98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 28an hartua, "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremurako azpiegitura elektrikoak" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Sustatzailea "Navarra de Suelo Industrial, S.A." da.

I.-Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko martxoaren 1ean egindako bilkuran, "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremurako azpiegitura elektrikoak" izeneko proiektua, "Navarra de Suelo Industrial, S.A."k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat jotzea onetsi zuen eta, horrekin batera, espedientea hilabetez jendaurrean jartzea eta jarduera horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea. Erabaki hori 2010eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 24an.

Espediente honen xedea da 66 kV-eko banaketa sarean aldaketak eta luzapenak egitea; hasiera Orkoiengo TAn du eta bukaera Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuaren inguruan. Halaber, ukitutako lineak aldatu nahi dira eta Obanosen transformazioko eta banaketako estazio berri bat jarri.

Obanosko BTA estazio berritik 13,2 kV-eko hornidura linea berri bat hedatuko da, zirkuitu bikoitzekoa, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuraino.

Elektrizitatea banatzeko sarerako luzapenak gaur egungo azpiegiturak indartzeko aukera emanen du, Izarbeibar inguruan, hasieran kontuan hartutako esparrutik harantzago, zerbitzua hobetzea eta ematea ahalbidetuta.

UPSaren helburua da, alde batetik, elektrizitatea banatzeko sarea luzatzea, Izarbeibarko eta inguruko udalerrietako jarduera ekonomikoen eremuko kontsumoaren eta kogenerazio elektrikoaren eskariari erantzuteko eta, bestetik, kostuak banatzeko irizpideak zehaztea, kargak eta onurak banatzeko helburuak bete daitezen, indarra duen legediaren arabera. Hori hala, UPSak ukitzen dituen udalerri guztien udal eta udalez gaindiko planeamenduen onespen prozesua ukitzen da.

Sustatzaileak, proiektu honen tramitazioa eskatzeaz gainera, interes publikoko eta interes orokorreko deklaratzeko eskatu du.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala jendaurrean jartzeko eta udalei entzunaldia emateko aldi bereko tramiteetan alegazio idazki bat aurkeztu da. Hona eman horren laburpena eta emandako erantzuna:

1.-Fernando Lana Guembe jaunak, Obanosko Udaleko alkateak, Udalaren izenean aurkeztutako alegazio idazkia.

Alegatzaileak honako hau adierazi du:

1. Errepikatu egin behar ditu Udalak "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko UPSari buruz egindako alegazioak.

2. Jendaurrean eta entzunaldian jarri zen UPSak ez du zerikusirik azkenik aterako denarekin eta, horregatik, plana jendaurrean eta entzunaldian ez dela osorik erakutsi uste du. Zehazki alegatzen du aldaketa izan duela behin betiko onespenean (testu bateginean), eta edukia, akats nabarmenak dituena, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko onespenekin txertatzen ari dela, bai eta arazketa sistemari, kanalizazioen trazadurei, bide errefortzuei eta Utergako saihesbideari buruzko aldaketekin ere.

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak funtsezko elementuekin osatzen du UPSa, eta horrek erakusten du UPSean ez dela entzunaldirik eta jendaurreko aldirik izan.

3. Espedientea osatzen denean, berriz egin beharko dira jendaurreko aldia eta entzunaldia, uste baitu ez daudela aginduzko txosten sektorial asko eta, gainera, elementu asko zehaztu gabe daudela, esate baterako, ez dagoela ingurumeneko ukipenei buruzko gutxieneko zehaztapenak jasoko dituen azterlanik.

4. Ingurumen eraginaren adierazpeneko determinazio batzuk aldatu dira, hala nola, hornidura elektrikoaren jatorria eta trazadura, eta, bestalde, ez dira eraikitzen ari Orkoiengo TAren eta Cordovilla 1- Orkoien linea konektatzeko euskarriaren arteko linea elektrikoa. Uste du ez dela bermatzen proposatutako konponbidearen bideragarritasun teknikoa.

Erantzuna:

1. alegazioari dagokionez: errepikatu egiten dira Izarbeibarko UPSari buruz egindako alegazioak. Horregatik, eta txosten hau ekarri duen proiektua Izarbeibarko UPSa ez izan arren, errepikatu egiten dira Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSaren tramitazioan Obanosko Udalak egin zituen alegazioei emandako erantzunak (Gobernuaren Erabakia, 2008ko apirilaren 7koa, 2009ko maiatzaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).

2. alegazioari dagokionez: aipatzen den UPSa espediente honen xede ez izan arren, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen UPS indardunean berean argi agertzen da kanpoko azpiegitura batzuk Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren xede izanen direla, kasu honetan bezala. Hortaz, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial hau UPSa betez erredaktatu eta tramitatuko da.

