92. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1707/2010 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2010eko aurrekontuetan bada kontu-sail bat, "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izenekoa, 881001-84100-4609-241300 zenbakia duena. 9.000 euroko zuzkidura du aurrekontuan. Ez dago horrelako laguntzen gaineko berariazko araudirik ez Espainian, ez Nafarroako Foru Komunitatean.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, beharrezkoa da, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Aurrekoa ikusirik, bidezkoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea, 11/2005 Foru Legean ezarritako norgehiagokako araubide orokorra aplikatu ahal izateko.

Halaber, beharrezkoa da gastua baimentzea, eta zehaztea ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zein kontu-sailetatik ordainduko diren, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren mugara bitarte.

Azaldutakoarekin bat eta maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onesten dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean dauden oinarri arau-emaileak onestea, baita 2010. urterako deialdia ere, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko.

2. Diru-laguntzak 2010eko gastuen aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001-84100-4609-241300 kontu-sailaren kargura ordainduko dira (RCSA: 2726). Zenbatekoa 9.000 euro izanen da, aurrekontu-aplikazio horretan dagoen kreditu erabilgarriaren mugara bitarte.

3. Aurreko puntuan aipatzen den kontu-sailaren kargura 9.000 euroko gastua baimentzea 2010erako.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko ekainaren 15ean.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Xedea eta esparrua.

Deialdi honen xedea da uzta garaian izaten diren sasoiko langileei ostatu emateko toki entitateek prestatzen dituzten kanpalekuen funtzionamendu eta kontsumo gastuak 2010. urtean finantzatzeko diru-laguntzen araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. oinarria. Onuradunak.

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke kanpalekuak egokitu eta ostatu hartzeko moduan prestatu ondoren sasoiko langileen esku uzten dituzten toki entitateak, diruz lagundutako jarduera garatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa gaitasuna baldin badute.

3. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

Deialdi honetako diru-laguntzak emateko eskaerak, 4. oinarrian adierazitako agiriekin batera, 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Arcadio María Larraona, 1, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan zerrendatutako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

4. oinarria. Dokumentazioa.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Kanpalekuaren berri emateko memoria, kokagunearen plano eta krokis batekin batera. Hartan honako hauek azalduko dira, gutxienez:

-Kanpalekuaren kokagune geografikoa eta hartzen duen eremua.

-Kanpalekuaren edukiera.

-Eskaintzen diren instalazio eta zerbitzuak.

-Komunikazioak eta sarbideak.

-Arduradunak eta kudeaketako langileak.

-Kanpalekua ireki eta ixteko egunak.

-Kanpalekuaren aurrekontu orokorra.

-Mantentze lanetako edo kontsumoko gastuen aurrekontua.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen zaion diru-laguntza, guztira.

b) Entitate eskatzailearen ziurtagiria, organo eskudunak egina, kanpalekua jartzea onetsi dela egiaztatzeko.

c) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diruz laguntzen ez den kostua finantzatzeko kreditua badela adierazteko.

d) Entitate eskatzaileak beste diru-laguntzaren bat jasotzen badu, diru-laguntza horrek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarenarekin batera, ezin izanen du gainditu diruz laguntzen den jardueraren guztirako kostua.

e) Nafarroako Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.

f) Onuradun izateko ezarritako inolako debekutan ez dagoela dioen aitorpena.

5. oinarria. Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko Lan-munduan sartzeko Atala izanen da.

6. oinarria. Balorazio batzordea.

Kide anitzeko organo bat osatzen da, eskaerak ebaluatzeko. Batzorde horren irizpena lotzailea izanen da. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Deialdi honetan aurkezten diren eskaeren balorazio batzordea ondoko kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua:

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea:

Lan-munduan Sartzeko Ataleko burua.

-Idazkaria:

Lan-munduan Sartzeko Ataleko teknikari bat.

7. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Aurkeztutako proiektuek arau horietan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, balorazio irizpide hauek kontuan harturik:

1. Kanpalekuaren, instalazioen eta zerbitzuen ezaugarri teknikoak eta kalitatea.

2. Kanpalekua kudeatzeko eta zerbitzuak emateko ezarri diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

3. Entitate eskatzaileak horrelako jarduerak kudeatzen daukan esperientzia frogatua.

4. Kanpalekua finantzatzeko, entitate eskatzaileak eta beste entitate edo erakunde batzuek jartzen dituzten diru-baliabideak.

8. oinarria. Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu.

Diru-laguntzak emateko, 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak ulertzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboz ezetsi egin dela.

9. oinarria. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

2. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurreko urteetan bezala, helburua da kanpaleku horietako funtzionamendu eta kontsumo gastuak finantzatzea, honako hauek, besteak beste: gastu orokorrak; erregaienak; aseguruak; komunen alokairua; ura, argia, telefonoa; zaborra biltzea eta beste.

10. oinarria. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza gastu horien %75 izanen da gehienez.

11. oinarria. Ordaintzeko modua.

Ordainketa honela eginen da:

Laguntzaren %50, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak laguntza onartu eta ordaintzeko emanen duen ebazpenaren bidez, aurkezten den dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio batzordeak eskaerak ebaluatu eta proposamena egin eta gero.

Gainerako %50a, edo kasuan kasuko azkeneko saldoa, azkeneko justifikazioa eta kanpalekuan egindako jardueraren gaineko memoria aurkeztu ondoren.

Artikulu honetan adierazitako aurrerakina jasotzeko, entitate onuradunak justifikatu beharko du funtsak aldez aurretik behar dituela. Justifikazio hori diru-laguntzaren eskaeran berean egin daiteke.

12. oinarria. Onetsitako baldintzen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onets ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du diru-laguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko da, aldaketen garrantziaren arabera.

13. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan agerrarazi beharko dute Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela.

14. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F1010809