86. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

313/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, sua landalurretan nola erabili arautzen duena eta Nafarroan baso-suteei aurrea hartzeko neurriak ezartzen dituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskumenak ditu baso-suteen arloan. Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da baso-suteen prebentziorako eta suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea.

Nafarroako Foru Komunitatean oso hedatua dago sua nahi ez diren landareak eta hondakinak suntsitzeko tresna gisa erabiltzeko ohitura, eta horrek sutea pizteko arriskua dakar landaredia ihartua dagoenean.

Udaberriko plubiometria handiaren eraginez, belar landaredia asko hazi da. Hori ihartzen bada, erregai fin hil asko egonen dela aurreikus daiteke eta horrek, udan ohikoak diren tenperatura altuekin eta haize bolada gogorrekin batera, baso-suteak pizteko arrisku handia dakar.

Aurreko guztia aintzat hartuta eta aurreko urteetan onetsitako antzeko arauen eraginkortasunarekin bat, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean suaren erabilera arautzea, galera ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak saiheste aldera.

Nafarroa klima aldetik denetarikoa denez, atlantikoko eragina nabarmena duen iparraldeko alderdiko baldintzak ez dira hain larriak eta, beraz, egoki da Nafarroa geografikoki zatitzea eta sua erabiltzeko era desberdinak ezartzea.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak igorritako txostenak ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eremuak.

Erregulazio honen ondorioetarako, Nafarroa bi zatitan banatuko da:

Iparraldeko eta hegoaldeko eremuen arteko muga ondoren ageri diren toki erakundeen hegoaldeko mugek ezarriko dute: Ameskoa, Urbasa, Andia, Goñerri, Ollo, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atetz, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Bizkarreta, Mezkiritz, Aurizberri, Auritz, Garralda, Orotz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Espartza, Bidankoze, Erronkari, Garde.

2. artikulua. Suaren erabilera.

Foru agindu honen ondorioetarako, sua eremu zabal irekian egitea izanen da sua eraikuntzetatik kanpo egitea.

Arautu egiten da sua landalurretan egitea, eremu zabal irekian, ondoren azaldu bezala:

1. Debekatuta dago sua egitea zuhaiztietan, zuhaixkak edo sastrakak dauden tokietan, larreetan eta belardietan, bere babes araubidea edozein dela ere.

2. Debekatuta dago sua aisialdirako helburuetarako egitea Nafarroako hegoaldean. Debeku honen barruan sartzen dira sua egiteko prestatutako tokiak ere, hots, barbakoak edo kanpoko beste edozein instalazio eta errepideen ondoko atsedenguneak.

Nafarroako iparraldean sua aisialdirako helburuetarako egiten ahal da horretarako egokitutako tokietan, hots, barbakoetan edo kanpoko beste edozein instalaziotan eta errepideen ondoko atsedenguneetan.

3. Oihaneko aprobetxamenduetan edo oihangintzako tratamenduetan gelditzen diren hondarrak erretzea debekatuta dago, salbu eta ezinbesteko arrazoi fitosanitarioengatik Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez baimentzen direnean. Debeku horretatik kanpo daude makaldietan egindako motzaldiak. Horiek, halaber, ebazpen bidez baimenduko dira, aldez aurretik administrazio-eskaera eginda.

4. Lehorreko alorretan edozein erreketa debekatuta dago, foru agindu honen 9.4 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin.

5. Landalurretan material piroteknikoaren erabilera debekatuta dago, edozein helburu duela ere. Aurreko debekuaz gain, eta hirilurretan nahiz lurzoru urbanizagarrietan su-festen ikuskizun publikoak egiten direnean, landalurretik 300 metrora edo hurbilago, ondoko aurreneurriak hartuko dira:

a) Astebete lehenago Nafarroako Gobernuko Nafarroako Larrialdietako Agentziari su-festak noiz eta non eginen diren adieraziko zaio.

b) Suak hasten diren unean horren berri eman beharko zaio SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari. Bukatzen direnean ere horren berri emanen da.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari eman beharko zaio abisua ahalik lasterrena.

d) Antolatzaileak jarduera egiten den lekuan gutxienez hiru pertsona izanen ditu su amatatzekoekin eta sua itzaltzeko bizkar-zorroekin.

6. Erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer botatzea edo uztea debekatuta dago; debekuaren barruan sartzen da Nafarroako edozein komunikazio bidetatik zirkulatzen duten ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea, bideen katalogatzea edozein dela ere.

