93. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 19an emandako 156/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari (argitalpenak) izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 19an emandako 156/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari (argitalpenak) izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari (argitalpenak) izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da eta B mailakoa, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago eta Iruñean aritzeko da.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan B mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangai zerrenda hauek osatu nahi dira:

-Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

-Bigarren ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko.

Izangaien zerrenda horiek deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoaren arabera onetsi eta kudeatuko dira.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoarena edo horien baliokidea den beste titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak osorik gaindituak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu betebehar horiek.

3.-Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 40 euroko tasa ordaindu beharko da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak, hala onartu bazaie.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, dagokion enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Telematika bidez, 3.2 oinarriko A.1. letran adierazitako moduan.

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Ordainketa gutunaren eredua Interneten dagoen deialdiaren aipuan, www.navarra.es helbidean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xedeko lanpostua.

3.2. Eskabideak.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen den aldizkari ofizialetik abiatuta, bai atal honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa".

Deialdian parte hartzeko eskabideak hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

Aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Bide telematikoa.

A.1. Internet bidez, deialdi honen fitxan dagoen "Inskripzioa eta ordainketa telematikoa" izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa" atalean, www.navarra.es helbidean.

Aurkezteko eta ordaintzeko modu hau ezin izanen da erabili tasak ordaintzetik salbuesten duen frogagiria aurkeztu behar denean, ezta 3.3 oinarriko Bi eta Hiru zenbakietan aipatzen diren kasuetan ere.

A.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web atarian eskura baitago.

B) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaizkioten ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Bat.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Bi.-3.2 oinarriaren A) atalean (tasak ordaindu beharrik ez izatea) xedatutakoa aplikatzearen odorioetarako, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

-Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Egokitzapenak eskatzeko bada eredu bat interesdunen eskura www.navarra.es web orrian, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gaineko ebazpena eman ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Ricardo Pita Macaya jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabide Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Fátima Cristina Gallego Álvarez andrea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Nafarroaren Proiekzioaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Milagros Ortega de Pedro andrea, Iruñeko "Plaza de la Cruz" Bigarren Hezkuntzako Institutuko Bigarren Hezkuntzako katedraduna.

-Mahaikidea: Matías Múgica Franco de Medinaceli jauna, Hezkuntza Departamentuko Baliabide Didaktikoen Bulegoko goi mailako tituluduna.

-Ordezkoa: José Ortega García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Ikuskapen Unitateko Ataleko burua.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Juan Carlos Orenes Ruiz jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

-Ordezkoa: José Ramón Casi Ilincheta jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2010eko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Idatziz, gehienez ere 2 orduan, erantzun laburreko 20 galdera landu beharko dira gai zerrendako gaiei buruz. Izangaiei emanen zaizkien galderak erantzun beharko dituztenak baino %25 gehiago izanen dira, horien artean aukera egin dezaten.

Bigarren ariketa: teorikoa. Idatziz, gehienez ere bost orduan, hiru gai garatu beharko dira, gai zerrendako zati bakoitzetik gai bat. Horretarako, epaimahaiak zati bakoitzeko bi gai aterako ditu zozketaz, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, garatu beharko dute.

Hirugarren ariketa: praktikoa. Epaimahaikoek eranskineko gai zerrendako lehen eta bigarren zatietatik proposatzen dituzten kasu praktikoak ebatziko dituzte, idatziz. Ariketa hau egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.

Laugarren ariketa: ingeleseko probak. Borondatezko ariketa da eta ez baztertzailea, eta aurreko hiru ariketak gainditzen dituzten izangaiek egiten ahalko dute. Idatzizko eta ahozko proba bana eginen dira, izangaien jakite maila zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 20 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 33 puntu. Gai bakoitzean 11 puntu emanen dira gehienez.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 37 puntu.

Laugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak.

Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3 atera beharko da gutxienez. Halaber, baztertuta geldituko dira bigarren ariketako gairen batean 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

6.5. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egiten den lekuan eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokian. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, hautaprobak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Eta iraunen balu, lehen ariketan lorturiko puntuazioa hartuko litzateke kontuan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2.1.c oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoek, gainera, beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzeko, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzko guztiak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiko 2.1.c oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, erdi mailako teknikari (argitalpenak) lanetarako, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

8.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baldin badu lanpostuaren jabetza hartzen, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

8.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, egoera horren ondoriozko lanpostua zuzenean esleituko zaio funtzionario berriari.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Bigarren ariketa gainditu dutenen zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta bigarren ariketa gainditu dutenen zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta bigarren ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarra duten kudeaketa arauekin bat, eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta www.navarra.es web orrian jarriko dira, deialdiak "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean duen aiputik abiatuta.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Kontratatzeko deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute 2. oinarrian tituluari buruz eskatzen zaiena betetzen dutela frogatzeko dokumentazioa, hain zuzen ere kontratua formalizatzen den unean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztuz.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2010eko uztailaren 19an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

DEIALDIAREN DATUAK

Lanpostua:

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen: zenbakia: ....................., eguna: .................

