98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2010eko martxoaren 25ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2010eko maiatzaren 3an argitaratu zen 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Garesen, 2010eko ekainaren 30ean.-Mankomunitateko burua, Pedro María Egea Ortiz.

HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Baldintza orokorrak

1. artikulua. Mankomunitatea.

Izarbeibarko Mankomunitatea toki entitate bateratu bat da, eta bere xedeen artean hiri hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak egitea dago, hiri hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuan une bakoitzean sartzen diren toki entitateen mugapeetan, xedea izanik behar bezalako baldintzak lortzea garbitasun eta txukuntasun publiko egokiak, ingurumenaren babesa eta hondakinen berreskuratzea lor daitezen.

2. artikulua. Kudeaketa.

Izarbeibarko Mankomunitateak berak eratutako merkataritzako sozietate baten bitartez kudeatzen ditu aitzineko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak, toki erakundeen zerbitzuak emateari buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

3. artikulua. Xedea.

1. Lurralde horren barrenean hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak kudeatzen dituen entitatearen eta erabiltzaileen arteko harremanak arautzea da ordenantza honen xedea; bertzeak bertze, bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztea.

2. Zerbitzu horien tributu eta diru-bilketa kontuetarako, toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen araudi berariazkoari eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen eta Mankomunitateak onesten duen ordenantza fiskalari egin beharko zaie kasu.

4. artikulua. Aplikazioa.

1. Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuan, hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuetan aplikatuko da oro har, bai eta delako eremutik at ematen direnetan ere, osoki edo partez.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie espresuki arautu gabeko kasuei, izatez haren aplikazio esparruan sartzen badira.

3. Izarbeibarko Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko ahalmena du.

5. artikulua. Kanpo gelditzen direnak.

1. Ordenantza honen esparrutik at geratzen dira bai edozein motatako hondakinak lurrazpiko egitura naturaletan edo artifizialetan biltegiratzea, bai meategietan onura, ustiapen edo ikerketa jardueretan sortutako hondakinak biltegiratu edo aprobetxatzea.

2. At geratzen dira, halaber, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretako zabor eta hondakinak, haien ustiapen fasean, Lurzoruari buruzko Legearen arabera urbanizaezintzat jotako lurzoruan sortu edo uzten direnean.

3. Orobat at gelditzen dira Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen arabera hiri hondakinak ez direnak edo hiri hondakinekin pareka ez daitezkeenak.

6. artikulua. Printzipioak.

Ordenantza honen arauketa Hiri zabor eta hondakin solidoen bilketa eta tratamenduari buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen printzipioei eta aplika daitezkeen gainerako xedapenei jarraikiz egin da.

7. artikulua. Definizioak.

Apirilaren 21eko 10/1998 Legearekin bat, definizio hauek ematen dira:

"Hondakina" da edozein gai edo gauza, lege horren eranskinean agertzen diren kategorietan sartutakoa, bere jabeak botatzen badu, bota nahi badu edo, botatzera beharturik badago. Halakoxeak dira Europako Hondakinen Zerrendan bildutakoak ere (Mankomunitatearen otsailaren 8ko 304/2002 Agindua).

"Hiri edo udal hondakinak" dira etxebizitza partikularretan, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortutakoak, bai eta arriskutsuaren kalifikazioa ez dutenak eta haien izaera edo osaketa dela-eta, aipatutako toki edo jarduerek sortutakoekin parekatu daitezkeenak ere. Era berean, hiri hondakinak dira honako hauek:

-Eremu publikoak, berdeguneak, jostetaguneak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak.

-Etxeko animalia hilak, bai eta bazter utzitako altzariak, trasteak eta ibilgailuak.

-Etxeetako eraikitze eta berritze obra txikietatik heldu diren hondakin eta zaborrak.

"Hondakin arriskutsuak": Europako Hondakinen Zerrendan hala agertzen direnak, baita horiek eduki dituzten ontziak ere, Europako Batasunak bere araudietan arriskutsutzat jotzen dituenak ere araudi horretan edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoarekin bat Gobernuak erabaki ditzakeenak.

"Hondakin geldo eta organikoak": ordenantza honi dagokionez geldoak dira agudo desegiten ez direnak, hala nola paperak, plastikoak, kartoiak, bildukinak..., eta organikoak, berriz, hartzidura edo desegite prozesu azkar batean abia daitezkeen hondakin guztiak.

"Kudeaketa" da hondakinen bilketa, biltegiratzea, garraioa, balorizazioa eta deuseztapena, jardunbide horien zaintzea barne, hala nola hondakinak utzi edo botatzeko tokien zainketa, itxi eta gero.