Jendaurreko aldiari eta entzunaldiari dagokienez, alegazioa bera espedienteari buruz tramite horiek egin izanaren froga da.

3. alegazioari dagokionez: Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txosten sektorialak eskatu dizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Txosten horiek jaso dira eta administrazio espedientean daude.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena aldekoa da, eta ez du ezertan aldatzen tramitazioan dagoen Proiektu Sektoriala.

Kultura Departamentuari dagokionez, txostenak dio gotorleku karlista-liberalaren inguruan proposatutako 66 kV-eko linearen trazadura desbideratu egin behar dela, kokaleku horretatik 50 metrotara gutxienez. Trazaduraren aldaketa txiki horrek ez du justifikatzen UPSari buruzko jendaurreko aldia berriz ere egitea.

Ustezko zehaztasunik ezari dagokionez, bai UPSa aldatzeko dokumentuan bai Ingurumen ondorioen azterlanean agertzen da zehaztasun maila egokia dutela, hau da, hirigintza eta ingurumen arloko tresna horiei eskatzen ahal zaiena.

4. alegazioari dagokionez: Ingurumen ebaluazio estrategikoak eta, horren ondorioz, UPSaren Ingurumen eraginaren adierazpenak, egiazta daitekeenez, baztertu egin zuten kanpoko azpiegitura elektrikoa, UPS baten bidez garatu behar baitzen, hots, txosten honen xede denaren bidez. Horregatik ez da beharrezkoa UPSaren Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzea, UPS elektriko honi buruzko Ingurumen ondorioen adierazpen berariazkoa eginen baita, espedientea tramitera aurkeztutakoan eskatu zen bezala; helburu horrekin sartu zen, eta jendaurrean jarri da ingurumenari buruzko azterlan bat, dokumentazioaren zati gisa.

Horniduraren baldintza teknikoak zerbitzuaren operadoreak eskatzen dituenak dira, eta aldatu egiten dira denboran zehar, sare mailadun horren eskaria oso dinamikoa delako, eta puntu bakoitzeko gaitasunaren eskuragarritasuna etengabe aldatzen delako. Kasu honetan, UPSa erredaktatzen hastean, kontuan hartu zen Iberdrolaren txosten bat, horniduraren jatorri gisa Tafallako BTA ezartzen zuena. UPS indardunean, egoera hori kontuan harturik, honako hau idatzi zen espresuki: "Kanpoko sare elektrikoari dagokionez, UPS batean zehaztuko da, oraingoa ez baita aski ez UPSrako ez inguruko beste edozein hirigintza jarduketetarako. Kanpoko sare elektrikoa zehazten duen UPSa Iberdrolak ezartzen duenaren mende egonen da eta haren txostena izanen du". UPSa erredaktatzen hastean, operadorearen beste txosten bat jaso da, eta txosten horrek horniduraren jatorri berria Orkoiengo BTAn ezarri du.

Orkoiengo TAren eta Cordovilla 1-Orkoien linea konektatzeko euskarriaren arteko linea elektrikoari dagokionez, ez dira eraikitzen ari, esan bezala; aitzitik, eraikuntza hori proiektatu eta baimendu egin da eta, beraz, exekutagarria da. Horrek ez du inolaz ere zalantzan jartzen proposatutako soluzioaren bideragarritasun teknikoa, zeren eta, exekutagarria izanik, UPS honen sustatzaileak eraiki baitezake, behar izanez gero. Gainera, kostua ere ez litzateke ukituko, ordaina izateko eskubideari lotuta baitaude legez linea elektrikoak.

Horrenbestez, bidezkoa da alegazio horiek ezestea, 4. alegazioa izan ezik, onartzen baita "Orkoiengo TAren eta Cordovilla 1-Orkoien linea konektatzeko euskarriaren arteko linea" ez direla eraikitzen ari.

III.-2010eko martxoaren 1eko Erabakian ezarritako zehaztapenei buruz.

Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 1ean hartutako Erabakiak dio "Sustatzaileak proiektuan sartu, aldatu eta/edo justifikatu beharko dituela, zehaztapen maila egoki baten bidez, erabaki honen azalpen zatiko IV. atalean (Hirigintza eta lurralde arloko oharrak), V. atalean (Beste ohar batzuk) eta VI. atalean (Ingurumen arloko oharrak) agertzen diren oharrak.