SARTZEKO TXANDAK

[ ] Txanda irekia

[ ] Igoera txanda*

[ ] Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda*

DATU PERTSONALAK

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria:

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Helbide elektronikoa:

AURKEZTUTAKO AGIRIAK

[ ] Desgaitasunaren frogagiria

[ ] Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, beste orri batean

[ ] Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea*

HIZKUNTZA HONETAKO PROBA ESKATZEN DU

[ ] Euskara*

[ ] Ingelesa*

[ ] Frantsesa*

* Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia: argitalpen tradizionala eta argitalpen digitala.

1. gaia.-Liburuaren historia. Ahozko komunikaziotik inprenta asmatu arte. Argitalpenen euskarriak aldi horretan.

2. gaia.-Liburuaren historia. Inprenta asmatzea. Inkunableak. Liburutegiak. Liburuak XVI. mendetik egundaino.

3. gaia.-Inprenta Espainian. Espainiako lehen inprimategien jatorria eta sorrera. Inprentaren bilakaera egundaino.

4. gaia.-Inprenta Nafarroan. Inkunableak. Inprenta Iruñean 1600. urtea baino lehen. Lizarra, Tutera eta monasterioak. Inprenta Nafarroan XVII. mendetik egundaino.

5. gaia.-Espainiako argitalpenen ikuspegia. Argitaratzaileen talde nagusiak. Nafarroa eta argitalpena.

6. gaia.-Erakundeen argitalpenak. Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen argitalpenak. Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzua.

7. gaia.-Irakurketa eta ezagutzaren gizartea. Liburuaren etorkizuna.

8. gaia.-Ordenagailuaren oinarrizko deskribapena. Hardwarearen eta softwarearen osagai nagusiak. Windows eta Office.

9. gaia.-Autoedizioa. Fotokonposiziotik autoediziora. Sorrera eta bilakaera. Postscript lengoaia.

10. gaia.-Argitalpen tradizionaleko programak. Page Maker. Quark X Press. Indesign. Beren funtzioen eta erabilgarritasunen deskribapena. Analogiak eta diferentziak. Maketaziorako etorkizuneko programa.

11. gaia.-Argitalpen digitaleko programak: Front Page-tik Dreamweaver-era. Argitalpen tradizionaleko programekiko sinergiak.

12. gaia.-Diseinuko eta ilustrazioko programak: Freehand eta Illustrator. Analogiak eta diferentziak. Maketazioko programekiko sinergiak.

13. gaia .-Irudien tratamendua: Adobe Photoshop eta beste programa batzuk. Bereizmena. Irudien sarrerako eta irteerako bereizmena. Argitalpen digitalaren eta tradizionalaren arteko aldea. Irudiak esportatzeko formatuak.

14. gaia.-PDF-a. Sorrera eta bilakaera. PDF-a argitalpen tradizionalari eta digitalari aplikatzea.

15. gaia.-Liburua eta teknologia berriak. Liburu elektronikoa edo e-booka. Euskarri nagusiak. Bilakaera.

16. gaia.-10/2007 Legea, Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiari buruzkoa. Aurrekariak eta ezaugarri nagusiak.

17. gaia.-Egile-eskubideak: egile-eskubidearen subjektua eta objektua. Sorkuntza literarioa. Egile-eskubideei lotutako lan motak. Egile batek baino gehiagok egindako lanak: baterako argitalpena.

18. gaia.-Egile-eskubideak: egilearen eskubide morala eta ustiapen eskubideak. Jabetza intelektualaren erregistroa. Eskubideak babesteko ikurrak eta oharrak.

19. gaia.-Eskubideen transmisioa. Edizio-kontratua: forma, argitaratzailearen eta egilearen betebeharrak.

20. gaia.-Liburu Zenbakuntzarako Nazioarteko Arauketa edo International Standard Book Number (ISBN). Erabilgarritasunak, zenbakitutako materialak eta prozedura. ISBN eta EAN barra-kodea.

21. gaia.-ISSN (International Standard Serial Number, Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua). Erabilgarritasunak, zenbakitutako materialak eta prozedura. Lege gordailuaren denifizioa eta xedeak. Lege gordailuaren objektua eta subjektua.

