98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLAMAYOR DE MONJARDíN

Ordenantzaren behin betiko onespena

Villamayor de Monjardingo Udalak, 2010eko martxoaren 11n egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Villamayor de Monjardinen, 2010eko uztailaren 12an.-Alkatea, Eugenio Fernando Barbarin Luquin.

VILLAMAYOR MORJARDINGO UDAL HILERRIAREN ERABILERA
ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Villamayor de Monjardingo Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Haren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza izateak honako ahalmen hauek dakarzkio Villamayor de Monjardingo Udalari:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatearen ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Udaleko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko. Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxetan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kutxa berria ezarri beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak hartzeko Udalaren tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko eperako, gehiagorik ordaindu gabe. Dena den, leku guti izan eta gehiagoren beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bestalde, ehorzteko kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertze deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo zutikako hilarriak baizik ez dira paratzen ahalko, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

-Diseinu mota: librea.

-Gehieneko garaiera: 45 zentimetro.

-Lodiera: 8 zentimetro.

Debeku da mota eta tamaina guztietako harlauzak zoruan paratzea.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak Villamayor Monjardingo udalerrian

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak

b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak eman ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

HIRUGARREN KAPITULUA

Ehorzteko tokien antolamendua eta ordenamendua

23. artikulua. Egun, hilerriaren mendebaldeko atetik sartu eta eskuinetatik ezkerretara eginen dira ehorzketak, elkarren segidan.

Familiakoei jakinaraziko zaie, halakorik baleude, hobia egin dela, baldin eta segurtasunez ezagutzen bada toki horretan beste ehorzketa bat egin zela, gorpuzkinak berreskuratu nahiko balituzte, betiere legeak zehazten dituen 10 urteak igaro ondoan.

24. artikulua. Sartu eta eskuineko horman dauden gurutzeak edo ikurrak kenduko dira, modu ordenatuan, eta hondakindegira botako dira geroago, azken inskripziotik berrogeita hamar urte baino gehiago iraganda.

LAUGARREN KAPITULUA

Egungo eta etorkizuneko nitxoak arautzea, halakorik balego

25. artikulua. Bandoan iragarriko da, interesa daukan ororendako, zein den nitxoen administrazio kontzesioa egiteko espedientea. Hona hemen haren ezaugarriak:

a) Administrazio kontzesioa 99 urtekoa izanen da, luzapenik gabe.

b) Kanona, kontzesioa ematean ordaindu beharrekoa, urtero zehaztuko da, eta 2010ean 1.000,00 eurokoa izanen da bizilagun eta erroldatuendako. Gainerako interesdunendako 1.500,00 eurokoa izanen da.

c) Kontzesioa ematerakoan hartuko den irizpidea interesdunen inskripzio ordena izanen da.

d) Apaindurek ezin dute 15 zentimetroko hegalkina gainditu nitxoaren atetik.

e) Familiakoek izanen dute garbitu eta egoki zaintzeko ardura.

f) Titulartasuna (kontzesioaren eskubideak) eskualdatzea Udalari jakinaraziko zaio, eta 100,00 euroko tasa izanen du.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak:

a) Villamayor de Monjardingo Udalean erroldatuak, hiru urteko antzinatasuna baino handiagoa dutenak erroldan: salbuetsia. Arauak indarra hartzen duen mementoan erroldatuta dauden guztiek behar besteko antzinatasuna dutela kontsideratuko da tasa kobratzerakoan.

b) Villamayor de Monjardingo Udalean erroldatu gabeak: 300,00 euro. Zenbateko horri urteko KPIa aplikatuko zaio.

b) kasuan salbuetsirik geldituko dira bizilagunak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan, eta berdin erlijiosoak. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira eta ez dute deus ordaindu beharko.

Iragarkiaren kodea: L1012215