98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Udal ordenantza, Alesbesen (Nafarroa) Aisiarako eta biltoki gisa erabilitzen diren lokalak (piperoak) arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Alesbesko (Nafarroa) Udalak, 2010eko urtarrilaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Aisiarako eta biltoki gisa erabilitzen diren lokalak (piperoak) arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2010eko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

UDAL ORDENANTZA, ALESBESEN (NAFARROA) AISIARAKO ETA BILTOKI GISA ERABILTZEN DIREN LOKALAK (PIPEROAK) ARAUTZEN DITUENA

Azken aldian, oso ohikoa bilakatu da kuadrillek "festetako piperoak" izenekoak urte osoan zehar erabiltzen hastea. Horrek bizilagunen kexak ekarri ditu, batez ere gabezia handiak izan direlako ingurumenaren aldetik eta higiene-osasunaren aldetik, bai lokal horien barruan bai kanpoan.

Era berean, ikusi da lokal horietako asko egoera txarrean daudela eta gainera gutxieneko zerbitzurik ere ez dutela, ura eta komunak kasu. Horrek guztiak arriskuan jartzen du ez bakarrik erabiltzaileen segurtasuna, baizik eta gainerako bizilagun guztiena ere.

Egoera honen aurrean, Alesbesko Udalak espazio horiek arautuko dituen ordenantza prestatu du, lehenik eta behin herritar guztien segurtasunaren arduraduna delako, bigarrenik ordena publikoaren arduraduna delako eta hirugarrenik, Nafarroako Toki Ogasunarekin lankidetzan aritzeko betebeharra duen entitatea delako.

Xedea

1. artikulua. Piperotako lokal eta etxabeen erabilera arautzea du xede ordenantza honek, haiek aisiarako eta jendea biltzeko izanik, aldi baterako edo jarraian.

Ordenantza hau ez dagokie familia bakarreko etxebizitzen barreneko etxabeei, baldin eta haien eranskinak badira. Nolanahi ere, Udalak erabakiko du piperotzat hartzen den edo ez.

Aplikazio eremua

2. artikulua. Gaur egun Alesbesko Udalaren mugapean pipero gisa erabiltzen diren lokal edo etxabe guztiei aplikatuko zaie, baita berritik irekitzen direnei ere.

Erantzukizuna

3. artikulua. Jabeak bakarrik du erantzukizuna pipero gisa erabiltzen den lokalak edo etxabeak ordenantza honetan eskatutako arauak bete ditzan, ez beste inork.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

Izen ematea

4. artikulua. Higiezinaren jabeak Udalaren bulegoetan inskribatu beharko du, horretarako sortutako "piperoen" erregistroan, lokalaren poligonoa, lurzatia, unitatea eta metroak zehaztuta. Inskribatzeko, jabeak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

A) Txosten bat, piperoa erabiltzeko segurtasun baldintzak betetzen dituela adierazten duena. Udalaren teknikariak, higiezinaren egoera ikusita, lokalaren segurtasunean akatsak atzematen baditu, teknikari eskudun batek prestatutako ziurtagiria eskatuko du, eraikinaren egituraren segurtasunari eta sendotasunari buruz.

B) Suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa, lokala babesteko eta 150.000 euroko kaltea estaltzeko.

C) Jabeak lokala alokatzen duenean, "Lokalen alokairua" izeneko 186120 epigrafean inskribatuko da.

Erabiltzeko baldintzak eta arauak

5. artikulua. Piperotako lokalak argia, ur korrontea, komun-zuloa, konketa eta su-itzalgailua izan beharko ditu. Lokalean egiten den jarduera "elkarte gastronomiko" batena bada, haiei aplikatzen zaien araudiak izanen du indarra eta, beraz, jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratu beharko da.

6. artikulua. Zarata ez da 35 dezibeletik gorakoa izanen egunez (8:00etatik 22:00ak arte), ezta 30 dezibeletik gorakoa ere gauaz (22:00etatik 8:00ak arte), Zarata eta bibrazioen sortzaile diren jarduerek bete beharreko baldintza teknikoei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

Gaueko 22:00etatik aurrera ezin da musikarik paratu, salbu eta larunbatetan, jai bezperetan, herriko festetan, gazteriaren festetan eta ihauterietan; egun horietan 01:00ak arte jartzen ahalko da musika.

7. artikulua. Higiezinaren kanpoko aldeak (espaloia, kalea etab.) garbi egon beharko du, zabor, altzari, likido edo erabileraren ondoriozko hondarrik gabe. Bestetik, ezin da altzaririk kalera atera 22:00etatik aurrera, salbu eta larunbatetan eta jai bezperetan 24:00ak arte, eta herriko festetan eta gazteriarenetan.

8. artikulua. Hartutako altaren kopia batek eta jabearen txostenaren beste batek egon beharko dute piperoan, agintari eskudunak eskatzen ahal baitituzte.

Ikuskatzea

9. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion ikuskatze lanak eginen ditu udaltzainak baliatuz, bai bere ekimenez bai edozein bizilagunek eskatuta, lehen aipatu arauak bete daitezen. Gainera, jabea aurrean egotea eskatzen ahal du, beharrezkotzat joz gero.

