84. ALDIZKARIA - 2010eko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1548/2010 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzen deialdia egin, eta laguntza horiek arautzen dituena.

2000ko martxoaren 14an Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion familiari laguntzeko departamentuen arteko plan bat presta zezala. Parlamentuko agindu hori gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak, 2001eko maiatzaren 7an, Familiari Laguntzeko Plan Integrala onetsi zuen; plan horretan, lehentasunezko jarduketa eremuetako bat zen familiako, laneko eta bizitza pertsonaleko eginkizunak bateratzea, emakumea lan merkatuan gizonaren baldintza berdinekin sartu ahal izateko bidea sustatzearren.

Plan Integral horretako eskakizunak eta 2005-2007 urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren eta Enplegurako Europar Estrategiaren helburuak betetzeko xedez, zenbait deialdi onetsi dira, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituztenak.

Ondorioz, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren irailaren 29ko 187/2005 Foru Agindua (horren bidez, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzen deialdia egin zen) eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 11ko 437/2008 Ebazpena onetsi ziren.

Beste alde batetik, ezin da ahaztu Mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren indarra hartzeak gizartearentzat, oro har, garrantzi eta esanahi berezia duela.

Aipatutako lege organikoaren 44. artikuluaren 1. idatz-zatian ezartzen denez, "langileei bizitza pertsonaleko, familiako eta laneko eginkizunak batera eramateko eskubideak aitortuko zaizkie, familia erantzukizunen banaketa orekatua sustatzeko, eta horiek erabiltzean oinarritutako bereizkeria oro saihestuko da". Laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurrietako bat seme-alabak edo ahaideak zaintzeko lanaldia murriztea da. Neurri hori hobetu egin da, murrizketarako eskubidea ematen duen adingabearen adina sei urtetik zortzira handitu delako.

Familiako, bizitza pertsonaleko eta laneko eginkizunak batera eramateko eskubidearen esparruan, eta berdintasun printzipioa betetzeko, laguntzak hobetu eta handitzea planteatu da, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko, Nafarroako IV. Enplegu Planean ezarritakoarekin bat.

Hori dela eta, deialdi honek programa berria gehitu du, haurdun dagoen langilea eta haren amatasun prozesua babesteko asmoz, haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak ordezkatzeko emakume langabeak kontratatzen dituzten enpresei diru-laguntzak emanez.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzak Nafarroako programa eragilean (CCI 2007ES052PO009) sartuta daude, 2007-2013 aldirako, eta EGFk %50ean finantzatzen ditu aldi berean.

Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidearen bidez ematea onetsi da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarri bezala.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak eta diru-laguntzak emateko deialdia onestea, emakumeak lan munduan sartu eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramaten laguntzeko.

2. Gastua "Laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko programak. Nafarroako EGF CCI 2007ES052PO009 programa eragilea" izeneko 881001 84100 4709 241107 kontu-sailaren kargura eginen da (RCSA: 2367-2377). 2010erako aurrekontu zuzkidura 250.000 eurokoa izanen da eta hurrengo urteetan antzeko kontu-sailen kargura ordainduko da, urtean urteko aurrekontu mugaraino.

Kontu-sailaren 2010erako zenbatekoa honela banakatuko da:

a) 150.000 euro I. programarako: besteren konturako langileentzako diru-laguntzak, lanaldi murrizketagatik.

b) 100.000 euro II. programarako: enpresetarako diru-laguntzak, ordezko langileen kontratazioagatik.

3. Deialdi honen oinarri arautzaileek ondorioak sortuko dituzte 2010eko uztailaren 1etik aurrera, Emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzen deialdia egin, eta laguntza horiek arautzen dituen martxoaren 11ko 437/2008 Ebazpenak 2010eko ekainaren 30etik aurrera ondorioak sortzea galarazi gabe.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko ekainaren 2an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko, bizitza pertsonaleko
eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Deialdi honen xedea pertsona fisikoei edo juridikoei laguntzak emateko araubidea arautzea da, hurrengo programen bidez:

I. programa: besteren konturako langileentzako diru-laguntzak, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, lanaldia murrizten badute.

II. programa: enpresetarako diru-laguntzak, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, lanaldia murriztu duten langileak ordezkatzeko emakume langabeak kontratatzen badituzte.