"Balorizazioa" da hondakinetan dauden baliabideak aprobetxatzeko aukera ematen duen prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Deuseztapena" da bai hondakinak botatzera, bai haien suntsipen oso nahiz partzialera zuzendua den prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Bilketa": hondakinak bildu, sailkatu, elkartu edo garraiorako prestatzea helburu duten jarduketak oro.

"Ekoizlea": pertsona fisiko edo juridikoa oro, haren jarduerak, etxeko kontsumoaren ondoriozkoa kenduta, hondakinak sorrarazten baditu edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bertzelakoak. Europako Batasuneko edozein estatutatik hondakinak inportatzen edo erosten dituena ere ekoizletzat hartuko da.

"Edukitzailea": hondakinen ekoizlea edo hondakinak dituen pertsona fisiko edo juridikoa, hondakinen kudeatzailea ez bada.

"Kudeatzailea": pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien ekoizlea izan ala ez.

8. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinei buruzko 10/1998 Legearekin bat, hiri hondakinak ordenantza honetan finkatzen diren baldintzetan utzi beharko dituzte Izarbeibarko Mankomunitatearen eskutan; eskuratzen dituenetik aitzina, horien jabe bilakatuko da.

Hiri hondakinen edukitzaileek erantzunbeharrik ez dute izanen hondakin horiek egin ditzaketen kalteengatik, betiere haiek ematean aipatu ordenantza nahiz aplikatzeko diren gainerako arauak begiratu badira.

II. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

I. kapitulua

Baldintza orokorrak eta hondakinen kategoriak

9. artikulua. Baldintza orokorrak.

Titulu honek arautuko du Izarbeibarko Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak.

10. artikulua. Erabiltzaileak.

Zerbitzu hauek emateaz den bezainbatean, erabiltzaileak dira zerbitzu horien eragina edo onura jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, baldin eta bizilekua hiri hondakinak biltzeko Izarbeibarko Mankomunitatearen zerbitzuan une bakoitzean sarturik dauden udalerri eta kontzejuetan badute.

Araudiarekin bat, zerbitzu hau nahitaez eman eta hartu beharrekoa da.

11. artikulua. Hondakinen kategoriak.

Ordenantza honetaz den bezainbatean, hiri hondakinen kategoria ezberdinak ezartzen dira eta horiek, aldi berean, zerbitzuak emateko baldintzak definitzen:

a) Horietariko bat, derrigorrezkoa, etxeetako zaborrak eta haiekin parekatzen direnak biltzekoa.

b) Gainerakoak, erabiltzailearendako borondatezkoak.

12. artikulua. Etxeetako zaborren bilketa.

Etxeetako zaborren bilketa zerbitzua honako hiri hondakin hauei dagokie:

1. Etxebizitzetan, herritarrek elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.

2. Etxe bakoitzeko berogailuaren errautsak.

3. Herritarrek espaloiak ekortzearen ondorioz sortzen diren hondakinak.

4. Etxeetako hondakinen parekoak: horrelakotzat joko dira ondotik aipatzen diren hauek, baldin egunero uzten dena 50 litrotik beheitikoa bada.

a) Zuhaitzak kimatzean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

b) Saltokietako salgaien azalak, ontziak, bildukiak eta gainerako hondakin solidoak.

c) Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeetako hondakinen antzekoak.

d) Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe edo gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

e) Egoitza, hotel, ikastetxe eta bertze establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

f) Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

g) Etxebizitzetako obra txikietan sorturiko hondakinak.

h) Eraikinetako berogailu zentraletan sorturiko errautsak.

13. artikulua. Bertzelako hondakinak.

Etxeetako zabor bilketan inola ere jasoko ez diren "bertzelako hiri hondakinak", Ordenantza honen IV. kapituluan araututako bilketa berezien xede izanen direnak, hauek dira:

1.-Industriakoak: hona hemen zein joko diren industriakotzat:

a) Lantegi, tailer, biltegi eta denda handietan sortutako hondar, errauts eta zepak; eta hondakinak tratatzeko instalazioetan sortuak.

b) Abeltzaintzako eta nekazaritzako ustiategietan sortuak, ordenantza honetako 5. artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

2.-Hondakin kliniko kutsatu gabeak.

3.-Etxeko animalia hilak.

4.-Lurrak eta obra-hondakinak.

5.-Altzariak, etxe tresnak eta traste zaharrak.

