98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Larraintzarko Benta Ultzamako gizarte etxea antolatu
eta kudeatzeko barne araudiaren erregelamendua.
Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2010eko apirilaren 7an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larraintzarko Benta Ultzamako gizarte etxea antolatu eta kudeatzeko barne araudiaren erregelamendua.

Hasierako onespenaren erabakia 2010eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean, eta jendaurrean egoteko epea iraganik, inork ez dio espedienteari alegaziorik aurkeztu.

Ultzamako Udalak, 2010eko ekainaren 9an egin bilkuran, behin betikoz onetsi du Larraintzarko Benta Ultzamako gizarte etxea antolatu eta kudeatzeko barne araudiaren erregelamendua.

Horrenbertzez, Erregelamendu horren testu osoa argitaratuko da, bidezko ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larraintzarren, 2010eko ekainaren 9an.-Alkatea, Francisco Pérez Arregui.

LARRAINTZARKO BENTA GIZARTE ETXEA ERABILI
ETA KUDEATZEKO ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da gizarte etxea kudeatzeko antolamenduko eta barne funtzionamenduko arauak ezartzea, bai eta arautzea ere erabiltzaileen eskubideak, betebeharrak eta baldintzak bertako instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzean.

2. artikulua. Azpiegituraren definizioa.

2.1. Gizarte etxea udalez gaindiko ekipamendua da, Larraintzarren kokatua, adineko pertsonak gainerako giza taldeekin harremanetan jartzeko eta harreman horiek sustatu eta garatzeko helburua duena. Horretarako belaunaldi arteko ekitaldiak antolatu eta batzuek nahiz bertzeek erabiliko dituzten baliabide eta ekipamenduak izanen dira, betiere xedetzat izanik kultura, aisialdia, entretenimendua eta, oro har, gizartean parte hartzeko prozesuen sorrera.

2.2. Gizarte etxearen bidez zerbitzu publiko bat eman gogo da, dinamikoa, publikoa eta guztiendakoa den eta partaidetza bulkatzen duen erabilera anitzeko ekipamendu soziokultural baten bitartez. Gizarte etxearen helburua zerbitzu publikoak ematea da, alegia, ekintza eta jarduerak, belaunaldi artekoak eta integratzaileak direnak, betiere xedetzat izanik herritarren garapen kultural eta soziala eta elkarte gisa jardutearen sustapena. Beraren bidez eskualdeko herritarren ekimenak atzeman, bildu, sustatu eta bideratu nahi dira.

2.3. Ultzamako Udalak, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin, batera edo bereiz esleituko du beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxearen zerbitzuaren kudeaketa. Izan ere, ostatu-jatetxe hori zerbitzu osagarri gisa aurreikusi da, baina gizarte etxetik erabat independiente. Beraz, zerbitzu osagarri horren erabilerari soil-soilik aplikatuko zaizkio erregelamendu honetan bera aipatuz ematen diren arauak, kontuan hartuz elkarren osagarri izateak dakarren koordinazio beharra.

3. artikulua. Gizarte etxearen helburuak. Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

3.1. Erabiltzaileendako topaleku izatea, elkarren arteko harreman, komunikazio, partaidetza eta ikasketa sozialerako, bai eta komunitateari zuzendutako jarduerak bertan gauzatzeko ere, hala herritarren ekimenez sortu eta herritarren elkarteen eskutik heldu direnak, nola erakunde publikoetatik eta gizarte etxeko Partaidetza Kontseilutik planifikatzen direnak.

3.2. Eskualdeko herritarren elkarteei beren programak eta jarduerak gauzatzeko gune bat eskaintzea.

3.3. Kalitatezko programa eta zerbitzuak bulkatzea, hainbat arlotan (kultura, prestakuntza, gizartegintza, aisialdia, josteta, kirola), oinarrizko gizarte sarearen eskakizun eta beharrei erantzuteko, xedetzat izanik pertsonaren garapen osoa eta herritarren egoera kulturala eta soziala hobetzea.