III. programa: enpresetarako diru-laguntzak, haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak ordezkatzeko emakume langabeak kontratatzen badituzte.

2. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, mendekotasuna zera da: eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko, adinaren, istripu baten, gaixotasunaren edo desgaitasunaren ondoriozko arrazoiengatik beste pertsona baten edo batzuen arreta edo laguntza handia behar duten pertsonek duten egoera iraunkorra, edota, adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan, norberaren autonomiarako bestelako laguntza behar dutenena.

Mendekotasuna duten ahaideak zaintzeko, ahaidetasun-maila hauek hartuko dira kontuan: odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak. Mendekotasuna duten pertsonek ezin izanen dute jarduera ordaindurik bete.

2. oinarria. Baterako finantzaketa.

Deialdia Nafarroako Europako Gizarte Funtsa 2007-2013 programa eragilearen bidez batera finantzatzen da %50ean.

3. oinarria. Bateraezintasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak izanen dira Foru Komunitateko Administrazioak edo beste edozein administrazio publikok kontzeptu beragatik ematen duen beste edozeinekin.

1. ATALA

I. programa: besteren konturako langileentzako diru-laguntzak, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, lanaldia murrizten badute

4. oinarria. Onuradunak.

Programa horretako laguntzak jaso ditzakete Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluak ematen duen eskubideaz baliaturik baldintza hauek betetzen dituzten langileek:

1. a) Murrizketa hasi aurreko hilean lanaldi osoko langileen lanaldiaren %80tik %100era artekoa, gutxienez, egitea.

b) Aurreko atalaren ordez, seme-alaba edo mendekotasun egoeran dauden senideak zaintzeak eragindako eszedentziagatik lan kontratua eteteko aldiaren aurreko hilean lanaldi osoko langileen lanaldiaren %80tik %100era artekoa, gutxienez, egitea.

Aurreko ataletan ezarri den %80tik %100era arteko gutxieneko lanaldia egin beharretik salbuetsita egonen dira hilabeteko aldi horretan zortzi urtetik beherako beste seme-alaba batzuen legezko zaintza dela-eta lanaldi murrizketa duten pertsonak.

2. Zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, lanaldiaren iraupena erdira murriztea.

3. Helbide fiskala Nafarroan izatea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako, diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen egoeraren aurreko ekitaldian.

4. Programa hori ez zaie aplikatuko administrazio araubidean kontratatutako langileei.

5. oinarria. Betebeharrak.

1. Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

a) Eskatzaileak helbide fiskala Nafarroan izatea, 4. oinarrian ezarritakoarekin bat.

b) Eskatzailea lanaldia murrizteko eskubideaz urte oso batean baliatzea.

c) Laguntza eskatu duen langilea ordezkatzeko enpresak emakume langabe bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribatuta dagoena, urtebete jarraian kontratatzea, jardueraren lanaldi osoaren %50eko gutxieneko lanaldirako.

Kontrataturiko ordezko emakumea zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta lanaldi murrizketa duen edo eszedentzian dagoen beste pertsona bat ordezkatzen ari bada enpresa berean, agentzietan inskribatuta egon eta langabea izan beharrek hasierako kontratazio egunera arte eginen dute atzera. Kasu horretan, enpresak ordezkapen hori justifikatzeko egin duen egiaztagiria aurkeztuko da.

d) Kontrataturiko ordezko emakumeak ordezte-kontratuaren hasiera egunaren aurreko hogeita hamar egun naturalean lantoki berean lanik ez egitea, aldi horretan ordezko langileak aurreko ataleko arrazoietako batek, hau da, haurdunalditik, haurdunaldiko arriskutik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoerak eragindako lanaldi murrizketaren edo eszedentziaren ondoriozko bitarteko kontratua amaitu ezean.

Aurreko betebeharra betetzat joko da, aldi horretan ordezko langilea, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta lanaldi murrizketa eskatu duen beste langile bat ordezkatzen ari denean ere lantoki berean.

e) Laguntza zein urtetan eskatzen den, aurreko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarria, eskatzailearen familia unitatearena, 42.000 eurotik gorakoa ez izatea urtean.

f) Ordezkapena egiteko kontratazio mota bitarteko kontratua edo kontratu mugagabea izatea. Kontratu mugagabeari dagokionez, kontratazioaren hasiera eguna lanaldi murrizketa hasi ondoko hogeita hamar egun naturaleko aldiaren barnean egon beharko da.