2010eko maiatzaren 20an, sustatzaileak eranskin bat igorri zuen (1. eranskina) UPSa onesteko, akordioan eta egindako txostenetan agertzen ziren errekerimenduei erantzunez; onartua izateko eskatu zuen eta tramitazioarekin jarraitzeko, proiektu sektoriala behin betiko onetsi arte.

III.1. V. atalari (Hirigintza eta lurralde arloko oharrak) dagokionez.

a) Gendulaingo UPSari buruzko ukipenak.

66 kV-eko linea berriak Gazolazekiko bide loturak ukitzeari dagokionez (Gendulaingo UPSaren esparruan, gaur egun tramitazioan), Gobernuaren Erabakian sustatzaileari eskatu zitzaion trazadura desbideratzeko, esparru horrekiko ukitze puntuan. Puntu horri erantzunez, sustatzaileak leku horretako euskarrien banaketaren aldaketa bat aurkeztu du 1. eranskinean, baina linearen trazadura aldatu gabe. Aurkeztutako agiriak azterturik, ez zela nahikoa ikusi zen eta, horregatik, sustatzaileari 2010eko ekainaren 7an eskatu zitzaion justifika zitzala aurreikusitako bidearekiko distantzia batzuk.

Urte bereko ekainaren 16an, sustatzaileak beste eranskin bat (2. eranskina) aurkeztu zuen, Gendulain aldeko beste trazadura bat proposatzeko; haren arabera, 1A, 2 eta 3 euskarriak aldatu egiten dira, horrela beharrezkoak diren zortasunak bete daitezen, horietakoren bat Gendulaingo UPSaren eta Gazolazen arteko bide loturetatik hurbilen dauden puntuetan eroriz gero. Distantziak egokiak direla egiaztatu da eta, hala, hasierako oharra ebatzitzat jotzen da.

b) Ureztaketekin bateragarri izatea.

Erabakian agertzen zen proposatutako linea elektrikoek eta proiektatutako azpiestazio elektriko berriak Nafarroako Ubidearen ureztaketa eremu batzuk ukitzen dituztela Uterga, Legarda eta Obanosko udal mugapeetan. Horregatik, txostena eskatu zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Txostena aurtengo martxoaren 13an jaso zen, eta bertan azaltzen zen tramitazioan dagoen proiektu sektorialak ez dituela ukitzen bertako ureztalurrak, eta proiektua bateragarria dela Nafarroako Ubidearen bitartez 53.125 hektarea ureztalur bihurtzeko xedearekin.

c) Altxonbideak eta bideak, bide sarea, etab.

Erabakian honako hauei buruzko alderdiak jaso ziren, baldintzak bete beharrari eta baimenak lortzeari buruz: altxonbideak eta bideak, bide sarea (errepideak eta Iruña-Logroño autobia), gasbideak eta oliobideak, ibaiak eta linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak. Alderdi horiek kontuan hartu behar dira eraikuntza proiektuan eta/edo obren exekuzioan.

d) Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelako gai inerteen hondakindegia.

Gobernuaren Erabakian sustatzaileari eskatu zitzaion justifika zezala proiektatutako 66 kV-eko linearen 27. eta 30. euskarriek ez dutela esparru hori ukitzen.

Sustatzaileak, lehen aipatu den eranskinean, euskarri horien aldaketa bat proposatu zuen, hondakindegiaren UPSaren ondoko lurzatian jartzeko (kokalekuaren planoa ere bazen). Toki hori egokitzat jo zen.

e) Obanosko transformazio eta banaketa azpiestazioaren kokalekua.

Gobernuaren Erabakian agertzen zen ez zegoela justifikatuta Obanosko BTA azpiestazio elektriko berriaren kokalekuaren hautaketa, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremutik oso urrun egoteagatik.

Horri dagokionez, sustatzaileak erantzun zuen BTA horren kokalekua Iberdrolarekin zenbait bilera egin ondoren adostu zela, eta konpainiak horri buruz egindako txostena erantsi zen. Txosten horretan azaltzen da azpiestazioa ez dela aurreikusi jarduera ekonomikoen eremuko tentsio ertaineko eskariari erantzuteko bakarrik; horren hegoaldeko beste garapen batzuetarako aurreikusi dela funtsean. Kontuan harturik, gainera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak instalazio horri buruz egindako txostena aldekoa dela, ez da uste kokalekua aldatu behar denik.

f) Ondare historikoa.

Gobernuaren Erabakian agertu arren ondare historikoaren gaineko ukipenen balorazioa proiektu sektorialak behar duen Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitearen barruan eginen dela, komenigarria da departamentu honek egin duen tramitazioa laburtzea.

