95. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

400/2010 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, hondakin metaliko garbiaren transferentzia kanpoan egiteko proiektuak ez duela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar erabakitzen duena. Proiektu hori Beriaingo Errekaldea industrialdearen A kaleko 3. zenbakian kokatuta dago eta Transportes Abycer, S.L.k sustatu du.

2010eko maiatzaren 7an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen hondakin metaliko garbiaren transferentzia kanpoan egiteko proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar al zuen erabakitzeko laburpen memoria. Proiektua Beriaingo Errekaldea industrialdearen A kaleko 3. zenbakian kokatuta dago (udalerri horretako 5. poligonoko 847. lurzatiaren iparraldeko erdialdea hartzen du), eta Transportes Abycer, S.L.k sustatu du. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektuak Ingurumen eraginaren adierazpena behar duen ala ez erabaki behar da. Aipatu foru dekretuaren 3.C eranskinean ezarritako irizpideak erabilita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenak aditzera eman du ez dela beharrezkoa Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio gisa tramitatzea.

Proiektatu den jarduera horretan edukiontziak jasoko dira eta, horien barnean, automozio enpresetatik iristen diren hondakin metaliko garbiak; gainera, landagune batean behin-behinekoz bilduko dira edukiera handiagoko ibilgailuetara transferitu arte, instalazioetatik kanpoko galdategietara eramateko. Transferentziaren eguneko bolumena 48 Tm hondakinekoa da, hau da, hondakinen, burdinazko metalen, tratamendu mekanikotik iristen direnak (LER kodea 191202). Kudeaketaren azken eragiketa R4 materiala berreskuratzea da.

Jarduera lurzoru urbanizatu industrialean garatuko da osorik, eta landagune bat egokitzea eta garraio eta logistikako jarduera nagusiak dagoeneko badituen instalazioak erabiltzea aurreikusten da. Lurzoru urbanizatuan barrena ibilgailuentzat dagoen bidea erabiliko da naberako.

Kontuan harturik jarduerak badituela beharrezkoak diren azpiegiturak funtzionamendurako eta Beriaingo Errekaldea industrialdeko lurzoru urbanizatuan garatuko dela osorik, ez da nabarmen ukituko naturgunea, eta ez dago arrisku garrantzitsurik ez ingurumenerako ez pertsonen osasunerako.

Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina 3.C eranskinean ezarritakoari jarraikiz azterturik eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hondakin metaliko garbia kanpoan transferitzeko proiektuak ez du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarik behar. Proiektu hori Beriaingo Errekaldea industrialdeko A kalearen 3. zenbakian kokatuta dago, Transporte Abycer S.L.k sustatu du eta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3.C eranskineko irizpideak aplikaturik, 4.A eranskinaren H atalean sartuta dago. Espedienteak udalaren jarduera sailkatuko lizentzia beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ingurumen arloko txostena eman eta gero.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Baimen Bulegoari, Beriaingo Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1010868