79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

53/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, "Nafarroako Major Trauma Erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak egindako txosten batean, adierazten da kanpoko arrazoiek eragindako lesioak osasun publikoko problema larria direla egungo gizartean; batetik, lesiodunek dituzten erikortasun, hilkortasun eta desgaitasun nahiz ezgaitasunengatik, eta, bestetik, osasun sistemetan sortzen duten zamarengatik. Populazioa oinarri duten trauma erregistro historikoak informazio iturri apartekoa dira jende askoren lesioen anatomiako eta fisiologiako datuak hobeki ezagutzeko. Gainera, horien bidez emaitzak alderatzen ahal dira, lesioaren larritasunaren arabera.

Bestalde, politraumatismoak dituzten gaixoen biziraupena adierazle ona da Larrialdien Sistemaren kalitatea neurtzeko, izan ere: aise definitzen da; tratamendua homologaturik dago; erlazio aski frogatua dago neurri terapeutikoen eta emaitzaren artean; eta emaitza, hots, heriotza edo biziraupena, ongi identifika daiteke. Horregatik, beharrezkoa da "Nafarroako Major Trauma Erregistroa" izeneko fitxategia sortzea, populazioa oinarri duena, Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuari atxikia. Horrela, entitate kliniko horren laguntza prozesuaren problematika ezagutuko eta ikertuko da, eta aukera izanen da osasun jarduketa planak behar bezala diseinatzeko, eritasun horri dagokionez.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mendeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe dagoen edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroako Major Trauma Erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzea, uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. Fitxategi automatizatuak ezaugarri hauek ditu:

a) Aurreikusitako helburua eta erabilerak zehatz deskribatzen dira.

-Nafarroan politraumatismoa duten gaixoentzako osasun laguntza planifikatzeko eta ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa sortzen du.

-Prozesuari buruzko ikerketa eta zaintza epidemiologikoa errazten du.

b) Pertsona edo talde ukituak:

Politraumatismoa duten eta Nafarroako larrialdietako sistemaren laguntza jaso duten gaixoak.

c) Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura:

Politraumatismoa duten gaixoen arretarekin lotutako Nafarroako zerbitzu nahiz zentro guztiek adierazitakoa.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

d.1) Identifikazio datuak:

-Gaixoaren deiturak eta izena.

-Historiaren zenbakia.

d.2) Identifikaziokoak ez diren datuak:

-Adina.

-Sexua.

-Osasun arloko datuak: aurrekariak, diagnostikoak, proba osagarrien emaitzak, tratamendua eta gaixotasunaren eboluzioa.

e) Datu pertsonalak lagatzea.

Ez da daturik lagako.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko Zuzendaritza.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari dagokion Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua.

h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egituratua:

Automatizatua.

i) Segurtasun neurriak:

Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eta Laguntza Espezializatuko zuzendariordetzara.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 27an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1009544