3.4. Eskualdean elkartegintza bulkatzea.

3.5. Herritarren ekimen eta jarduerak bideratzeko tresna egokia izatea, pertsona eta taldeen parte hartze aktiboa sustatuz, gizarte, kultura, hezkuntza nahiz kirol arloan herrian gertatzen diren prozesuetan.

3.6. Gizarte etxeak ez du irabazteko asmorik, baina, zerbitzu publikoa denez, autofinantzatzera jo beharko du.

4. artikulua. Ultzamako Udalak, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin, noiznahi ematen ahalko ditu ebazpenak, erregelamendu honetan ezarritakoa argitu edo interpretatzeko, baita xedapen orokorrak ere, hartan aldaketak sartu edo zerbait garatzeko asmoz, betiere instalazio eta zerbitzuen kudeaketa eta erabilera egokiena xedetzat harturik, batere ukatu gabe Gerentziari esleitzen zaizkion eskumenak.

5. artikulua. Tarifa eta prezio publikoak dagokien araudiaren bidez onetsiko dira, eta jendearen eskura egonen dira, zerbitzu bakoitza erabiltzeko arau berariazkoak eta erregelamendu hau bezalaxe, gizarte etxeko argibide eta kontrol zerbitzuetan nahiz udaletan.

II. TITULUA

Kudeaketa eta antolaketa

6. artikulua. Ultzamako Udalaren gain egonen dira gizarte etxeko kudeaketa, gobernua eta goi mailako administrazioa, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin, hura baita zerbitzu publikoaren entitate titularra; berriz, zeharkako kudeaketaren hautua eginez gero, gizarte etxearen kudeaketaren esleipena hartzen duen enpresaren gerentziaren gain.

7. artikulua.

7.1. Gizarte etxearen kudeaketaren esleipena hartzen duen enpresaren esku egonen da gerentzia; enpresa horrek norbait izendatuko du ondorio guztietarako bere ordezkaria edo arduraduna izan dadin Udalaren aitzinean.

7.2. Gizarte etxeko funtzionamenduaren kontrolaren eta etxezaintzairen eginkizunak hauek dira:

a) Erabiltzaileei instalazioa ireki eta ixtea, Ultzamako Udalak Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin ezarritako ordutegiaren barnean.

b) Gizarte etxearen erabiltzaileei zerbitzu eta jardueren berri ematea.

c) Instalazioak erabiltzeagatik eta jarduerak egin eta antolatzeagatik ordaindu beharreko tarifen proposamenak egitea, baita ostatu-jatetxean aplikatu beharreko prezioenak ere, bien esleipena batera eginez gero.

d) Arduratzea eta kudeaketa lanak egitea, gizarte etxeko azpiegitura, instalazioak eta altzariak ongi erabil daitezen.

e) Udalaren erabakiak bete daitezen begiratzea.

f) Gizarte etxearen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

g) Higiezinari dagozkion garbitze eta mantentze lanak, eta segurtasuna.

h) Udaleko edo udalez gaindiko zerbitzuekiko koordinazioa, haien eskumenek gizarte etxearen kudeaketarekin ikustekorik badute.

i) Udalak delegatzen dizkion gainerako guztiak.

8. artikulua. Udalaren ardura izanen dira, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin, zerbitzuaren entitate titularra den aldetik, gainbegiratzea eta kontrola, zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatu beharrez, baita gizarte etxea erabili edo jarduerak antolatzeko tarifa edo prezioak ere.

9. artikulua. Zerbitzua, ekipamenduak, programak edo jarduketak kudeatzeko araubidea ezar daiteke Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legean araututako formetako edozeinen bidez.

III. TITULUA

Erabiltzaileak

I. KAPITULUA

Erabiltzaile nor den

10. artikulua. Gizarte etxea erabiltzen ahalko dute irabazi asmorik gabeko elkarteek, taldeek, entitateek eta pertsonek eta, bereziki, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren 1997ko abuztuaren 26ko 317/1997 Foru Aginduko (110. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1997-09-12koa) 1.2 atalean eta geroan hura osatu edo aldatzen duen arauan aipatzen direnek.