6.-Oro har, halako hiri hondakinak, haien itxura, bolumena, pisua, eguneko kopurua, hezetasun maila edo bertzelako ezaugarriengatik, Izarbeibarko Mankomunitateko zerbitzuen iritziz, etxeetako zabor bilketa arruntean hartu ezin daitezkeenak. Orokorrean, 12-4 artikuluko hondakinak sartzen dira sail honetan, 50 litro/eguna baino gehiago direnean.

14. artikulua. Hartuko ez diren hondakinak.

Ordenantza honen 5. artikuluan aurreikusten diren salbuespenez gain, ez dira inola ere hartuko:

a) Hondakin arriskutsuak, etxeetako jarduketakoak kenduta.

b) Industriako edo merkataritzako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

c) Pneumatikoak, aplikatzen ahal den araudian aurreikusitako salbuespenekin.

d) Hondakin klinikoak, ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

e) M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi ustiategi eta harategietatik ertortzen direnak.

f) Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

g) Hondakin erradioaktiboak.

h) Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri hondakinekin parekatzen ahal ez direnak.

II. kapitulua

Etxeetako zabor bilketa

1. SAILA

Ematen diren zerbitzuak

15. artikulua. Ematen diren zerbitzuak.

Etxeko zaborren bilketa da 12. artikuluan definitzen diren hiri hondakinena, derrigorrez hartu behar direnak, eta jarduketa hauek sartzen dira haren barrenean:

a) Edukiontziak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

b) Edukiontziak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.

c) Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

d) Lan hauek direla medio eremu publikoan botatako zaborrak biltzea.

e) Hondakinak garraiatu eta horien hustuketa egitea tratamendu zentroetan edo, halakorik bada, horretarako ezarritako transferentzia plantetan.

f) Edukiontzietako garbiketa eta mantentze lanak.

16. artikulua. Tasak.

Izarbeibarko Mankomunitateak urtero ezarriko du behar den tasa etxeetako zabor bilketaren zerbitzuagatik eta ondoko tratamenduagatik, horri dagokion ordenantza fiskalak zehazten duenaren arabera.

17. artikulua. Programazioa.

1. Izarbeibarko Mankomunitateak etxez etxeko zabor bilketa eginen du egokitzat juzgatzen duen maiztasunarekin, betiere hiri hondakinen zerbitzua osatzen duten entitateen interesei begira.

2. Aitzineko atalean ezarritakoari jarraikiz, Izarbeibarko Mankomunitatearen zerbitzuek jendaurrera aterako dute urtero (eta aldatzen den guztietan) bilketa zerbitzurako aurreikusten den ordutegien programazioa, hura osatzen duten entitateetako bakoitzari dagokion egutegiarekin.

Halako kasu berezietan, batez ere saltokiak badira, haiek ireki eta ixteko ordutegia bat ez badator Izarbeibarko Mankomunitateak orokorrean izan ohi duenarekin, eta hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, ordutegi berezia ezar dezake, egokiagoa, halakoetako zaborrak uzteko.

3. Izarbeibarko Mankomunitateak, interes publikoari begira, komenigarritzat jotzen duenean, edozein unetan sar ditzake bilketa zerbitzuen programan iruditzen zaizkion aldaketa guztiak. Horretarako, dela ordutegian, dela moduan edo maiztasunean, zerbitzuan aldaketarik balitz argitara emanen luke.

4. Mankomunitateko buruak larrialdi egoeretan emandako xedapenak, berriz, aldez aurretik argitara eman behar izatetik salbuetsiak daude.

2. SAILA

Etxeetako bilketa edukiontzien bidez

18. artikulua. Arau orokorrak.

1. Izarbeibarko Mankomunitateak edukiontzi bidezko etxeetako zabor bilketa zerbitzua antolatua du; erabiltzaileak hura egokiro erabiltzera behartua izanen da.

2. Edukiontzi mota, haien ezaugarrik teknikoak, etxe multzo, industria edo merkataritza gune edo saltoki bakoitzean erabiliko den edukiontzi kopurua, eta haien kokapena, Izarbeibarko Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dituzte, ikuturiko udal eta kontzejuen lankidetzarekin; egoera berezia suertatuz gero, zerbitzu horiek kentzen ahalko dituzte.

Mankomunitateak edukiontzien kokaera halako toki batean finkatuz gero, ez da aldatzen ahalko haren teknikoek espresuki oniritzia ematen ez badute.

Erabiltzaileek ez dituzte edukiontziak haien tokitik mugitzen ahalko, ezta aldi baterako ere.

