84. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188/2010 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana. Horren bidez, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Aparailari, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofizialaren, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen arteko lankidetzarako esparru hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki da.

Nafarroako Gobernuak hitzarmen hori onetsi zuen 2010eko maiatzaren 17an egin bilkuran, eta lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena eman zitzaion hori sinatzeko eta, hala denean, geroko atxikimendu agiriak sinatzeko.

Hori sinatu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Horiek horrela, honakoa,

EBATZI DUT:

Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Aparailari, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofizialaren, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren arteko lankidetzarako esparru hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzea.

Iruñean, 2010eko ekainaren 2an.-Lehendakaritzaren zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO APARAILARI, ARKITEKTO TEKNIKO ETA ERAIKUNTZA INGENIARIEN ELKARGO OFIZIALAREN, NAFARROAKO INDUSTRIA INGENIARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ETA NAFARROAKO INDUSTRIA INGENIARI TEKNIKOEN ELKARGO OFIZIALAREN ARTEKO LANKIDETZARAKO ESPARRU HITZARMENA

Iruñean, 2010eko ekainaren 1ean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Javier Caballero Martínez jauna, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria.

Beste aldetik, Jesús M.ª Sos Arizu jauna, Nafarroako Aparailari, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofizialeko presidentea.

Beste aldetik, Carlos Izkue Montejo jauna, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko jarduneko dekanoa.

Beste aldetik, Gaspar Domench Arrese jauna, Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko dekanoa.

Horiek guztiek, beren karguak erabilita eta beren ordezkaritzari helduta, hitzarmen hau egiteko legezko gaitasuna aitortu diote elkarri.

ADIERAZI DUTE:

Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren bidez, bere helburu nagusien artean ditu administrazio prozeduren sinplifikazioa eta hobekuntza, pertsona fisikoei eta juridikoei enpresa edo lanbide jarduerak abiarazten laguntzeko asmoz.

Legez esleituta dituzten eginkizunak betetzeko, esku hartzen duten elkargo ofizialek inguruan duten gizartea hobetzen lagundu nahi dute, beren ezagutzak eta espezializazio propioak emanez eta, zehatzago, herritarrei eta elkargoko kideei eskaintzen dizkieten zerbitzuak gehitzen saiatuz. Gainera, azken horien zeregina bideratu nahi dute.

Alderdi guztien ustez, lehentasunezkoa da enpresa eta lanbide jarduera sustatzeko esku hartzen duten eragile guztien arteko harreman mekanismo berriak ezartzea.

Horrenbestez, alderdiek

ERABAKI DUTE:

1.-Hitzarmenaren xedea.

Esparru hitzarmen honen xedea Nafarroako Gobernuaren, haren departamentuen eta Nafarroako Aparailari, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofizialaren, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren (hemendik aurrera, "Elkargo Ofizialak") arteko harremanak arautzen dituzten arau orokorrak ezartzea da, baterako jarduketak burutzeko asmoz. Jarduketa horiek Administrazioa dinamizatzeko helburua izanen dute, zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta, beraz, Nafarroako Gobernuko departamentuetako erabiltzaileak gogobetetzeko.

2.-Lankidetzaren norainokoa eta edukia.

Hitzarmenak alderdi sinatzaileen arteko lankidetzarako etengabeko esparrua izan nahi du eta horien guztien ezagutza teknikoak eta esperientzia partekatzeko aukera emanen du, entitate sinatzaileek gizarteari ematen dioten zerbitzuaren kalitatea handitzeko asmoz.

Helburu hori honako eginkizun hauek erabiliz lortu nahi da hasieran:

a) Lortu beharreko helburuei balio erantsirik ez emateagatik beharrezkoak ez diren administrazio kargak kentzea.

b) Sinplifikazio neurriak abiaraztea, batez ere enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean ezarririko tresnen bidez, eta bereziki, elkargoko kideen lan profesionalen oniritzi dokumentalaren edota egokitasun oniritziaren bidez.

c) Proiektu eta dokumentazio teknikoak garatzeko orduan indarra duen araudia aplikatzeko irizpideak homogeneizatzen laguntzen duten proposamenak berariaz egitea.

d) Lizentzia eskaera eta prozedura mota guztiei dagozkien araudia eta dokumentazioa aztertzea.

e) Prozedura telematikoak abiaraztea, administrazio publikoen eta elkargo profesionalen arteko lehentasunezko komunikazio kanal gisa.

