79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

725/2010 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2011ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 37.2 artikuluan ezarrita daude urtero lan egutegian egun baliogabetzat hartzen diren nazio esparruko jaiegunak, uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluan xedatutakoarekin bat (azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak onetsitako idazketaren arabera); izan ere artikulu horrek indarra du oraindik, irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera.

Autonomia erkidegoek tradizioz berenak dituzten jaiegunak finkatzen ahal dituzte, urtero hamalau gehienez (horietako bi herrietakoak izanen dira).

Azaldutakoaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko 2011. urteko jaiegunak ezartzen dira, eta beste jaiegun bat gehituko da, herri bakoitzekoa, udal bakoitzaren proposamenaren arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatuko ez diren 2011. urteko jaiegunak:

Urtarrilaren 1a: Urteberri.

Urtarrilaren 6a: Jaunaren Agerkundea.

Apirilaren 21a: Ostegun Santua.

Apirilaren 22a: Ostiral Santua.

Apirilaren 25a: Pazko Biharamuna.

Uztailaren 25a: Santiago Eguna.

Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

Urriaren 12a: Espainiako Festa Nazionala.

Azaroaren 1a: Omiasaindu.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

Abenduaren 26a: Eguberri biharamuna.

Aurreko zerrenda horretan sarturik dago, aipatu errege dekretuaren 46. artikuluak dioen bezala, eta Nafarroako Foru Komunitate osorako, abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierkoaren jaia, Nafarroaren Eguna baita.

Bigarrena.-Herri bakoitzari dagokion bigarren jaieguna udalek proposatuko dute.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko ekainaren 11n.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

Iragarkiaren kodea: F1010297