92. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Ordenantza, Etxeko animaliak eta animalia arriskugarriak edukitzea eta animaliak babestea arautzen duena. Behin betiko onespena

Udalak, 2009ko urriaren 28an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batean onestea honako ordenantza hau.

Erabaki hori 2009ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 18an, eta jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea zabaldu zen. Delako epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu; beraz,

Udalak, 2010eko urtarrilaren 26an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen behin betiko onestea aipatu ordenantza, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hona hemen:

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ANIMALIA ARRISKUGARRIAK EDUKITZEA ETA ANIMALIAK BABESTEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tebas-Muru Artederretako udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ordenantza honen 12. artikuluan zehazten direnak.

Baimen orokorra ematen da zakurrak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe, dela etengabeko zaunkak, dela darien usaina, edo arriskurik sortu gabe.

3. artikulua. Txertoa.

Udalerrian bizi diren zakurren jabeak edota edukitzaileak behartuta daude Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek zakur horiei txertoa ematera, eta han, berriz, animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen diete. Behar-beharrezkoa izanen da amorruaren aurkako txerto programarekin hastea, zakurrek lau hilabete dituztenetik aitzina, eta txertoen ondoz-ondoko egutegiari estu jarraitu beharko zaio.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Zakurrei txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie.

4. artikulua. Zakurren ausikiak.

Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzu eskudunek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea. Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

Osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuak egokitutako zakurtegira eramanen dute animalia ausikigilea, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

5. artikulula. Eritasun aztarnak.

Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute. Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

6. artikulua. Herrigunea eta udal mugapea.

Debeku da zakurra lotu gabe ibiltzea herrigunean. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

Alde horretan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du, eta lehenagotik erasoak eginak dituztenen zakurrak badira edota arriskugarri izan daitezkeenak badira, muturrekoa ere jarria izan behar dute. Animaliaren jabe edo edukitzailearen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animalia etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez dadin.

Bere jabe edo edukitzailearen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen den animalia ustez abandonatutzat joko da eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dute. Horien ardura izanen da animaliarekin zer egin, inork erreklamatzen ez badu legez ezarritako epean.

Jabeak edo edukitzaileak animalia kendu nahi badu, Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi beharko du. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

7. artikulua. Biziguneen inguruak.

Tebas-Muru Artederretako udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero. Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

Udal mugapeko alde guztietan, aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

8. artikulua. Lokalak.

1) Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili, biltegiratu, elikagaiak saldu edo kontsumitzeko lokaletan, baita horiek garraiatzeko ibilgailuetan ere, salbu eta ikusmen urrikoen lagun diren zakur gidariak.

2) Ez dago baimendurik animaliak sartzea erabilera publikoko igerilekuetara, ikuskizun publikoko lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, eritetxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara, salbu eta ikusmen urrikoen lagun diren zakur gidariak badira.

3) Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute. Debeku hori ez da beteko ikusmen urriko lagun diren zakur gidariak badira.

9. artikulua. Bere arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

10. artikulua. Bideen higienea.

Zakurrarekin ibiltzen den laguna beharturik dago galaraztera hark kaka egin dezan espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira. Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du. Baimendurik dago zakurrak kaka egitea udal mugapearen barrenean horretarako espres egokitutako tokietan.

Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

11. artikulua. Eremu partikularretan zakur zaintzailea badela gaztigatu beharra.

Zakur zaindaria jabego partikularreko barrutietan baizik ez da aske ibili ahal izanen, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

12. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Arraza hauetako zakurrak: Doberman, Alemaniar Ardi Zakurra, Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffordshire Terrier, Rottweiler, Dogo Argentinar, Fila Brasileiro, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena. Zakur horiek martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehazten diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituzte.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

13. artikulua. Animalia arriskugarri bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honen arabera, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek edota edukitzaileek, lizentzia berezia beharko dute izan, erosi baino lehenago eskuratu beharko dena, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. atalekoak badira, eta 4. atalekoak badira, animaliak pertsona bati eraso egin dionetik 5 eguneko epean.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Animalia arriskugarriak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Udalaren 10 euroko tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Tebas-Muru Artederretan bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Tebas-Muru Artederretan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Tebas-Muru Artederretan egon behar badu.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Tebas-Muru Artederretako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

14. artikulua. Arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Tebas-Muru Artederretara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

15. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

-Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

-Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

-Tebas-Muru Artederretako Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

-Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta portaera hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

16. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Tebas-Muru Artederretako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze-data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarri bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

17. artikulua. Erantzukizunak.

Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

1. Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

2. Halaber, ardura izanen du bere animaliak bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

3. Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunkaka edo zalapartaka hasten bada, berehalakoan hura isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

18. artikulua. Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea

Bere eskumenen esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio:

1. Animalia abandonatua biltzea.

2. Lagun egiteko animalia dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badu edo muntadura desegokietan bada.

Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen da.

Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

19. artikulua. Nahitaezko eramatea.

Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.

20. artikula. Bildu eta kontrolatzeko gastuak.

Jabeak ordainduko ditu animalia bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

21. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

b) Arriskugarri izan ez daitezkeen zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

c) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

d) Herriaren inguruan hirilur gisa sailkatutako eremuetan zakurra muturrekorik gabe ibiltzea.

e) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

2. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animalia behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

g) Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

h) Arriskugarri gerta daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

i) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

j) Tebas-Muru Artederretako Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

k) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

l) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

3. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

22. artikulua. Zehapenak.

-Arau-hauste arinek 150etik 300 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen.

-Arau-hauste larriek 300,01etik 900 eurora bitarteko isuna.

-Arau-hauste oso larriek, 900,01etik 3.000 eurora bitarteko isuna.

23. artikulua. Erantzukizun zibila.

Erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

-Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

-Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

-Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

24. artikulua. Animalien babesa.

Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

25. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko. Fitxategia eginen da Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak udalen esku uzten dituen obligazioak. Fitxategia Tebas-Muru Artederretako Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Xedapen Irgankorra

Bakarra.-Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da honako hauetan xedatzen dena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea; uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena; abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta Udalen erabakiak baino maila handiagoa duten xedapen guztiak.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Tebasen, 2010eko ekainaren 30ean.-Alkatea, María Angeles Inchusta.

Iragarkiaren kodea: L1011626