f) Administrazio prozedurak berrikustea, ahal beste tramite sinplifikatu edota kentzeko asmoz. Horrela, tramitazio epeak laburtuko dira.

g) Administrazioak Elkargo Profesionalak eskuordetzea legez eskualdatzen ahal diren eginkizunetarako, Administrazioari lan karga arindu nahian. Honako hauek izanen dira eskuordetu beharreko eginkizun nagusiak, hemen aipatutakoak ez diren beste batzuk egoteari kalterik egin gabe:

g.1) Txostenak egitea zenbait lizentzia emateko, berehalakoak izan daitezen.

g.2) Zenbait lizentzia eta baimen ematea.

g.3) Lan profesionalen eduki dokumentala berrikustea.

g.4) Lan profesionalen egokitasun teknikoa berrikustea.

g.5) Lan profesionalak erregistratzea.

g.6) Tramitazio digitalari jarraitzea eta hori abiaraztea.

g.7) Obraren jarraipenerako kontrolaren dokumentazioa jasotzea eta erregistratzea.

Eginkizun horietarako edo beste batzuetarako eskuordetzeko, Administrazioak eta Elkargo Profesionalek berariaz onetsi, eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak ezarri bezala egin beharko da.

3.-Alderdien konpromisoak.

3.1. Elkargo Profesionalek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

a) Administrazioaren aurrean aurkeztuko den lan profesional bakoitzaren ezaugarrien arabera, proiektuen formatua edota edukia aztertzea, indarra duen araudiak ezarririko sinplifikazio ereduen arabera eta Administrazioaren jarraibideei jarraikiz.

b) Hala denean, oniritzi dokumentala ematea onartzea. Hitzarmen honen ondorioetarako, oniritzi dokumentaltzat joko da dokumentazio osoa dagoela eta dagokion araudiak eskatzen duenera egokitzen dela egiaztatu ondoren ematen dena, eta aurkezturiko proiektuak legedi aplikagarriak eskatzen duen dokumentazio osoa biltzen duela bermatzen du, baina ez du aurretik juzgatzen proiektuaren edukia araudi horretara teknikoki egokitzen den ala ez. Oniritzi dokumentalak oniritzi arruntari esleituriko eginkizunak ere bilduko ditu.

c) Hala denean, egokitasun oniritzia ematea onartzea. Hitzarmen honen ondorioetarako, egokitasun oniritzitzat joko da lan profesionalaren dokumentazioaren zuzentasuna eta osotasun formala egiaztatu ondoren ematen dena. Egokitzapen oniritziak bermatzen du proiektuaren edukiak zehaztapen teknikoei buruzko arauak betetzen dituela eta indarra duen gainerako araudi aplikagarriekin bat datorrela, horren fede ematen duela.

d) Hala denean, esparru hitzarmen honen 2. idatz-zatian aipatu diren eginkizunetako edozein onartzea.

3.2. Nafarroako Gobernuak honako konpromiso hauek hartu ditu:

a) Departamentuetako atalen bidez, etengabe eguneratzen diren protokoloak ematea elkargo profesionalei, beren eskumeneko prozedura bakoitzerako behar diren tramite, baldintza eta dokumentuen berri ematen dutenak.

b) Elkargo profesionalek egindako oniritzi dokumentala onartzea, oniritziarekin batera aurkezten den proiektua osotzat hartuta eta kasu bakoitzean legez ezarrita dauden tramitazio prozedurei jarraikiz.

c) Kasu itunduetan elkargo profesionalek egindako egokitzapen oniritzia onartzea, oniritziarekin batera aurkezten den proiektua osotzat eta baliogarritzat hartuta, Administrazioari dagokion ikuskapen ahalmenari kalterik egin gabe.

d) Sistema telematikoa prestatzea, proiektuaren titularrak ados egonda, elkargo profesionalei enpresa edo lanbide jardueren proiektu teknikoak eta horien oniritziak gordailu batean uzteko aukera ematen diena.

e) Hitzarmen honen ekintza eremuei lotutako jarduera profesionala garatzeko orduan, elkargo profesionalek elkargoko kideak zuzenean ukitzen dituzten xedapen orokorrak egiten parte hartuko dutela bermatzea.

f) Departamentuetako arlo eta atalei hitzarmen honen berri ematea, hitzarmena benetan betetzeko bakoitzak elkargoekin berariazko eta beharrezko lan ildoak finkatu beharra ezartzeko asmoz, lankidetza hitzarmen sektorialak sinatuz edo beste edozein jarduketa erabiliz. Hori guztia sei hilabeteko gehieneko epean egin beharko da.