7. Landalurretan sua egiten ahalko da eraikinetan, etxoletan edo eraikuntza-paramentuetan, betiere, gutxienez, eraikitze materialez eginiko hiru pareta eta zorua baldin badituzte, edo landarerik gabeko zorua, bai eta ilintiak itzaltzekoa duen tximinia ere.

3. artikulua. Ibilgailu motordunak.

Foru agindu honen ondorioetarako, basoan den edozein bide hartuko da baso-pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira baso-pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sartuta dauden komunikabideak.

Baso-pistetan errekuntzako motordun ibilgailuekin zirkulatzeko ondoko arau hauek bete beharko dira:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimen bereziak ematea galarazi gabe, debekatua dago errekuntzako motordun ibilgailu guztien zirkulazioa Nafarroako hegoaldeko baso-pistetan, hurrengo puntuan adierazitakoak salbu. Nafarroako iparraldean arau orokor indardunen arabera zirkulatu ahal izanen da.

2. Beste baimen batzuk galarazi gabe, eta artikulu honen X atalean adierazitako baldintzekin bat, baimenduta dago errekuntzako motordun ibilgailu hauen zirkulazioa baso-pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak.

b) Baso-suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren basoko zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak (baso aprobetxamenduekin, baso-lanekin eta basoko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira basoko zereginetan).

e) Baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Administrazio publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze-lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan.

i) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei laguntza emateko ibilgailuak.

j) Onddo-barrutietako bazkideen ibilgailuak, perretxiko eta onddo denboraldian. Horretarako, barrutiaren titularrak luzatutako egiaztagiria izan beharko dute.

3. Arestian aipatutako ibilgailuek, baso-pistetan barna ibiltzen direnean, honako prebentzio-neurri hauek bete beharko dituzte nahitaez:

a) Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.

b) Ibilgailu horiek baso-pistan bertan edo espresuki prestatutako tokietan baizik ezin izanen dira aparkatu. Debekatua dago, erabat, beste inon aparkatzea.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari abisatu beharko diote ahalik eta lasterren.

Aurreko puntuetan adierazitakoa derrigorrez betetzeaz gain, ibilgailuan eskuko ur-itzalgailu bat izatea gomendatzen da (itzalgailu hidrikoa, sulfatagailua, sua itzaltzeko bizkar-zorroa, etab.), 15 litroko edukierakoa, gutxienez.

4. artikulua. Baso lanak.

13/1990 Foru Legean menditzat hartutako lurretan baso lanetarako makina eta tresnak erabiltzeko arauak.

1) Mendian motorra duen edozein tresna hartuko da basoko makina edo tresnatzat, potentzia edonolakoa duela ere.

2) Mendian edozein makina edo ekipo erabiltzeko, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintza berberak bete beharko dira. Gainera, makineria astunarekin (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.) lan egiten den tokietan, gutxienez ur biltontzi bat jarriko da, 1.000 litrokoa edo hortik gorakoa, bai eta su amatatzekoak eta sua itzaltzeko bi bizkar-zorro ere, bakoitza 15 litroko edukierakoa, gutxienez.

5. artikulua. Aurretiko baimenak.

Foru agindu honen aurretik eman ziren baimen guztiak indarrik gabe geldituko dira hau argitaratzen denetik, baldin eta foru agindu honetan espresuki baimendutako jarduerak ez badira.

Foru agindu honetan baimentzen diren jarduerak orain ezarri diren neurrietara egokituko dira foru agindu hau argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

6. artikulua. Nekazaritzako lurzatiak.

Lehorreko hektarea bakoitzeko batez beste 4.4, 4.1 edo 3.7 tonako errendimendua esleitua duten eta herriguneekin, edozein motatako errepideekin, trenbideekin edo 10 hektarea baino gehiagoko zuhaiztiekin muga egiten duten udalerrietan, uztondoa duten nekazaritzako lurzatien jabeek edo laborariek eta berregituratze eta moldatze programaren arabera laguntzak eta mahastia erauzteko prima hartzen dituzten nekazariek lurra lantzen ahalko dute uzta ondoko edozein momentutan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 26an emandako 262/2010 Foru Aginduan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

7. artikulua. Lasto metak.

Ezin izanen da lasto metarik jarri arboladietatik 200 metrora edo hurbilago. Lasto meten jabeek metak kokatzen diren udalean identifikatu beharko dute, ondoko hauek adieraziz: jabearen izena, harremanetarako telefonoa eta lasto meta bakoitzaren kokalekua.

Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat goldatuko da haien perimetroan, lasto metaren altueraren bikoitzaren adinakoa, gutxienez, aipatu lurzatiaren uzta ondoko 10 eguneko epean. Lasto metak uzta ondoren egiten badira, perimetroko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean goldatuko da.

8. artikulua. Bestelako baimenak.

Foru agindu honi jarraikiz ematen diren baimen orokorrak bateragarriak dira aplikatu beharreko beste edozein arauren arabera eska daitekeen beste edozeinekin.

9. artikulua. Ohiz kanpoko baimenak.

1. Erromeriak edo festak. Salbuespen gisa, toki entitateen egutegietan usadioz ezarrita dauden erromerietan eta festetan jana prestatzeko sua egiteko baimena ematen ahalko da.

Eskabidea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalean aurkeztu beharko du ospakizuna egin behar den udalak edo kontzejuak, gutxienez 15 egun lehenago, eta toki entitate hori arduratuko da berariaz eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuz zehaztuko diren prebentzio neurriak betetzeaz.

2. Erlezaintza. Erlezainen Elkarteak aurretik eskatuta, baimen berezia ematen ahalko da kea botatzekoak erabiltzeko erlauntzetako lanetan. Elkarteak bazkide zerrenda bat aurkeztu beharko du, tratamenduak egiteko interesa duten ustiategiak adierazita.

3. Kanpin kategoriako ostalaritzako establezimenduetan sutegi edo barbakoa iraunkorretan sua egiten ahalko da baldin eta horretarako prestatutako eremua kanpinaren perimetrotik 15 metrora badago, gutxienez, eta prebentzio neurriak baditu (ur-maukak) eta ilintiak itzaltzekoa duen tximinia.

4. Ureztaketa lurretako labore hondarrak erretzen ahalko dira. Horretarako, kasuan kasuko udalak eman beharreko baimena eduki beharko da eta bat etorri beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 262/2010 Foru Aginduarekin. Horren bidez, kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

Baso arloko foru legerian menditzat jotzen den lurretatik 400 m baino gutxiagotara egiten diren erreketetan, erre beharreko eremuaren inguruan 8 metroko edo gehiagoko suebaki bat egin beharko da, landare guztiak kenduz eta lurra irauliz lur minerala agertu arte.

5. Artoaren eta arrozaren uztondoak erretzen ahalko dira, baldin eta hondarrak mukuruetan edo ilaretan jartzen badira. Horretarako, dagokion udalak luzatutako beharrezko baimena beharko da.

6. Berrogeialdipeko organismoak desagerrarazteko jarduketa ofizialen kasuan, landare materiala erretzeko baimena ematen ahalko da erauzi baino lehen. Baimen horretarako beharrezkoa izanen da kutsaduraren adierazpena eta hartu beharreko neurriak aldez aurretik onestea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.

7. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak txosten teknikoa eman ondoren, baimena ematen ahalko da uztondoak erretzeko organismo kaltegarrien gordailuak kendu eta etorkizuneko kutsatzeak saihestearrean, 2009-2010 kanpainan sortutako arazo fitosanitarioek hurrengo laboreen bideragarritasuna arriskuan jar dezaketenean.

8. Su artifizialen ikuskizun publikoak egiten ahalko dira hirilurren ondoko landalurretan, baldin eta Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena ematen badu, kontuan hartuta lekuaren eta ingurunearen ezaugarriak, suterik sortu edo hedatzeko izan litezkeen inguruabarrak eta sustatzaileak harturiko prebentzio neurriak.

10. artikulua. Baimenen indarraldia eta ondorioak.

Arau hauek indarra izanen dute harik eta, metereologiaren ezaugarriak aldatu direla-eta, kentzen diren arte.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, egoera klimatikoaren eta oihanetan sua izateko arriskuaren bilakaera aintzat hartuta, indarrik gabe utz litzake foru agindu honetan edo salbuespenez ematen den beste edozeinetan jasotzen diren baimenak.

11. artikulua. Betetzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko basozaintzako langileei agintzen zaie eta Foruzaingoaren Polizia Administratiboaren Dibisioa eta Guardia Zibilaren Seprona premiatzen hemen azaldutakoa bete dadin zaindu dezaten.

12. artikulua. Jakinarazpenak.

Foru agindu hau jakinaraztea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko gainerako zerbitzuei eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende orok jakin dezan.

13. artikulua. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko ekainaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1011502