98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren
antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Burgiko Udalak, 2010eko ekainaren 24an egin bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Burgiko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Beraz, bidezko da haren testu osoa argitaratzea, indarra har dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 236. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Burgin, 2010eko ekainaren 24an.-Alkatea, Iñaki Ayerra Arrarás.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN BURGIKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA
ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Burgiko Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Burgiko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak; idazpen horretan agerraraziko dira hitzarmenaren izaera, hitzarmenaren izena eta araubide ekonomikoarena, halakorik baldin bada, eta idazpena egiteko bide ematen duen agiri publiko edo pribatua. Agiri horren hiru kopia aurkeztu beharko dira; bikoteko kideei kopia bana itzuliko zaie eta hirugarrena dagokion paper-sortan artxibatuko da, ezkondu gabeko bikote egonkorren Burgiko Udalaren Erregistroan. Interesdunei itzuliko zaizkien titulu horietan oharra idatzi eta sinatuko da, idazpena zenbatgarren liburukian eta orrialdean dagoen adierazteko.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Bikote egonkorren berdintasun juridikoari buruzko 6/2000 Foru Legearen 4. artikuluarekin bat bikote egonkorra desegintzat jotzen denetan, bi kideek jakinarazi beharko dute, banan-banan izanda ere, eta behar den idazpena eskatu bikote egonkorren Udalaren erregistroaren arduradunari.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Burgiko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 6/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 30 egunera hartuko du indarra, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Burgiko Herriko Etxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehena: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Borzgarrena: ez dugula nahi/nahi dugula erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena: baimena ematen dugula Burgiko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Burgiko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Burgiko Udaleko erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinadura: ................................. Sinadura: .................................

II. ERANSKINA

Burgiko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: ............., NAN zenbakia: ............................, eta

Izena: ....................................; NAN zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udal Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinadura: ....................... Sinadura: .................................

Iragarkiaren kodea: L1012001