Arau bereziak

Bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handitu edo aldatuz

Izarbeibarko Mankomunitatearen eskumen eremuaren barrenean, urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan bilketa puntu berriak instalatzeko, kontuan hartuko da biltzeko modurik ba ote den eta betiere Udalaren hirigintza arauetan ezarritako baldintzei jarraikiko zaie

Bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dauden eremuetan, urbanizazio proiektua sustatzen duenak bere kontura eta fondo galdura ordainduko du instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskaera berria atenditzeko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukontziak, lurrazpikoak, bilketa pneumatikoa etab.) Udalaren hirigintza arauetan agertzen direnak izanen dira edo, bestela, urbanizazio proiektuaren edo obra lizentziaren gainean egin txostenak Mankomunitateak berak adierazitakoak.

Instalazioa handitu edo instalazio berria paratzen denean, enpresa zerbitzu emaileak finkatuko ditu baldintza teknikoak eta, obrak egiten direnean, kontrolatuko du betetzen ote diren.

Instalazio hori enpresa zerbitzu emaileak nahi bezala bukatu ondoren, berariazko edo esan gabeko harrera egin eta Udalaren ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

3. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Izarbeibarko Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.

4. Izarbeibarko Mankomunitateko zerbitzuek beren edukiontzien aldizkako garbiketa eginen dute.

5. Izarbeibarko Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatu ahal izanen du, zamalanetarako eta edukiontziak era egokian mantentzeko gainerakoak egiteko.

6. Barneko karriketan bilketako ibilgailuen joan-etorria debekatua bada edo ezinezkoa bada, finketako jabeen elkarteek edo biziliarrek eraman beharko dituzte euren hondakinak bertatik hurbilen dauden bilketako kamioiaren geldilekuetara, betiere ordenantza hauetan agindutakoari jarraikiz.

Titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, eta bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara.

Aurrekoa deusetan ukatu gabe, Mankomunitateak udalen lankidetzaren bidez, ezar ditzake edukiontziak non eta bilketako kamioiak ailega ez daitezkeen lekuetan, betiere inguruabar bereziengatik hori egitea komenigarria bada. Kasu horietan, dagokion udalari edo partikularrari konpromiso idatzia eskatutako zaio edukiontzia Mankomunitatearen kamioia ailega daitekeen lekuetara hurbil dezan.

19. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.

15. artikuluan eta kapitulu honetako hirugarren sailean ezarritakoez gain, erabiltzaileak, orokorrean, betebehar hauek izanen ditu:

1. Izarbeibarko Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Izarbeibarko Mankomunitatearenak izanen dira, salbuespen batez, alegia, zerbitzu teknikoen iritziz eta zabor produkzio handiarengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen badira, halakoetan Mankomunitateak ezarritako edukiontzi motakoak izan eta arau teknikoak bete beharko baitituzte, entitate honek haiek bildu eta garbitzeko dituen bitartekoekin bat etor daitezen.

2. Hondakinak Mankomunitatearen esku jartzea, zehazten diren zatietan bereizita eta ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen ataletan.

3. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondoan estalkiak itxi. Debekaturik dago bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea.

4. Debekaturik dago zaborra parrastaka botatzea edukiontzietara, bai eta likidoak edo likidoa sortzen ahal duten produktuak botatzea ere. Erabiltzaileak ongi itxitako boltsa hermetikoetan sartu beharko ditu hondakinak, zikin ez dezaten.

5. Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte zaborrontziak, kalterik jasan ez dezaten.

6. Herritarrek ez dituzte zamalanak, garraio eta edukiontzien garbiketa lanak eragotziko.

7. Hondakinak, egoki denean, tolestea edo zatitzea (kartoizko kutxak, zura, plastikoa etab.).

8. Kalte egin dezaketen hondakinak (beira laua, toska, latorria), kalterik ez egiteko maneran utzi beharko dira.

9. Errautsak aldez aurretik itzalita, hotzak eta ongi itxitako boltsetan bota behar dira.

Izarbeibarko Mankomunitatearen zerbitzuek behar bezala eta aurreko zehaztasunekin bat utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko diote.

3. SAILA

Zaborren sailkako bilketa

20. artikulua. Helburuak.

Bai Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak, bai Ontzi eta Ontzietako Hondakinei buruzko 11/1997 Legeak, berrerabilpena, birtziklajea eta hondakinei etekinak ateratzea dituzte helburu, horiek denak ingurumena eta jendearen osasuna zaintzeko. Halaber, bertze helburu batzuk dira hondakinak aprobetxatzea eta baliabide energetikoen eta lehengaien optimizazioa.

21. artikulua. Sailkako bilketa sistema.

Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa bete dadin, Izarbeibarko Mankomunitateak hasieratik bereizien sailkako bilketa egiteko sistema ezarri du, erabiltzaile guztiak behartzen dituena. Hona hemen:

Gai organikoen eta gainerakoen edukiontzia: janari hondakin organikoak, plastiko gogorrak, jostailu hautsiak, tapoiak, beira puskak edo edalontzi hautsiak, toska edo zeramikazko objektuak, zurezko kaxak edo brikolaje hondarrak, 8 litrotik gorako plastikozko ontziak puntu berderik ez badute eta etxeetako hondakin guztiak (gainerakoak), sailkako bilketarako zerbitzu berezietan edo edukiontzi ezberdinetan sartzen ez direnak.

Ontzietarako edukiontzia: Etxeko enbalajeak eta ontzi arinak: plastikozko ontziak, latak, brikak, poliespana, plastikozko boltsak eta abar.

Paper eta kartoiaren edukiontziak: paperezko eta kartoizko ontziak: ongi tolestutako kaxak, kartoizko boltsak eta abar, bai eta egunkari, aldizkari, kaierak eta abar.

Beiraren edukiontzia: edukiontzi horietan beirazko ontziak utziko dira, hala nola botilak, flaskoak edo potoak.

Pilen edukiontzia: edukiontzi horretan mota guztietako pilak utziko dira, betiere soltean eta inolako boltsa edo bilgarririk gabe.

Olioaren edukiontzia: edukiontzi horietan sukaldean erabilitako olioak utziko dira, behar bezala itxitako plastikozko ontzietan.

Arroparen edukiontzia: edukiontzi horretan arropa eta zapatak sartuko dira, behar bezala itxitako poltsetan.

2. Debekaturik dago etxeko hondakin arriskutsuak edukiontzi mota guztietara botatzea, salbu eta haietarako ezarri direnetan, baita arautegiaren arabera arriskutsuen artean baldin badira, hori guztia ezertan ukatu gabe Izarbeibarko Mankomunitateak entitate eskudunekin haren kudeaketaz laguntza eskaintzen ahal duen, indarrean den araudiari jarraituz.

Hondakin horiek eta haien ontziak Izarbeibarko Mankomunitateak horretarako paratzen dituen garbiguneetan utzi beharko dira (garbigune mugikorra, hondakin berezi edo arriskutsuak uzteko).

3. Hondakin organikoen eta gainerakoen edukiontzietan uzten diren hondakin guztiak poltsa ongi itxietan sartu beharko dira, eror ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen. Hondakinak gaizki aurkezteagatik horiek kanpora erortzen badira, erabiltzaile eragilea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak paketa edo kaxa barnean uzteko.

4. Ontzietarako edukiontzietan utzitako hondakinak poltsetan utziko dira, aldez aurretik kendu gabeko likidorik eroriko ez dela segurtatuta.

5. Plastikoak, zurak, metalak eta gisakoak kenduko zaizkio paperari eta kartoiari. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aitzin.

6. Beirazko ontziak poltsarik, taparik edo tapoirik gabe utziko dira.

7. Izarbeibarko Mankomunitateak zehapena ezarriko die bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei, baita aitzineko artikuluetan ezarritako betebeharretako edozein betetzen ez dutenei ere.

22. artikulua. Atez ateko bilketa.

Izarbeibarko Mankomunitateak produktu ezberdinen bilketa ezartzen ahalko du atez atekoa, hala nola bolumen handikoak, papera eta abar. Behar den antzinatasunez adieraziko ditu ordutegia eta bilketaren ezaugarriak.

III. kapitulua

Zaborretarako instalazio finkoak erabiltzea

23. artikulua. Debekuak.

Debeku da hondakinak saneamendu edo estolderia sareetara botatzea.

24. artikulua. Instalazioak.

Izarbeibarko Mankomunitatearen zerbitzuek aldez aurretik emandako baimena beharko da etxeko erraustegiak edo zaborren dentsitatea handiagotzeko instalazioak paratzeko.

IV. kapitulua

Bertzelako hondakinen bilketa bereziak

25. artikulua. Kontzeptua.

13. artikuluan definitu diren bertzelako hondakinen bilketa, hondakinen bilketa berezitzat hartzen da. Horretarako, Izarbeibarko Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bertzenaz, erabiltzaileek nola egin behar duten erranen.

