79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 15ean emandako 130/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari izateko 22 lanpostu, C mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 15ean emandako 130/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari izateko 22 lanpostu, C mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautaketa-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, hori garatu eta betearazteko sarrera erregelamendua, abenduaren 15eko 122/2008 Foru Dekretua, Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita dauden eta gidari lanpostua duten langileen araubide berezia arautzen duena, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako oinarriak.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da gidari izateko 22 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostu horiek funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak dira, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikiak daude eta destinoa Cordovillan dute. Hona horien plantilla-zenbakiak: 645, 648, 659, 661, 666, 672, 674, 678, 679, 682, 684, 690, 691, 696, 702, 711, 6450, 6451, 6501, 6502, 6503 eta 6902.

1.2 Deialdiko lanpostuak txanda hauetan banatuta daude:

-11 lanpostu, txanda irekian.

-11 lanpostu, igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek ez dutelako hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdiaren 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko lerroaldean adierazitako modu berean.

1.4. Lanpostuen ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan C mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatu nahi dira:

-Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

-Bigarren ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak deialdi honen 10. oinarrian xedatu bezala egin eta kudeatuko dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia), eta lanpostuaren jabetza hartu arte, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) 16 urtetik gorakoa izatea eta nahitaezko erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo hura eskuratzeko maneran egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B, C, D eta E motetako gidabaimenak izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, eta administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez eman dituztela zerbitzuak kidego horietan; edo administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua frogatzea.

d) B, C, D eta E motetako gidabaimenak izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu, deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan. Salbuespen izanen dira agiri horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten izangaiak, 3. oinarriarekin bat.

3.-Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 25 euroko tasa ordaindu beharko da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak, hala onartu bazaie.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Telematika bidez, 3.2 oinarriko A.1. letran adierazitako moduan.

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Internet bidezko deialdian, www.navarra.es helbidean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean, ordainketa gutunaren eredua dator.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xedeko lanpostua.

3.2. Eskabideak.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, zein aldizkari ofizialetan argitaratzen den, handik abiatuta, edo deialdiaren aiputik, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

Aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Bide telematikoa.

A.1. Internet bidez, deialdi honen fitxan den "Inskripzioa eta ordainketa telematikoa" izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa" atalean, www.navarra.es helbidean.

Aurkezteko eta ordaintzeko modu hau ezin izanen da erabili tasak ordaintzetik salbuesten duen frogagiria aurkeztu behar denean, ezta 3.3 oinarriko Bi eta Hiru zenbakietan aipatzen den kasuetan ere.

A.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web atarian eskura baitago.

B) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Bat.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Bi.-Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.-Desgaitasunak dituzten pertsonentzako erreserba txandan onartuak izateko, baita 3.2 oinarriaren (tasak ordaintzearen salbuespena) A) atalaren eta 8. oinarriaren (lanpostuak aukeratzeko lehentasuna) ondorioetarako eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaria egiteko ere, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetariko baten jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez:

-Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gaineko ebazpena eman ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Juan Ramón Rábade Iráizoz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barneko zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Ignacio Carrillo de Albornoz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Alfredo González Echarren jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Francisco Eslava Murillo jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Trafiko eta Bide Segurtasunaren Ataleko burua.

-Mahaikidea: Víctor Artieda Martelu jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko gidaria.

-Ordezkoa: Ángel Otazu Elduayen jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko gidaria.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Mahaikide idazkaria: Juan Carlos Lázaro López jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Miguel Ángel Marzábal Díaz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Joko, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia 2010eko irailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko dira probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.3. Lehiaketaldia:

6.3.1. Lehiaketaldian izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

6.3.2. Epaimahaiak lehiatzaileek alegaturiko eta frogaturiko merezimenduak baloratuko ditu, deialdiaren II. eranskineko baremoari jarraikiz.

6.3.3. Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean. Agiriak jatorrizkoak zein behar bezala konpultsatuak izanen dira, bestela ez aurkeztutzat joko baitira. Merezimendu horiek deialdiari erantsitako autobaremaziorako agirian zerrendatuko dira, lehiaketaldiko baremoan zerrendaturiko atalen arabera (deialdiaren II. eranskina).

6.3.4. Baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute agiri horiek. Justifikatu gabeko merezimenduak ez dira baloratuko.

Epaimahaiak lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datuak eskatzen ahalko ditu noiznahi.

6.3.5. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.3.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiaren II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, honela:

-Egindako zerbitzuak: gehienez 13 puntu.

-Prestakuntza eta hizkuntzak: gehienez 16,60 puntu.

6.3.7. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiek dituzten merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.3.8. Lehiaketaldia amaitzen denean, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean jarriko du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

Lehiaketaldiko puntuazioa oposizioaldikoari gehituko zaio, eta emaitza oposizio-lehiaketako puntuazio osoa izanen da.

