92. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko uztailaren 5ean hartua, "Legua Acotadan (Zilbeti), Erroibarren, magnesiten harrobi berri bat ezartzeko eta ustiatzen hasteko proiektua" Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duena. Horrekin batera, proiektua jendaurrean jarri eta ukitutako udalari entzunaldia ematen zaio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen ondorioetarako, bai eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere. Proiektua "Magnesitas Navarras, S.A." (MAGNA) enpresak sustatu du.

I.-Aurrekariak.

2010eko apirilaren 23an "Magnesitas Navarras, S.A." enpresak, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, Ollarmendiko Mankomunitateak, Zilbetiko Kontzejuak eta Erroibarko Udalak asmoen adierazpen bat sinatu zuten. Haren bidez, inplikatutako alde guztiak lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu zuten, Legua Acotadan (Antzeri izeneko lekuan, Erroibarko Zilbetin) magnesitako aire zabaleko harrobi bat ezartzeko, irekitzeko eta ustiatzen hasteko.

Agiri horren bigarren klausulak ezartzen zuen "Magnesitas Navarras, S.A." enpresak ekimena Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramitatu eta sustatuko zuela.

Instalazio hori irekitzeak bermatuko du "Magnesitas de Navarra, S.A."ren enpresa eta industria jarduerari jarraipena ematea. Hala ez balitz, Zubiriko enpresaren fabrika arriskuan legoke. Fabrika horrek Azkarateko (Eugiko udal mugapean) meategitik ateratako magnesitari esker eusten dio lanari, eta bost urteko bizia izanen duela aurreikusten da. Halaber, ateratako gaiari esker oraingoek baino balio erantsi handiagoa duten produktuak ateratzen ahalko dira; horiek merkatu berriak sortuko dituzte, ezbairik gabe, eta Zubiriko instalazioko lana segurtatuko.

II.-Dokumentazioa.

Espedientean agiri hauek aurkeztu dira:

-Memoria.

-Eranskinak: Bideragarritasun ekonomikoaren azterlana, lurzati zedulak, hitzarmenak eta planoak.

-Ustiapen proiektua.

-Lehengoratzeko proiektua.

-Ingurumen eraginaren azterlana.

III.-Proposamenaren deskribapena.

Ustiategia Erroibarko (Nafarroa) udal mugapean kokatuko da, Antzeri izeneko lekuan, Urruztegiko eta Lizartzuko erreken iparraldean, Zilbetiko herrigunetik 1,5 kilometrora. Zatirik handienean, basogintzarako lurzatietan kokatuko da, zehazki 22. poligonoko 1.,2. eta 3. katastroko lurzatietan, "Legua acotada" erabilera publikoko mendiaren zati bat hartuz.

Ustiategia kokatuko den lurzati guztien titulartasuna Ollarmendiko Mankomunitatearena da, eta Erro-Zilbetiko Mankomunitatea da eskuduna administrazioko ondorioetarako. Herri ondasuna da lurra.

Kontuan harturik kalkulatu diren erreserbak (7.267.791 t mineral), ekoizpen beharrak eta aurreikusitako zagorraren ekoizpen erritmoa (18.000 t urtean), aire zabaleko ustiategiak 40,3 urteko bizia izanen du. Horretaz gain, 0,6 urte beharko dira aurreko prestakuntza lanetarako, eta 0,5 urte lehengoratze lanetarako.

Aire zabalean ustiatuko da meategia eta, materialak ateratzeko, zulaketak eta leherketak eginen dira, 10 metroko altuera eta ezpondetan 65.º-ko aldapa duten mailetan. Langile beharrei dagokienez, kalkulatzen da 12 langile izanen direla, enpresarenak eta zuzenean kontratatutako beste enpresa batzuenak.

Proiektuan, azpiegitura edo jarduera hauek zehazten dira, meategira iristeko eta hartan mugitzeko:

-Ustiategi mailetarako garraio pistak eta bideak.

-Ustiategirako sarbideak: proiektuko eremua Zilbetirekin lotzen duen pistako 1,56 km hobetuko dira. Horretarako, zorua hormigoituko da, halakorik ez dagoen tarteetan, ibilgailu arinak pasa daitezen, eta, oso noizbehinka, ustiategiaren zerbitzuko ibilgailu astunak.

Ustiategiak beharturik, proiektuko eremuko ekialdean eta mendebaldean dauden landa bide bana desbideratuko dira, eta egokitu egin beharko dira, langileak instalazio osagarrietara eta hurbileko herrietara joan daitezen, betiere ibilgailu arinetan.

-Meategiko tunela: 1.217 metroko galeria. Haren bidez iraulki kamioiak meategitik NA-138 errepidera joaten ahalko dira. Azken produktua garraiatzeko erabiliko da, eta noizean behin makinak pasatzeko.

Bestalde, "Magnesitas Navarras, S.A."ren eta Nafarroako Gobernuaren artean sinatutako hitzarmenetan aurreikusten da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 350 metroko tunela eginen duela N-135 errepidetik Zilbetira doan errepidean, Erroko mendate aldean. "Magnesitas Navarras, S.A."k neurri batean finantzatuko du. Haren bidez oraingo mendate txikia saihestuko da, eta biztanleen egoera arinduko. Tokiko trafikorako bakarrik erabiliko da tunela, eta, hala, kamioi bakar batek ere ez du Zilbetiko herrigunea zeharkatuko. Tunelaren exekuzio proiektuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eginen eta tramitatuko ditu.