Zehapenak

10. artikulua. Arauak betetzen ez badira, arau-hausleari, erantzule gisa, 20 eurotik 600 eurora bitarteko isuna ezartzen ahalko zaio, larritasunaren arabera. Araua berriz hautsiz gero, piperotako lokala ixten ahalko da.

11. artikulua. Auzoei behin eta berriz traba egiten zaiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), Udalak, kautelazko neurri gisa, lokala zuzenean ixten ahalko du, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

12. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-hausteen erantzuleak izanen dira haien egileak, eta horien berri emanen zaio lokalaren jabeari, lokala alogeran emana bada. Gurasoak edo titularrak dira erantzule solidario, adingabeek egindako arau-hausteen ondoriozko zehapena ordaintzeko, bermatzaile izanik, gertatutakoa ez galarazteagatik.

Jarraian agertzen diren arau-hausteak ondorengo dekretu edo legeetan adostuak dira:

-Hotsei buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea.

-Ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua.

-Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa, 10/1999 Lege Organikoak aldatua.

-Lurraldearen Antolamenduari buruzko 35/2002 Legea.

-Gai horren inguruko udal ordenantza.

Arau-hauste larriak.

Egitate hauek arau-hauste larritzat joko dira:

a. Gela irekitzea kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe.

b. Datu faltsuak aurkeztea irekitzeko baimenak lortzeko.

c. Ordenantza honetan ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

d. Kalean iskanbila larria sortzea edo erabilera publikoko ondasunetan kalte larriak eragitea.

e. Udalak zehapena erabaki eta ezarritako zehapen horiei kasurik ez egitea.

f. Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuaren arabera arau-hauste hori larria den kasuetan.

g. Urtebeteko epean hiru arau-hauste arin egiten badira, hirugarrena arau-hauste larria bailitzan zehatuko da.

Arau-hauste oso larriak.

Egitate hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Adingabekoek edari alkoholdunak edukitzea nahiz edatea "gelatan" edo adingabekoei eskaintzea.

b) Droga toxikoak, sorgorgarriak edo substantzia psikotropikoak legez kontra kontsumitzen nahiz salerosten uztea, edo "gelako" jabeek behar besteko ardurarik ez izatea halakorik gerta ez dadin.

c) Aurreko artikuluko a, e eta f ataletan azalduriko arau-hausteak oso larritzat hartuko dira sortutako arriskuaren edo ekarritako kaltearen garrantziaren arabera, edo osasun publikoaren edo zerbitzuen funtzionamenduaren aurkako atentatutzat jotzen direnean, edo indarkeriaz nahiz mehatxu kolektiboen bitartez gertatu direnean.

d) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuaren arabera arau-hauste hori oso larria den kasuetan.

Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Lastairak, kartoiak edo plastikoak biltegiratzea bai eta suterik sortu edo hedatzeko arriskua dakarren beste ezein material ere.

b) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuaren arabera arau-hauste hori arina den kasuetan.

c) Gelako altzariak eremu publikoan edukitzea, altzari horiek oinezko nahiz ibilgailuen joan-etorria trabatzen ez dutenean.

d) Eremu publikoa zikintzea.

e) Eremu publikoan pixa egitea.

f) Agintari eskudunen aginduak edo Udalak emandakoak ez betetzea.

g) Txirrindulak, motorrak edo bestelako ibilgailuak aparkatzea oinezkoak nahiz ibilgailuen joan-etorria trabatuz.

h) Larritzat edo oso larritzat jotzen ez diren gainerako arau-hauste guztiak, haien bitartez ordenantza honetan edo herritarren segurtasunari buruzko lege berezietan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean edo ezarritako debekuak urratzen badira.

ZEHAPEN ARAUBIDEA

Arau-hauste oso larrien zehapenak.

Honela zehatuko dira arau-hauste oso larriak:

"Gela" gehienez urtebetez ixtea eta,

-300dik 600 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste larrien zehapenak.

Arau-hauste larriei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:

-"Gela" gehienez bi hilabetez ixtea eta,

-50etik 299 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste arinen zehapenak.

Arau-hauste arinei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:

-20tik 50 eurora bitarteko isuna.

Arau-hausteen erantzuleak:

Ordenantza honi dagokionez, honako hauek dira arau-hausteen erantzuleak:

Oro har, arau-hauslea izanen da arau-haustearen erantzule.

Kuadrilla gela behar den lizentzia eskuratu gabe irekitzen bada, higiezinaren jabea izanen da erantzule.

Lastairak, kartoiak edo plastikoak eta suterik sortu edo hedatzeko arriskua dakarren beste ezein material biltegiratzen badira, kuadrillako kide guztiak izanen dira erantzule, eta erantzunbehar solidarioa izanen dute etortzen den zehapenari begira.

Zehapen espedienteen tramitazioa.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren arabera.

Azken xedapena

Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Alesbesen, 2010eko uztailaren 6an.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

Iragarkiaren kodea: L1012078