98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

344/2010 FORU AGINDUA, uztailaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, martxoaren 23ko 57/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez bazka idortuen sektorearentzako laguntzak eskatu, tramitatu eta emateko prozedura arautu zen.

Europar Batasunak, merkatuen kudeaketarako tresna guztiak erraztu eta malgutzeko asmotan, nekazaritzaren arloko merkatu antolakunde bateratua sortu zuen urriaren 22an Kontseiluak emandako 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren bidez, eta xedapen berariazkoak ezarri zituen nekazaritzako zenbait produktutarako (MEBetarako erregelamendu bakarra); hortaz, esparru juridiko horizontal batek hartu du orain arteko planteamendu sektorialen tokia. Orduz geroztik, arauen aldaketa eta egokitzapen ugari egin dira nekazaritzaren sektorean, oro har, eta azken erreformaren baitan, "nekazaritzako politika bateratuaren osasun azterketa" delakoan, onetsitako aldaketak gauzatu dira. Hori dela eta, aldaketa sakona egin beharra dago ekoizpenari atxikitako laguntza araubide guztiak, bazka idortuena barne, ordainketa bakarraren araubidean sartzen joateko, 2010etik 2012ra bitarteko epean.

Kontseiluak merkatu antolakunde bateratuari buruz emandako 1234/2007 (EE) Erregelamendua bazka idortuen merkatu antolakunde bateratuari aplikatzeko xedapenak ezarri zituen 382/2005 (EE) Erregelamenduan, Batzordeak 2005eko martxoaren 5ean emandakoan, 23. artikuluan adierazten denez, kontrol administratiboak eta bertatik bertarakoak laguntza emateko baldintzak bete diren ala ez eraginkortasunez egiaztatu ahal izateko moduan gauzatuko dira.

Bestalde, kontuan harturik bazka idortuentzako laguntza hemendik gutxira osorik bereiziko dela, 2005-2006 urteetako kanpainan zati bat bereizi ondoren, sektorearentzako laguntza txikiagoa aurreikus daiteke. Aipatutakoagatik batetik eta, bestetik, azken kanpainetan egindako kontrolen emaitzetan nabaritutako eraginkortasuna direla eta, komeni da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren martxoaren 23ko 57/2005 Foru Agindua aldatzea. Horrez gain, beharrezkoa da 57/2005 Foru Aginduaren III. eranskinean atzemandako akatsa, laguntzaren zenbatekoari buruzkoa, zuzentzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren martxoaren 23ko 57/2005 Foru Agindua aldatzea.

1. 3. artikuluaren 1. idatz-zatian, "merkaturatze kanpaina hasi baino lehen" kendu eta "merkaturatze kanpaina hasi aurreko martxoaren 10a baino lehen" jarriko da.

2. 3. artikuluko 3. idatz-zatian, amaierako "kanpainaren hasiera baino lehen" kentzea.

3. 5. artikuluaren 1. idatz-zatian, "kanpaina hasi aurretik" kendu eta "merkaturatze kanpaina hasi aurreko martxoaren 10a baino lehen" jartzea.

4. 7. artikuluaren 1 a) letran, "kontratu eredu bat erabiliko dute" kendu eta "kontratu eredua erabiltzea gomendatzen da" jarriko da.

5. 8. artikuluaren 2. idatz-zatian, "formalizazio dataren ondoko hilabeteko bosgarren eguna baino lehen" kendu eta "ondoko hilabeteko 15a baino lehen" jarriko da.

6. 9. artikuluaren 2., 6. eta 7. idatz-zatiak kentzea. 9. artikuluaren 8. idatz-zatiak testu hau izanen du:

Lehengaien hornitzaileei eta bazka idortuak jaso dituzten operadoreei egindako kontroletan, 382/2005 (EE) Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoetan, egiaztapen horiei uko egiten badiete edo behar den laguntza ematen ez badute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak behar diren prebentzioak egiteko eskatuko die, eta hala egin ezean partida horietarako laguntza galdu dezakeela adieraziko."

7. 14. artikulua aldatu da eta honela gelditu da idatzirik:

"Murrizketak eta bazterketak.

1. 382/2005 (EE) Erregelamenduaren 24. artikuluaren 1. idatz-zatia aplikatuz egindako kontrol gurutzatuen ondorioz gorabeherarik atzematen bada NBEUFren kargura finantzatutako beste laguntza araubide batzuei dagokienez, horrek bere ondorioak izanen ditu, azaroaren 30ean Batzordeak emandako 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 57. eta 58. artikuluekin bat.

2. Alpaparen kasuan, ekoizpen kanpaina bakoitzean behin baino gehiagotan biltzen baita, eraldaketarako laguntzetatik kanpo geldituko dira haziak lortzeko egindako bilketak. Gainerako bilketetan, berriz, eraldaketarako laguntza jaso ahal izanen da.

3. Laborearen egoeraz egindako kontrolaren ondorioz kalkulatzen bada ez dela lortuko kontratatutako kopurua, gehiegizko bazka kenduko da kalkulatutako ekoizpenetik.

4. Europar Batasuneko, Espainiako edo Foru Komunitateko araudian aurreikusitako egiaztapenen ondorioz, laguntzarako eskaera batean edo gehiagotan adierazitako bazka kopurua laguntzarako eskubidea duen kopurutik gora dagoela ezartzen bada, dagokion laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen zenbatekoetan oinarrituta kalkulatuko da, kasu bakoitzean Batzordearen 382/2005 (EE) Erregelamenduaren 29. artikuluan adierazten diren murrizketak eta bazterketak aplikatuz.

5. Foru agindu honen 4.k) artikuluan aipatzen den energia kontsumoen azterketaren ondorioa baldin bada agerikoa dela bazka kopuru jakin bat idortzeko ezintasuna, bazka kopuru hori ordainketatik kanpo geldituko da.

6. Ordurako laguntza jasoa dutenen kasuan, espedientea irekiko da eta, egokia denean, zenbatekoen itzulketa eskatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluarekin bat.

7. Aurrekoaz gain, 382/2005 (EE) Erregelamenduaren 29. eta 30. artikuluetako azken idatz-zatietan aurreikusitako zehapenak ezarriko dira, artikulu horietan aurreikusitako kasuetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen II. tituluan ezarritakoarekin bat.

8. Bidezkoa izan gabe jasotako aurrerakin edo ordainketak itzuli behar den kasuetan, zenbatekoak itzuli beharko dira, ordainketa egin zenetik onuradunak itzuli arte iragandako denboraren arabera kalkulatutako interesa gehituta, kasuan kasuko urtean indarra duen Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako berandutzako interes tasarekin kalkulatuta; salbuespena izanen da administrazioaren akatsaren ondorioz egindako ordainketa bidegabearen kasua, halakoetan ez baita inolako interesik aplikatuko."

8. III. eranskinean, bazka idortuentzako laguntzarako eskaera eredua dakarren horretan, 19,18 euro/tonako zenbatekoaren ordez 19,80 euro/tonakoa ezarri da 1. eta 3. modalitateetan.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko uztailaren 16an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1012861