Erabilera esklusiboko edukiontzien bidez emanen ohi da zerbitzu hau. Zerbitzua emateko modu honen erabiltzaileek edukiontziak zaindu eta mantentzeko ardura izanen dute eta orobat erantzunen dute berei edo hirugarrenei egiten dieten kalteez. Edukiontzi horiek ekoizlearen jabegoan gordeko ohi dira. Salbuespenez eremu publikoan paratzen ahalko dira, dagokion udalaren baimen espresua edo isilekoa izanez gero. Orobat, ekoizleari dagokio edukiontziak zerbitzuaren eskura jartzea ohiko bilketa orduetan eta hortik kentzea hura amaitutakoan.

Bilketa berezi horiek edukiontzi trinkotzaileak, kaxak edo zerbitzu honi egokitutako bertze sistema berariazkoak erabiliz egiten ahalko dira.

Inolaz ere ezin izanen dira bildu arautegi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo kudeatzaile baimendu baten aldez aurretiko tratamendua behar dutenak, salbu eta Mankomunitateari horretarako gaitasuna ematen bazaio.

Kimaketa eta lorezaintzako hondakinak utziko dira Izarbeibarko Mankomunitateak horretarako jarritako tokietan, betiere elementu arrotzik gabe eta inoiz ez poltsetan. Enborrak ez dira 20 m diametrotik gorakoak eta 1,5 metro baino luzeagoak izanen.

26. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurreko tratamendua.

Apirilaren 21eko 10/1998 Legeak ezarritakoaren arabera, Izarbeibarko Mankomunitateak hondakin motaren bat arriskutsua dela uste duenean, hura sortzen duenari edo haren jabe denari eska diezaioke, biltzeari ekin baino lehen, beharrezkoa den tratamendua egin dezan, hondakina arriskutsu bihurtzen duen zera kentzeko, edo pertsonendako, gauzendako edo ingurumenarendako arriskutsu izan gabe bildu, garraiatu, tratatu edo deuseztatzeko maneran uzteko eralda dezan.

27. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

1. Ordenantza honetatik kanpo gelditu behar baitute, hondakin arriskutsuak dira artikulu honen bigarren atalean agertzen diren hondakin gai guztiak, bai eta Europako hondakinen zerrendan, alegia, Izarbeibarko Mankomunitatearen otsailaren 8ko 304/2002 Aginduaren bidez argitaratutako hartan, daudenak ere, eta halaber, horien ontziak, eta gobernuak Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak xedatu bezala onetsiko dituenak.

2. Hondakin hauek arriskutsutzat hartzen dira:

a) Hondakin ziztatzaileak eta zorrotzak, osasun laguntzaren inguruko jardueretatik heldu direnak.

b) Giza gorputzaren hondakinak, hilotzen txukuntasuna arautzen duen Erregelamenduan sarturik ez daudenak.

c) Eragile infekziosoen kultiboak eta erreserbak.

d) Dialisirako iragaziak eta hodiak, transmisio parenteraleko eritasun infekziosoak dituzten gaixoenak (GIB eta B eta C hepatitisak).

e) Infekzio enterikoak (kolera edo disenteria amebianoa) dituzten erien gorozkiekin kutsaturiko hondakinak.

f) Aerosol bidezko transmisioko infekzioak (tuberkulosia edo Q sukarra) dituzten erien arnas jariakinekin kutsaturiko hondakinak.

g) Infekzio oso birulentoak (kanpotik ekarriak edo Espainian gutxitan izaten direnak) dituzten erien hondakinak.

28. artikulua. Informazioa.

Aurreko artikuluak dioena bermatzearren, aurreko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, eskuztatu edo garraiatzen dituzten ekoizle, edukitzaile eta baimendutako hirugarrenak beharturik daude hondakinen jatorriari, izaerari, osaketari, ezaugarriei, kopuruari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzko informazioa ematera Izarbeibarko Mankomunitateari.

1. SAILA

Industriako hondakinak bildu eta garraiatzea

29. artikulua. Aukerak.

Industriako hondakinen sortzaile edo edukitzaileak Izarbeibarko Mankomunitatearen eskuetan utziko ditu, zerbitzu eskudunak erabakitako baldintzetan. Bilketa aurrera eraman daitekeenentz erabakiko du, hondakin horien kopuruak eta egoeren arabera. Bertzenaz, eskaera egin duenari baimena emanen dio dagokion tratamendu zentrora eraman ditzan.

Mankomunitateak aukeratzen badu hondakinak biltzeko zerbitzu berezia ematea, behar den kontratua formalizatuko du hondakinen sortzailearekin.

Erabilera esklusiboko edukiontziak, edukiontzi trinkotzaileak edo kaxa irekia erabiliz emanen ohi da zerbitzu hau.