11. artikulua. Erabiltzaile berariazkoak.

Erabiltzaile berariazkoak izanen dira Denok Bat erretiratuen elkarteko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak.

Halaber, halakotzat hartuko dira bertze elkarte bateko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak, baldin eta delako elkartea elkarteen udal erregistroan inskribaturik badago eta entitate hauendako indarra duen araudia betetzen badu eta Udalak onartu badu, horretarako eskaera aurkeztuz gero, gizarte etxeko erabiltzaile berariazko gisa.

12. artikulua. Erabiltzaile norbanakoak.

Halakotzat hartuko dira, erabiltzaile berariazko edo kolektibo izan gabe, gizarte etxeko lokalak, instalazioak, programak eta jarduerak erabiltzen dituzten gainerako lagun guztiak. Erregelamendu honetan ezarritakoa ez ezik, programa eta jarduera bakoitzeko barne funtzionamendu egokirako erabakitzen dena bete beharko dute.

13. artikulua. Erabiltzaile kolektiboak.

Gizarte etxeko erabiltzaile kolektibotzat hartuko dira ikastetxe guztiak, elkarteak, erabiltzaile berariazkotzat hartzen ez direnak, klubak eta taldeak, betiere aurkezten badute behar den eskabidea eta hura Udalak onartzen badu.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen betebeharrak

14. artikulua. Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte eginbehar hauek:

-Erregelamendu hau ezagutu eta betetzea, bai eta men egitea eta betetzea ere Udalak, gerentziak edo gizarte etxeaz arduratzen diren langileek hartutako erabakiak eta emandako jarraibideak, eta haien lana erraztea ere bai. Aipatu horienganako begirunea eduki beharko dute beti, eta haien jarraibideei kasu egin beharko diete.

-Elkarbizitzarako arauak eta elkarrenganako begirunea agertzea, hala gizarte etxearen barrenean nola bere instalazioekin ikusteko duten gainerako tokietako edozeinetan, baita gainerako erabiltzaileen eskubideak begiratzea ere: erabiltzaile berariazkoak, kolektiboak eta norbanakoak.

-Instalazioak eta ekipamenduak erabiltzea, ahalik eta kontu handienarekin, egoera onean atxikitzeko, erabili ondotik dena bildu eta gauza bakoitza bere tokian utzita. Okerreko erabilerak eragindako kaltea egilearen bizkar izanen da.

-Lurrera gauzarik, paperik edo bertzelakorik ez botatzea.

-Komunetan eta konketa-geletan, behar den garbitasun eta higienea izatea.

-Lokalaren edo jardueraren arduradunak baizik ez ditu bideo aparatuak, kanoia etab. eskutan erabiliko.

-Gizarte etxearen arduradunei ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

-Garaiz eta finkatutako moduan ordaintzea ezartzen diren prezioak, tarifak, kuotak edo tasak.

-Erabiltzaileen intimitatea gorde eta begiratzea xede izanik, ez da zilegi argazki kamerak edo bideoa erabiltzea. Horretarako baimena eskatu beharko zaie instalazioen arduradunei, irudien xedea zein den adierazita.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak

15. artikulua. Hona hemen erabiltzaileen eskubideak:

-Gizarte etxeko tresna eta ekipamenduez baliatu ahal izatea, bakoitza dagokion xedeari begira, erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

-Udalari ematea ikusitako okerren edo irregulartasunen berri, idatziz eta nork bere izenez identifikatutako idazkian, gizarte etxearen funtzionamendu onari traba egiten badiote.

-Mota guztietako iradokizunak egitea, lokala hobeki aprobetxatu edo ekitaldiak hobeki egiteko.

IV. TITULUA

Funtzionamendua

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

16. artikulua.