3.3. Alderdi sinatzaileek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

a) Beren artean proiektuak, oniritziak eta txostenak jakinarazteko bide arinak ezartzea, tramitazio elektroniko osoa lortu arte dagoen bitarteko urratsa den aldetik.

b) Jarraipen Batzordearen edukiak eta ondorioak zabaltzea elkargo profesionaletako kideen eta Administrazioko langileen artean kasu bakoitzean.

c) Funtzionario eta elkargoetako kideentzako prestakuntza eta hedapen ekintzak sustatzea, proiektuen kalitatea hobetzeko eta proiektaturiko instalazioen segurtasuna bermatzeko.

d) Jarduketa protokoloak sortzen ahal dituzten aldizkako lan mahaiak sortu eta horietan parte hartzea eta prozeduren tramitazioko interpretazio irizpideak bateratzea.

e) Lan mahaietan erabakitzen dena betetzea.

4.-Jarraipen Batzordea.

Aurreko idatz-zatietan zehaztutako helburuak eta konpromisoak lortzeko, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratuko da, jarduketa zehatzak aztertu eta zehazteko eta, hitzarmenaren esparruan alderdiek egiten dituzten jarduketak ikuskatzeko. Elkargoetako kideek (bat elkargo bakoitzeko) eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko bi ordezkarik, gutxienez, osatuko dute batzordea. Lehenbizikoek teknikarien edo administrarien laguntza izaten ahalko dute; beste ordezkariek, aldiz, departamentu ezberdinetako aholkulari eta kideen laguntza, egokitzat jotzen badute.

Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, edo hitzarmena sinatu duten edozein alderditako ordezkariek eskatzen dutenean.

Batzordeko burua Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko ordezkarietako bat izanen da eta idazkaria, berriz, elkargo profesionaletako ordezkari bat, beraiek txandaka hautatutakoa.

Batzordeak ezarpen prozesuaren jarraipena eta ebaluazioa gauzatuko ditu, baita prozesu horretan beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak gehitzeko proposamena ere.

5.-Hitzarmenaren indarraldia, garapena eta iraupena.

Hitzarmen honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, eta urtebeteko iraupena izanen du.

Aldi hori igaro ondoren, hitzarmena isilbidez iraupen berdineko aldietan luzatzen dela ulertuko da, alderdietako batek epea edo luzapenetako bat iraungi baino bi hilabete arinago berariaz iragarri ezean. Kasu horretan, une horretan eraginkorrak diren berariazko erabakien indarra babestu beharko da, bestelakoa itundu ezean.

Hitzarmen horri Nafarroako beste administrazio eta elkargo profesional batzuk atxikitzen ahalko zaizkio. Atxikimendua entitate horiek eskatuta eginen da eta, hala denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak eta entitate interesdun bakoitzeko ordezkariek atxikimendu dokumentuak sinatuz burutuko da.

Era berean, hitzarmen hau prozedura edo eskaera zehatzei buruzko eranskinen bidez garatzen ahalko da.

6.-Finantzaketa.

Batzordearen funtzionamenduak ez die inolako gastu ekonomikorik sortuko hitzarmena sinatzen duten administrazio publikoei eta elkargo profesionalen konturakoa izanen da jarduketak ukitzen dituen guztia.

Hitzarmenaren garapenari berari dagokionez, berariazko hitzarmenen bidez elkargo profesionalek esparru hitzarmena sinatu baino lehen administrazioak egiten zituen jarduketak beren gain hartzen badituzte eta jarduketa horiek elkargoek beren gain hartu ezin dituzten gastuak badakartzate, hitzarmenek jarduketa horiek finantzatzeko modua ezartzen ahalko dute.

7.-Hitzarmenaren deuseztapena.

Hona hemen hitzarmen hau deuseztatzeko arrazoiak:

-Iraungipena.

-Alderdietako baten nahia, hori ukitzen duenari dagokionez.

-Hitzarmena ez betetzea, ukituriko alderdiak horren berri eman eta hori eskatzen duenean.

-Legez aurreikusitako beste edozein arrazoi.

Eta ados egonda eta horrela jasota gera dadin, alderdi guztiek honako hau sinatzen dute, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.-Nafarroako Aparailari, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntza Ingeniarien Elkargo Ofizialeko presidentea, Jesús M.ª Sos Arizu.-Nafarroako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko dekanoa, Gaspar Domench Arrese.-Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko jarduneko dekanoa, Carlos Izkue Montaje.

Iragarkiaren kodea: F1009738