22. gaia.-Jabetza intelektuala eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak. Komunikazio publikoa eta banaketa web lanetan. Lizentzien elkarreragina eta kateak eta kontratu harremanak. Babeserako lizentzia motak.

23. gaia.-Argitalpen digitala. Oinarrizko kontzeptuak: informazio digitala eta ezaugarriak. Dokumentu analogikoa, digitala eta elektronikoa ezberdintzea. Liburu elektronikoa paperezko liburuaren aldean.

24. gaia.-Hipertestua. Elkarreragina. Erabilgarritasuna.

25. gaia.-Dokumentu digitala diseinatu eta ekoizteko prozesu orokorraren faseak. Proiektu elkarreragileen tipologia. Behar metodologikoak. Ekoizpen plana.

26. gaia.-Dokumentu digitala: ideiatik beharkizunetara. Informazioaren diseinua. Elkarreraginaren edo komunikazioaren diseinua. Erabiltzaile-interfazearen diseinua.

27. gaia.-Dokumentu digitala ekoiztea. Irudiak ekoiztea. Audioa ekoiztea. Ikus-entzunezkoak ekoiztea.

28. gaia.-Jatorrizkoak irudi digitalean. Irudiak sartzeko gailuak. Argazkilaritza digitala: ohiko lana / lan digitala. Kamera digitala. Kamera digitalaren abantailak.

29. gaia.-Internet kultura. Printzipioak eta osagaiak. Zerbitzariak eta bezeroak. Intranet eta extranet.

30. gaia.-Web orrien plangintza. Aurreproiektua. Diseinurako araudia: idazketa, grafia teknikoa, nabigazioa. Web-aren estiloa.

31. gaia.-Web informazioaren antolaketa. Dokumentuen luzera. Ikonografia eta nabigazioa. Tipografia eta koloreak.

32. gaia.-Web orriak ebaluatzeko irizpideak: edukia eta nabigagarritasuna, diseinua, alderdi teknikoak. Web orrien erabilerraztasunaren mailak. Mantentze-lanak.

33. gaia.-Internet liburutegi gisa. Guttemberg proiektua, Miguel de Cervantes liburutegi birtuala eta Google book research.

Bigarren zatia: argitalpenen diseinua, konposizioa eta ekoizpena.

34. gaia.-Argitalpena eta argitalpenen politika. Argitalpen lan motak. Argitalpen proiektua. Produktuaren plangintza. Funtsezko prozesuak liburu bat egitean.

35. gaia.-Edukien kontrola eta argitalpenaren kontrol teknikoa. Jatorrizkoa. Jatorrizkoa aurkeztea, interpretatzea eta kalibratzea. Kontzeptuaren itzulpena eta zuzenketa. Inplikatutako profesionalak.

36. gaia.-Zuzenketa argitalpenaren prozesuan: estiloa edo jatorrizkoak zuzentzea. Proben zuzenketa edo ortotipografikoa. Galeraden zuzenketa edo bigarren zuzenketa eta konposizio-ondoko orrien zuzenketa edo hirugarren zuzenketa. Zuzenketa ikurrak.

37. gaia.-Ortotipografiaren printzipio orokorrak: ortografia teknikoko eta ortotipografikoko akatsak; puntuazio akatsak.

38. gaia.-Ortotipografiaren printzipio orokorrak. Osagai tipografikoak: ikur tipografikoak, apaingarriak, lerroak.

39. gaia.-Ortotipografiaren printzipio orokorrak. Osagai tipografikoak: paragrafoak eta atalak, lerrokadura, zuriuneak eta tarteak, koskak.

40. gaia.-Ortotipografiaren printzipio orokorrak. Tipografia egituratua: aipamenak, sinadurak, koadro sinoptikoak, eskemak, oharrak, orri-bazterreko oharrak, oharraren oharra, aipamen bibliografikoak.

41. gaia.-Ortotipografiaren printzipio orokorrak. Tipografia egituratua: goiburukoak, poesiak, formulak, antzezlanak, tituluak, azpitituluak eta lerro bakartu gabean dauden tituluak, bibliografiak eta aurkibide alfabetikoak.

42. gaia.-Kode tipografikoak, estilo liburuak eta estilo gidaliburuak.

43. gaia.-Liburuaren kanpoko zatiak. Deskribapena. Aukerak. Liburuaren barneko zatiak: liburuaren hasiera, gorputza eta amaiera.

44. gaia.-Tipografiaren hastapenak. Berunezko tipografia, elektronikoa eta digitala. Letra eta letra-tipo motak.