Mankomunitateak aldez aurretik baimena emanda, hondakin hauek kudeatzaile baimendu baten eskuetan uzten ahalko dira, gero birtzikla eta baliozta daitezen.

2. SAILA

Hondakin klinikoak bildu eta garraiatzea

30. artikulua. Sailkapena.

Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, klinika, ospitale, anbulatorio eta abarretako hondakinak, oro har, honela sailkatuko dira:

a) Kutsatu gabeak: sukaldekoak, ostatukoak eta antzekoak (aurretik tratamendua egindakoan, indarra duen legeriaren arabera hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak hartzen dira antzekotzat).

b) Kutsatuak: gainerakoak.

31. artikulua. Tratamenduak.

Bakarrik aurreko artikuluko a) atalean sailkaturiko hondakin klinikoak bildu ahal izanen dira.

Gainerako hondakin onargarriak zentruek berek tratatu beharko dituzte beren labe, gorpuzki-labe edo errauskailuetan, edota behar bezala bilduak Izarbeibarko Mankomunitateari emanen, baina inolaz ere ezin izanen dira erabili birziklatzeko.

Ez dira inolaz ere onartuko Ordenantza honetako 27.2 artikuluko hondakinak.

32. artikulua. Hondakin erradioaktiboak.

Izarbeibarko Mankomunitateak ez du bere gain hartuko inolako hondakin erradiaktiboren bilketa, ez baita bere eskumenekoa; horrenbertzez, ospitale, klinika edo anbulatorio bakoitzak horiek deuseztatzeko sistema egokiak prestatu beharko ditu.

3. SAILA

Etxeko animalia hilen bilketa eta garraioa

33. artikulua. Debekuak.

Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek jabetza publikoko lurretan ehorztea ere.

34. artikulua. Ematen diren zerbitzuak.

1. Etxeko animalia hilak gainetik kendu nahi dituztenak, beraien bitartekoak erabiliz eginen dute edo Izarbeibarko Mankomunitateak ezarritako zerbitzuez baliatuko dira. Kasu horietan CE 1064 / 2009 Erregelamenduan eta aplikatzekoa zaion hondakinen araudian ezarritakoa beteko da.

2. Animalia hila beren gainetik kenduagatik ere, jabeak haren baja eman eta heriotzaren arrazoiak jakinaraztera beharturik daude, bertzelako ordenantza nahiz erregelamenduek hala agintzen badute.

4. SAILA

Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta botatzea

35. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honi dagokionez, lur eta obra-hondakintzat hartuko dira honako hondakin hauek:

1. Indusketak egin eta gero ateratzen diren lur, harri eta gisakoak.

2. Eraikuntza, eraispen eta errauspen lanetatik ateratako hondakinak eta, oro har, obra tikietako soberakinak.

3. Goian aipatutakoen gisakoak diren materialak eta egoera berezietan Izarbeibarko Mankomunitatearen zerbitzuek halakotzat jotzen dituztenak.

36. artikulua. Hondakinak botatzeko tokiak.

Honako hauei jarraituko zaie: Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean edo hura ordezkatzen duen araudia, Eraikuntza eta Eraispen Lanetako Hondakinen Sorrera eta Kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta ingurumenaren arloan indarrean den araudia. Edonola ere, baimendutako tokietan botako dira.

37. artikulua. Debekuak.

Debeku da lur eta obra-hondakinekin nahasita edozein motatako hondakin organikoak, eta, orohar, hirugarrenei, ingurumenari edo higiene publikoari kalte egin diezaiekeen zernahi botatzea.

38. artikulua. Garraioa.

Lurrak eta obra-hondakinak eramanen dituzten ibilgailuek bidean deus ere ez galtzeko maneran garraiatuko dituzte, bide publikoa ez zikintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz.

Aitzineko atalean aipatzen denari dagokionez, Izarbeibarko Mankomunitateko zerbitzuek ukitutako eremua garbitu eta bertara eroritako materialak kentzen ahal dituzte. Erantzuleei ordainaraziko zaizkie zerbitzuaren kostuak, legokiekeen zehapena deusetan ukatu gabe.

5. SAILA

Altzari, etxeko tresna eta traste zaharren bilketa

39. artikulua. Bilketa bereziaren zerbitzua.

Izarbeibarko Mankomunitateak zerbitzu berezia ezarriko du altzari, etxeko tresna eta traste zaharrak biltzeko, betiere bere jarduketa eremuan.

40. artikulua. Salbuespenak.