6.3.9. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

6.4. Oposizioaldia:

6.4.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehenengoa: teorikoa. Test moduko galdetegi bat, 50 galdera dituena. Idatziz erantzun beharko da. Galdera bakoitzarentzat erantzun bat baino gehiago proposatuko dira, baina bat bakarra izanen da baliozkoa eta okerreko erantzunak zehatuko dira. Proba horretan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bigarrena: proba psikoteknikoak. Proba horien xedea izanen da izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehaztea. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Atalak eginen ditu eta emaitzak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoetan 15 puntu emanen dira gehienez.

Hirugarrena: gidatzeko proba praktikoa eta deialdiaren xedeko lanpostuari buruzko ezagutza praktikoak. Proba horretan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez.

6.4.2. Ariketak baztergarriak izanen dira. Baztertuta geldituko dira lehen eta hirugarren ariketetan kalifikaziorik onena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez dutenak; betiere, kalifikaziorik onena ariketaren gehieneko puntuazioaren 1/3 edo handiagoa bada. Bigarrenean ariketari dagokion puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

Epaimahaiak hasi aurretik ezarriko du ariketa egiteko izanen den gehieneko denbora.

6.5. Behin-behineko kalifikazioak eta erreklamazioak.

Oposizioaldiko proba bakoitza egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Jauregiko iragarki oholean eta web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa"), parte-hartzaileek lortutako behin-behineko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

6.6. Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, hala denean, beren Polizia Kidegoko agiri profesionala aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

6.7. Hautaprobak egiteko, onartutako desgaitasunen bat dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.8. Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, deialdiko probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak, deitutako lanpostuak adina, izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Proposatutako izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) B, C, D eta E motetako gidabaimenen fotokopia konpultsatua.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B, C, D eta E motetako gidabaimenen fotokopia konpultsatua.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 8.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko eskakizunak eta baldintzak frogatzeko nahitaezko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez parte hartu duten.

Hala izanagatik ere, desgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egiten duten txostenaren arabera.

8.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, aurreko atalean adierazitako salbuespena kontuan hartuz.

9.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, gidari lanpostua betetzeko (C maila). Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen arloan indarra duten xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboetan sarturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidezko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

b) Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak.

10.2. Probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta bigarren ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarrean diren kudeaketa arauekin bat, eta argitaratu eginen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian: www.navarra.es.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Deialdiaren 2. oinarrian adierazten diren titulazio betebeharrak eta gidabaimenari dagozkionak betetzen direla frogatzeko agiriak kontratatuak izateko deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte, kontratua formalizatzen denean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopien bitartez.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

11.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2010eko ekainaren 15ean.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

DEIALDIAREN DATUAK

Lanpostua:

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen:

zenbakia: ....................., eguna: .................

SARTZEKO TXANDAK

[ ] Txanda irekia

[ ] Igoera txanda*

[ ] Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda*

DATU PERTSONALAK

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria:

Nazionalitatea:

Helbidea:

Posta kodea:

Herria:

Nazionalitatea:

Jaioterria:

Probintzia:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Helbide elektronikoa:

AURKEZTUTAKO AGIRIAK

[ ] Desgaitasuna frogatzea

[ ] Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, aparteko orri batean

[ ] Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea*

HIZKUNTZA HONETAKO PROBA ESKATZEN DU

[ ] Euskara*

[ ] Ingelesa*

[ ] Frantsesa*

(*) Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura) 2010eko .............................. aren ............................. (e)an.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA

II. ERANSKINA

Baremoa

1. atala. Egindako zerbitzuak. Honako hauek baloratuko dira:

1.-Edozein administrazio publikotako eta horien erakunde autonomoetako zentro batean gidari gisa egindako zerbitzuak: 2,5 puntu, urte bakoitzeko.

2.-Beste lanpostu batzuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 0,20 puntu, urte bakoitzeko.

3.-Lehiatzaileak lortu nahi duen lanpostuaren kategoria berean enpresa pribatuan, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta haren kotizazioak ordaintzen, besteren kontura egindako zerbitzuak: 0,10 puntu, urte bakoitzeko.

Azpiatal hauetako bakoitzaren puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Atal honen puntuazioa, gehienez ere, 13 puntukoa izanen da.

Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, aldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik hartuko da kontuan.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen buruak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

-Lantokia.

-Estamentua eta/edo espezialitatea.

-Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

-Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia.

b) Bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan egindako zerbitzuak frogatzeko informazioa haren esku egonez gero, izangaiek ez dute egindako zerbitzuen egiaztagiriak aurkeztu beharrik izanen.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Lan bizitzari buruzko txostena errazago eskuratzearren, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak telefono zerbitzu bat jarri du martxan, 901502050 zenbakiarekin, txosten hori eskatzeko.

2. atala. Prestakuntza eta hizkuntzak:

Atal honetako merezimenduak baloratzeko, zerikusia izan beharko dute lehiaketaren xedeko lanpostuarekin.