2009ko urriaren 27an, proiektu sektorialari buruzko txostena eskatu zitzaion Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari. 2010eko ekainaren 14an txosten hori jaso zen. Txostenean azaltzen zen eraiki beharreko 66 kV-eko lineak "El Fuerte" izeneko gotorleku karlista-liberala ukitzen zuela (Nafarroako inbentario arkeologikoan katalogatutako gotorlekua). Txostenak ezartzen zuen, beste determinazio batzuen artean, linea elektrikoaren euskarri eta kableen trazadura aldatu egin behar zela, kokaleku horretatik 50 metrotara gutxienez.

2010eko ekainaren 21ean, Ondare Historikoaren Zerbitzuak trazadura aldatzeari buruz egindako aldeko txostena sartu zen Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan.

Halaber, dokumentazio guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri da, kasuan kasuko Ingurumen ondorioen adierazpenean balora dadin.

g) Azpiegituraren babes araubidea.

Gobernuaren Erabakian jasotako azken oharrak dio "proiektuak ez dituela aipatzen proiektaturiko azpiegiturek ekarriko dituzten ukipen eta zortasunak, ez eta linea abian jartzen denean ukipen eta zortasun eremuek izanen duten babes araubidea ere. Aurkeztu den proiektuari alderdi horiek guztiak erantsi beharko zaizkio".

Sustatzaileak 1. eranskinean azaltzen du banaketarako linea elektriko baten ukipen eta zortasunen babes araubidea Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean ezarrita dagoela. Sustatzaileak adierazi du, halaber, lineak zeharkatzen dituen lurzatien banakako zerrenda jaso dela aurkeztutako proiektuan, eta euskarriek edo eroaleen hegalkinak eragindako okupazio mota aipatu da, obrak egiteko eta instalazioak arauzko segurtasun baldintzak betez abian jarri eta ustiatzeko behar besteko hedadurarekin.

Ohar horri dagokionez, sustatzaileak proposatu du proiektu sektorialaren araudian honako artikulu hau sartzea:

"Azpiegitura elektrikoak ezarritako ukipen eta zortasunei dagokienez, baita horien babes araubideari dagokionez ere, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea beteko da, baita horrekin bat datorren legeria eta hori osatzen edo ordezten duena ere".

Proposamena egokitzat jotzen da, eta proiektu sektorialaren testu bateginean jaso beharko da.

III.2. V. atalari dagokionez (Beste ohar batzuk).

Gobernuak 2010eko martxoaren 1ean hartutako Erabakian honako hau aipatzen zen: "Azpiegiturari dagozkion eta proiektu sektorial honetan definitu den sistema elektrikoarekiko etorkizuneko loturan edozein interesdunek -partikularrak edo hirigintza garapen berrien sustatzaile publikoak edo pribatuak- ordaindu beharko dituen kostuak ezartzeko eta ordaintzeko irizpideei dagokienez, hasteko uste da irizpide horiek ez direla Udalez gaindiko Proiektu Sektorial baten berezko edukia; dena den, espedientea ebatzi baino lehen irizpen juridikoa eman beharko da gaiaren inguruan. Dokumentu horretan proposatutako Araudia atalari dagokionez, uste da berriro egin beharko litzatekeela, lotura kostuei buruz aurretik aipatu diren irizpideak kenduta; horrela, proiektaturiko azpiegiturak ukitzen dituen lurren araubide juridikoa edo hirigintza araubidea arautzen duten alderdiak baino ez dira islatuko (...)".

Dokumentazio guztia aztertu ondoren, ondorioztatu da aurkezturiko proposamenak Udalez gaindiko Proiektu Sektorial baten berezko edukia gainditzen duela, eta tresna hori ez dela batere egokia erregulazio horretarako. Horrenbestez, inbertsioaren kostuak egozteari dagokionez, arlo horretako berariazko araudia aplikatu beharko du sustatzaileak eta, berariaz:

-Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea, uztailaren 4ko 17/2007 Legeak aldatua.

-1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena.

-222/2008 Errege Dekretua, otsailaren 15ekoa, energia elektrikoa banatzeko jardueraren ordainsarien araubidea ezartzen duena.

-35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

-2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20koa, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

Horrenbestez, sustatzaileak proiektu sektorialaren arauditik eta memoriatik kendu egin beharko ditu inbertsioaren kostua hirugarrenekin lotzeari dagozkion alderdi ekonomikoen gaineko erreferentzia guztiak.

