1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 27an hartua, Aurizberrin (Erroibar) industrialde bat ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona, eremua handitu eta enpresa eta zerbitzuen erabilera anitzeko zentro bat kokatu ahal izateko. Navarra de Suelo Residencial, S.A. enpresak sustatu du.
Nafarroako Gobernuak 1992ko irailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Aurizberrin (Erroibar) industrialde bat ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen. Bertan, plan partzialaren zehaztapenak (egituratzaileak eta xehakatuak) jaso eta plana egiteko hiru fase ezarri ziren: 1. fasea, 2. fasea eta 3. fasea. Planaren garapena urbanizazio proiektu baten bidez egin da.
1998ko ekainean, "Aurizberriko Plan Sektorialaren Xehetasun Azterlana, 3. fasea" idatzi zen, UPSaren 3. faserako antolamendu eta lerrokadura berriak aurreikusten zituena. Xehetasun azterlanak errespetatu egin zituen, eta beraz aldatu gabe utzi, aprobetxamenduak, eraikigarritasunak, bide-eskema egituratzailea eta berdegune eta ekipamenduetarako erreserba.
3. fase gisa antolatutako eremua urbanizazio proiektu baten bidez garatu zen, eta "Urrobi industrialdea" izena hartu zuen.
Gaur egun, poligono txiki hori urbanizatua dago eta bere lurzatiak eraikiak, beraz, bere hirigintza egoera hiri lurzoru finkatuarena da.
Gaur egun indarrean dagoen planeamenduko zehaztapen egituratzaileetan aldaketa bat egitea proposatzen da: UPSaren eremua handitzea eta barnean hartzea egun lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurrak, hiri lurzoru finkatutzat joko direnak.
Espediente honen funtsezko xedea da enpresen eta zerbitzuen erabilera anitzeko zentro bat ezarri ahal izatea Erroibarren eta Aezkoa Ibarrean. Udalez gaindiko ekipamendu publiko hori Pirinioetako Plan Estrategikoaren barnean sartzen da, eta poligonoaren ertz edo itxitura gisa planteatu da, horren kanpoko pertzepzioa hobetzeko.
Aldaketa honen ondorioz, 8.970 m² handituko da UPSaren industriarako azalera (124.074 m²). Hala, 133.044 m²-ko azalera izanen du. 8.970 m² horiek Aurizberriko kontzejuko katastroko 12. poligonoko 162. lurzatiko B azpilurzatian (lehorreko lurra) daude. Gaur egun ibilgailuentzako sarrera dago lur horietan, bai eta hirigintzako zerbitzuak ere, poligonoaren barneko bidean daudenen jarraipena direnak.
Eremuaren handitze hori indarreko UPSan bertan justifikatua dago, izan ere aurretik aurreikusten zen etorkizunean handitzeak egiteko aukera, UPSaren testu bateginaren memoriaren 5.e) puntuan adierazten den moduan.
Handitze honetan sartzen diren lurrek hiri lurzoru finkatutzat jo ahal izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzte, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 92.1.b artikuluan xedatutakoarekin bat, izan ere, lur horiek hiri-bilbean sar daitezke, gaur egun zerbitzuak eta ibilgailuentzako sarbidea dituzte lurzatiaren ondo-ondoan eta urbanizazioko jarduketa osagarri batzuk besterik ez dute behar orube izaera eskuratzeko.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2010eko azaroaren 17an igorritako txostenean adierazi zenez, aldaketak ukitutako lurrek ez dute ingurumen balio berezirik, eta horien orografiak aukera ematen du, erliebean eta paisaian aldaketa garrantzitsurik egin gabe, lurzoruaren hirigintza kalifikazio berriak ekar ditzakeen jarduketak egiteko.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU.
1. Aurizberrin (Erroibar) industrialde bat ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea, eremua handitu eta enpresa eta zerbitzuen erabilera anitzeko zentro bat kokatu ahal izateko. Navarra de Suelo Residencial, S.A. enpresak sustatu du.
2. Espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea espedienteak ukitutako mugapeko Udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Erroibarreko Udalari jakinaraztea eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentura, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko abenduaren 27an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1021494