86. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal Planeko aldaketa xehakatua. Behin betiko onespena

Udal honek, 2010eko maiatzaren 6an egin bilkuran, behin betiko onetsi du Udal Planeko aldaketa xehakatua, Z.O.3.2 zonaren esparruan, 1. poligonoko katastroko 335. lurzatian. Sustatzailea Geyser, S.A.L. da eta hasierako onespenaren iragarkia 2010eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an.

Argitara ematen da, orobat, onetsitako aldaketaren testu arau-emailea.

Agoitzen, 2010eko ekainaren 12an.-Alkatea, Francisco José Enguita Moros.

MEMORIA

1.-Agiri honen sustatzailea eta egilea.

Geyser, S.A.L. enpresaren enkarguz (A31561368 IFZa eta helbidea Mutiloagoitiko Eguzki plazako 5.ean baititu) prestatu du Gonzalo Galbete Martinicorenak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako Ordezkaritzan 632. zenbakiarekin kolegiaturiko goi mailako arkitektoak, Agoizko Udal Planeko egiturazko determinazioen eta determinazio xehakatuen aldaketa puntuala, Z.O.3.2 zonako 335. lurzatiari dagokionez.

2.-Udal Plana aldatzeko proposamenaren xedea.

Aldaketa puntualaren proposamen honek bi helburu ditu:

1. Eraikinak lurzoruan izan dezakeen gehieneko okupazioa handitzea (beraz, eraikigarritasuna handitzea) Agoizko Hiri Antolamendurako Udal Planeko Z.O.3.2 zonako 335. lurzatiari dagokionez; hartara, indarrean den Udal Planak ematen dion %50eko gehieneko okupazioa izatetik %70eko gehieneko okupazio izatera pasako da.

2. Horren ondorioz, baimendutako gehieneko lerrokadurak aldatzea, betiere lurzati horretatik kanpoko lurzoruak okupatu gabe, eraikigarritasunaren handitze hori benetakoa izan dadin.

3.-Proposamenaren arrazoiak.

Proposamena aurkeztu da, jarduera araubidea handitu denez, lehendik diren instalazioak handitu beharra dagoelako eta horretarako beharrezkoa da lurzoru eraikigarria izatea, industria jarduera hori handituko bada. Hori guztia ahalik eta arinen garatzeko helburuarekin.

Produkzio jarduera berri horrek egungo Udal Planak baimentzen duen okupazioarekin garatzeko duen ezintasunak taldearen jarduera osoa herrian desagertzea ekar dezake.

Zehazki, Agoizko Udal Planak Z.O.3.2 eremu horretan, industriako lurzoru bereko beste lurzati batzuei %50etik gorako gehieneko okupazio portzentajeak esleitzen dizkie, hirigintza aldetik ageriko arrazoirik izan gabe. Zona bereko 10 lurzatiri %80ko gehieneko okupazioa esleitzen zaie; 15 lurzatiri, %70eko gehieneko okupazioa eta 9 lurzatiri, %50eko gehieneko okupazioa.

Proposamen honek ez die lurzoruaren espekulazio interesei erantzuten, espazio jakin bat behar duen industria produkzio bat eraginkortasunez ezartzeko aukerari baizik.

Arestian azaldutakoaren ondorioz, eraikuntzak lurzoruaren okupazio handiagoa behar du eta Udal Planak ezartzen duen lerrokadura araubidea aldatu beharra dago, okupazio hori handiagoa izan dadin.

4.-Proposamenaren edukia.

Udal Plana aldatzeko proposamenak determinazio berri batzuk ditu ardatz, bai egiturazkoak bai xehakatuak, planteatutako xedeak lortzen dituztenak:

1. Eraikuntzaren lurzoruaren gehieneko okupazioa (eta dagokion eraikigarritasuna) handitzea: indarrean den Udal Planak esleitzen dion %50etik eraikuntza prozesuak eskatzen duen %70 izatera pasako da.

2. Udal Planak ezartzen dituen lerrokadurak aldatzea, okupazio berriak behar dituen lerrokadura berriak ezarrita.

5.-Egiturazko determinazioak eta determinazio xehakatuak.

Arestian adierazi bezala, proposamen honek egiturazko determinazioak eta determinazio xehakatuak ditu.

Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako hauek dira egiturazko determinazioak eta determinazio xehakatuak:

-Egiturazko determinazioa da eraikinak lurzoruan izan dezakeen gehieneko okupazioa handitzea; horrek eraikigarritasuna handitzea dakar eta, beraz, hirigintzako aprobetxamendua ere.

-Determinazio xehakatua da lerrokaduren araubidea aldatzea.

6.-Beste determinazio batzuk.

Ez dira aldatuko lagapenen, ekipamenduen eta zerbitzuen moduluak, ez eta antolamendua ere.

7.-Hirigintza araudia.

-Araudi orokorra:

Indarrean den Udal Planeko parametroak eta determinazioak mantentzen dira.

-Araudi xehakatua:

Jarduketa eremua: Agoizko katastroko 1. poligonoko 335. lurzatia, Z.O.3.2 zonan sartua.

Lurzatiaren azalera: 6.149,44 m².

-Hirigintzako helburuak:

Lehendik dauden eta antolamenduz kanpokotzat jotzen ez diren erabilerak eta eraikinak finkatzea, haiek egokitzeko edo ordezteko baldintzak ezarrita, bai eta eraikuntza berriak ere, araudi honek onartzen dituenak.

  • Urbanizazio finkatua duten hiri lurzoruen sailkapena.
  • Industriako kalifikazioa.

Jarduketa baimenduak:

Araudi honek baimentzen dituen berrikuntzak, egokitzapenak, ordezkapenak eta obra berriak.

-Eraikinak bete beharreko baldintzak:

Tipologia: industria nabe bakartua edo atxikia eta zerbitzuak.