2. Eskaera egiten den unean, lanaldi murrizketarako eskubidea sortzen duten zenbait seme-alaba badira, diru-laguntza seme-alabarik gazteenarengatik baizik ezin izanen da jaso, salbu eta jaiotza, adoptatze zein familian hartze (adoptatu aurretik edo modu iraunkorrean) multipleetan; halakoetan, 6. oinarriaren 2. idatz-zatian ezarritakoa gehituko zaio diru-laguntzari.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Pertsona onuradunek 1.680 euroko diru-laguntza, itzuli beharrik gabekoa, jaso dezakete, familia unitate eta gertaera eragile bakoitzeko. Lanaldia murrizteko eskubideaz gizon bat baliatzen bada, 2.016 eurokoa izanen da diru-laguntza.

Enpresan lan hitzarmen kolektiboa edo ituna baldin badago eta horretan bateratze neurriak agertzen badira antolakuntza hobeari begira, aurreko idatz-zatiko kasuetarako jaso beharreko zenbatekoa 2.240 eurokoa izanen da.

2. Aurretik adierazi diren zenbatekoei 210 euro gehiago emanen zaizkie seme-alaba bakoitzeko, bigarren haurretik aurrera, jaiotza, adoptatze zein familian hartze (adoptatu aurretik edo modu iraunkorrean) multipleetan.

3. Oinarri honetan ezarritako zenbatekoei Nafarroako aurreko urteko kontsumoko prezioen indize erreala (KPI) gehituko zaie urtero.

7. oinarria. Eskabidea.

1. Lanaldi murrizketei buruzko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ordezte-kontratua hasi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

2. Eskaera egiten duten langileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabide ofiziala.

-NANaren fotokopia.

-Diru-laguntzaren xedeko egoeraren aurreko ekitaldiari dagokion familia unitatearen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren fotokopia, edo zerga hori ordaintzetik salbuetsia dagoela egiaztatzen duen agiria.

-Familia liburuaren edo, hala badagokio, ahaidetasun egiaztagiriaren fotokopia.

-Mendekotasuna duen ahaidearen mendekotasun maila egiaztatzen duen agiriaren fotokopia (agiria Nafarroako Mendekotasun Agentziak edo antzeko organoren batek luzatu behar du), lanaldia mendekotasuna duen ahaide hori zaintzeagatik murrizten bada.

-Enpresaren ziurtagiria, legezko zaintzagatik edo mendekotasuna duen ahaideren bat zaintzeagatik lanaldia murriztu duela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan azaldu beharrekoak: langilearen lanbide kategoria, murriztaldia eta murrizketaren portzentajea, bai eta lanaldia murriztu aurreko hilabetean egiten ari zen lanaldi mota ere.

-Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari datuak aldatzeko eskatzeko agiriaren (TA.2/S inprimakia) fotokopia.

-Ordezko langileari eginiko lan kontratuaren fotokopia, enpresak Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorriko duena. Bertan, ordezkaturiko langilea, ordezkapenaren arrazoia eta iraupena, haren lanaldia (lanaldi osoko langileen lanaldiaren %50etik beherakoa izanen ez dena) eta ordezko langilearen lanbide kategoria agertuko dira.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea, pertsona edo entitate eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.

2. ATALA

II. programa: enpresetarako diru-laguntzak, zortzi urtetik beherako
adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, lanaldia murriztu duten langileak ordezkatzeko emakume langabeak kontratatzen badituzte

8. oinarria. Enpresa onuradunak.

Programa honetan ezartzen diren laguntzen onuradunak izanen dira, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta, 4. oinarriaren 1. idatz-zatian ezarri bezala lanaldi erdiko murrizketa duten langileak ordezkatzeko emakume langabeak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribatuta daudenak, kontratatzen dituzten enpresak, baldin eta haien lanaldia lanaldi osoko langileen lanaldiaren %50ekoa, gutxienez, bada.

Ez dira diruz lagunduko enpresaren titularraren, entitateko bazkideen, zuzendaritza karguak dituztenen edo mota guztietako sozietate edo elkarteetako gobernu organoetako kideen ezkontidearen, aurrekoen, ondorengoen edo odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko alboko ahaideen kontratazioak.

