98. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

351/2010 FORU AGINDUA, uztailaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen du basa faunak eragindako kalteen ordainetarako araubide orokorra.

Salbuespen gisa, artikulu horren 2. idatz-zatiak dioenez, ez da kalte-ordainik emanen dena delako espeziea izurritzat jotzen bada edota aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena emana badu espezie horretako animaliak kontrolpean harrapatzeko.

Espezie bat izurri deklaratzearen xedea da haren kontrolerako neurri orokorrak hartu ahal izatea.

Halaber, foru lege horren 9. artikuluak dioenez, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak espezie jakinak harrapatu edo suntsitzeko baimena ematen ahal du, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestearren, edo animalia horiek espezie mehatxatuei kalterik egin ez diezaieten, edo beste espezie batzuek, nekazaritzak, baso eta mendiek, ehizak, arrantzak eta uraren kalitateak izan ditzaketen kalte larriei aurrea hartzeko.

Baimen hori eman ordez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak xedapen orokorren bitartez arautzen ahal ditu kaltegarritzat jotzen diren animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintzak eta bitartekoak. Xedapen orokor horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

Beste alde batetik, beharrezkoa da arlo honetan orain arte izandako araudia eguneratzea, baimentzeko prozedurak hobetzeko eta espezieen zerrenda egungo beharretara egokitzeko.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 9. eta 31.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. artikulua.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, Nafarroan basa faunako honako espezie hauek izurritzat jotzen dira:

a) Sator arrunta (Talpa europaea).

b) Arratoi arrunta (Rattus norvegicus).

c) Arratoi beltza (Rattus rattus).

d) Etxe sagua (Mus musculus).

e) Satagina (Apodemus sylvaticus).

f) Lursagu mediterraneoa (Microtus duodecimcostatus).

g) Landa lursagua (Microtus arvalis).

h) Ekialdeko ur arratoia (Arvicola terrestris).

i) Arratoi musketaduna (Ondatra zibethicus).

j) Koipua (Myocastor coypus).

k) Etxe txolarrea (Passer domesticus).

l) Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris).

m) Arabazozo beltza (Sturnus unicolor).

n) Etxeko haitz uso (Columba livia) basatuen populazioak.

ñ) Usapal turkiarra (Streptopelia decaocto).

2. artikulua.

Izurritzat jotako espezie bakoitzerako, oro har kontrol neurri hauek baimentzen dira:

a) Sator arrunta eta ekialdeko ur arratoia: matxarda moduko tranpen bidez hartzen ahalko dira.

b) Arratoi beltza, arratoi arrunta, etxe sagua eta satagina: karraskariak harrapatzeko prestaturik dauden baleztak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabiltzen ahalko dira.

c) Lursagu mediterraneoa, landa lursagua eta ekialdeko ur arratoia: matxarda gisako tranpak eta legeztaturik dauden antikoagulantez bustiriko amuak erabiliz kontrolatzen ahalko dira. Gai horiez bustitako amuak lur barnean sartuko dira, bai zuzenean, zuloen irtenbideetan, bai modu mekanizatuan sator-goldea erabiliz.

d) Etxe txolarrea, arabazozo beltza, arabazozo pikarta eta etxeko haitz usoaren populazio basatuak: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza-debekuei buruz urtero ematen duen foru aginduan baimendutako espezieen ehizan harrapatzen ahalko dira. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ehizarako baimentzen dituen armen bidez ere harrapatzen ahalko dira, baldintza hauek betez:

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurretik jakinarazi beharko zaio, idatziz, jarduera hasi baino bost egun lehenago gutxienez, ondokoak adieraziz:

1) Eskaera egiten duen nekazariaren datuak: izen-deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa.

2) Ukitutako lurzatien datuak: poligonoa, lurzatia, ukitutako laborea.

3) Kontrolatu beharreko espeziea.

4) Kontrolaren hasiera eta bukaera egunak.

5) Horretarako baimena duten pertsonak: izen-deiturak, NANa.

Idatziz egin daitezke jakinarazpenak, idazkia erregistroan aurkeztuz, faxez edo posta elektronikoz. Kontrola egiteko baimendutako pertsonek uneoro eraman beharko dituzte aldean aurkeztutako jakinarazpenaren kopia eta bidalketa egunaren frogagiria: erregistroan aurkeztutako idazkiaren kopia. Hartan, datu mekanizatuek ondokoak jasoko dituzte: sarrerako datuak, faxaren onarpena, edo posta elektronikoaren datuak, hartzailea eta data barne.

Etxe txolarrea, arabazozo beltza eta etxeko haitz usoaren populazio basatuak harrapatzeko, baimenduta dago, halaber, habiak eskuz desegin eta arrautzak eramatea, eskualdeko ingurumen zaindariei aurrez jakinarazita.

3. artikulua.

Neurri espezializatuagoei dagokienez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kontrol sistemak ezarriko ditu, eta, zehazki, honako lan hauek eginen:

a) Txolarre eta arabazozoen populazioak kontrolatu japoniar sareen bitartez.

b) Koipuen eta arratoi musketadunen populazioak suntsitu, kaiola moduko tranpak edo ehizarako arma baimenduak erabiliz.

4. artikulua.

Alorretan kalteak izaten dituzten nekazariek aurreko artikuluan aipatutako departamentuaren jarduketa eskatzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko landa lanetarako langileen bitartez.

5. artikulua.

Izurri diren espezieak kontrolatzeko Nafarroako Gune Babestuetan egin beharreko jarduketa guztietan beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren adostasun txostena. Horretarako, ukituak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari horren berri eman beharko dio, 15 egun aurretik gutxienez.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ahalmena du eremu horietan kontrol metodoak debekatu edo mugatzeko. Horrelako kasuetan, kontrola debekatu den lurretan espezie horiek eragiten dituzten kalteen ordainak emanen ditu.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 5eko 198/2008 Foru Agindua, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dituena.

Azken xedapen bakarra.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 20an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1013001