98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

353/2010 FORU AGINDUA, uztailaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, emakumeak Nekazaritzako Gizarte Segurantzan "de minimis" araubidean afiliatzeko emanen diren laguntzen arauak ezarri eta 2010erako deialdia onesten duena.

Emakumeak, batez ere familiaren ustiategiaren esparruan, gizonarekin batera egiten ditu nekazaritzako lanak, lan horien zati handi bat bere gain hartzen du eta bai ondasunak bai lana jartzen ditu bere aldetik. Baina lan horrek ez du behar besteko onarpen juridikorik, balio ekonomikorik eta oihartzun sozialik, ez baita familiaren esparrutik ateratzen. Hori hala izaten da, gehienbat, pertsona fisiko bakar bat izaten delako nekazaritzako ustiategiaren titularra, eta horregatik zaila da emakumearen parte-hartzea ongi baloratzea, hau da, nekazaritzako ustiategiak berarekin dituen eskubide eta betebeharretan berdintasun baldintzetan aritzea.

Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 30. artikuluak nekazaritzako ustiategiaren titulartasun partekatuaren figura juridikoaren garapena eta ezarpena aurreikusi du, emakumeak nekazaritza sektorean dituen eskubideak erabat onar daitezen, Gizarte Segurantzaren babesarekin batera. Nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatuari buruzko martxoaren 6ko 297/2009 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ageri da neurri pizgarriak ezartzen ahalko direla, emakumeek nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatua lor dezaten eta halako titulartasunarekin jarraitzeko modua izan dezaten.

Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Bereziari lotuta dauden beren konturako langileak beren konturako langileei edo langile autonomoei dagokien Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartzeari ekin zion uztailaren 4ko 18/2007 Legeak indarra hartu eta gero, gora egin zuen kotizazioen kopuruak, eta hori konpentsatu egin zen prestazio maila handiagoarekin eta nekazari gehienen etorkizuneko pentsioen zenbatekoarekin.

Lege horren lehen xedapen gehigarriak nahitaezko estaldurako gertakizun komunen kuotan 100eko 30eko murrizketa ezarri zuen bost urterako, nekazaritzako ustiategien titularren ezkontide eta ondorengoen alde Gizarte Segurantzan alta emanez gero, baldintza hauek betetzen badituzte betiere: 40 urtetik beherako pertsonak izatea, beren konturako langileei edo langile autonomoei dagokien Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko sarrera "beren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziaren" bidezkoa izatea, eta nekazaritzako ustiategiaren titularra aipatu araubide eta sistema berezietan alta emanda egotea. Nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatuari buruzko martxoaren 6ko 297/2009 Errege Dekretuaren 7.3 artikuluak titularkideei ere helarazten dizkie 18/2007 Legearen xedapen gehigarriak ezarritako onurak, betiere horretan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Esparru horretan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste du beharrezkoa dela laguntza ildo bat ezartzea, nekazaritzako ustiategien emakume titular eta titularkideek Gizarte Segurantzan kotizatzea bultzatzeko, Estatuak emakumeen parte-hartzea sustatzeko ematen duen hobariaren osagarri, eta nekazaritzako sektorean emakumeen eta gizonen berdintasun materiala ere bultzatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 14an hartutako Erabakiaren bitartez, baimena eman zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari urte anitzeko gastuetarako konpromisoak hartzeko 2011tik 2014ra bitarteko ekitaldietarako, emakumeak Nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliatzeko laguntzen tramitaziorako.

Foru agindu honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 (EE) Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorean "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Emakumeak Nekazaritzako Gizarte Segurantzan "de minimis" araubidean afiliatzeko emanen diren laguntzen arauak onestea.

Emakumeak, nekazaritzako ustiategien titular edo titularkide gisa, Gizarte Segurantzan "de minimis" araubidean afiliatzeko emanen diren laguntzen arauak onesten dira. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

Lehenengo xedapen gehigarria.-2010eko laguntzen deialdia.

Emakumeak, nekazaritzako ustiategien titular edo titularkide gisa, Gizarte Segurantzan afiliatzeko emanen diren laguntzen deialdia onestea, 2010eko kanpainarako. Laguntza eskaerak aurkezteko epea agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2010eko abenduaren 31n bukatuko.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

Gobernuak 2010eko ekainaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, laguntza honetarako urte anitzeko gastua onetsi da, honela banatua:

60.000 euro 2010. urterako, 2011ko aurrekontu orokorretako "Gizarte Segurantzako kuoten hobaria" izeneko 71230 710001 4700 414211 kontu-sailaren kargura, eta 80.000 euro, 105.000 euro eta 80.000 euro 2012., 2013. eta 2014. urteetako aurrekontuetan, hurrenez hurren, aurreko kontu-sailaren parean gaitzen diren kontu-sailen kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko uztailaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Emakumeak Nekazaritzako Gizarte Segurantzan
afiliatzeko laguntzei dagozkien arauak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da emakumeak Nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliatzeko laguntzen araubide orokorra ezartzea.

2. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen araubidea aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitatean dauden nekazaritzako ustiategien titularrak edo titularkideak diren emakumen guztiei, hain zuzen ere beren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian sartzen badira, Gizarte Segurantzari lotuta nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileen sistema bereziaren bitartez.