16.1. Gizarte etxeko espazio, baliabide eta zerbitzuak funtsean libreki erabiltzen ahalko dituzte III. tituluan aipatzen diren erabiltzaileek.

16.2. Udalak batera edo bereiz esleituko ditu etxezaintza lana eta beheko solairuan dagoen ostatu-jatetxea erregelamendu honetako 2. artikuluan zehazten diren baldintzetan.

17. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek gizarte etxeko espazio, baliabide material eta zerbitzuak erabiltzeko eskubide berak dituzte, betiere erabilgarri badaude, aitzinetik kasuan kasuko tasak ordainduta, hala behar badu.

Nolanahi ere, Ultzamako Udalak, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin, zerbitzuak erabili eta baliatzeko baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu halako talde batzuendako, horretarako arrazoiak daudenean.

18. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berak dituzte espazioak, baliabideak eta zerbitzuak zuzen erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honen artikuluei jarraikiz. Bereziki beharturik daude gizarte etxeko instalazio eta baliabide materialak errespetatu, zaindu eta mantentzera, haiek erabiltzeko egoerarik onenean egon daitezen beti.

19. artikulua. Gizarte etxean, funtzionamendurako baldintza orokor hauek beteko dira:

19.1. Gizarte etxea elkarrekin erabiliko dute adineko pertsonek, gazteek, gizarte taldeek eta, oro har, eskualdeko herritarrek, ezein espazio, baliabide edo zerbitzu ezin izanen baita aldi bakoitzean erabiltzen duen pertsona, talde edo elkartearen jabetzatzat edo erabilera esklusiborako hartu, 17. artikuluan xedatutako kasuan izan ezik.

19.2. Erabilera eta xede anitzetarakoak izateko sortu dira espazio, zerbitzu eta baliabideak, eta pertsona eta entitate guztien eskura daude, gerentziak edo Udalak aldez aurretik baimen espresua emanez gero.

19.3. Espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du gizarte etxearen eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

19.4. Ez da espaziorik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazi asmoko entitateen jardueretarako, aitzinetik arautu eta onetsi ez badira.

19.5. Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaile guztiek beren jarduerak egokitu beharko dituzte Udalak zerbitzuei eta erabilerari dagokienez erabakitzen dituen ordutegi eta egutegietara; horien gaineko erabakia Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin hartuko da, gizarte etxearen etxezaintzaren esleipena hartzen duen enpresarekin lankidetzan. Hasteko, honako ordutegi hau finkatu da:

Astelehenetik ortziralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, zerbitzu eskaeraren arabera.

20. artikulua. Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

21. artikulua. Partaidetza Kontseiluaren eta Dinamizazio Kontseiluaren bidez behar diren neurriak jarriko dira komunitatetik heldu diren jarduerak bulkatzeko eta horiek Udalak proposatzen dituenekin koordinatzeko.

22. artikulua. Gizarte etxean egiten diren jarduera guztietarako printzipioak izanen dira berdintasuna eta bazterkeria eza sexua, klasea, arraza, sexu joera, etorkia edo bertze dela-eta.

II. KAPITULUA

Espazioak eta ekipamenduak

23. artikulua. Espazioen eta baliabideen erabilera eta lagapena arautzearekin, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei erraztu eta eskuratu nahi zaizkie beren jardueretarako behar dituzten oinarrizko bitartekoak. Horretarako, Udalak erabakiak hartu eta lehentasunak zehaztuko ditu, espazioak okupatzeko egutegi eta ordutegiei dagokienez, arrazionalizazio eta optimizazio irizpideak erabilita, xedetzat izanik elkarrekin bateragarriak izatea elkarteak eta gizarte etxearen izaera irekia eta partaidetza zalea.

24. artikulua. Antolamendu honek kontuan hartu beharko du gizarte etxearen funtzionamendurako gutxieneko araudia:

24.1. Gizarte etxea jende guztiarendako irekia egonen da erretiratuen elkarte-ostatua izeneko espazioan eta erakusketa aretoan, eta antolaturiko jarduera eta ikastaroetan parte hartzen dutenendako, berriz, ezarritako programazio eta ordutegi jakin baten barnean, horiek zer aretotan gauzatzen diren, haiexetan.

