Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
11. artikulua. Aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria kentzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.
12. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.
13. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.
Lehengo lerreko hilobi zaharrenarekin hasiko da, izkinatik. Ateratzeko, hamabi urte baino gehiago izanen dituzte eginak. Hamabi urte ez badituzte egin, hurrengora pasatuko da. Lerroa bukatutakoan, hurrengora pasatuko da, eta, lerro guztiak amaitzen direnean, lehenengora itzuliko da.
Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi dezaten, hala nahi badute.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.
Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Alkatetzari jakinarazi beharko dio aitzinetik, 30 egun naturaleko epean, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.
14. artikulua. Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.
Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.
15. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean, salbuespenekoetan Alkatetzaren aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean.
16. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.
17. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.
II. KAPITULUA
Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik
18. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:
1.-Ehorzketak.
2.-Hilerriko beste lan batzuk.
19. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.
20. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
21. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.
22. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
23. artikulua. 18. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larrietan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
Azken xedapen bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduari jarraituko zaio.
Eranskina
Zerbitzuak egiteko eta erabiltzeko tasak
a) Udalean erroldatuak:
1.-Ehorzketak, lurrean. 184,66 euro.
2.-Nitxoan ehorztea: 132,96 euro.
3.-Errauts-hobietan ehorztea: 125,00 euro.
4.-Gorpuzkiak ateratzea: 110,80 euro.
b) Udalean erroldatu gabeak:
Erroldatuendako indarra duten tasak gehi 100,00 euro.
c) Irteeren kostua Udalean errodatuendako eta erroldatu gabekoendako:
1.-Irteera lanegunean: 20,00 euro.
2.-Irteera jaiegunean: 30,00 euro.
Prezio horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudunak Nafarroarako ezarritako KPIren arabera.
Iragarkiaren kodea: L1020764