Proiektuan ez da jaso elektrizitate, ur edo telekomunikazioetako sareetarako loturarik. Enpresaren sorgailuen bidez hornituko da eremua elektrizitatez, eta aldageletarako eta komunetarako ura drainatze eta ur ponpatze bidez lortuko da.

Azkenik, ustiategiko urak Argara aterako eta drainatuko dira (Ustiatze proiektuko azterlan hidrologikoan zehazten dira jarraibideak), Etxarroko errekaren bidez. Proiektua kokatuko den mazelaren azpiko aldean dago Etxarroko erreka.

IV.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Jarduketa hau Pirinioa 1 Lurraldearen Antolamenduko Planaren (POT 1) eremuan kokatzen da. Lurraldea antolatzeko tresna honek, jendaurrean jarritako bertsioan, zenbait irizpide estrategiko ezartzen ditu erauzketa lanak lurraldean antolatzeko (kasu honetan betetzen direla uste da, eta espedientearen lurralde-justifikazioa dira). Horien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

-"Horrelako jarduerak jartzeko, beharrezkoa da lurraldean aski baliabide eta nahikoa kalitatekoak izatea ustiapena egiteko. Horixe da irizpidea, eta ez da mugarik nahiz debekurik jartzen inolako lurraldetan harrobirik eta/edo legar hobirik sortzeko, betiere unean uneko arauak betetzen badira, batez ere Ingurumen eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu departamentuek ezarritako baldintzak.

.../...

-Erauzketa lanak ezinbestekoak dira obra publikoetarako, azpiegituretarako eta eraikuntzarako. Halaber, komenigarriak dira Lurraldearen Antolamenduko Planetarako, baina, lurraldean eragin handia izaten dutenez, nahitaezkoa da antolatzea eta ingurumenaren aldetik zorrotz kontrolatzea. Horrekin batera, bultzatu behar da ustiategi gutxiago baina handiagoak ezartzea".

Beste alde batetik, Erroibarko Udal Planak, behin betiko 2003an onetsitakoak, UPrS honen eremuko lurzoruak oihaneko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen ditu. Lur kategoria horretarako hauxe ezartzen da: "horrelako lurretan, eta eraikuntzakoak ez diren jardueren barnean, baimentzen ahal dira pista edo bide berriak egitea, luberritzea, mailakatzea, meatzaritza, legarra eta harea ateratzea, harrobiak eta arraseko mozketak egitea, tradizioz horrelakoak egin diren eremuetan, eta ezartzen diren baldintzetan".

UPS honen xede den jardueraren ezaugarriak ikusirik, uste da UPSak mugatutako lurzoruak honela sailkatu beharko liratekeela: "jarduera berezietarako" eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa. Horietarako, baimen daitezkeen jarduerak eta erabilerak mugatzeko araubide bat ezarri beharko litzateke.

Bestalde, espedientea ebatzi aurretik, sustatzaileak hura osatu egin beharko du, hain zuzen ere 35/2002 Foru Legearen 44. artikuluaren ("Udalez gaindiko proiektu sektorialen edukia") hirugarren idatz-zatian ezarritakoa betetzeko eman behar diren konpromiso eta bermeekin osatu ere.

Azkenik, dokumentuan argi ageri beharko du N-135 errepidean aurreikusitako tunela ez dela UPSean jasotako jarduketen zati.

Aurreko oharrak gorabehera, kontuan hartu behar da jarduketak ukituko dituen lurrak "Legua Acotada" izeneko erabilera publikoko mendiaren zati direla, eta herri ondasun direla. Hortaz, sustatzaileak administrazioko bidezko baimenak lortu behar ditu.

Bukatzeko, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren bidezko txostena eskatu da, eta edukia kontuan hartu beharko da espedientea ebazteko.

V.-Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Lur azaleko eta lurpeko uretan izanen den eraginari dagokionez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, ekainaren 21eko txostenean, adierazi zuen espedientea onetsi aurretik Ebroko Ur Konfederazioaren aldeko txostena behar dela.

VI.-Onura publikokoa eta interes orokorrekoa dela adieraztea.

Sustatzaileak Ingurumen eraginaren adierazpena eta meategia ustiatzeko proiektuaren onespena eta baimena eskatzen ditu, eta horretaz gain, honako hauek adieraztea: onura publikokoa edo interes orokorrekoa dela; presakoa dela, desjabetzarako; eta instalazioa interes orokorrekoa dela, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluaren ondorioetarako. Nafarroako Gobernuak espedientea behin betiko onestean erabakitzen ahalko ditu adierazpen horiek, bidezkoa bada.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Legua Acotadan (Zilbeti), Erroibarren, magnesiten harrobi berri bat ezartzeko eta ustiatzen hasteko proiektua" Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen ondorioetarako. Proiektua "Magnesitas Navarras, S.A." (MAGNA) enpresak sustatu du.

2. Proiektuak baldintza hauek bete beharko ditu:

-Enpresak aurkeztutako ustiatze proiektuarekin eta lehengoratze planarekin bat gauzatuko dira inbertsioak.

-Ustiatze proiektuaren onespena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean hasiko da gauzatzen ustiatze proiektua.

3. Sustatzaileari adieraztea UPSa ebatzi aurretik Ebroko Ur Konfederazioaren txostena aurkeztu behar duela.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta planteatu diren jarduketek ukitutako lurretako udalari entzunaldia ematea, 30 egunean, gutxienez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea 7 - 31005 Iruña).

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Zilbetiko kontzejuari, Erroibarko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2010eko uztailaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1011767