24.2. Ekipamenduko espazio eta baliabideen erabilera eta lagapen pribatiboa nahi izanez gero, eskaera fitxa bat aurkeztu beharko da Herriko Etxean, hiru egun lehenago (salbuespenez, presakoetan izan ezik), bertan adierazita zein den jarduera, arduraduna, eguna, ordutegia, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua, hala behar den eraginkortasunarekin koordinatzen ahalko baitira eskatzaile guztien ordutegiak eta jarduerak. Lagapen hori ez da irmoa izanen organo eskudunak eskatzaileari kontzesio formalaren berri ematen ez dion artean; ahal dela, berrogeita zortzi ordu lehenago emanen da, gutienez ere, horren berri.

24.3. Pertsona, talde edo elkarte orok eskatzen ahalko du gelen, espazioen edo eskuragarri dagoen ekipamenduko materialen erabilera, baina bazterturik daude, bertzerik gabe, epai judizialaren bidez legez kanpoko deklaratutako elkarteak.

24.4. Adingabeei dagokienez, ez zaie gizarte etxean egoten utziko, non ez diren beren guraso/tutoreetariko batekin edo egiten ari diren jardueraren arduradunekin.

25. artikulua. Halaber, kontzesioa noiznahi ezeztatu edo deuseztatzen ahalko da, beharrezkoa bada, instalazioa gaizki erabili delako edo, bertzenaz, egindako jarduerak lagapenaren jatorrizko arrazoien kaltetan izan badira.

26. artikulua. Gizarte etxearen arduradunek beren esku izanen dute instalazioak erabiltzaileei eta jende orori erabat edo parte batean hesteko aukera, baldin eta ustekabeko arrazoiak direla medio haiek erabiltzea arriskutsutzat jotzen bada, edo behar bezala justifikatutako interes orokorreko bertze arrazoi batzuk gertatzen badira.

27. artikulua. Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik, zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaile berariazkoek, norbanakoek edo kolektiboek erantzun beharko dute, batere ukatu gabe erregelamendu honetako VI. tituluan ezarritakoaren arabera legozkiekeen zehapenak. Hirugarrenei (taldeak, klubak edo elkarteak) zuzendutako jardueretarako erreserbak egiten dituzten federazio edo taldez goitiko entitateen kasuan, jardueretan parte hartzen duten kolektiboek zerbait hondatzen badute, beraiek erantzun beharko dute subsidiarioki.

28. artikulua. Egin beharreko jarduerarekin edo espazio motarekin bat, adingabeek espazioak erabiltzen dituztenean eskaera guraso/tutore batek egin beharko du, edo jardueraren arduradunak, heldua bada; horrek izanen du jardueraren ardura eta izan litezkeen ondorioen erantzukizuna. Orobat, jarduera gauzatu bitartean aipatu arduraduna bertan egoteko beharkizuna ezartzen ahalko da, noiz nola.

29. artikulua.

29.1. Materialak geletan uzteko eskubidea mugatua da, kontuan hartu beharko baita tokirik badagoen, nolako material klasea den eta zer jarduera egin gogo den.

29.2. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Udalak ezta etxezaintza zerbitzuak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

30. artikulua. Prezio publiko edo tarifen ordainketan ez da sartzen, non ez den espresuki zerbait zehazten, muntatze edo prestatze lan gehigarririk. Onuradunek beren baliabide tekniko pertsonal nahiz materialak eduki beharko dituzte beren jardueretarako, kasu jakinetarako bertzelako zehaztapenik eman ezean.

31. artikulua. Gizarte etxean ez dagoen edo eskura ez den materialen bat behar bada, espazioa eskatu duena arduratuko da hura jartzeaz. Horretarako, kasu guztietan, Udalaren edo gerentziaren baimena beharko du.

