10. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Ordenantza, Etxaurin hileta zibilak egin eta baimentzeko.
Behin betiko onespena

Udal honek, 2010eko azaroaren 11n egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

"Etxaurin hileta zibilak egin eta baimentzeko ordenantza hasiera batean onesteko erabakia 2010eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 10ean. Jendaurreko epea iragan denez inork horren kontrako alegaziorik aurkeztu gabe, Udalbatzak, aho batez, eta, beraz, legeak eskatzen duen gehiengoa duela, ondoko erabakia hartu zuen osoko bilkuran:

1. Behin betiko onestea Etxaurin hileta zibilak baimendu eta egitea arautzen duen ordenantza.

2. Ordenantzen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."

Etxaurin, 2010eko abenduaren 15ean.-Alkatea, José Javier Erro Larrea.

Etxaurin hileta zibilak egin
eta baimentzeko ordenantza

Aitzinsolasa

Administrazio publikoek, entitate demokratikoak izanik, ikuspegi neutrala izan behar dute erlijioari dagokionez, eta bere jarduketa guztietan bermaturik egonen dira askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta kultuzkoa herritar guztientzat.

Halaber, edozein gizartek berezkoa du aniztasun ideologikoa eta erlijiosoa, eta aniztasun hori etengabe ari da aldatzen, ohiturak eta ekitaldi sozialak gauzatzeari dagokionez.

Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da hileta zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu dutenen omenez halako ospakizun duin nahiz pertsonala egin ahal izateko, zenduaren bizitza ikuskeraren araberako ekitaldiak antolatzeko, alegia.

Eta hildakoei agurra emateko, gure gizarteko erlijioek ekitaldi liturgikoak egiteko tokiak edo tenpluak dituzten bezala, Etxauriko Udalak beharrezko azpiegitura eskainiko du hileta zibilak udal lokaletan egin daitezen, gero eta herritar gehiagoren eskaera hori kontuan hartu nahian.

Honako ordenantza honen asmoa da, beraz, zenduen aldeko omenaldi edo agur ekitaldiak eta haien baimenak arautzea, hildakoen familiakoek, adiskideek eta gure herriko gizarte zibila osatzen duten erakunde nahiz elkarteek Udalaren lokaletan antolatu nahi dituzten horiek alegia.

Hileta zibilak baimentzeko eta egiteko ordenantza

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Ordenantza honen asmoa da hildakoen aldeko hileta zibiletarako baimenak eta hori egiteko lokalen erabilera arautzea Etxauriko udal mugapean. Udalerrian erroldatutakoendako eta odol-ahaidetasuneko lehen graduko ahaideendako baizik ez du balioko.

2. artikulua. Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak edo/eta funtzionarioak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Etxauriko Udalaren erregistroan eskabidea aurkezten duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

3. artikulua. Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak alkateari zuzenduko zaizkio eta Etxauriko Udalean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen moduetako edozein erabilita.

Hileta zibilak egiteko eskaerak oso azkar tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

4. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Zenduaren izen-abizenak.

c) Heriotzaren ziurtagiria.

d) Eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer ordutan egin nahi den hileta zibila.

e) Administrazioa, ahal duen heinean, eskatzaileek nahiago dituzten egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere.

Halako kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoituz betiere.

f) Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

g) Eskatzailearen sinadura eta edozein bide erabili beharko da benetan nor den frogatzeko.

h) Aldez aurreko ordainketa egin izanaren ordainagiria gehituko zaio eskabideari, Udal eraikinak erabiltzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskalak ezartzen duen moduan.

i) Ekitaldiaren azalpen laburra, eta erabiliko den materiala.

5. artikulua. Eskabidea zuzentzea eta hobetzea. Eskabidean 4. artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo egin ondoren.

II. KAPITULUA

Instrukzioa

6. artikulua. Alkateak, zinegotziak eta/edo eskuordetzen den funtzionarioak baimenduko dituzte hileta zibilaren eguna eta ordua, behar den espedientea instruitu ondoren.

Hori guztia eginen da eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira, eta kontuan hartuz, ahal den heinean, eskatzaile bakoitzak nahiago dituen egun eta orduak. Aparteko inguruabar objektiboak eta premia larria dagoenean, aukera egonen da eskabideak aurkeztu diren ordenari ez begiratzeko. Nolanahi den ere, behar bezala arrazoitu beharko da aparteko premia larria, eta zegokien eskubidean aldaketa jasan dutenei entzun beharko zaie.

7. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak, edo hark eskuordeturiko zinegotziak edo/eta funtzionarioak hileta zibila Udalaren zein aretotan eginen den erabakiko du. Oro har, udaletxeko 1. gela erabiliko da. Aparteko kasuetan, bertzelako lokalak erabiltzeko baimena ematen ahalko da.

8. artikulua. Hileta zibilak astelehenetik igandera ospatzen ahalko dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabiltzen ahalko dira.

9. artikulua. Hileta zibilak egiteko ordutegia: 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Zeremoniak gehienez ere hirurogei minutu iraunen du.

10. artikulua. Etxauriko Udaleko funtzionarioren edo lan-kontratudunen bat joanen da hileta zibila ospatzeko ekitaldira, ekitaldi osoan zehar bertan geldituko baita, ospakizuna behar bezala egiten dela bermatzearren.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Horretarako erabiliko diren aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, bertaratuek ezin izanen dute egin Udalaren egoitzak hondatu edo haietan kalterik eragin dezakeen deus ere.

12. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari behar bezain garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta interesdunaren kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Etxauriko Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu, hala ere.

13. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Xedapen iragankorra.-Beste toki bat prestatzen ez den bitartean, hileta zibilak udaletxeko 1. aretoan eginen dira, betiere hilotza bertan egon gabe. Bada baimena, ordea, errauts kutxa bertan egoteko.

Azken xedapena.-Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Eranskina

Zerbitzua erabiltzeko tasak

a) Udalean erroldatuak: 50,00 euro.

b) Udalean erroldatu gabeak: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1020763