98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

232/2010 FORU AGINDUA, uztailaren 29koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handietarako edo igogailuak aldatzeko diru-laguntzen deialdiko oinarriak onesten dituena 2010. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean adineko pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko egoitzetan irisgarritasuna errazteko.

Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2009ko urriaren 13an sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez, ekonomia eta enplegua dinamizatzeko Estatuaren funts berezian aurreikusitako kredituak transferitu ziren, mendekotasunerako arretarekin lotutako jarduketetan erabiltzeko. Funts hori azaroaren 28ko 9/2008 Errege Lege Dekretuan araututa dago. (E plana).

Lankidetza hitzarmenaren I. eranskinean 150.000 euro bideratzen dira funts berezitik, egiaztapenaren baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak martxoaren 10ean emandako 74/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko irabazi asmorik gabeko gizarte zerbitzuen zentroetan, egoitzetan, oztopo arkitektonikoak kentzea helburu duten inbertsioetarako diru-laguntzen 2010eko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak maiatzaren 27an emandako 823/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko irabazi asmorik gabeko gizarte zerbitzuen zentroetan, egoitzetan, oztopo arkitektonikoak kentzea helburu duten inbertsioetarako diru-laguntzen 2010eko deialdia ebatzi zen.

Ebazpen horretan 100.843,25 euroko diru-laguntzak eman ziren, eta gastua 2010eko gastuen aurrekontuko "Homologazioko inbertsioetarako diru-laguntzak" izeneko 900001 91500 7800 231000 kontu-sailari egotzi zitzaion (E-10/000026-01). Halaber, baimena kendu zen kontu-sail horren kargura 49.156,75 euroko gastua egiteko.

Hori horrela, une honetan komenigarria da oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handietarako edo igogailuak aldatzeko inbertsioei lehentasuna ematea 2010. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean adineko pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko egoitzetan irisgarritasuna errazteko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handietarako edo igogailuak aldatzeko diru-laguntzen deialdiko oinarriak onestea 2010. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean adineko pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko egoitzetan irisgarritasuna errazteko. Deialdia foru agindu honen I. eranskinean ageri da.

2. Baimena ematea berrogeita bederatzi mila ehun eta berrogeita hamasei euro eta hirurogeita hamabost zentimoko (49.156,75) gasturako, 2010eko gastuen aurrekontuko "Homologazioko inbertsioetarako diru-laguntzak" izeneko 900001 91500 7800 231000 kontu-sailaren kargura (E-10/000026-01).

3. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari, Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, Kontabilitate Zentroari eta Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 29an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko irabazi asmorik gabeko egoitzetan oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handietarako edo igogailuak aldatzeko diru-laguntzen deialdiko oinarriak

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da 2010. urterako diru-laguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handietarako edo igogailuak aldatzeko, adineko pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko egoitzetan irisgarritasuna errazteko.

Horrela, Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2009ko urriaren 13an sinatutako lankidetza hitzarmena beteko da. Hitzarmen horren bidez, ekonomia eta enplegua dinamizatzeko Estatuaren funts berezian aurreikusitako kredituak transferitu ziren, mendekotasunerako arretarekin lotutako jarduketetan erabiltzeko. Funts hori azaroaren 28ko 9/2008 Errege Lege Dekretuan araututa dago.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diru-laguntzaren xede den jarduerak ekintza honekin bat etorri beharko du:

Oheak eta esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko eraberritze lan handiak edo igogailuak aldatzea. Eginen den jarduketak 50.000 euroko aurrekontua izan beharko du gutxienez.

3. Kanpoan utzitako jarduketak.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira jarduketa hauek:

a) Oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuak jartzeko obra osoa berritik egin behar izatea.

b) Oheak edo esku-oheak eramateko egokiak ez diren igogailu txikiak eraberritzea, konpontzea edo aldatzea.

c) Oheak edo esku-oheak eramateko moduko igogailuetan eraberritze edo konpontze lan txikiak egitea.

d) Entitate onuradunaren aurrekontuan 2009rako aurreikusita zeuden jarduketak.

4. Onuradunak.

1) Deialdi honen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitatean adineko pertsonen arloan aritzen diren egoitzen titular diren irabazi asmorik gabeko entitateak.

2) Entitate eskatzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zentro eta Zerbitzuen erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

5. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbateko osoa 49.156,75 eurokoa izanen da, eta 2010eko gastuen aurrekontuko "Homologazioko inbertsioetarako diru-laguntzak" izeneko 900001 91500 7800 231000 kontu-sailaren kargura ordainduko dira (E-10/000026-01).

1. Diru-laguntzak ez du inolaz ere gaindituko aurrekontuko kostuaren zenbatekoa, eta 49.156,75 eurokoa izanen da; zenbateko hori 10. oinarrian ("Balorazioa") ezarritako irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duen entitateari emanen zaio.

6. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Diru-laguntza jasotzeko eskabideak, hurrengo oinarrian aipatzen diren agiriekin batera, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzura zuzenduko dira eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistroan aurkeztu beharko dira (González Tablas kalea, zk.g., 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aipatzen diren lekuetako edozeinetan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean. Eskabidea posta bulegoen bidez aurkezten bada, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskabideari.

7. Aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntzen eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatutako fotokopien bidez:

a) Behar bezala bete eta sinatutako inprimakia, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa (II. eranskina), zeinean inbertsiorako diru-laguntza eskatzen baita. (Nafarroako Atarian eskuragarri).

Ezarritako epean eta moduan aurkezten ez bada, ezin izanen da zuzenketarik egin eta, besterik gabe, deialditik kanpo geldituko da.

b) Jarduketa non eginen den, eremu horren argazki erreportajea, koloretan.

c) Obren proiektua/memoria baloratua eta jarduketa kokatzeko planoak.

d) Egin beharreko lanei buruzko deskripzio-memoria zehaztua, baita hartuko den konponbideari eta indarra duen araudiarekiko egokitzapenari buruzkoa ere. Eraberritze lan handia egitea edo igogailua aldatzea benetako beharra dela frogatzea.

e) Obraren exekuzio materialaren balorazioa, kapituluz kapitulu, izanen duen aurrekontua, horren barnean zehaztuz exekuzio materialaren kostua, gastu orokorrak eta, hala denean, industria mozkina, bai eta aplikaturiko BEZa ere.

f) Eskatzaileak bere eskabideari laguntzeko interesgarritzat jotzen dituen bestelako agiriak.

Kasu guztietan, Oztopo Fisiko eta Zentzumenekoei buruzko 4/1988 Foru Legea eta hori garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua bete beharko dira. Halaber, igogailuei buruz indarra duen araudia.

8. Akatsen zuzenketa.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikiriko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du aurkezturiko agiriak bat datozela foru agindu honek ezartzen duenarekin. Horiek osatugabe badaude edo akastunak badira, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio, eta gehienez ere zazpi egun balioduneko epea emanen dio atzemandako akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko dio halakorik egin ezean bere eskabidea bertan behera utziko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat. Eskatutako agiriak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, zk.g., 31005 Iruña), Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari zuzenduak.

9. Instrukzioa.

Eskabideak jasotakoan, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak instrukzioa emanen du. Horretarako, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena:

-Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

-Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Kalitatearen Ataleko bi teknikari.

-Nafarroako Mendekotasun Agentziako Kudeaketaren eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaordetzari atxikiriko Obren Ataleko teknikari bat.

Batzordeak lankidetza eta laguntza teknikoa eskatzen ahalko dizkie Departamentuko gainerako unitate administratiboei.

Batzorde horri dagokio aurkeztutako agiriak berraztertzea. Horretarako, aurkezturiko agiriak ireki eta aztertu ondoren, eskabideak kalifikatu eta onartu ala ez ebatziko du, behar den epean eta moduan aurkeztu badira.

Instrukzioaren tramiteak bukaturik, mahai teknikoa osatzen duten kideek balorazioaldiari hasiera emanen diote, aurreko oinarriarekin bat.

Batzordearen txostena loteslea izanen da.

10. Balorazioa.

Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta, aurrekontuko kredituaren mugek horiei guztiei erantzuteko aukerarik ematen ez badute, eskabide horiek baloratzeko ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Eraberritze handia egitea edo igogailua aldatzea benetako beharra dela frogatzea (igogailu zaharra, erabiltzaile eta langileentzako arriskuak izatea, araudiari egokitu beharra, ondoriozko hobekuntzak, ...), 50 puntu bitarte.

-Baliabidea erabiltzen duten pertsonen profila (mendekotasun maila, ...), 25 puntu bitarte.

-Aurreko deialdietan zuzendaritza nagusi honen diru-laguntzarik jaso ez izana; ondorio horietarako ez dira kontuan hartuko 10.000 eurotik beherako diru-laguntzak. 25 puntu bitarte.

Gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira, eta diru-laguntza eman ahal izateko eskatutako gutxienekoa 50 puntukoa da.

11. Ebazpena.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskabideen gaineko ebazpena ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.2 artikuluak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenez baliatuz. Diru-laguntza ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: haren xedea, zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

2. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

3. Diru-laguntza emateko edo ez emateko, bai eta haren zenbatekoa zehazteko ere, beharrezkoa izanen da aurrekontuan horretarako dirua izatea.

4. Eskabideen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta diru-laguntza jasoko duten eskatzaileak azalduko dira. Eskabide batzuk ezetsiz gero, horiek ere agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpen horretan datu hauek espresuki azalduko dira: deialdia, programa, diru-laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

12. Diru-laguntzaren kudeaketa.

1. Diru-laguntzaren xedean izaten diren desbiderapenak onuradunaren kontura izanen dira, eta ez da zilegi izanen diru-laguntza gehitzerik erreklamatzea.