32. artikulua. Arau orokor gisa, zerbitzuak, bertzelako agindu espresurik ez bada, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi bat lehenago itxi edo amaituko dira.

33. artikulua. Instalazioetan ez da zilegi:

-Kartel edo eskuorriak paratzea Udalaren baimenik gabe.

-Publizitatea paratzea baimena eta/edo kasuan kasuko araua bete gabe. (Kasu guztietan, debeku da edari alkoholdunak eta/edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

-Debeku da adingabeei edari alkoholikoak saltzea eta kontsumitzea.

-Gizarte etxean ez da inon ere erretzen ahalko.

-Debeku da animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako araudian ezarritakoa izan ezik.

III. KAPITULUA

Ikastaro, lantegi eta jarduerak

34. artikulua. Gizarte etxearen erabileran, lehentasuna izanen dute gizarte etxearen definizioarekin eta helburuekin lotura duten jarduerek, eta horien artean are lehentasun handiagoa Ultzamako, Odietako, Basaburuko, Atezko, Anueko eta Lanzko herritarren elkarteen eskutik sortzen direnek, bai eta lokalen eskariek ere bertan programazio jarraituak egiteko.

35. artikulua. Gizarte etxeak jolaserako jarduerak, aisialdirakoak, kultur arlokoak, prestakuntzakoak, gizarte gaietakoak eta abar eskainiko ditu, eskualdeko herritarren elkarteek, Udalak eta bertzelako entitateek antolatzen dituztenak, dagoen eskaeraren arabera, edo dagokion teknikariak prestatutako animazio soziokulturaleko programa baten barrenean.

Denok Bat erretitartuen elkarteak komenigarri iruditzen zaizkion jarduerak programatzen eta prestatzen ahalko ditu, aitzinetik Udalak adostasuna emanda.

36. artikulua. Dinamizazio Kontseiluaren eta Partaidetza Kontseiluaren bidez urteko programazioa eginen da, eskualdeko biztanleriaren beharrei erantzuna emanen diena. Programazio horren zabalkundea eginen da, aldian behin, eskualdeko etxe guztietara.

37. artikulua.

Jardueretako bakoitzean, jarduera mota eta helburuak kontuan hartuz, honako hauek zehaztuko dira:

-Kuotak (halakorik baldin bada).

-Tartea, egunak, ordutegia eta espazioa.

-Parte hartzaileen kopurua (gehienekoa eta gutienekoa).

-Sartzeko baldintzak (eskakizunak eta/edo gizarte ezaugarriak), ikastaroaren helburua biztanleriaren sektore bati zuzentzen zaionean.

-Adina.

-Inskripziorako datuak (modua, tokia, egunak eta orduak), etab.

38. artikulua. Jarduera pribatuak.

Enpresa eta/edo partikularrek herritarrei zuzenduta eskainitako jardueretarako, interes sozialekotzat hartzen badira, espazioak eskatzen ahalko dira, dagoen ereduarekin bat etorriz, aitzinetik tasa edo dagokion diru kopurua ordainduta.

39. artikulua. Ultzamako Udalak eta Partaidetza Kontseiluak gizarte etxean egiten diren jardueren jarraipena eginen dute, onetsitako proiektuari eta gizarte etxearen helburuei ongi egokitzen zaien ikusteko.

V. TITULUA

Erreklamazioak

40. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Udalak edo, bertzenaz, enpresa esleipen-hartzaileak edo gerentziak, zerbitzua kudeatzeko erabakitzen den araubidearen arabera, erantzukizun zibileko aseguru bat izanen du gizarte etxearendako, instalazioaren akatsengatik gertatzen diren istripuak estaltzeko. Horretaz gain, gizarte etxean egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute jarduera jakin bakoitzerako.

41. artikulua. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

41.1. Gizarte etxearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, erreklamazio orriak eskura izanen dituzte hantxe berean. Erabiltzaile guztiek erabiltzen ahalko dituzte orri horiek, beren datuak jasoz, zerbitzuen funtzionamendu ez ohikoa ikusten badute. Erreklamazioa idatziz egiten ahalko da, gizarte etxean berean nahiz Udalan. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du.

