95. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

396/2010 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Sunbillako 2. poligonoko 102. eta 103. lurzatietan Larrakaitz aldean bide bat egiteko proiekturako. Sustatzailea Sasoi Eskabazioak, S.L. da.

Departamentu honetan maiatzaren 12an sartu da goian aipatu den eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko D atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Bide bat ireki nahi da toki horretan dagoen bidexka baten tarte bat berregiteko, Bagaleku muinoaren gainean, etenda geratu baita sustatzaileak berak ustiatzen duen eta legeztatzeko tramitean dagoen hurbileko harrobi bat ustiatzearen ondorioz.

Bideak 3 m-ko zabalerako zortasun eremua izanen du. Obra hauek eginen dira: bidearen trazaduran belar-sastrakak kentzea, lur mugimenduak, indusketa eta kajeatua, alboko areka egitea eta landareztatzea.

Obrek ukitzen duten eremuak ez du balio garrantzitsurik ingurumen aldetik, ustiatzen ari diren harrobiaren eragin eremuaren barruan baitago. Bide hori irekitzeak ingurumenaren aldetik dituen ondorioak oso txikiak dira, eta meategiaren ustiapenaren ondorioen barnean sartzen dira. Gainera, bidea mendi mazel batean eginen da eta, malda handia izan arren, ez dago zuhaitzik bertan. Otadiz estalita dago, garai batean Bagalekuko muinoan izanen zen hariztia ordeztuz.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Sunbillako 2. poligonoko 102. eta 103. lurzatietan Larrakaitz aldean bide bat egiteko proiekturako. Sustatzailea Sasoi Eskabazioak, S.L. da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Obra hondakin, lur edo harri soberakin guztiak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira.

-Bidea inguru horretako drainatze naturaleko eremu garrantzitsu batean eginen denez, urak ongi bideratuko direla bermatu beharko da eta, horregatik, beharrezkoak diren zeharkako eta luzetarako drainatze lanak diseinatuko dira.

-Belar-sastrakak kentzeko lanetatik ateratzen diren landare hondakinak kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, gero berriz erabiltzeko. Debekatuta dago erretzea.

-Bidearen trazadura irekitzeko lanetan kendu den landare lurra bideko ezponda berrietan eta beren ertzetan hedatuko da. Gero, hidroereintza eginen da, eremua berriz landareztatzeko proiektuan agertzen den moduan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 9.207 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Sunbillako Udalari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1010874