Zerbitzuak mota orotako altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak hartuko ditu bere gain, salbu eta higiarazteko bitarteko mekanikoen erabilpena behar dutenak, hala nola garabiak, poleak, etab., edota berehala garraiatuak izateko prest ez daudenak, edo haien kopuru edo bolumenagatik ohikoekin ezin eta baliabide bereziak behar badituzte.

II. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

41. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira ondoko jarduera eta egoerak:

1. Erabiltzaileak berak sortutako hondakin solidoak, arrazoirik gabe, Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea.

2. Hondakinak Mankomunitateak ezarritako eremu edota zabortegietatik kanpora botatzea.

3. Edukiontzietako nahitaezko bilketan sarturik ez dauden hondakinak botatzea, zerbitzu hori kontrataturik izan gabe edo Mankomunitateak baimendurik egon gabe.

4. Hondakinak uztean, Mankomunitateak ordenantza honen bidez edo hau garatzeko eman ebazpenen bidez hondakinak biltzeko ezarritako baldintza, leku eta orduei ez lotzea.

5. Edukiontziei kalte egitea.

6. Zamalanak eta edukiontzien inguruko mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.

7. Hondakin solidoak estolderia sarera botatzea.

8. Izarbeibarko Mankomunitatearen baimenik gabe etxeetan hondakinen aurrekudeaketarako instalazioak paratzea.

9. Hondakin arriskutsuak uztea edota biltzen direnekin batera nahastea.

10. Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan halakoak direnen kasuan, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.

11. Bildu behar ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek hondakin onargarriekin nahastea.

12. Animalia hilak edozein lurretan uztea edo jabetza publikokoak direnetan ehorztea.

13. Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak galaraztea.

14. Hondakin organikoak lurrekin edo obra-hondakinekin nahastea.

15. Hondakin solidoak behar bezala utzi eta gero ebastea.

16. Hondakinak ez dagozkion edukiontzira botatzea, Mankomunitateak hasieratik bereizien sailkako bilketa egiteko ezarri duen sistemari huts eginez.

17. Zabor organikorako edukiontzietara hondakinak "parrastan" botatzea, erran nahi baita, poltsa, zaku edo bertzelako enbalaje estankoetatik kanpora.

18. Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea.

19. Edukiontzietan pintadak, grafittiak eta halakoak egitea, kartelak edo edonolako eranskailuak paratzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

20. Orokorrean, ordenantza honetan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezartzen direnei kontra egiten dien edozein ekintza edo huts egitea.

42. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Honako ordenantza hauetan aurreikusitako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke:

a) Arau-hauste oso larriak dira aitzineko artikuluko atal hauetan agertzen direnak: 1, 2, 3, 4, 5, 7, 9, 11 eta 12.

b) Arau-hauste larriak dira aitzineko artikuluko atal hauetan agertzen direnak: 6, 13, 14, 15 eta 16.

c) Arau-hauste arinak dira aitzineko artikuluko atal hauetan agertzen direnak: 8, 10, 17, 18, 19 eta 20.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero larritzat hartuko da, eta arau-hauste larri batean berreroriz gero oso larritzat hartuko da.

43. artikulua. Zehapenak.

Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, egindako okerraren tamaina, arau-hausteak berarekin dakarren arriskua eta egon daitezkeen bertzelako egoera aringarri edo astungarriak.

Aplikatuko diren zehapenak dira 750 euro bitarte arau-hauste arinetarako, 751 eurotik 1.500 bitarte arau-hauste larrietarako eta 1.501 eurotik 3.000 bitarte arau-hauste oso larrietarako, edo bertzenaz legeria orokorrak alkateei esleitzen dien gehiena.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

Zehapena %50 merkeago ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa salaketa-orria salatuaren eskuetan jarri edo zehapen espedientea abiarazi dela jakinarazi ondoko lehen hamabost egunean egiten bada.

44. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedurarako erabiliko da araudi orokorrean ezarritakoa (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko erregelamendua).

Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

IV. TITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

45. artikulua. Erreklamazioak.

Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla eta aurkezten dituzten erreklamazio, zalantza eta galderak, kasu bakoitzean eskudun den administrazio publikoko erakundeak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz.

46. artikulua. Errekurtsoak.

Entitatearen ebazpenen aurka Toki Administrazioari buruz indarra duen legeriak oro har ezarrita dituen errekurtso eta erreklamazioak ezar daitezke.

47. artikulua. Jurisdikzioa.

Honako Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabehera guztiak ebazteko, Nafarroako administrazioarekiko auzitegiak izanen dira eskudun.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, berari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1011987