41.2 Udalak ebatziko ditu erreklamazioak, Partaidetza Kontseiluaren onespenearekin.

41.3. Erreklamazioaren ebazpenaren kontra administrazio arloan bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, azken xedapenetako lehenean xedatuari jarraikiz.

41.4. Gauza galduak gizarte etxean berean bilduko dira.

VI. TITULUA

Zehapenen araubidea

42. artikulua. Zehapen motak.

Erregelamendu honetako arauak betetzen ez badira, eta bereziki 16. eta 43. artikuluetan aipatzen diren eginbehar eta debekuei dagozkienak, zehapena merezi duen arau-haustea gertatuko da, hutsegite arinen mailakoa.

Instalazioak gaizki erabiltzen badira, hondatzen badira edo erregelamendua errespetatzen ez bada, eta horren ondorioz kalte material garrantzitsuak gertatzen badira edo elkarbizitzarako edo gizarte etxea egoki erabiltzeko nahaste larria baldin badator, hutsegitea larritzat hartuko da.

Horretaz gain, hutsegite larritzat hartuko da bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

Hutsegite oso larritzat hartuko da bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

43. artikulua. Prozedura.

Batzorde Iraunkorrari egitateen berri emanen zaio, eta hark behar den zehapen espedientea irekiko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearekin bat. Ultzamako Udala izanen da prozedura ebazteko eta zehapenak jartzeko organo eskuduna, Partaidetza Kontseiluaren onespenarekin.

44. artikulua. Badaezpadako neurriak.

Alkateak, Batzorde Iraunkorraren sostenguarekin, behar den jokabidea ez duten pertsonei ohartarazteko ahalmena du, bai eta, are gehiago, instalazioetatik egoztekoa ere, badaezpadako neurri gisa, gertakariari buruzko txostenaren gaineko ebazpena ematen den arte.

45. artikulua. Zehapenak.

Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

Hutsegite arina: Ohartarazpena.

Hutsegite larria: Erabiltzaile, abonatu edo bazkide izateko eskubidea denbora baterako kentzea.

Hutsegite oso larria: Erabiltzaile, abonatu edo bazkide izateko eskubidea behin betikoz kentzea.

Hori dena, batere ukatu gabe izandako kalte eta galerak erreklamatzeko aukera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ordutegiari dagokionez, 19.5 artikuluan aipatzen dena hasteko da, eta orientagarria; beraz, Udalak aldatzen ahalko du, gerentziak proposaturik, ordenantza hau aldatu beharrik izan gabe, baina eguneratu eginen da, baldin eta azken xedapenetako bigarrenean aipatzen den aldaketa gertatzen bada; hori dena batere ukatu gabe 9. artikuluan xedatutakoa.

Bigarrena.-Beheko solairuan dagoen ostatu-jatetxearen zerbitzuaren kudeaketa arautzeko, aparteko erregelamendu bat ematen ahalko da, haren izaerarekin bat heldu dena, Udalaren iritzia hori bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Alkateak ebatziko ditu, Batzorde Iraunkorraren sostenguarekin, erregelamendu orokor honetan, zerbitzu guztiei buruzko arau erantsietan edo Administrazioaren xedapen orokorretatik gizarte etxean eragina dutenetan jasotzen ez direnak. Betiere administrazio bidean horiek guztiak ebazteko eskumena Ultzamako Udalari eta Partaidetza Kontseiluari dagokie.

Bigarrena.-Ultzamako Udalaren Osoko Bilkurak baizik ez du araudi hau partez nahiz osorik aldatzeko ahalmena, Partaidetza Kontseiluaren adostasunarekin.

Hirugarrena.-Ordenantza honek indar hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunetik hasi eta hamabortz egun baliodunen buruan.

Iragarkiaren kodea: L1011511