Programa hori ez zaie administrazio publikoei aplikatuko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 2. artikuluan ezarritako kontzeptuarekin bat.

9. oinarria. Baldintzak.

Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

a) Kontrataturiko ordezko emakumea langabea izatea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribatuta egotea.

Kontrataturiko ordezko emakumea zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta lanaldi murrizketa duen edo eszedentzian dagoen beste pertsona bat ordezkatzen ari bada enpresa berean, agentzietan inskribatuta egon eta langabea izan beharrek hasierako kontratazio egunera arte eginen dute atzera. Kasu horretan, enpresak ordezkapen hori justifikatzeko egin duen egiaztagiria aurkeztuko da.

b) Kontrataturiko ordezko emakumeak ordezte-kontratuaren hasiera egunaren aurreko hogeita hamar egun naturalean lantoki berean lanik ez egitea, aldi horretan ordezko langileak aurreko ataleko arrazoietako batek, hau da, haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoerak eragindako lanaldi murrizketaren edo eszedentziaren ondoriozko bitarteko kontratua amaitu ezean.

Aurreko baldintza betetzat joko da, aldi horretan ordezko langilea, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta lanaldi murrizketa eskatu duen beste langile bat ordezkatzen ari denean ere lantoki berean.

c) Kontratazioaren arrazoia izatea lanaldia murrizten duen pertsonak egiten zuen lana betetzea.

d) Egiten den kontratuak ordezkatutako pertsonaren lanaldi murrizketa urte oso batean, gutxienez, betetzea, 20. oinarrian ezarritakoa galarazi gabe.

e) Ordezkapena egiteko kontratazio mota bitarteko kontratua edo kontratu mugagabea izatea. Kontratu mugagabeari dagokionez, kontratazioaren hasiera eguna lanaldi murrizketa hasi ondoko hogeita hamar egun naturaleko aldiaren barnean egon beharko da.

10. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Enpresa onuradunek 2.016 euroko diru-laguntza jaso dezakete, gertaera eragile bakoitzeko. Ondorio horietarako, gertaera eragiletzat joko da zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasuna duten senideen zainketa dela-eta lanaldia murrizten duten langileen ordezkapen bakoitza.

Enpresan lan hitzarmen kolektiboa edo ituna baldin badago eta horretan bateratze neurriak agertzen badira antolakuntza hobeari begira, 2.240 eurokoa izanen da diru-laguntza.

2. Zenbateko horiei 1.008 euro gehituko zaizkie, ordezkapen bat egiteko kontratatzen den emakumea legezko langabezian egon bada ordezte-kontratua sinatu aurreko hamabi hilabeteetan, gutxienez. Azken hamabi hilabeteetan gehienez ere hiru hilabeterako lan kontratuak egiteak ez du etenen langabeziako antzinatasuna.

3. Oinarri honetan ezarritako zenbatekoei Nafarroako aurreko urteko kontsumoko prezioen indize erreala (KPI) gehituko zaie urtero.

11. oinarria. Eskabidea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ordezte-kontratua hasi eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

2. Enpresa onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabide ofiziala.

-Enpresaren IFZren fotokopia.

-Ordezko langilearen NANaren fotokopia.

-Ordezko langileari eginiko lan kontratuaren fotokopia. Bertan, ordezkaturiko langilea, ordezkapenaren arrazoia eta iraupena, haren lanaldia (lanaldi osoko langileen lanaldiaren %50etik beherakoa izanen ez dena) eta ordezko langilearen lanbide kategoria agertuko dira.

-Ahaidetasunik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena, deialdi honen 8. oinarriarekin bat.

-Enpresaren ziurtagiria, zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasuna duten senideen zainketa dela-eta lanaldia murriztu duela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan, murriztaldia eta murrizketaren portzentajea agertuko dira, bai eta ordezkatutako langilea egiten ari zen lanaldia ere.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea, pertsona edo entitate eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

-Langileak I. programaren laguntza eskatzen ez badu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari datuak aldatzeko eskatzeko agiriaren (TA.2/S inprimakia) fotokopia.

-10. oinarriaren 1. idatz-zatian azaldutako kasuan, dagokion enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren edo itunaren kopia.