1.-Erakunde publiko edo unibertsitate zentroek antolatu edo ziurtatutako prestakuntzako ekintza orokorretan ikasle gisa parte hartzea: 0,3 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den ordu kopuruko (10 irakastordu).

Ordu kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira.

Orobat, nahiz eta erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza ekintzak baloratuko dira baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen" barrenean antolatuak.

1 zenbaki honetan 4 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Zatikiak hainbanatu eginen dira.

2.-Agintarien gidari izateko eta ibilgailu ofizialak gidatzeko prestakuntzarako ekintza berariazkoetan, lehen laguntzakoetan, bide-segurtasunari buruzkoetan eta gidatze seguruari, babeserako edo iheserako gidatzeari, erasorako gidatzeari eta gidatze eraginkorrari buruzko ikastaroetan ikasle gisa parte hartzea: 0,6 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den ordu kopuruko (10 irakastordu).

Ordu-kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira.

Orobat, nahiz eta erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza ekintzak baloratuko dira baldin eta administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen" barrenean antolatuak.

2. zenbaki honetan 6 puntu lortu ahal izanen dira gehienez. Zatikiak hainbanatu eginen dira.

3.-Beste merezimendu batzuk (epaimahaiak baloratuko ditu kasu bakoitzean): 2 puntura bitarte.

4.-Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 1,25 puntu, hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren bostena emanen zaie.

5.-Euskaraz jakiteagatik: 0,85 puntu.

EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, aurreko atalean euskaraz jakiteari emandako gehieneko balorazioa jasoko da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da, A2 maila izanez gero 2/5, B1 izanez gero 3/5 eta B2 izanez gero 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen da Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko.

Lau hizkuntza horietako bakoitzean izangaiak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 izanen du maila bakoitzak.

Atal honen puntuazioa, gehienez ere, 16,60 puntukoa izanen da.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehenengo zatia. Araudi orokorra.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskumenak. Funtzionamendua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: eginkizunak.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak.

8. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

9. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

10. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Nafarroako geografia: kokapena, hedadura eta mugak. Erliebea. Klima. Landaredia. Hidrografia. Naturgune babestuak.

2. gaia.-Nafarroako biztanleria eta hirigune handiak: biztanleriaren banaketa eta bilakaera. Mugimendu naturalak eta migrazio mugimenduak. Biztanleen jatorria, adina eta sexua.

3. gaia.-Nafarroako eskualdeak: Mendialdea. Erdialdea. Erribera.

4. gaia.-Nafarroako bide-sarea: Nafarroako bide-sare nagusia osatzen duten autobideak, autobiak eta errepide nagusiak.

5. gaia.-Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioaren erregelamendu orokorra. Bi arauen egitura orokorra eta eduki nagusiak.

6. gaia.-Bide segurtasuna: bide segurtasunari buruzko Europako esparrua.

7. gaia.-Bide segurtasunari buruzko oinarrizko arauak. Bideetako ezbeharrak: kontzeptua, kausak eta arrisku faktoreak.

8. gaia.-Puntukako gidabaimena: zer den eta nola funtzionatzen duen.

9. gaia.-Autosegurtasuna eta gidariaren eta ibilgailuaren check list-a.

10. gaia.-Erantzukizuna gidatzean: erantzukizun zibil eta zigor-erantzukizuna.

11. gaia.-Gidatze eraginkorra, iheserako edo babeserako gidatzea, erasorako gidatzea. Gidatze segurua.

12. gaia.-Lehen laguntzak errepidean. Zer egin eta zer ez egin. Larrialdietarako seinaleztapena eta biktimen babesa. Larrialdi zerbitzuei deitzea. Lehen laguntzetako eragiketak: taupadak eta arnasa hartzea, bihotz-biriketako berpiztea, politraumatismoetarako, odoljarioetarako eta zaurietarako laguntza, bizkarrezurra eta beso-zangoak bloke zurruntzat hartzea.

13. gaia.-Auto ofizialen gidaria. Agintarien gidaria: janzkera, diskrezioa, zuzentasuna.

14. gaia.-Protokoloa auto ofizialean: agintarien gidariaren jarduketak ibilgailua prestatzean, agintaria eramatean, itxarotean eta zerbitzua bukatzean. Adeitasunerako oinarrizko arauak, arretak ibilgailuan. Pertsona ospetsuek non eseri behar duten ibilgailuan.

15. gaia.-Ibilgailuaren segurtasunaren oinarrizko osagaiak: gurpilak eta pneumatikoak, balaztak, direkzioa, esekidura. Ibilgailuaren segurtasun sistemak.

16. gaia.-Ibilgailuaren oinarrizko mantentze-lanak: mailak, segurtasun osagaien eta sistemen egoera, karrozeriaren kanpoaldea eta barnealdea begiratzea.

Oharra.-Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F1010503