45. gaia.-Tipoaren anatomia: zatiak. Sailkapena: tipoen familiak.

46. gaia-Diseinu grafikoa: ilustrazioa, argazkilaritza eta infografia. Ezaugarri nagusiak eta hautaketarako jarraibideak. Horien manipulazioa eta erabilera.

47. gaia.-Diseinu grafikoaren oinarrizko osagaiak. Ilustrazioen, argazkien eta infografien erabilera, tamaina eta dimentsioak. Irteera formatuak eta bereizmenak. Irudiak orrialdeetan kokatzeko arauak.

48. gaia.-Diseinu grafikoaren oinarrizko osagaiak. Kolorea. Oinarrizko alderdiak: kolore bakunak eta nahasketak, koloreen sintesia, zirkulu kromatikoa. Sistema kromatikoak: Gama, CMYK, RGB, prozesu berezietako koloreak. Kolorearen erabilera liburuetan.

49. gaia.-Diseinu grafikoaren oinarrizko osagaiak. Irakurgarritasuna eta irakurtzeko erraztasuna. Interpretazio tipografikoa. Testuaren estetika tipografikoa eta orrialdearen estetika.

50. gaia-Konposizioaren edo aurreinprimaketaren definizioa. Konposizioaren historia eta konposizio sistemak. Fotolitoak.

51. gaia-Diseinu grafikoa. Konposizio kutxa. Proportzioak.

52. gaia-Diseinu grafikoa. Liburu garaikideen diseinua. Erretikula sortzea. Erretikula motak. Erretikularen osagaiak eta erabilera. Testuaren osaera estilo modernoari jarraikiz.

53. gaia.-Inprimaketa. Inprimaketaren historia. Inprimatu eta estanpatzeko sistemak.

54. gaia.-Inprimaketa. Orrialdeak uztartu eta inposatzea. CTP. Egun inprimatzeko gehien erabiltzen diren sistemak. Eskaripeko inprimaketa.

55. gaia.-Papera. Paperaren historia. Paperaren materiak. Paper motak. Paperaren formatu normalizatuak liburuen inprimaketan. Bobina eta paper-orria. Paper-orrien konbinazioak. Papera inprimaketa motari egokitzea.

56. gaia.-Enkoadernazioa. Enkoadernazio motak. Akabera: berniza, ijezketa eta trokelaketa.

57. gaia.-Argitalpenen kostuak eta aurrekontuak. Ekoizpenaren prozesuen balorazioa eta kostuak. Banaketa eta salmenta: ustiapen kontuan duten eragina. Liburu baten PSPa finkatzea.

58. gaia.-Liburuen banaketaren sektorea Espainian. Egoera, arazoak eta etorkizuneko erronkak. Salmenta-bide tradizionalak. Liburudendak. Kreditu bidezko salmenta eta irakurle klubetako salmenta.

59. gaia.-Argitaletxeen marketina. Marketineko plana: hori prestatzeko faseak eta etapak. Ekintza plana. Liburuen sustapenaren oinarriak.

60. gaia.-Marka erakunde baten irudi gisa. Marka erakunde publiko batean eta pribatu batean. Ikurra, logotipoa, logoikurra, irudi korporatiboa, nortasun korporatiboa.

61. gaia.-Nafarroako Gobernuaren markaren irudia (logoikurra).

62. gaia.-Identifikatzeko oinarrizko ikurrak. Identifikaziorako programa integralak. Identifikazio ikurrak Nafarroako Gobernuaren logoikurrean.

63. gaia.-Erakundeen irudiaren marka orok dituen inplikazio ideologikoak eta kulturalak. Nafarroako Gobernuarenaren inplikazioak.

64. gaia.-Nafarroako identitatearen ikurrak. Parlamentua. Nafarroako Gobernua. Nafarroako identitatearen beste ikur batzuk.

65. gaia.-Irudi korporatiboaren liburua. Irudi korporatiboaren liburuaren osagaiak. Zergatik duen erakunde batek horren beharra.

Hirugarren zatia: Zuzenbidea. Araudi oinarrizkoa eta orokorra.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua. Funtzioak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Laguntza organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Antolaketa: printzipio orokorrak eta egitura organikoa, kide anitzeko organoak eta administrazio organoen eskumenak.

8. gaia.-Administrazio publikoen araubide juridikoaren printzipio orokorrak. Administrazio publikoen organoak. Administrazio prozeduraren interesdunak.

9. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

10. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipenaren aurreko jarduketak.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.

13. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzkoa.

14. gaia.-21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

15. gaia.-15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.

Oharra: hirugarren zatiko gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F1012321