-9. oinarriaren b) atalean ageri den salbuespen kasuan, bitarteko kontratuaren fotokopia.

-Aurreko bi zergaldietan eta kontratazioko urteko zergaldian "de minimis" araubidearen babesean eskatutako edo lortutako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzen dituen aitorpena.

-Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

-Zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.

3. ATALA

III. programa: enpresetarako diru-laguntzak, haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak ordezkatzeko emakume langabeak kontratatzen badituzte

12. oinarria. Enpresa onuradunak.

Programa honetako laguntzak jaso ditzakete haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak ordezkatzeko emakume langabeak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribatuta daudenak, lanaldi osoan kontratatzen dituzten enpresek.

Ez dira diruz lagunduko enpresaren titularraren, entitateko bazkideen, zuzendaritza karguak dituztenen edo mota guztietako sozietate edo elkarteetako gobernu organoetako kideen ezkontidearen, aurrekoen, ondorengoen edo odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko alboko ahaideen kontratazioak.

Programa hori ez zaie administrazio publikoei aplikatuko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 2. artikuluan ezarritako kontzeptuarekin bat.

13. oinarria. Baldintzak.

Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:

a) Kontrataturiko ordezko emakumea langabea izatea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan inskribatuta egotea.

Kontrataturiko ordezko emakumea zortzi urtetik beherako adingabeen legezko zaintza edo mendekotasun egoeran dauden senideen zainketa dela-eta lanaldi murrizketa duen edo eszedentzian dagoen beste pertsona bat ordezkatzen ari bada enpresa berean, agentzietan inskribatuta egon eta langabea izan beharrek hasierako kontratazio egunera arte eginen dute atzera. Kasu horretan, enpresak ordezkapen hori justifikatzeko egin duen egiaztagiria aurkeztuko da.

b) Kontrataturiko ordezko emakumeak ordezte-kontratuaren hasiera egunaren aurreko hogeita hamar egun naturalean lantoki berean lanik ez egitea, aldi horretan ordezko langileak aurreko ataleko arrazoietako batek, hau da, haurdunalditik, amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoerak eragindako lanaldi murrizketaren edo eszedentziaren ondoriozko bitarteko kontratua amaitu ezean.

c) Kontratazioaren arrazoia izatea ordezkatzen duen pertsonak egiten zuen lana betetzea.

d) Lanaldi osorako egiten diren kontratuek ehun eta laurogei egun naturaleko etengabeko aldia, gutxienez, betetzea, diru-laguntza jaso ahal izateko, 20. oinarrian ezarritakoa galarazi gabe.

e) Ordezkapena egiteko kontratazio mota bitarteko kontratua edo kontratu mugagabea izatea. Kontratu mugagabeari dagokionez, kontratazioaren hasiera eguna aldi baterako ezintasuna hasi ondoko hogeita hamar egun naturaleko aldiaren barnean egon beharko da.

14. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. a) Enpresa onuradunek 1.300 euroko diru-laguntza jaso dezakete, gertaera eragile bakoitzeko. Ondorio horietarako, gertaera eragiletzat joko da haurdunalditik (haurdunaldiaren azken bost asteetan), amatasun atsedenalditik, edoskitzaroaren metaketatik eta oporretatik ondorioztatzen den aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langilea ordezkatzea. Gauzak horrela, lau kasuak batuta, ehun eta laurogei egun naturaleko etengabeko aldia, gutxienez, lortuko da.

b) Aurreko atalean ezarritakoa alde batera utzita, beharrezkoa izanen da ordezkaturiko langileak aurretik adierazi diren lau kasuei heltzea.

2. Oinarri honetan ezarritako zenbatekoari Nafarroako aurreko urteko kontsumoko prezioen indize erreala (KPI) gehituko zaio urtero.

15. oinarria. Eskabidea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ordezko langileari egindako azken kontratua amaitu eta biharamunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

2. Enpresa onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabide ofiziala.

-Enpresaren IFZren fotokopia.

-Ordezko langilearen NANaren fotokopia.

-Ordezko langileari eginiko lan kontratuen fotokopia. Horretan ordezkaturiko langilea, ordezkapenaren arrazoia eta iraupena, haren lanaldi osoa eta ordezko langilearen lanbide kategoria agertuko dira.

-13. oinarriaren b) atalean ageri den salbuespen kasuan, bitarteko kontratuaren fotokopia.