Lerrokadurak: lerrokadura berriak lotesleak izanen dira, salbu eta xehetasun azterlan baten bidez proposatzen bada zonaren diseinurako nabarmen hobea den konponbideren bat.

Gehieneko solairu kopurua: beheko solairua. Solairuarteak baimendu ahalko dira industria bakoitzak okupatzen duen azaleraren %25 hartzen badute. Ez dira kontuan hartuko aprobetxamendua zenbatzeko orduan, eta bulegotako erabiltzen badira 2,50 metroko gutxieneko altuera izan beharko dute.

Beheko solairuko gehieneko okupazioa: lurzatiaren azaleraren %70.

Gailurraren gehieneko altuera: oro har, 10 metro (ikus beste determinazioak).

Bulegotako erabilitako solairuarteen gutxieneko altuera: 2,50 m.

Eraikigarritasun araubidea: Lurzatiaren azalera: 6.149,44 m².

Egun okupaturiko azalera: 2.308,04 m².

Eraikuntzaren gehieneko okupazioa: %70

Okupatzeko gehieneko azalera: 4.304,61 m².

Geratzen den azalera: 1.996,57 m².

-Kudeaketa baldintzak:

  • Baimentzen diren jarduerek zuzeneko lizentzia izanen dute, betiere araudia eta ordenantzak betetzen badituzte.
  • Agoizko Udalari handitutako eraikigarritasunaren %10 lagako zaio, dagokion hirigintzako hitzarmenaren bitartez.

8.-Urbanizazio-kargaren ebaluazio ekonomikoa.

Ez eraikigarritasuna aldatzeak ez lerrokadura berriak ezartzeak ez dute ekarriko urbanizazio-karga handitzea, ez lurzatirako ez zonarako.

9.-Espedientearen tramitazioa:

Egiturazko determinazioen eta determinazio xehakatuen aldaketa puntual hau tramitatuko da Nafarroako Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritako baldintzei jarraituz.

79. artikulua. Prozedura.

1. Planen berrikuspena, haien tramitazio eta onespenerako aipatutako xedapen berberen arabera eginen da.

2. Udal eta sektorizazio planetako antolamendu egituratzaileko determinazioen aldaketa foru lege honetako 70 eta 71. artikuluetan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, honako hiru puntu hauetan izan ezik:

a) Ez da beharrezkoa izanen 70. artikuluan aurreikusitako lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua, ezta 71. artikuluko a) letrako oroit-idazkia ere.

b) Jendaurreko epea hilabete batekoa izanen da.

c) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak bi hilabeteko epean emanen du behin betiko onespena.

70. artikulua. Mila biztanletik goitiko udalerrientzako udal plan orokorraren tramitazioa.

6. Udal plan orokorraren prestaketa amaituta, udalak hasierako onespena emanen dio eta jendaurrean jarriko du hilabetean gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan iragarki bat argitaratuz.

8. Halaber, eta jendaurreko aldiarekin batera, hasiera batez onetsitako plana igorriko da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, hark txostena egin dezan Nafarroako Gobernuko departamentuen eskumenetako gaiez, eta bereziki departamentu hauenetakoei buruz:

a) Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

c) Hezkuntza Departamentua.

d) Osasun Departamentua.

e) Kultura eta Turismo Departamentua.

f) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txosten orokor bat eginen du Nafarroako Gobernuko departamentuetako inguruabar sektorialak bilduta. Txostena luzatzeko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaera Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkezten denetik hasita, eta epe hori iragaten bada udalak txostena jaso gabe, tramitea egintzat joko da.

9. Udalak, informazioa eta, halakorik badago, entzunaldiaren tramitea ikusirik, behin-behinekoz onetsiko du, bidezko diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasieran onetsitako planaren Lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduan funtsezko aldaketa ekartzen badute, plana berriz jarriko da jendaurrean, hilabetean, behin-behineko onespena eman baino lehen.

10. Plana behin-behinekoz onesten delarik, espediente osoa bidaliko zaio Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, behin betiko onespena eman diezaion.

11. Planaren espedientea aurkeztu ondoren, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, agiriak falta direla edo akats teknikoak daudela ohartuz gero, horiek zuzentzeko eskatuko dio udalari.

12. Espedientea osatzen delarik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak plana aztertuko du, ikusiz indarrean dagoen legeriari, itunari eta lurraldearen antolamendurako tresnen zehaztapenei egokitzen zaien, eta udaletatik eskainitako irtenbideak nola koordinatzen diren komunikazio bide eta azpiegiturei buruzko politikekin, etxebizitza, ingurumen, mendi, ureztalur eta ondare historikoaren gainekoekin, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren bestelako politika sektorialekin.

13. Aurreko idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak honako ebazpen hauetako bat emanen du:

a) Behin betiko onespena emanen du, baldin eta Plana egokitzen bazaio aurreko idatz-zatian ezarritakoari.

b) Behin betiko onespena ukatuko du, Planean sartzen badira aurreko idatz-zatian ezarritakoaren kontra nabarmen jotzen duten zehaztapenak.

c) Ukitutako udalari eskatuko dio Plana alda dezan, baldin eta bere zehaztapenetakoren bat ez bazaio egokitzen aurreko idatz-zatian ezarritakoari. Behar diren aldaketak egin ondotik, udalak Plana aurkeztuko dio Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari, behin betiko onespena eman dakion.

14. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak bere ebazpenak jakinaraziko dizkio ukitutako udalari, espediente osoa Foru Komunitateko Administrazioaren erregistroan sartzen denetik hasi eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igarotzen bada udalari inolako ebazpenik jakinarazi gabe, udal plan orokorra onetsita dagoela ulertuko da.

Iragarkiaren kodea: L1010755