III.3. Ingurumen arloko oharrei dagokienez.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2010eko ekainaren 24an emandako 00953 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremurako azpiegitura elektrikoak" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz. Horren sustatzailea "Navarra de Suelo Industrial, S.A." da. Besteak beste, Gazolazko CSren eta proposatu den Obanosko BTA berriaren arteko zirkuitu bikoitzeko 66 kV-eko linearen trazadura ukitzen duten determinazio hauek ezarri dira:

-Aireko linearen 51. eta 52. euskarriak, malda handiko eta landaredia naturaleko (sastrakadi mediterraniarra) eremu batean daudenak, topografia laueko alor batera eramanen dira, hegoaldean, higadura prozesuak eta landaredia hondatzea saihesteko.

-Teknikoki bideragarria bada, Erreniegako landaredian beste kale bat irekitzea saihestuko da 35. eta 37. euskarrien arteko tartean, eta gasbiderako dagoen kalea partekatzeko edo zabaltzeko ahalegina eginen da.

Ohar horiek kontuan harturik, sustatzaileari eskatzen zaio obrak gauzatzeko proiektua alda dezala.

IV.-Obrak interes orokorrekoak direla deklaratzeari buruz.

Espedientea irekitzean, proiektu hau Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzearekin batera, sustatzaileak eskatu zuen interes orokorrekoa zela ere adierazteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Alderdi horri dagokionez, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak txosten batean adierazi du Garesen eta Obanosen etxebizitzek eta industriak izan duten hazkunde nabarmenak agortu egin duela eremu horretako banaketa sarearen ahalmena. Bestalde, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuan energia elektrikoaren eskaria handitzeari buruz dagoen aurreikuspenerako (15,48 MW) eta sortutako energia elektrikoa ateratzeari buruzko aurreikuspenerako (25 MW) ez dira aski izanen eremu horretan dauden azpiegitura elektrikoak. Esandako guztiagatik zerbitzu honek proposatu du proiektu hau interes orokorrekoa dela deklaratzearen aldeko txostena ematea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremurako azpiegitura elektrikoak" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, "Navarra de Suelo Industrial, S.A."k (NASUINSA) sustatua, onestea, determinazio hauekin:

-Gazolaz-Obanos BTA 66 kV-eko linearen trazadura aldatuko da Gendulaingo UPSaren eta Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelako gai inerteen hondakindegiaren eremuan, baita "El Fuerte" gotorlekuaren inguruan ere, txosten honen azalpen zatiaren III.1 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

-Azpiegitura babesteko araubideari buruzko txostenaren III.1.g atalean aipatu artikulua gehituko zaio araudiari.

-Ondare historikoa babesteari dagokionez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2010eko ekainaren 14an egindako txostenean agertzen diren determinazioak beteko dira.

-Proiektu sektorial honen arauditik eta memoriatik kendu eginen dira inbertsioaren kostua hirugarrenekin lotzeari dagozkion alderdi ekonomikoen gaineko erreferentzia guztiak.

-Altxonbideak eta bideak: linearen euskarriak abelbide eta bideen kanpoko ertzetik gutxienez hiru metrotara jarriko dira.

-Bide sarea (errepideak eta A-12 Done Jakue bideko autobia): euskarriak jartzeko eta bideen babespeko eremuetan beste edozein obra egiteko, baimena eskatu beharko zaio Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

-Gasbideak eta oliobideak: proiektuan zenbait gasbiderekiko gurutzaketak aipatzen dira; gurutzaketa horiek arlo honetan indarra duen araudia betez egin beharko dira.

-Ibaiak: euskarriak paratzeko eta ibaibideen txukuntasun eremuan egiten diren obretarako beharrezkoa da Ebroko Ur Konfederazioaren baimena.

-Linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak: proiektuan linea elektriko batzuekiko eta telekomunikazioko linea batzuekiko gurutzaketak aipatzen dira; gurutzaketa horiek arloan indarra duen araudia betez egin beharko dira.

Nolanahi ere, azpiegitura hau egitearen ondorioz ukiturik gerta litezkeen edo obra baldintzatu lezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

3. Eraikuntza proiektuaren erredakzioan eta obren exekuzioan Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 00953 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteko dira. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremurako azpiegitura elektrikoak" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz.

4. UPS honen xede den linea elektrikoa interes orokorrekoa dela deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5. Sustatzaileari agintzen zaio testu bategina egin dezala, hasierako proiektuari erantsi zaion dokumentazioaren ondoriozko aldaketak sarturik, bai eta alegazioen ebazpenaren eta proposatu diren zehaztapenen ondoriozkoak ere.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau Orkoien, Oltza, Zizur, Obanos, Legarda eta Utergako udalei eta "Navarra de Suelo Residencial, S.A.ri" eta "Navarra de Suelo Industrial, S.A.ri" igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko ekainaren 28an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1011542