-Ahaidetasunik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena, deialdi honen 12. oinarriarekin bat.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea, pertsona edo entitate eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

-Aurreko bi zergaldietan eta kontratazioko urteko zergaldian "de minimis" araubidearen babesean eskatutako edo lortutako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzen dituen aitorpena.

-Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

-Zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.

4. ATALA

Tramitazioa eta jarraipena

16. oinarria. Laguntzen prozedura eta ebazpena.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedienteak aztertuko ditu, programa bakoitzaren barnean, sarrera hurrenkerari hertsiki jarraituz. Horiek ebazteko, eskatzaileei beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatzen ahalko die. Dokumentazio hori aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez bada, espedientea besterik gabe artxibatuko da.

Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko dira eta pertsona edo entitate interesdunari jakinaraziko zaizkio, sei hilabeteko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea atzera bota dela ulertuko da.

3. Eskaera-espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldatuz gero, diru-laguntza ukatuko da edo, hala denean, jasotako diru-laguntzak itzuli beharko dira.

17. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza emateko ebazpenean xedatuko da emaniko zenbateko osoa batera pagatu dadila, betiere laguntzaren pertsona edo entitate onuradunak Nafarroako Ogasunarekiko eginbeharrak eginak baditu.

18. oinarria. Justifikazioa.

Diru-laguntzaren xedeko aldiaren hurrengo hilabetean frogatu beharko da diru-laguntzaren xedeko egoerak bere horretan dirauela, agiri hauek aurkeztuz:

1. I. programako onuradunek enpresaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta horretan adieraziko da diru-laguntza izateko eskubidea sortzen duen lanaldi murrizketarekin gutxieneko aldia bete duela langileak.

2. II. programako enpresa onuradunek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horretan adieraziko da diru-laguntzaren xedeko aldian ordezkaturiko langileak lanaldiaren erdia izan duela eta ordezkoa aldi horretan alta emanda egon dela, lanaldi osoko langileen lanaldiaren %50eko gutxieneko lanaldia izanda.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu, diru-laguntzarekin lotuak badaude.

4. Pertsona edo enpresa onuradunak oinarri honetan ezarritakoa betetzen ez badu, jasotako diru-laguntzak itzuli beharko dira.

19. oinarria. Indarra hartzea.

Oinarri hauek 2010eko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

20. oinarria. Jarraipena.

1. Langile batek I. programaren babesean lanaldi murrizketagatik diru-laguntza jaso badu eta 5. oinarriaren 1. idatz-zatiaren c) atalean ezarritako gutxieneko aldia betetzen ez badu, emandako diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko zaio.

2. II. programaren babesean diru-laguntza jaso duen enpresak ordezkoaren kontratuari eutsi beharko dio, ordezkaturiko langilea diru-laguntzaren xedeko egoeran dagoeino.

3. III. programan ezarririko diru-laguntza eskuratu ahal izateko, enpresa onuradunak ordezko langilearen kontratazioari eutsi beharko dio ehun eta laurogei egun naturaleko etengabeko aldian, gutxienez. Gutxieneko aldia bete ezean, emandako diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko zaio.

4. II. eta III. programetan ordezko langileak baja hartzen badu bere borondatez, enpresak kontratazio berria egiten ahalko du hilabeteko epean. Hori egin ezean, emandako diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko zaio.

5. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioz onuradunek dituzten gainerako baldintzak betetzen ez badira eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ikuskapen lana eragozten bada, emaniko diru-laguntzak Nafarroako Foru Ogasunari itzuli beharko zaizkio, itzuli beharraren ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean.

21. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobraturiko dirua itzuli beharko da eta berandutze interesak pagatu, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat burutuko da.

22. oinarria. Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikaturiko arau-hausteren bat antzemanez gero, foru lege horretan ezarririk dagoen prozedurari ekinen zaio.

23. oinarria. "De minimis" araubidea.

Diru-laguntza hauek "de minimis" araubidearen mende daude, hala ezarrita baitago Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan, zeinak zehazten baitu nola aplikatu behar zaizkion Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei.

24. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

Pertsona eta entitate onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerrarazi beharko dute.

25. oinarria. Arau gehigarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian, laguntzak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala arautuko dira.

26. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F1009794