2. Entitate publikoen kasuan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean aurreikusitako kontratazio moten bidez gauzatu beharko dituzte programak eta inbertsioak. Lege horren 96. artikuluan ezarritako presazko prozeduraren bidez tramitatuko da kontratazioa, azaroaren 28ko 9/2008 Errege Lege Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritako epeetan.

3. Betiere, diru-laguntzaren onuradunek eragimena eta ekonomia bermatu beharko dituzte hornitzaileak kontratatzean.

4. Kontratistek soilik onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, eta administrazioaren aurrean onuradunak izanen du diru-laguntzaren xedeko jarduketa betetzearen erantzukizun osoa.

Onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

13. Egiteko epea

Nolanahi ere, obrek 2010eko azaroaren 25a baino lehen bukaturik egon beharko dute.

14. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza ordaintzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2010eko azaroaren 25a baino lehen:

a) Entitate onuradunaren arduradunak sinatutako ziurtagiria, gastua justifikatzeko kontuari, laguntzen xedearen aitorpenari eta gastuen justifikazioari dagokienez, III. eranskineko eredua erabiliz eta egindako ordainketen fakturak eta frogagiriak erantsiz. Agiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira.

b) Jarduketa non egin den, eremu horretako argazki erreportajea, koloretan, bai eta, jarduketa Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Espainiako Planaren (E plana) kargura finantzatu dela dioen kartela non jarri den, toki horretakoa ere.

c) Beharrezkoa den kasuetan, obra bukaerako ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua, bai eta obretako harrera akta ere, zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua. Administrazioak egindako obrak izanez gero, azken ziurtagiriaren ordez, obrak bukatu direla adierazten duen agiri bat aurkeztu beharko da.

2. Diru-laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, diru-laguntzaren frogagiriak aurkeztu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren jarduketa horietan bisita teknikoa egin ondoren eta teknikari kudeatzaileak aldeko txostena eman ondoren.

15. Betebeharrak.

1. Onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Diru-laguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea.

b) Hala egin dela eta diru-laguntza ematea edo erabiltzea erabaki duten baldintza guztiak betetzen direla justifikatzea.

c) Organo eskudunek eman edo jaso diren diru-laguntzen gainean egin ditzaketen egiaztapen guztiak onartzea.

d) Helburu bererako beste diru-laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea diru-laguntzak ematen dituen organoari.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

f) 18. oinarrian publizitateari buruz ezarritako betebeharrak betetzea.

2. Inbertsioak diruz lagundutako proiektuaren arabera eginen dira. Aldaketarik egin nahi bada, egin aurretik Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak baimena eman beharko du. Baimenik eza diru-laguntza galtzeko arrazoia izaten ahalko da.

3. Azkenean obren kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gertatutako merkatzearen arabera murriztuko da.

4. Obren kostuan ez dira sartuko finantza gastuak, establezimendukoak edo kudeaketakoak.

5. Onuradunek onartu egin beharko dituzte eta erraztasunak eman Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak egiten dituen egiaztapenetan eta eskatutako agiriak erakutsi.

16. Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetako edozein gertatzen denean, jasotako diru kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira eta diru-laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutza korrituak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz.

2. Onuradunak ia osorik betetzen baldin baditu ezarritako baldintzak, eta frogatzen baldin badu bere jarduera konpromisoak betetzera bideratu duela ezbairik gabe, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpidearen arabera finkatuko da, hau da, gastu justifikatuek aurrekontukoen aldean duten proportzioaren arabera.

3. Aurreko atalean xedatutakoa ezertan galarazi gabe, arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari jarraituko zaio.

17. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Jarduketa bererako eman diren diru-laguntzen baturak ezin izanen du gainditu obraren kostuaren %100.

Kontzetsiorako aintzat hartu diren baldintzen aldakuntza orok eta, edozein modutan, estatuko edo nazioarteko ezein entitate publikok edo pribatuk emandako aldi bereko diru-laguntzak jasotzeak emandako diru-laguntzaren aldaketa ekartzen ahalko du.

18. Diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honen kargura finantzatutako programen edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketa guztiek nahitaez bete behar dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa.

Obrak egiten diren bitartean, entitatean edo zentroan beti agerian egonen den kartela jarriko da, jarduketa Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Espainiako Planaren (E plana) kargura finantzatu dela adieraziz. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) adierazitako irizpideak jarraitu eta web berean eskuragarri dauden logoak erabiliko dira.

19. Errekurtsoak.

Toki entitateek deialdi honen eta aplikatzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Irabazi asmorik gabeko entitateek deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari zuzendua, bi kasuetan hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

F1013180_0.pdf

F1013180_1.pdf

F1013180_2.pdf

Iragarkiaren kodea: F1013180