2. artikulua. Laguntzak jasotzeko baldintza orokorrak.

Emakumeak Gizarte Segurantzan afiliatzeko laguntzak baldintza hauek betetzen dituzten emakumeei emanen zaizkie:

1. Araubideari atxikitzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritzako ustiategi baten titularra edo titularkidea izatea, baldin eta ustiategiak nekazaritzako 0,5 lan unitate (UTA) baditu gutxienez.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 13. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzea.

3. Sarrera 2009ko urtarrilaren 1aren eta 2010eko abenduaren 31aren artean egitea, 2010eko laguntzen deialdiaren kasuan. 2011ko eta 2012ko laguntzen deialdietan, urte horietako bakoitzean, hurrenez hurren, sartu diren emakumeek eskatzen ahalko dute laguntza.

4. Nekazaritzako ustiategiaren titularkidea izanez gero, titularrak araubide eta sistema berezi berberetan alta emanda egon beharko du.

5. 50 urte edo gutxiago izatea beren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian sartzean, Gizarte Segurantzari lotuta beren kontura ari diren nekazaritza arloko langileen sistema bereziaren bitartez.

6. Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean erroldatuta egotea.

3. artikulua. Onuradunen konpromisoak.

1. Eman edo jasotako diru-laguntzak eta hartutako konpromisoak direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten duen egiaztapen ekintza oro onartu beharko dute.

2. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri eman beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

3. Alta emanda egotea, bost urtez gutxienez, nekazaritza arloko beren konturako langileen sistema berezian, Gizarte Segurantzako beren konturako langileen edo autonomoen araubide bereziaren barrenean.

4. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei urteko laguntza emanen zaie hiru urtez, beren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian (Gizarte Segurantzari lotuta nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileen sistema bereziaren barrenean) sartu ondoko 36 hilabeteko zenbatekoa hain zuzen ere. Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

-Uztailaren 4ko 18/2007 Legearen xedapen gehigarrian ezarritako %30eko murrizketari atxikitako emakumeen kasuan, nahitaezko estaldurako gertakizun komunen kuotaren 100eko 20a, nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileen sistema berezian (beren konturako langileen edo autonomoen araubide bereziaren barrenean) aplikatzen den gutxieneko oinarriaren arabera kalkulatuta.

-Gainerako onuradunen kasuan, nahitaezko estaldurako gertakizun komunen kuotaren 100eko 50a, nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileen sistema berezian (beren konturako langileen edo autonomoen araubide bereziaren barrenean) aplikatzen den gutxieneko oinarriaren arabera kalkulatuta. Kontzesio aldiaren zati batean onuraduna aurreko atalean aipatutako murrizketari atxikita badago, aldi horretako kontzesioaren zenbatekoa kuotaren 100eko 20a izanen da.

2. Laguntza hauek "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 (EE) Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorean "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa, 08.12.21eko DO L 337, 35 or.).

3. Onuradunak, horrelako laguntzen bidez, gehienez ere 7.500 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean.

5. artikulua. Laguntza emateko lehentasun irizpideak.

1. Foru agindu honen xedeko laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaeren zenbatekoak aurrekontuko mugak gainditzen baditu, afiliazio zaharrena duten emakumeek izanen dute lehentasuna. Afiliazio data bereko onuradunak badaude, urte gehien dituzten emakumeek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. Laguntzaren araubidean sartzeko eskaera eta laguntza ordaintzeko eskaera.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen araubideari atxikitzeko, ustiategiaren titularrak eskaera bat aurkeztuko du, laguntzaren araubideari atxikitzen zaion lehen urtean.

2. 2010eko ekitaldiko eskaerak aurkezteko epea lehen xedapen gehigarrian ezarrita dago. 2011ko eta 2012ko ekitaldietako deialdietan, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa izanen da epea.

3. Eskabidea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaio. Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da eskaeraren tramitazioa on-line egiten bada, eta departamentu horren erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietatik edozeinetan, tramitazioa bertaratuz egiten bada.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Eskabidea jaso eta Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena eginen da. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak laguntza emateko ebazpena emanen du 6 hilabeteko epean gehienez, eta epe hori igarota ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

7. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Nekazaritza Zerbitzuak jarraipena eginen die neurriari eta onuradunen jarduketei. Horretarako egokitzat jotzen dituen kontrol administratiboak eginen ditu, eta onuradunak egiten utzi beharko dio. Zilegi izanen da diruz lagundutako jarduketen justifikazio edo jarraipenerako eta kontrolerako beharrezkoak diren datu eta agiriak eskatzea.

8. artikulua. Bateraezintasunak.

Gaur egun, laguntzen araubide hau ez da bateraezina aplikazio esparru bererako ezarritako beste ezein laguntza araubiderekin.

9. artikulua. Jasotako laguntzen murrizketak, bazterketak eta itzulketa.

1. 2. artikuluan aipatzen den edozein baldintza bete ezik, laguntzak ukatuko dira.

2. 2. artikuluko 1., 2., 4. eta 6. badlintzak eta 3. artikuluko konpromisoak betetzen ez badira, laguntza ukatuko da eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

3. Jasotako zenbatekoak itzuli beharra eragiten duten ez betetzeek berekin dakarte berandutze korrituak eskatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F1013002